Udaren atarian heldu da Literaturiaren 6. edizioa. Aurtengoan, Larrabetzu utzi eta Zarauzko herriak egingo dio tokia euskal literaturaren hitzorduari, urtetik urtera hazi den ekimena izaki, azpiegitura hobea behar duelakoan. Auzolana du oinarri Literaturiak, eta literaturzaleen bilgune ez ezik, argitaletxe, sortzaile eta kultur ekintzaileentzat erreferentzia bilakatu da. Maiatzaren 28tik ekainaren 1era.
Literatura Eskolakoen ausardiari zor zaio Literaturia. Duela sei urte ekin zioten bideari, Larrabetzuko eskolako jolastokian, dozena erdi argitaletxeren liburuak salduz eta zenbait hitzaldi emanez, asteburuan. Literaturia txiki hura hazi egin da ordea, eta egun, euskal literaturaren plaza esanguratsua izateaz gain, protagonismo handia eman dio sorkuntzari.
Gotzon Barandiaran antolatzaile eta idazleak gogoratu digunez, 10 urte dira dagoeneko sortu zela, “Literatur Eskolaren ekimenez, eta honen ingurura batutako sarearen bidez sortu genuen Literaturia, berari soilik eskainitako espaziorik ez zuelako euskal literaturak. Euskaraz eta literaturaz jardungo zuen plazaren beharra ikusten genuen. Plaza zer da? Erakusleihoa, baina baita jendea elkartzeko tokia ere. Hasieratik otu zitzaigun Larrabetzun egitea, eta bertako herritarrok hartu behar genuela antolaketa geure gain. Gero eta handiagoa izan da lantaldea eta hartu duen ardura. Herritarren lanari esker atera da aurrera”.
Hala ere, Literaturia handitzen joan den heinean ardurak ere banatu egin dira eta larrabetzuarrak ez dira bakarrik egon. Literatura Eskola ez ezik, beste elkarte batzuk ere beregatu ditu Literaturiak, EHAZE edota 111 Akademia kasu. Baina Larrabetzu herri txikia da, 2.000 biztanle ingurukoa, “eta besteak beste, azpiegitura eta finantziazio mugak agertu dira. Nahiz eta Larrabetzuko Literaturia erreferentzia izan, ziklo bat bete zela ohartu ginen”, aitortu du Barandiaranek.
Zarautzek literatur tradizio handia du, idazle asko dago, hango Garoa liburudenda ere gogor dihardu, gaztetxea ere badu, udalak kulturan asko inbertitzen du, eta halaxe erabaki zuten Zarautza aldatzea eta Literaturia beste lantalde baten esku uztea. Zarautz Ehuntzen plataforman hainbat kultur eragile biltzen dira, eta “haien lan egiteko modua eta gurea oso antzekoak dira”, azaldu du Barandiaranek. “Literaturia ez da leku bat, literaturaren plaza da, eta Larrabetzun, Zarautzen, Laudion, Hendaian edo Atarrabian egon daiteke. Baina ezinbestekoa da lekuan lekuko lantaldea egotea eta lantalde horrek herria dinamizatzea”.
Euskal herriko leku guztietatik etorritako idazleak, sortzaileak, argitaletxeak, irakurleak, zaletuak, kontsumitzaileak izan dira Literaturian eta honek izaera nazionala ematen dio ekimenari.
Literaturiak liburuari erreparatzen dio, baina beste zenbait adierazpide ere oso hurbilekoak ditu. Barandiaranen arabera, “sortzaile garenok profil bat baino gehiago dugu, literaturzale, hartzaile, antolatzaile, idazle eta abar gara, eta Literaturian elkartu egiten gara lagun giroan”.
Tamainaz eta formaz, Literaturiak Durangoko Azokarekin zerikusirik ez badu ere, euskal literaturaren udaberriko hitzordua izan nahi du. Hala ere, Gotzon Barandiaranen ustez, “Durangoko azoka euskal kulturaren azoka da, ez da soilik literaturarena. Literatura, beraz, atal bat da, eta euskal literatura, atalaren azpiatala. Zoritxarrez, ez da nagusi. Durangoko azokan euskaraz ez den literatura da nagusi”. Ildo honetatik Barandiaranek plaza sektorialak proposatzen ditu, hau da, diziplina bakoitzak, musikak, antzerkiak, literaturak eta bertsolaritzak bere espazio berezitua izatea. “Euskal kulturarako oso garrantzitsua da zertan ari garen erakustea. Horren harira, kultur adierazpide bakoitzak plaza bana izango balu, oso osasungarria izango litzateke. Durangoko azoka ere indartuko luke. Kendu baino, gehitu egingo lioke. Plaza bakarra baduzu, leku gutxiago izango duzu”.
Durangoko azokarako argitaratzen dena masifikatu egin dela iruditzen zaio Barandiarani: “Ahotsenean izan dudan esperientziagatik, esan daiteke bertan aurkezten diren liburu eta diskoen %90ek gerora ez dutela oihartzunik eduki”.
Euskal Literaturaren plazak irakurzaleak ere behar ditu. “Ohikoa ez den hori erakartzea da orain erronka. Larrabetzun lortu genuen literaturarekin zerikusirik ez zutenak erakartzea. Askok, Literaturiari esker, euskal literatura berbagai izatea lortu dugu”.
Hala ere, lortzekotan, gogotik jardun behar, eta urte luzetan: “Herri mugimenduetatik egina bada, behetik eta diru iturri publikoetatik kanpo, askoz ere lan handiagoa egin behar duzu. Konparatu besterik ez dago, Euskal Herrian badira jazz, folk ala rock jaialdiak, hasieratik dirutza izan dutenak, BBK Live bera; oso epe motzean 0tik 500era egin dute. Gureak herritarron borondatez eginak dira, inoiz ez era profesionalean. Guk ere milaka euro edukiko bagenitu, milaka lagun hurbilduko lirateke Literaturiara”.
Literaturiak ez du erakunde publikoetako diru-sarrerarik. Aurtengo edizioan, ekitaldietan parte hartuko duten sortzaileen ordaina eta baliabide teknikoak estaltzeko lain emango du Zarauzko Udalak. Borondatezko lana ezin saihestu, beraz. “Izaera herrikoia ezinbestekoa du Literaturiak”, diosku idazleak, “euskal kulturara apurrak besterik ez baitira bideratzen”.
Maiatzaren 28an. Herri 1, 11 irakurle eta literatura. 19:00, Torre Luzea parkea.
Maiatzaren 29an. Harri eta Herrik 50 urte. Karmelo Landa eta Saroi Jauregi. 19:00, Yubionea (San Pelaio auzoa).
Maiatzaren 30ean. Litera-tourra, Bada teatroa. 18:30, Musika plaza.
Maiatzaren 31n. Liburu azoka. 11:00-20:00, Zigordia plaza.
Ekainaren 1ean. 2014ko liburu berrien aurkezpen solasaldiak. 11:00-13:00, Sortaldea.
Ostiraletik igandera Literaturia jaialdia egin dute Zarautzen (Gipuzkoa) (B)egia izenburupean. Booktegi webgunea omendu dute antolatzaileek. Hiru ikuskizun estreinatu dituzte, denak Literaturiarako beren beregi sortuak.
Itziar Ugarte kazetari eta idazleak luzatutako hariak harilkatu dituzte Uxue Apaolaza idazleak eta Ines Osinaga musikariak. Mahaiaren bueltako elkarketari jarritako izenburua: “Bihurguneak eta bideak elkarrizketan”. Aitzakiak: Apaolazaren Bihurguneko nasa (Susa,... [+]
Ostiral honetan hasi eta igandera arte egingo da Zarautzen Literaturiaren 10. edizioa. Lege Zaharren Enparantzan irekiko da karpa nagusia eta bertan aurkeztuko dira hamabost bat liburu. Doinuele Euskarazko Plazen sorrera dela eta, aurtengoa berezia izango dela iragarri dute.
Maiatzaren 5etik 7ra ospatuko da Literaturia. Aurtengo gaia Eten izango da, pandemiako etenaldiaren erruz sortzaileek "asko sufritu" dutelako. Zarauzko Garoa liburu dendan egin dute aurkezpena.
Maiatzaren 27tik 29ra izango da aurtengo Literaturia. Askotariko ikuskizunak eta mahai-inguruak egingo dituzte Zarauzko euskal letren plazan. Dagoeneko eskuragarri daude emanaldietarako sarrerak.
Zarautz literaturaren erdigune bilakatuko da gaurtik igandera bitarte. Literaturia bueltan da, eta literaturzaleentzako topaleku bilakatuko da, euskal idazle, argitaletxe eta irakurleak bertan izango baitute literaturaz gozatzeko topagunea. Ana Galarraga izan da Bilbo Hiria... [+]
Literaturia izango da Zarautzen maiatzaren 19tik 21era eta, hitz egin dezagun lanak merezi duen terminoetan, ikus-entzunezko obra honekin iragarri dute.
"Larrua" izango da aurtengo Literaturiaren gaia, "plazer hutsa" jarri diote azpititulu. Zarautz maiatzaren 19tik 22ra literatur-saltsaren erdigune bihurtuko da ekitaldiz beteriko programari esker.
Maiatzaren azken asteburuan ospatuko da aurten euskal letren plaza Zarautzen, bigarrenez iaz Larrabetzutik hona salto egin ostean. Lehen aldiz gai baten bueltan osatu dute egitaraua: Ardoa. Huts eginez gero, literaturzale, galdu izanaz damutuko zaren bost proposamen bildu ditugu... [+]
Literaturaz oro har, poesiaz, antzerkiaz eta sorkuntzaz solasean aritu berri gara Oier Guillanekin. Aurki argitaratuko den elkarrizketaren aurrerapena da ondoren datorrena.
Literaturiak ekitaldi ugari proposatuko ditu hiru egunez, maiatzaren 31tik ekainaren 2ra bitartean. Igandeko menuko plater nagusia, kasura, mahaiaren bueltan eskainiko da, 11:00etatik hasita. Euskarazko itzulpengintzaren erronkak gaur egun izenburupean antolatu den solasaldiak... [+]
Maiatzaren azken egunetik hasi eta ekainaren 2rako tartean iragango da Literaturia 2013, letrak kale gorrira ateratzea helburu duen ekimena. Bosgarrena dugu aurtengoa, eta betiko legez, Larrabetzuko herria hartuko du plazatzat.
Maiatzaren azken egunetik hasi eta ekainaren 2rako tartean iragango da Literaturia 2013, letrak kale gorrira ateratzea helburu duen ekimena. Bosgarrena dugu aurtengoa, eta betiko legez, Larrabetzuko herria hartuko du plazatzat. Errezitalak, aurkezpenak, antzerki saioak,... [+]