Catastrophe bonds, hondamendiei sosak ateratzeko

  • Klima zenbat eta eroago, orduan eta beroago finantzetako marrazoen buruak. Aprobetxatuz administrazio publikoek gero eta diru-sarrera gutxiago dauzkatela eta herritarren beharrak asebetetzeko ahalmen urriagoa, naturaren gorabeheren inguruan apustu egitea da espekulazio atal berria. Katastrofeak bezala eguraldia aseguratzeko estakuruz.

New York Daily Newsek Interneten daukan argazki honetan, Filipinetako herrixka zehaztu gabea, Haiyan tifoiak beste asko legez suntsitu ostean, 2013ko azaroan. Zelaian herritarrek
New York Daily Newsek Interneten daukan argazki honetan, Filipinetako herrixka zehaztu gabea, Haiyan tifoiak beste asko legez suntsitu ostean, 2013ko azaroan. Zelaian herritarrek "Janaria behar dugu. Lagun gaitzazue..." idatzi dute. 7.000 heriotza eragin zituen eta 1.500 milioi dolarreko kalteak. Hiru hilabete beranduago, Munich Re eta Willis Re aseguru etxe pribatuetako bi ordezkarik, Nazio Batuen Erakundeak hondamendietarako daukan bulegoko funtzionarioek lagunduta, aseguru berri bat aurkeztu zieten Filipinetako parlamentariei: klimak eragindako hondamendien kalte-ordainetarako Philipines Risk and Insurance Scheme for Municipalities. Estatuak babesten dituen bono berriaren primak udalek pagatu behar dizkiete inbertsiogile pribatuei, hondamendia gertatzekotan funtsak bono horiek kapitalizatua dutena itzuliko die udalei, baina txikizioa handiegia (edo txikiegia) baldin bada, deus ez.

Mexikon hondamendiak urri ez direnez (lurrikarak, urakanak, luiziak, sumendien tartekako haserrealdiak...), bertako gobernuak 1996an Fondo de desastres naturales (Fonden) sortu zuen, biktimen egoera diru-laguntza publikoz arindu ahal izateko. Baina agintariek aurreikusi bazuten 50 milioi dolarrekin zerbait egingo zutela, 2005erako Mexikoko Gobernu Federalak gastatuak zituen 800 milioi baino gehiago.

Orduan azaldu zen mirarizko soluzioarekin Munduko Bankua, mahai berean Mexikoko Finantza ministroaren inguruan bilduz arazoa konpondu zezaketen jende serioak: Goldman Sachs bankua, Swiss Re Capital Markets eta Munich Re berraseguru etxeak, Cadwalader, Wickershan & Tafl eta White & Case abokatu bufete ospe handikoak. Arriskuak kalkulatzeko gertakizun posibleak aurreikusten dituzten (modelisation frantsesez, modelización espainolez) agentzietako bat ere bertan zen, AIR.

Agentzia honek bi eredu sortu zituen, bata lurrikarentzako, bestea hurakanentzako. Kalkulu horien gainean sortu zuten catastrophe bond –finantzetako jendeak cat bond deitua– Mexikoren beharren neurrira, saltzaileen esanetan. Paradisu fiskalen artean paradigmatikoak diren Kaiman uharteetan erregistratu zuten cat bond berria eta merkatuan salgai jarri, banku nagusiek antolatutako promozioetan.

Hondamendi batek Mexiko zafratzen duen aldi oro, AIR agentziak erabakitzen du ea cat bond horren baldintzen arabera gobernuak eskubiderik baduen ala ez kalte-ordainik jasotzeko.  Hau da, apustu bat bailitzan, hondamendi--bonook berekin daramatzate gutxieneko eta gehieneko mugak: lurrikara edo urakana gertatuz gero, halako larritasuna baino gutxiagokoa ez da ordainduko, baina gehieneko larritasun mailatik gorakoa gertatuz gero ere ez, tarteko arriskuak dira aseguratutakoak.

2010ean terremotoak suntsitu zuen Baja Californiako estatua, baina epizentroa urrunago Amerikako Estatu Batuetan egon omen zenez, bonoen kalte-ordainik ez zuen jaso Mexikoko gobernuak. Hori bai, bonoak salduta zeudenez, gobernuak segitu behar zuen interesak pagatzen... eta herritarrei laguntzak bere sakela publikotik luzatzen.

Handik laster Tamaulipas estatua astindu zuen urakanak. Baina honen larritasuna ez zenez iristen bonoen kontratuan aipatu gutxienekora, berriro sosik ikusi gabe geratu ziren Mexikoko agintariak. Eta segi interesak pagatzen.

Adibide hau aipatu du Erwann Michel-Kerjanek 2011n plazaratutako “Catastrophe financing for governments: Learning from de 2009-2012 Multicat Program in Mexico” liburuan. Alegia, klimaren aldaketaren ondorioak gero eta nabarmenagoak diren garaiotan, naturak eragindako hondamendien inguruan aseguru etxe erraldoiek negozio lerro berri izugarria antolatu dutela... beren zergekin herritarrek pagatzen dutena.

Ingurumenezko hipotekak

Razmig Keucheyan soziologoak berrikitan espekulaziozko produktu berrion xehetasun asko eskaini berri ditu Le Monde Diplomatique aldizkarian “Catastrophes climatiques cotées en Bourse. Quand la finance se branche sur la nature” artikuluan. Zabalago landu du gaia martxoan atera duen “La nature est un champ de bataille” liburu berrian.

“Mende askotan zehar –idatzi du Keucheyanek– Lurrak sistema ekonomikoari merke eskaini dizkio lehengai eta baliabideak. Ekosistemak irensten zituen industriak eragindako hondakinak. Baina orain gauzak zaildu egin dira. Lehengaiak eta hondakinen kudeaketa garestitzeaz gain, ugaritu eta larriagotu egin dira hondamendi naturalak, aseguruen koste orokorra handituz. Honek berekin dakar industriaren etekinak murriztea. Horrela, krisi ekologikoa ez da bakarrik ondorioa, kapitalismoaren krisi baten eragile ere bada”.

Hondamendiak garbien dirutan neurtzen dira. Swiss Re berraseguru etxeak –aseguru konpainiak segurtatzen dituzte berraseguruek– Sigma aldizkari berezituan eskanitzen ditu munduko katastrofeen estatistikak. Orain arteko garestiena 2005ean New Orleans astindu zuen Katrina hurakana izan da: 75.000 milioi dolar, 150.000 asegururik gabeko kalteak gehituz gero. Fukushimakoari 35.000 milioi kalkulatu dizkiote, AEBetako Andrews urakanari 25.000 milioi, 2001eko irailaren 11ko atentatuei 24.000... 2003ko bero lamada izugarriak Frantziari 2.000 milioi dolarreko kalteak eragin zizkion.

Izan dira, noski, odoletan askoz garestiago atera diren hondamendiak. 1970ean Bhola zikloiak gaurko Bangladeshen eta Indian 300.000 gizaki hil zituen. 2010ean Haitiko lurrikarak 250.000 jende. Baina proportzioan herrialde txiroetakoak merkeak dira: hauetan ondasunen %3 egon daiteke aseguratuta, herrialde aberats batean %40.

1994an entzun zen lehenbizikoz catastrophe bond produktua, AEBek Andrews ekaitza nozitu eta laster. Geroztik 250 gehiago merkaturatu omen dira. Burtsan leku berezia daukatenez, Standar & Poor, Fitch eta Moody’sek ezarritako nota jasotzen dute. Katastrofeen aurreikuspena modelizatzen duten agentzia berrien –hauek ere pribatuak– esku uzten dute ordaindu beharrekoa finkatzeko irizpidea.

Neoliberalismoaren poderioz mundu osoko estatuak diruz estu dabiltzanez, gero eta sarriagotan jazotzen diren hondamendiei aurre egiteko gobernuek bono hauetara jotzen dute. Horra zer diren cat bond subiranoak, zor publiko berria. Horrelakoa da hasieran aipatu Mexikokoa, baina munduan beste askok ere badaukate, takaful asurantza islamikoa erabiltzen dutenak barne, Indonesia esaterako.

Baina naturaren ezustekoak gehiago direnez, hari bereko bonoak anitz dira. Weather derivative direlakoak egin behar duen eguraldiari buruzko apustuak dira. Ez du zertan izan beharrik hondamendia, izan liteke kontzertu erraldoi batentzako asegurua eguraldi txarragatik jendea falta dakiokeelako, edo eguraldi hotzagatik –berdin negu epelegiagatik– gasaren prezioak jasan ditzakeen prezio aldaketak direla eta.

Agro-industrian ezaguna da growing degree days indizea, neurtzen duena erein ondoren zenbat egunetan iritsiko den heldutasunera halako labore, izan gari edo artoa. Indize horren mende sinatzen dituzte aseguru itxurako swap espekulazio apustuak enpresa handiek.

Badira species swapak ere: halako dortoka desagertzen bada aseguruak pagatuko du, bitartean estatuak. Ingurumenezko hipotekak ere bai: environnmental mortgages. Espekulatzaileak ez dauka bihotzik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Sudango gerra piztu zenetik bi urte bete dira: paramilitarrek 350 pertsona hil dituzte asteburuan errefuxiatuen kanpalekuetan

NBEren esanetan, gatazka hasi zenetik gutxienez 13 milioi sudandarrek euren bizilekuetatik alde egin behar izan dute, eta biztanleriaren erdiak elikagai eskasia du. RSF Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarrak asteburuan egin dio eraso Darfur eskualdeari, eta... [+]


2025-04-15 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Milioika abokaturekin edo igerilarirekin, AEBak berrindustrializatu?

Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


Daniel Noboa eskuindarra gailendu da Ekuadorko hauteskundeetan, eta oposizioak iruzurra salatu du

Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.


Analisia
Balantzaka gerrarantz

Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]


2025-04-14 | Uriola.eus
Gerra finantzatzeari uko egiteko zerga desobedientziaren ekimena abian da

Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".


Turismo bidaiak antolatu ditu Israelgo Armadak Siriari lapurtutako lurretan

Zibilentzat antolatutako txangoak igande honetatik aurrera egin ahal izango dira, printzipioz astebetez, eta egunero bi ateraldi antolatu dira. Sarrerak berehala agortu dira.


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Oloro-Donamariako suprefetura okupatu du ELBk, behi tuberkulosiaren kontrako protokolo “gogorregia” salatzeko

Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]


Palestinaren alde mobilizatu diren 300 ikasleri bisa kendu diete AEBek

Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartzen duten atzerriko ikasleak kanporatzea baimentzen duen dekretua izenpetu zuen urtarrilaren 30ean AEBetako presidente berriak. Orduz geroztik ikasleen bisen baliogabetzeak errepikatzen dabiltza.


2025-04-10 | Cira Crespo
Carli Pup
“Gure herriak besteak bezalakoak dira, eta ez dugu museo batean egon nahi”

Carli Pup (Udine -friuleraz Udin-, 1973) Friuli [friuleraz, Friûl] herriaren ekintzaile kultural garrantzitsuenetako bat da. Bere hizkuntza gutxituaren idazle, hizkuntzalari eta bere herriaren historialari bihurtu da.
Gaur egun, Informazione Friulana kooperatibako... [+]


Muga zergak 90 egunez %10era jaitsi dituzte AEBek, baina Txinari %125era igo dizkiote

Jaitsiera AEBen muga zergen igoerari erantzun ez dieten eta negoziatzeko prest azaldu diren herrialdeei aplikatu diela argudiatu du Donald Trumpek, Europar Batasuna barne. Txina eta AEBen arteko lehia komertzialak gora egiten jarraitzen du.


Microsoftek bi langile kaleratu ditu multinazionalak Israelekin dituen harremanak salatzeagatik

Bi langileek Microsoften 50. urteurreneko ekitaldia moztu zuten ostiralean, eta enpresako buruei Gazako genozidioan duten papera leporatu zieten. Adimen artifizialarekin eginiko armak saltzen dizkio multinazionalak Israelgo armadari.


Palestinaren alde egiteagatik lau herritar kanporatu nahi ditu Alemaniak

Poloniar bat, bi irlandar eta estatubatuar batek jaso dute Alemania apirilaren 21a aitzin uzteko manua. Hori gertatu ezean, kanporatuko dituztela argitu die Berlineko Migrazio Bulegoak. Salaketa jarri dute kanporaketa prozedura geldiarazteko xedez.


Eguneraketa berriak daude