“Zorra egiten duena ez da edozein” zioten zaharrek kreditua eskuratzea aberatsen esku besterik ez zenean. Gaur munduko herritar guztiok gabiltza zorpean, aberatsek lortu dutelako are aberatsago izatea haiek egindako zorren ordaina estatuen bizkar utzita. Parisen saiatuko dira antzerkiz ulertzen eta dantzaldian umorez ospatzen denon zorra.
Europako hauteskundeetan ez da aski aipatu zorra, nahiz eta askoren ustez horixe den geopolitikatik hasita jendearen eguneroko ezintasunetarainoko dena baldintzatzen duen datu nagusietakoa: estatuek beren gain hartutako zor publiko itzela. Hauteskunde biharamunean, Parisen badute estatuaren diru-kutxaren zuloez mintzatzeko aukera.
Frantzian Caritas laiko gorria den Secours Populaireko lehendakari Julien Laupetrek –gaualdiaren etekinak erakunde horrentzako izanen dira– eta Christophe Aleveque aktoreak antolatu dute zorra irri eta bals artean ospatzeko ekitaldia: “La fête de la dette”, zorraren festa. La Villette eremutik hurbil, 104 arte-gunean burutuko da ekitaldia maiatzaren 31n 19:00etatik aurrera.
Cristophe Aleveque (1963) aktore txit ezaguna da Frantzian. 1991n bakarkako umoregintza gazi politizatua aurkezten hasi zenetik, irratia, antzerkia eta zinea egin ditu, idatziz plazaratu artikulu eta liburuez gain. Telebistara sarritan konbidatu dute. Nabarmenki ezkerretan kokatua, Sarkozyren kontra aritzeaz gain arrakastaz probokatu ditu Frantziako eskuin kristau berriko jendeak.
Alevequek gidatuko du maiatzaren 31ko festaren lehen zatian ikusiko den “Le tour de la dette en 80 minutes”, Zorraren bira 80 minututan. Ekonomialari ezagunek eta sindikalistek hartuko dute parte azalpenetan; tartean izango dute Susan George idazle eta altermundialista famatua. Ondorenerako iragartzen da dantzaldia, Parisko antzinako kaleko guinguette popularretako giroa nahastuz happening, erakusketa, konbidatu berezien parte-hartze, jan-edan eta abarrekin.
“Elkarrekin aztertu nahi dugu –diote egitarauaren aurkezpenean– larritu eta beldurtu gabe, ‘zorraren arazoa’ deitu duten korapilo hori. Konplikatua omen delako, jendea aspertzen du edo ikaratzen. Gu saiatuko gara ‘zorra’ noren bizkar doan eta mesede nori egiten dion ulertzen, ebidentziak lehertzen, betiko uste ustelak desmitifikatzen, soinean daramagun kulpabilitateari ostikada ematen, erroreak nabarmentzen, paradoxak azpimarratzen, horrela gehiago esan ez diezaguten: ‘Lasai, gu okupatuko gara, zuek zoazte kalera jolas egitera’”.
Beste erakunde askoren artean ATTAC talde altermundialistak ere babestu duen ekitaldi ludiko-aldarrikatzaile hau (“Solidarité, festivité et civilité! Voici notre trinité!”) antolatu duena Coopérative Direction Humaine des Ressources (DHR) elkartea da, bere buruari helburutzat honakoa jarri diona: “Elkarrekin harremanetan jartzea artearen mundua eta hezkuntza herrikoiarena, antolatuz ekitaldi publikoak, atelierrak, zine emanaldi/eztabaidak”. DHR kooperatibak berrikitan “La dette” dokumentala plazaratu du, Nicolas Ubelmann eta Sophie Mitrani errealizatzaileek egina.
Estatuen zorrak aipatuta, duela gutxi arte munduko herrialde txiroetan pentsatzen genuen Europako jendeok. 1990etik Hirugarren Munduaren Zorra Ezabatzearen aldeko Batzordeak (CADTM frantsesezko sigla ezagunetan) defenditzen du munduaren Hegoaldeko estatuei ezabatu dakien haien agintariek beren gain hartu duten zor ez-legitimoa. Alabaina, 2008ko krisitzarra kudeatzeko erabilitako estrategiak zabaldu dizkio askori begiak: nola pilatu da gaur bere herritarrei babes sozial guztiak murrizten dizkieten estatuon hainbesterainoko zorra?
CADTM elkarteak herrialde txiroen zorraren auditoria eskatzea aldarrikatu du aspalditik. Finantzen krisi moduan hasi eta benetan krisi sistemikoa suertatu denak Grezia hondoratu zuenean, Troikaren salbamendu errezetak medio, orduan hasi zen aipatzen hemengo zor publikoa ere auditatu beharra. Pariskoak urrats golfo bat izan nahiko luke ezkutukoa azaleratzeko bide horretan.
Eztabaidan parte hartuko duen Thomas Coutrot ekonomialariak azaldu du herritarrei bizkarretik kendu behar zaiela zor publikoaren errudun izatearen kulpabilitatea: lanordu gutxiegi egiten dutela, opor luzeegiak dauzkatela, laguntza publikotan gastu handiegia doala, eta abar luzea, hedabideek usu zabaltzen dituzten mitoak. “Gezur horiekin estali nahi izan dute administrazioak daukan zuloaren errudunak direla enpresei eta aberatsei zergak jaistea, loturik arduradun politikoen axolagabekeria espekulazioaren aurrean”.
Patrick Viveret filosofoa eta Frantziako kontuen auzitegian magistratu aritua ere parte hartzekoa da maiatzaren 31ko festan. “Kontuen auzitegian ikusi ahal izan da azken hamar urteotan Frantzian batera edo bestera 100.000 milioi euro barkatu dituela estatuak zergatan. Noren mesedetan? Dudarik gabe aberatsenen mesedetan. Diru horiek gehiago irabazi dituztelarik, jende aberatsok ahalmena daukate zorretan dagoen estatuari dirua uzteko. Beraz, bi aldiz irabazi dute: lehenbizi zerga gutxiago pagatzearekin, bigarrenean estatuari bere zorragatik interesa kobratuz”.
Aldiz, gutxien irabazten dutenek zigor bikoitza daukate. Alde batetik zerbitzu sozial gutxiago daukate estatuak zerga gutxiago kobratzen duelako. Bestetik, bere zergekin lagundu behar dio estatuari ordaintzen zor publikoaren interesak. Ez kexa txiroegia baldin bazara zuzeneko zergak pagatzeko -soldataren gainekoak- zeren zuk ere pagatuko duzu produktu eta zerbitzu guztiak zamatzen dituen BEZarekin.
Mendebaldeko estatuen zorpetzea dago herritarren arteko berdintasun eza gero eta handiagoa izatearen bihotzean. Pierre Larroutourou ekonomialariak azalduko du Parisen nolaz zor ekonomikoa eta zor soziala elkarri loturik doazen. Ronald Reagan eta Margaret Thatcherrez geroztik, mendebaldeko herritarren soldatek gero eta pisu txikiagoa izan dute ekonomiaren osotasunean, eten gabe handituz joan dira bai zor pribatua eta bai zor publikoa, eta aldiz korporazio handienen eta familia aberatsenen irabaziak izugarri handitu.
Mendebaldeko 15 herrialde indartsuenetan 1976tik 2011 artean langileek galdutako soldatek osatzen dute Barne Produktu Gordinaren %150, finantzen merkatura eta paradisu fiskaletara joan direnak.
Henry Fordek esana omen da 1930eko hamarkadan, larritasunean soilik XXI. mendeko honek gainditu duen krisiaren erdian: “Gauza ona da Amerikako herritar gehienek ez jakitea nola funtzionatzen duen benetan bankuen sistemak; zeren eta jakingo balute bihar goizerako iraultza lehertuko litzateke hemen”. Parisen maiatzaren 31n nekez sutuko dute iraultzarik. Ez da gutxi izango azken 30 urteotako gezurren estalkia pittin bat harrotzea? Algaraz eta baltsean, gainera.
Garraio publikoaren prezioa handitzea eta deskontuak kentzea “onartezina” dela kritikatu dute dozenaka pertsonak, Jauzi Ekosozialak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Langile klasearentzako “zama gehigarri bat” izango litzatekeela eta... [+]
Duin bizi ahal izateko prestazio ekonomikoa jasotzen dutenak lupapean ditu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak: postontzia jarri du martxan, herritarrek modu anonimoan “jardun irregularren edozein susmo” jakinarazi dezaten, eta Lanbideko Kontrol Unitatea indartu du,... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Valentziako Generalitateko presidentearen aurka salaketa jarri du CGT sindikatuak, heriotzak saihesteko neurriak hartu ez izana leporatuta. Hogei bat eragile sozial eta sindikalek berriz, haren dimisioa eskatzeko manifestazioa antolatu dute hiriburuan, datorren larunbaterako.
Amurrioko anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunean ez zen medikurik egon joan den igandean, Aiaraldeak informatu duenez. Hain justu, hainbat bizilagunek sinadura bilketa abiatu dute eskualdean: “Erabat normalizatu da Laudioko zein Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan mediku... [+]
Iberdrolak 5.472 milioi euroko etekinak izan ditu aurten irailera arte, eta bere aurreikuspenen arabera 2024an errekor berria jarriko du irabazietan: iaz baino %14 gehiago. Repsolek uztailerako 1.626 milioi euro zeuzkan poltsikoan, eta 2023an irabazitako 3.168 milioiak aurten... [+]
Gazteei PFEZa murriztea edota zenbait kasutan deuseztatzea proposatu du Portugalgo Gobernuak, baina momentuz hizpidea baino ez du ipini, ez baitago argi aurrekontuak onartu ahalko dituen, gobernua osatzen duten alderdiek ez baitute-eta gehiengo parlamentariorik. Espainiako... [+]
2023ko urtarriletik indarrean da oinarrizko elikagaiei –duela hiru hilabetetik, oliba olioa talde horretan dago– BEZik ez aplikatzeko neurria.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Apple eta Irlanda kasua ebatzi, eta Googleren aurkako zigorra berretsi du, nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.
Aparteko ordu boluntarioekin betetzen ari dira medikurik gabeko zerbitzuak Elizondon. Xabi Zarandona medikuak salatu du ezinezkoa dela gaixoen jarraikortasuna bermatzea.
Kalera atera dira salatzeko Bortziri eta Baztanen mediku eta pediatren falta, itxaron zerrenda amaigabeak eta hitzorduen atzeratzea jasaten ari direla, besteak beste. “Landa eremuan bizi garenok ere merezi dugu behar dugun bezala artatuak izatea”.
Etxebizitzen eta alokairuen prezioek mugarik gabe jarraitzen dute gorantz eta milioika lagun egoera oso prekarioan utzi ditu horrek: gazteek ezin dute emantzipatu, herritar asko euren auzotik ostikoka bota dituzte, eta beste askorentzat infraetxeak partekatzea da irtenbide... [+]
Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsiko ditu ostegun honetan, bi urtetako etengabeko gorakadaren ondoren. Diruaren garestitze edo merkatzeak zuzeneko eragina du Euriborrean eta herritarrek ordaindu behar duten hipoteketan. Baina nola nabarituko da aldaketa hori?
Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]
Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".