"Ez dut uste jendea nire kontzertuetara modernoarena egitera datorrenik"

  • Maite Arroitajauregi eibartarrak bizitza osoa darama musika instrumentuen artean. Kontserbatorioko ikasketak egiten ari zela konturatu zen musika kultuaz gain rocka eta beste estilo batzuk ere gustuko zituela. Zubirik gabeko bi mundu horiek itzulera gabe zeharkatu zituen eta hainbat rock talderen diskotan esku hartzen hasi zen, azkenean bere alter ego den Mursego sortu zuen arte. Hiru (Bidehuts, 2013) bere hirugarren albuma aurkezten dihardu.

"Sudur puntan jartzen zaidana egiten dut, ez dut pentsatzen entzuleari gustatuko ote zaion".Iker Barandiaran

Ez zara feminista amorratua, cumbia eta Mario Bross errebindikatzen dituzu, ez duzu post-hardcore edo post-rocka egiten, txeloa jotzen duzu, eusnobei barre egiten diezu eta Eibarrek ez du aspaldi glamourrik izan. Hala ere, modernoa omen da zu ikustea. Zergatik?

Feminista naiz, nire erara, ez zaizkit etiketak gustatzen, erdi eusnoba izan nintekeen, Eibarrek azken aldian inoiz baino glamour handiagoa dauka, fabrikak berrerabiltzen ditugu ekimen kulturaletarako… Ez dut uste jendea nire kontzertuetara modernoarena egitera datorrenik… Zer da modernoa? Modan dagoena?

Zer ikasi zenuen Anarirekin, kontserbatorioan ikasi ez zenuena?

Jendaurrean jotzeko eskarmentua. Eta, gainera, musikari handien ondoan beti ikasten da zerbait. Agertokiari beldurra kendu nion. Musikaz disfrutatzen, entzulegoaren berotasuna sentitzea zer den. Taldean jotzea, ekipo baten parte izatea…

“Txeloa oso barruan daramadan instrumentua da”. Adiera asko ditu esaldiak, ezta?

Oso txikitatik daukat txeloa ondoan, eta ia egunero jotzen dut, txelo irakaslea izan naiz… Instrumentuak ezaugarri bereziak ditu: gainean jarrita jotzen duzu, bibrazio guztiak gorputzean igartzen dituzu, hankartean hartzen duzu… Bizitza guztia darama nirekin. Eta munduko musika tresna ederrena da ahotsarekin batera.

Atzerrian animatu zintuzten bakarrik aritzera?

Atzerrian baino, atzerritarrek. Bilbon, musika esperimentalaren inguruan egindako kontzertu batean parte hartu nuen. Kontzertu hartan Pariseko bi musikarik jo zuten, diskoetxe bat zutenak, nirea asko gustatu zitzaiela esan zidaten eta Parisen jotzera gonbidatu ninduten, beraien diskoetxeko aurkezpen kontzertuan.

Aproposa izan zen zuretzat ezezagunen aurrean jotzea?

Parisen ikusi nindutenen harrera oso ona izan zen, horrek animatu egin ninduen, myspacea nuen galdetzen zidaten. Eta nik, zer zen ere ez nekien. Izen bat pentsatzen hasi nintzen orduan eta Eibarko Gaztetxean jo nuen. Jendeari gustatu zitzaion eta Ander Barriusok estudioan zerbait grabatzea proposatu zidan. Aspalditik neukan grina. Bestela ere emango nuen pausoa.

Zure kantuak, esperimentalak baino, publiko guztientzat direla diozu. Ados nago zurekin…

Nire kantu askok herri kantuen oinarria dute, pop edo musika klasikotik gertu daude, finean kantu sinpleak dira; baliteke horregatik publiko hain zabala izatea: andra edadetuak, gazte eta umeak… Esperimentala? Egiteko modua, formatua… izan daitezke ezohikoak.

Kirola ez omen duzu gustuko, baina emakume-orkestra moduan aritzeak asko dauka kirol fisiko eta burukotik. Noizko kirolarekin lotutako kanturen bat zure tonuan?

Kirola praktikatzea ez zait gustatzen, baina egia da zuzenekoak egiteko kirolariak bezala entrenatzen naizela. Asko nekatzen naiz zuzenekoetan: kontzentrazio maila izugarria da, gauza asko dira kontutan hartu behar ditudanak…

Kirolariren baten kanta egingo nuke, dena den: M. Ali, Nadia Comanetxi, Arkonada, Schuster edo Zinedineri buruzkoa. Kirolaren alde epiko-erromantikoa maite dut. Duda barik, Ander Izagirreri eskatuko nioke letra.

Zer da punka zuretzat? Zureak ere badu hortik...

Punka Sex Pistols-etik harago dagoen zerbait da. Niretzat gehiago da Black Flag edo Minor Threat bezalako taldeek musika bizi izan zuten modua, sinisten zuten horren alde borrokatzea, garai hartan baldintza kaxkarretan biziz.

Bai, nireak hainbat gauzatan antza dauka punkarekin. Sudur puntan jartzen zaidana egiten dut, ez dut pentsatzen entzuleari gustatuko ote zaion. Talde askok jotzen zuten ezer edo gutxi jakinda, eta nik txeloa izan ezik, beste hainbat instrumentu ere hala jotzen ditut, ukelelea adibidez. Izan daiteke, baita ere, edozer gauza jotzeko beldurrik ez izatea. Nire semeak 7 hilebete bete berritan diskoaren aurkezpenarekin hastea, hori bai dela punkia, lehen kontzertua erdi gaupasaz jotzea.

Zure diskoek dendatan “Munduko musikak” apalean egon beharko lukete?

Hasteko, disko dendetan gaizki antolatzen dituzte diskoak, jar ditzatela nahi duten lekuan. Gainera, world music etiketa ez zait batere gustatzen; Ramon Trecetek bere programan jartzen zuen musika deskafeinatu xamarra zen.

Zer esango zenieke euskarak musikarako jokorik ematen ez dutela diotenei?

Euskara oso hizkuntza aproposa da, musikalitate handia dauka. R asko, Z, TZ, TX, TS… K ere asko gustatzen zait. Ez dut ulertzen euskal talde dezentek ingelesez abestea, eta horien artean oso gustuko ditudan batzuk. Entzule moduan oso garrantzitsua iruditzen zait taldearekin hizkuntza berean identifikatzea. [Eskuekin bihotza zabaltzeko imintzioa egin du].

Hain zuzen ere, Anarik orriotan esan zuen legez, bere euskaraz edozein estilo landu daitekeela demostratu zuen bere belaunaldiak…

Bai, hala da. Egia da nik tarteka asmatu egiten ditudala hizkuntzak, musika tresna aukeratzen dudan moduan, kantuari musikalitatea gehitzeko asmoz, baina zerbait kontatu nahi dudanean, hitzei esanahia eman, euskaraz egiten dut, nire ama hizkuntza delako eta sakonago aritu naitekeelako. Halako zerbait ingelesez egitea arrotza izango litzateke niretzat.

Victor Iriarterekin aspalditik duzu harremana eta gauza ederrak egin dituzue elkarrekin…

Lagun onak gara eta aspalditik ezagutzen dugu elkar. Batak bestea animatu izan dugu gauzak egitera eta askotan kolaboratu izan dugu elkarrekin. Nire proiektuetan beti dauka berak lekuren bat, eta nik beretan. Esango nuke gustu estetiko antzekoa dugula gauza askotarako, berak ikuspegi erradikalagoa dauka eta horrek aberastu egiten du nire lana.

Emozioetara iristeko modu onena partiturak alboratzea al da?

Partiturak interpretatzen ere emozionatu zaitezke, baina oso bestelako emozioak dira. Musika konposatzean sortzen den emozioak ez du parekorik, sortze prosezuak bete egiten zaitu. Eraldatu, buruak katakrok egiten dizu eta horixe bera bilatzen duzu entzulegoarengan.

Nola bizi izan zenuen oskol apurtze hori, “Rage Against the Machine txeloz jotzen duena” deitzen hasi zitzaizunean?

Lotsa eta emozio nahasketa. Gustuko nuena egiten nuen nire instrumentuaz. Kontserbatoriora Anestesia, Dut eta halakoak entzuten joaten nintzen; eta pentsatzen nuen: “Nire ikaskideek ez dute beste musikarik entzungo? Ez dute gogorik rocka entzun eta klasikoa ez den beste kontzerturen batera joateko?”. Arraroak haiek dira, ez ni.

Hain mundu apartekoak dira?

Bai. Eta ez lukete izan behar. Azken finean guztia da musika eta musika-lengoaia bera da. Soinuek melodiak sortzen dituzte eta konbinatzean harmoniak. Hori da funtsa. Baina musika kultuak rocka gutxiesteko joera du. Niri kosta egin zitzaidan kontserbatorioa bukatzea, diziplina, bakardadea, gogotik jo beharra… gogorra zen, baina, tira, horrek guztiak egin du orain naizena.

Esaten dute probokatzaile/komunikatzaile onenak eta Aki Kaurismaki bakarrik direla gai edozein astakeria esanda aurpegi espresio berari eusteko. Antzezle sena daukazu?

Aktore sena beti izan dut, bai. Txikitan esaten nuen arte dramatikoa egingo nuela. Agian zutik kantatzeko eta mugitzeko aukera banu espresioa ere gehiago aldatuko nuke. Zipitzik egin gabe gelditzen banaiz, esaten dudana sinisten dudan seinale. Eta Kaurismakirena, meritua da, izan ere, zurrutari ematen dion bezala emanda, espresio berari eustea marka da gero!

Zaila izan da disko hau grabatzerakoan beste bati –Ibon Rodriguezi– zure munduan sartzen uztea?

Alderantziz. Ibon konfiantzazkoa da, aspaldiko laguna. Gustu oso ona dauka, nirearen antzekoa, ezagutzen nau, ezagutzen ditu kantak, egiten dudana, buruaren atzean hirugarren belarria daukala esan ohi dut. Zuzendu dizkit letrak, ahoskera… Errepikatzeko moduko esperientzia izan da, noski.

Gero eta barneratuago daukazu Mursego kontzeptua?

Bai. Gustatzen zait, baina horren bila ere banabil, joera daukat. Gero eta gehiago jakin, orduan eta hobeto. Gauza asko ditu interesgarriak: ugaztun hegalari bakarra, ultrasoinuak erabiltzea, buruz behera lo egitea, zelan komunikatzen diren, mugitzen diren, ehizatzen duten… Ultrasoinu horiek pertsonok ezin ditugu entzun. Batzuk odola xurgatzen dute, banpiroak, hilezkorrak… Nahiz eta ni berakatzaren oso zalea naizen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena

Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Existentzia mugimenduan jartzea

TU-K
Non: Ahotsenean (Plateruena, Durango)
Noiz: Abenduaren 8an

-----------------------------------------

Bufandak, aterkiak eta begi-zuloak ditu abenduaren 8ak Durangon. Azokaren azken egunari igande eguerdia eta negu giro sarkorra gehitu zaizkio eta erdi hutsik daude... [+]


Oasiaren ondorena

Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]


2024-12-20
Benetako gozoki musikala

Pucciniren Il Trittico
Nork: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Eszena zuzendaria: Paco Azorín.
Bakarlariak: C. Álvarez, A. Blancas, M. Berti, C. Isotton, K. Mattila, A. Ibarra, S. Esparza eta  I. Hotea.
Non: Bilboko Euskalduna... [+]


2024-12-20 | Iñigo Satrustegi
Nora egon gara begira

Anari + Belako
Noiz: abenduaren 5ean.
Non: Iruñeko Zentral aretoan.

-----------------------------------------------

Gogoan dut Erasmuseko lehenengo hilabetean ikusi nituela aurreneko aldiz Belakokoak zuzenean. Ez nintzen haiek ikustera joan, azkenean bertan behera... [+]


2024-12-15 | Iker Barandiaran
Atzera begiratu, hausnartu eta dantzatu… madarikatuak!

Nick Linbött
Nick Linbött
Kaset ekoizpenak, 2024

------------------------------------------------

Komiki jantzi vintage-arekin, rock-and-rollaren hastapenaren eta Gerra Hotzaren bizipenak bete-betean bizi izan zituzten belaunaldiko pertsonaia batzuen akorduan,... [+]


Kobane hiriaren aurkako erasoaldia hasi du Turkiak

Astelehenean Manbij hiria hartu du Turkiaren babesa duen SNA Siriako Armada Nazionalak. Kurduen iraultzaren erreferente nagusia da Kobane, bertan garaitu zuten Estatu Islamikoa taldea orain zortzi urte, Rojavako Iraultzari hasiera emanez.


2024-12-09 | Leire Ibar
Israelen aurkako protesta egin dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batean Iruñean

Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]


Madame Birrots
“Emakumeok ez dugu izan beharrik super onak musika sortzeko"

Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.


Eguneraketa berriak daude