Apiriletik berriro –ikusi behar noiz arte– Bogotako alkate da Gustavo Petro, martxoan Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak kargutik kendu zuena. Petro ausartu da zaborren kudeaketa konpainia pribatuei kentzera. Mundu osoan bezala Kolonbian ere zerbitzu publikoetako enpresak alkate ezkertiarra jango luketenean dabiltza.
Gustavo Petro Bogota hiriko alkatea honela mintzatu zen Canal Capital Bogota telebistan, galdetu ziotenean alde guztietatik jasotako egurraz: “Jipoia aurreikuspenetan zegoen, ez gintuen harritu. Bagenekien zenbait hedabidek eta horietako zenbait pertsonak nola jokatuko zuten. Bagenekien nola jokatuko zuten ‘zaborraren merkatua’ deitzen den horretan indarra galtzen hasitakoan. Ezagutzen dugu azken hamarkadotan garbiketa zerbitzua pribatizatu izanak ekarri duena, ez bakarrik Bogotan edo Kolonbian: aski duzu Interneten ‘Napoli’ ipintzea eta ohartuko zara gai honek zer nolako neurria daukan”.
Deklarazio horiek 2012ko abendu amaieran egin zituen Petrok. Aste bete lehenago, ordura arte Bogotako hondakinen kudeaketa egiten zuten enpresek hiru egunez eten zuten zabor bilketa hiriburu osoan, sekulako kaosa sortuz. Telebistan aitortu zuen berandu erreakzionatu zutela. Hala ere gaina hartu zion erasoari.
Enpresek ez zuten etsi eta aurkitu zuten alkateari kolpe gogorragoa emango zion mailua. Kolonbiako fiskal nagusiak enpresen salaketak kontutan harturik 2013ko abenduan ez legezkotzat jo zuen Petrok Bogotan zaborren kudeaketari ezarritako eskema berria. Hamabost urtez kargu publikorik ezin eduki izatera kondenatu zuen. Martxoan Santos presidenteak kendu baina apirilean jarri behar izan du berriro, auzitegi gorenak erabaki arte zer egin alkatearen helegitearekin. Diote ekainean erabakiko dela.
Gustavo Petro (1960) Bogotako alkate da 2011z geroztik, Bogota Humana hautagaitzaren buru aurkezturik. Aurretik Polo Democrático Alternativo alderdiarekin diputatu eta senatari izana zen. Eta hori baino lehen, gaztetan, M-19 mugimenduarekin gerrillan ibilia zen, Aureliano ezizena erabiliz –García Márquezen Cien años de soledad liburuko protagonistaren izena– taldea 1990ean Gobernuarekiko elkarrizketa prozesu baten amaieran desegin zen arte.
Maureén Mayarekin batera idatzitako Prohibido Olvidar liburuan kontatu zuen Gustavo Petrok Kolonbiako kontrainsurgentziaren kontrako borrokan gerrillan bizitutakoa. Gero ¡Vamos a superar el Horror!. Gustavo Petro y la nueva izquierda elkarrizketa liburuan azaldu du bere pentsamendu politikoa.
Berrikitan Euronews kateari laburbildu dizkio bere agintealdiko asmo eta lorpenak, tartean droga kontsumoa zigorgabetzea aldarrikatuz. Urrun dago drogaren kontrako gerra famatuaren eskemetatik: “Bakeak etorri behar du loturik eredu politikoaren aldaketarekin, herritarrak gizartean barneratzearekin, Kolonbia demokratizatzearekin, baina narkotrafikoari irtenbideak ausardiaz bilatzearekin ere bai. Mundu mailako eztabaida baten parte da, zeren lehenbizi gizarte mailako berdintasunik eza gertatu zen, gero etorri zen bortizkeria eta beranduago narkotrafikoa, honek bere alde erabili du bortizkeria. Baina lehenbizikoa konpontzen ez badugu, bortizkeria sorrarazi zuena, ez dugu konponduko bigarrena ere, narkotrafikoa”.
Petrok Bogotako alkate izateko agindu zuen “pakete sozialaren” barruan zetorren hondakinen kudeaketa aldatzea. Aspalditik konpainia pribatuen esku zegoenez, alde batetik enpresa publiko bat sortu zuen pribatuei konkurrentzia egiteko eta bestetik munduaren parte gehienetan bezala Bogotan ere zaborretatik bizi diren langile informalak normalizazio bidean sartzen hasi zen.
Zero Waste ideiak biltzen ditu hondakinak murriztuz zaborraren klase guztietako kalteak urritzeko estrategiak, gaikako bilketatik hasita, berrerabiltzea, birziklatzea eta abar. Baina Iparralde aberatsa ez den mundu gehienean hondakinetatik bizimodua ateratzen duten langileen bizi-baldintzak ere biltzen ditu. Filipinetatik Argentinara eta Mexikotik Indiara, pasaturik Egiptoko Zabaleen famatuen artetik, milaka behargin xumek bizi nahi du herritarrek bazter utzitako produktuak berrerabiliz edo birziklatuz.
Zazpi milioi eta erdi biztanle dauzkan Bogotan 14.000 inguru dira kaleetan bezala zabortegi nagusian paper, metal, plastiko eta abarren bilketan. Egunean zabortegira 1.500 tona gutxiago iristea beren meritua zenez (6.000 tona gehiago eramaten zituzten 2012an garbiketako konpainiek), langileok kudeaketa eskemaren barruan integratzeko promesa egin zuen Petro. Gaur arte haietako 4.000 baino gehiagok lortu dute beren lanbidea ekonomia arautuan sartzea.
Reciclador hauen liderra Nohra Padilla da, 2013an Goldman saria –Nobel Berdea ere deitzen diote– eman ziotena Rossano Ercolinirekin batera. Padillak lan handia egin du birziklatzaileak talde eta sindikatuetan biltzen. Alkatearen erabakiari adina zor zaio Padillaren ahaleginari Bogotan Basura Cero eskema berriarekin lortu izana birziklatzaileek beren lanaz bildutako materialak udalak prezio txukunetan ordaintzea.
Bogotako zaborren greba “Crónicas de una lucha por la inclusión” erreportajean kontatu du Women in Informal Employment: Gobalizing and Organizing (WIEGO) elkarteak. 2012ko abenduan Bogota zaborretan itotzea erabaki zuten azken 20 urteetan zerbitzu publiko hori kudeatzen zuten enpresa pribatuek: Petrok alkatetzatik arau berriak jarririk, enpresa publiko berriak jaten zien pribatuei merkatuaren zati on bat eta beste puska bat kaleko txatarrero eta traperoek. Konpainiek zabor-bilketa eten zuten hiru egunez.
Baina Bogota ez zen bihurtu Napoli, kaleko birziklatzaileek erabaki zutelako udalari laguntzea. Azpiegitura kaxkarrekin -kamioi handiak konpainienak dira- baina azkar antolatu zuten hondakin bilketa. Istilua handia izan zen, hala ere, eztabaidak ere bai. Denetan bezala han ere industriaren eta bankuen ugazabenak diren hedabide nagusiek zaborren gudua ongi berotu zuten.
Hura gainditu zuen, ordea, Basura Cero programak. Orduan auzitegitik egin zioten su. Artilleria gogorra gordetzen da fiskaltzetan, Espainian bezala Kolonbian. 15 urterako kargu publikorik eskuratzea debekatu zion Alejandro Ordoñez prokuradoreak. Gero goragoko auziak eten zuen erabakia, ikusiko da noiz arte.
Zerbitzu publikoen enpresak ez daude etekinak gutxitzeko. Hurbilago, Gipuzkoan, bankuek lapurren gisa GHKri saldutako swapen aferan kreditu pozoitsuon alde ari zen abokatuetako batek esan zion kazetari bati gaztelaniaz: “Igual se creían que iban a salir de rositas”. Aldaketa nahi duenak larrutik pagatuko duela, alegia.
Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Atez atekoa oinarri, Arabako Errioxako Kuadrillan Kripan eta Eltziego herriek Araba osoko daturik onenak dituzte hondakinen gaikako bilketan eta horien birziklapenean, eta Europak ezarritako gutxienekoetara heltzen diren bakarrak dira. Laster, kuadrillako herri gehiagotara... [+]
Adimen artifizialak bost milioi tona hondakin elektroniko sortu ditzake 2030a baino lehen, Nature Computational Science aldizkariak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikertzaileek ekonomia zirkularreko estrategia bat ezartzearen beharra nabarmendu dute.
Hondakinak tratatzeko Artaxoako plantara Zubietako erraustegitik milaka tona lixibiatu modu ilegalean eraman izanaz galdetu dio EH Bilduko parlamentari Mikel Oterok, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregiri. Iragan... [+]
Donostiako Udalak iragan osteguneko udalbatzarrean iragarri zuen moduan, zaborren tasa % 26,5 igoko du, 2025eko urtarriletik aurrera, Hondakinen 7/2022 Legeak horretara behartzen duela argudiatuta. Eguzkik, ordea, salatu du legea kostuei begira aplikatzen duela soilik, eta... [+]
Mikel Jauregi sailburuaren esanetan Eusko Jaurlaritzak ez du "inolako arau hausterik atzeman" Ekondakinek Zubietako erraustegitik Artaxoako zabortegira bidalitako lixibiatuetan. Hala, ez du sozietate publikoa zigortuko, Nafarroako Gobernuak eskatu bezala.
Zubietako erraustegitik Artaxoara eramaten zituzten lixibiatuengatik, Ekondakini zigor espedientea irekitzeko eskatu zion ekainean Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari.
Berrerarabili, zaharberritu, konpondu, eraldatu… Behar duguna baina gehiagorekin bizi garelako agian…
Nafarroako Ecofert Sansoain enpresa itxita dago 20.000 tona hondakin toxiko legez kanpo jasotzeagatik Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik eta Tuterako (Nafarroa) Oleofat enpresatik.
Artaxoako Ecofert enpresara baimendu gabeko hondakinak eramateagatik, Zubietako Ekondakin enpresari zigor-espedientea abian jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Jose Maria Aierdi Nafarroako Ingurumen kontseilariak jakinarazi duenez,... [+]
Maiatzaren 18an, larunbatez, Zubietako Erraustegiaren aurkako martxa antolatu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak (EAM). Lasarte-Oriatik abiatuko da, Okendo plazatik 11:00etan.