Sortzeaz batera hasi zen Europar Batasuna nekazaritza politika bateratua ezartzen, II. Mundu Gerraren osteko elikagai faltari aurre egiteko. Arazoak 90eko hamarkadan heldu ziren, ordura arte nagusi izan zen merkatuen kontrolaren ordez politika neoliberalak gailentzen hasi zirenean. Hogei urte geroago, gaizki banatutako diru-laguntzen menpeko bihurtu da sektorea.
Neurri egokiak hartu ezean Euskal Herriko lehen sektorea desagertzeko zorian egon liteke. Hori esanez hasi zen orain dela bi asteko Argian Juan Mari Arregik idatzitako Beste nekazaritza garapen eredu baten alde zutabea. Baieztapen potoloegia eman dezake, baina bat dator Euskal Herrian nagusi diren nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko sindikatuen ikusmoldearekin. Haiek diotenez, Europatik datozen politikak, eskuarki, baserri tradizionalaren kalterako izaten dira.
EBren Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB) baserritarrengan duen eragina etengabeko eztabaidagaia da sektorean, baina are biziagoa da erreformak ezartzea egokitzen denean. Aurten, hain zuzen, 2014-2020 epealdirako baldintzak finkatzen ari dira. Batik bat, diru-laguntzak jasotzeko bete beharrekoak. Laguntzak baitira Bruselako politikaren muina, ikusiko dugunez.
NPBk 1992tik jasan dituen erreformak “porrot ikaragarria izan dira”, EHNE-Bizkaiako Andoni Garciaren esanetan. “Negozioaren mesederako ekoizpen eredua sustatzen da, eta herritarren elikadura ez da ardaztzat hartzen. Baliteke, azkenerako, elikagaien hornidura ezin segurtatzea ere”. Garciak gogorarazi du, konparazio baterako, 2003tik hona Hego Euskal Herriko nekazarien diru irabaziak %23 gutxitu direla batez beste. Ikus dezagun zein den egoera honetara ekarri gaituen bidea.
Ipar Euskal Herrian NPBk arautu du laborarien bizimodua azken mende erdian. Izan ere, laborantzari buruzko politika bateratua Europako Ekonomia Erkidegoarekin batera sortu zen 50eko hamarkadaren amaieran, eta Frantzia han zen, NPBren bultzatzaile nagusien artean. “Gerla osteko Europan defizita zen elikaduraren aldetik”, dio ELB sindikatuko Mixel Berhokoirigoinek, “kontsumitzen zenaren %80 baino ez zen ekoizten”. Produkzioari bultzada emateko sortu zen NPB, baita lortu ere. 80ko hamarkada hasierarako, urtez urte elikagai soberakina zeukan Europak. Besteak beste, bertoko laborarien jarduna babestuz lortu zen hori. Berhokoirigoinek dioenez, NPBren lehen hamarkadetako ezaugarri nagusia merkatuen kontrola izan zen, ekoizleentzat prezio duinak segurtatzea barne.
“Aldaketa 1992an hasi zen”, dio ELBko kideak, “eta arrazoi politikoengatik eman zen”. Andoni Garciak ondo gogoan du garai hura, ordurako Hegoaldeko baserritarrak ere bai baitziren NPBren menpeko eremuan: “Urte hartan politika bateratuaren lehen erreforma egin zen, eta NPB zeharo aldatu zen. Ordura arte prezioen babesean oinarritu zen politika, baina gero eta garrantzi handiagoa hartzen hasi ziren diru-laguntzak”.
Garaiko testuingurua kontuan hartu behar da: 90eko hamarkadaren hasieran, nazioarteko itun berrien negoziazioetan buru-belarri murgilduta zebilen EB. Ondorioa gero eta liberalizazio handiagoa izan zen, eta hor ez zeukan lekurik NPB bezalako politika batek, ez ordura arteko ezaugarriekin bederen. Merkatuen kontrola, nekazariek beren produktuen truke jasotzen zituzten prezioen berme politikoa barne, ahultzen hasi zen, eta ahultzen segitu du ordutik egindako erreforma bakoitzarekin.
Laborariek horren ondorioz izandako galerak arintzeko, Europak diru-laguntzak ezarri ditu. Hogei urteotako bilakabide hori laburbiltzen du Mixel Berhokoirigoinek emandako datu honek: “NPB sortu zenean, haren aurrekontuaren %80 merkatuaren kontrolatzera bideratua zen. Gaur egun, %7 baizik ez”. 2014an, NPB diru-laguntza multzo bat da batez ere.
Gauden-gaudenean, ez dago laborantzaren biziraupena ulertzerik diru-laguntzarik gabe. Baina sistema maltzurra da, sindikatuen ustez. Haiekiko menpekotasuna desager dadila nahi duten arren, sektoreak ezinbestekoak ditu laguntzak gaur-gaurkoz. “Antibiotikoak bailiran hartzen ditugu”, diosku Garikoitz Nazabalek, Gipuzkoako EHNEko kideak; “infekzioari aurre egiteko behar duzu, baina aldi berean zure defentsak ahultzen dituzu”.
Nazabalen iritziz, baserritarrak laguntzetatik ez baizik eta beren lanetik bizi behar dira, “eta azken batean lan hori herritarrentzat elikagaiak ekoiztea da”. Alde batetik, herritar guztiek erosteko moduko prezioan merkaturatu behar dira produktu horiek, eta bestetik laborarien etorkizuna ziurtatzeko moduko prezioak izan behar dute. “Baina eskema horrek ez du dagoeneko funtzionatzen”, kexu da Nazabal.
Espainiako Estatuan, nekazari eta abeltzainek euren produktuengatik jasotako prezioa oso gutxi handitu zen 2000 eta 2012 urteen bitartean; aldiz, elikagaien Kontsumoko Prezioen Indizea %50 igo zen. Ekoizleengandik kontsumitzaileenganako bidean bitartekariak daude, gero eta tartaren zati handiagoa bereganatzen dutenak. 2011n Mugarik Gabeko Albaitariak elkarteak egindako txosten batek dio Espainiako Estatuan elikagaien azken prezioa, batez beste, ekoizleek jasotzen dutena baino 4,5 aldiz handiagoa dela. Espekulazioa nagusi den sistema horrek iraun bitartean, nekazariek, nahi eta nahi ez, diru-laguntzen oxigenoaren beharra dutela azpimarratu du Garikoitz Nazabalek. Harekin bat dator EHNE-Bizkaiako Andoni Garcia: “Batez beste, baserritarrek irabazten dutenaren %30 diru-laguntzetatik dator, eta sektore batzuetan %70era heldu daiteke. Pentsa zer litzatekeen kenduz gero...”.
Ezinbestekoak izanagatik, EHNE-Bizkaiak pozoitzat ditu NPBren diru-laguntzak –ez denak–, “horien izenean nekazarientzako prezio artifizialki baxuak justifikatzen direlako oraindik”. Azkenerako, laguntzen adabakia ez da nahikoa baserritar txiki askok, etsita, aktibitatea albo batera lagatzeko.
Azken batean, lur kontzentrazio handiei eta laborantza industrialari egiten ari zaie mesede, diru-laguntzen banaketa ez baita inondik inora orekatua: zenbat eta lur gehiago, orduan eta laguntza handiagoa. Transnational Institute elkarteak plazaratu berri duen lan batek dioenez, 2011n Europako etxaldeen %1,5ek, handienek, laguntzen herena bereganatu zuten. Frantziako Estatuan, laguntzaren %44 etxaldeen %13rentzat izan zen. Eta Espainiako Estatuko laguntzen %75 hartzaileen %16rentzat izan zen. Pribilejiodun gutxiengo hori elikagaien industriako konpainia erraldoiek eta lurjabe handiek osatzen dute gehienbat, prentsa arrosaren azaletan maiz agertzen diren sona handiko zenbait pertsonaia barne.
Desorekak ez dira hor bukatzen. Aurrera jarraitu aurretik, ordea, komeni da diru-laguntza sistemari buruzko zenbait xehetasun esplikatzea. Mixel Berhokoirigoinek emandako azalpena baliatuko dugu horretarako: “NPBk laborantzara ekartzen dituen laguntzak bi zutabetan antolatuak dira. Estatu batetik bestera aldatzen da, baina orokorki, EBn, laguntzen %80 lehen zutaberako da, eta %20 bigarrenerako. Bigarren hori lotua da lurraldeari, kalitateari, biodibertsitatearen kontserbazioari... Helburu soziala dute, lurralde eta ingurumen ikuspegiak indartzen dituzte, mendiko laborantzari laguntzen diote, biologikoari.... Lehen zutabea, aldiz, ekoizteko ahalmenari –hektarea edota abere kopuruan neurtua– ematen zaion laguntza da, baserriaren handitasunari lotua eta bestelako justifikaziorik gabe, edo justifikazio txikiarekin”.
Berhokoirigoinek aipatutako justifikazio falta horri desakoplatze esaten zaio. 1992an NPBren merkatu-kontrol mekanismoak ahultzen hasi zirenean, laborarien galerak konpentsatzeko laguntzak ekoizpenarekin lotuta zeuden. Hau da, hartzaileak frogatu egin behar zuen elikagaiak ekoizten zituela; bestela esanda, laguntza akoplatuak ziren. Aldaketaren hasiera izan zen hori, baina sindikatuen ustez batez ere mende honen lehen urteetako erreformek jarri zuten sektorea hankaz gora. “Orduan hasi zen benetan prezioa aintzat ez hartzen”, dio Andoni Garciak, “interbentzio publikoa are txikiago bihurtu zen, eta laguntzak desakoplatzen hasi ziren”. Desakoplatzeak esan nahi du ez dela nekazaritza edo abeltzaintza aktibitaterik justifikatu behar diru-laguntzak jasotzeko, edo nahikoa dela oso aktibitate apala izatea.
Espainiako Estatuan, errenta osoaren laurdena nekazaritzatik jasotzea aski da baserritar profesionaltzat hartua izateko. Gutxi, ENBA sindikatuko Xabier Iraolaren iritziz. EHNE konfederazioak eta EHNE-Bizkaiak bezala, lehen zutabeko laguntzak –laguntza zuzenak ere esaten zaie– jaso ditzaketenen kopurua askoz txikiagoa izan beharko litzatekeela uste du ENBAk. “Baina Madrilen interes politikoak daude betiko lurjabe batzuei diru-laguntzak ematen jarraitzeko”, salatu du Iraolak. Andoni Garciak uste du, berriz, Espainiako Estatuan –beste horrenbeste Hego Euskal Herrian– laguntza desakoplatuak jasotzen dituztenen heren batek baizik ez lukeela berez horretarako eskubidea eduki behar. “Datu esanguratsu bat: Estatuan 900.000 inguru laguntza hartzaile dago, eta horietatik 300.000 erretiratuta daude dagoeneko”.
Desakoplatzea ez da erabatekoa, bestalde. Ekoizpenari lotutako laguntza batzuk mantendu ditu NPBren lehen zutabeak, baina sektore gutxi batzuentzat baino ez: behi esne eta haragia, ardia, erremolatxa, arroza, labore proteikoak (soja, garia, garagarra...). Gainerakoak kanpoan uzten ditu Bruselak, eta horri bidegabea deritzo EHNE-Bizkaiak, nahiz eta Euskal Herriko nekazari eta abeltzain gehienek laguntzak jaso ditzaketen arloetan diharduten.
Lehen zutabea osorik ordaintzen du EBk, eta Euskal Herriari dagokionez, diruaren banaketa Madril eta Parisetik erabakita dator. Bigarren zutabeko laguntzak, aldiz, erdibana finantzatzen dituzte Bruselak eta tokian tokiko administrazioek. Haien baldintzak orain ari dira negoziatzen euskal sindikatuak EAE, Nafarroa eta Akitaniako erakundeekin, eta 2015ean sartuko dira indarrean.
Iparraldean aurrerapauso batzuk lortu dira zenbait arlotan, Mixel Berhokoirigoinek dioenez. Hegoaldearen kasuan goiz da ezer esateko, baina garbi dago behintzat bigarren zutabeko laguntzak ez direla ez antibiotiko ez pozoitzat hartuak. “EBk handitu behar luke bigarren zutaberako diru kopurua”, adierazi digu Garciak, “hori baita sektorearen errealitatearekin lotura daukana, enplegua sustatzen duena, baldintza zailetan ari direnei babesa ematen diena... Azken batean, eredu jasangarriagoa lortzen laguntzen duena”. EHNE-Bizkaiak garbi du bigarren zutabearen finantzazioa indartzeko bidea zein den: baserritar ez-profesionalei lehen zutabeko laguntzak emateari uztea.
Mixel Berhokoirigoinen aburuz, “esan liteke NPBren bi zutabeak elkarren aurka ari direla: lehenak hausten duena konpondu nahi du bigarrenak, lehena irizpide sozialik gabe emana baita, eta enplegua desagertzea eta desertizazioa ekartzen ditu”. Arazoa da aurrekontuaren %80 dagoela haustera bideratua, eta %20 baizik ez konpontzera. Euskal sindikatuen ustez, tristeena da NPBren azken erreforma hau mahai gainean jarri zenean, duela bizpahiru urte, Europako Batzordeak oso diskurtso itxaropentsua agertu zuela, ordura arteko politikekin guztiz kritikoa. “Azkenean, ordea, ez dute ase sortutako itxaropena”, dio Andoni Garciak atsekabetuta. Hasierako asmo on haiek (ingurumena zaintzea, laguntzak zuzenkiago banatzea...) apurka desitxuratu izanaren arrazoi nagusia zein den garbi du Berhokoirigoinek: lobbyak, beti lobbyak.
2012an, Isabel de Gonzalo eta Leticia Urretabizkaia ikerlariek Las mujeres baserritarras; análisis y perspectivas de futuro desde la Soberanía Alimentaria (Emakume baserritarrak: analisia eta etorkizunerako aukerak Elikadura Burujabetzaren ikuspuntutik) lana argitaratu zuten. Liburuaren lehen zatian, Isabel de Gonzalok xehe ziharduen NPBren historiaz eta gaur egun Hego Euskal Herriko laborantzan duen eraginaz, genero ikuspegitik gehienbat. Egileak azpimarratu zuten 1992tik hona izandako erreformek emakume nekazariei egin dietela bereziki kalte. Batez ere, 2003tik aitzinakoek.
De Gonzaloren esanetan, duela hamarkada bat inguru diru-laguntza desakoplatuak –hau da, ekoizpenari ez baizik eta lur edo ganadu jabetza hutsari lotutakoak– indarrean jartzeak mesede egin zien tamaina handiko haztegiei, eta kalte, asma daitekeenez, ekoizpen eredu txiki eta tradizionalei. Emakume nekazarien gehiengoa dagoen ereduei, hain zuzen.
Hego Euskal Herrian NPBk emandako diru-laguntzak genero ikuspegitik aztertu zituen De Gonzalok bere ikerketan, eta horretarako informazio faltari aurre egin behar izan zion. Izan ere, laguntza horien banaketari buruzko datuak ez dira egoten sexuaren arabera sailkatuta. “Datu faltak esanahi politiko garrantzitsua du”, idatzi zuen, “ezinezkoa baita neurtzea diru-laguntzak banatzean berdintasun irizpidea kontuan hartzen ari ote den”. Ikerlariak laguntza-hartzaileen zerrendara jo behar izan zuen, eta banan-banan begiratu bakoitzaren izen-abizena. Baina 2008ko kopuruekin konformatu behar izan zuen, urte hartatik indarrean den datuen babeserako legediak galarazi egin baitzion hartzaileen nortasuna ezagutzea.
De Gonzalok 2008ko datuekin moldatu zituen grafikoak, aldameneko orrialdean ageri diren berak. Argi ikus daiteke pertsona fisikoen kasuan –kontuan izan behar da hartzaile batzuk enpresak direla, ez banakoak–, emakumeei NPBren diru-laguntza gutxiago iristen zaiela gizonezkoei baino. Eta zenbat eta handiagoa laguntzaren diru kopurua, orduan eta andrazko portzentaje txikiagoak jasotzen du, laugarren grafikoak erakusten duenez.
2008koak ez dira datu berrienak, hala ere. Salbuespen modura, Espainiako Gobernuak sexuen araberako sailkapen eta guzti argitaratu zituen 2012ari zegozkion zenbait datu. Europako laguntzak eskuratzen dituztenei dagokienez, portzentajeak 2008ko berdinak dira ia: Hego Euskal Herrian, NPBko diru-laguntza zuzenak jaso zituzten pertsona fisikoen %68 gizonak izan ziren.
Lapurdiko hezegunea funtsezkoa da biodibertsitatearen biziraupenerako. Proposamena eremuan zabaldu dute eta Errobi inguruko sistema hidrauliko osoa barnean izango luke; Baionako, Angeluko, Basusarriko, Milafrangako eta Uztaritzeko Aturri ibaiaren ibaiadarrak, esaterako. Bost... [+]
Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]
Sekula bananarik jan ez duten bi lagun ezagutzen ditut; nerau bat. Bananazalea da, ordea, jendea. Afrika eta Asia aldean sortutako landare generoa da banana (Musa x paradisiaca), baina gaur egun Ameriketan ere asko egiten da. Ekoizlerik handiena India da, eta esportatzaile... [+]
Nekazaritzan trebatzeko eta proiektu propioak abiatu aurretik ekoizpenean eta merkaturatzean norbere burua probatzeko, abian dira gurean nekazaritzako hainbat test gune. Araban, 2023an abiatu zuten Aleko nekazaritzako test gunea, baina, antzeko egitasmo gehienekin alderatuta,... [+]
Arboletako hostoak eroriak dira eta basoko lurra estalia dute. Lurraren eta hosto gorrituen artean, alabaina, sortzen da geruza fin bat, arreta gutxi jasotzen duena, baina espezie askoren biziraupenerako garrantzi handia izan dezakeena. Hezetasuna mantentzen du, zomorroak... [+]
Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.
Itsason (Gipuzkoa) elkarren ondoan dauden bi baserri dira Urteaga eta Urkulegi, duela zenbait urte elkartu eta proiektu bateratua martxan jarri zutenak. “Bi baserriak elkartu eta ekoizpen proiektua abiatu genuen, eta 2011tik dedikazio osoarekin ari naiz honetan”,... [+]
Sudurrak egia dio. Zaila da sudurra engainatzea. Usaimena saihestea ezinezkoa da. Sudurretik garunerako lotura bidearen ikerketa zirraragarria, liluragarria, zoragarria da makina bat ikerlarirentzat. Usainaren eta memoriaren arteko zubia azkarrena ez bada, bizkorrenetakoa bai... [+]
Duela 180 milioi urte Pangea kontinentea zatitu zenerako ikasia zuen aingirak Thetis itsasoa zeharkatzen. Ordudanik kontinenteak mugituz joan dira, eta aingira espezieak ezberdinduz. Jatorrizko arbaso beretik bereizi diren 20 aingira espezieen artean, gurea da, ibai-aingira edo... [+]
Oporlekuekin soilik lotuko dituzte askok Balear Uharteak, baina agroekologiaren eta kontsumoaren bueltan mugimendu bizia dute Mallorca irlan: Associació de Varietats Locals de Mallorca (tokiko hazi barietateen elkartea) da horren adibide. Abenduaren hasieran, elkarte... [+]
Muturreko lehorte eta euriteak normaltasun berria bilakatu zaizkigu. Areagotzen dituzten kalte ekonomiko eta ekosistemikoen artean, laborantzak pairaturikoak ez dira txikienak. Bereziki, lehorte garaietan zaluegi idortzen diren edota eurite handietan ur guzia xurgatu ezin duten... [+]
Urteak daramatza martxan Ipar Euskal Herrian Trebatu elkarteak, laborantzan proiektua abiatu nahi duten pertsonek aurrez trebatzeko aukera izan dezaten. Ipar Euskal Herriko proiektua eredutzat hartuta eta ideia berari tiraka, Gipuzkoan ere izen bereko elkartea sortu dute aurten... [+]
Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa... [+]
Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]
Kolore morez margotu dut urteko lehen hilabetea, sormena, irudimena, jakintza eta espiritualitatearen kolorez.