Bakartxo Ruiz (Iruñea, 1977) Bilduren bozeramailea da Nafarroako Legebiltzarrean eta, Goicoechea aferaren orrialdea pasata, burua gehiengo berrian jarria du. PSNrekin ezin bada, alternatiba haiek gabe osatuko dutela diosku, gizarteak emango duela horretarako aukerarik.
Gauzak asko okertzen ez badira, denak adierazten du PSNk UPNren gobernua sostengatzen jarraituko duela. Ez da oso baikorra, ez orain, ez hurrengo legealdirako.
Azken gertaerek hala adierazten dute, PSNk erabaki duela UPNk gobernuan jarrai dezala. Azken 30 urteetan, era batean edo bestean, bien artean erregimen hau iraunarazi dute, gehienetan PSNk UPN gobernuan sostengatuz. Legealdi hau ere horrela hasi zen eta une honetan krisian badira ere, saiatuko dira konpontzen eta erregimena berreraikitzen. Dena den, nik espero dut beste gehiengo bat osatuko dela, Nafarroak behar duen aldaketaren oinarriak jartzen hasteko.
Horrek esan nahi du EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerraren artean egun baino [18 dituzte] zortzi eserleku gehiago lortu behar dituzuela. Mirariak…
[Barre egiten du]. Gaur egun badaude baldintzak kalean gertatzen denak arlo politikoan ere bere isla izan dezan. Nafarroa ez da bakarrik UPN eta bere ingurua, Nafarroako jendartea aurrerakoia da eta orain dugu aukera eta erronka gehiengo hori instituzioetara ere eramateko.
2011ko hauteskundeetan ere jauzi handia eman zen. Orain beste bat?
Bai, baina orain esparru abertzaletik harago dagoen gehiengo soziala osatzen ari da, adibidez ikusi Aldaketa Plazaren ekimena, hor ez dago PSN egitura bezala, baina bai bere oinarri sozialaren zati bat.
PSNkoren batzuk badira, baina zuk uste duzu PSNren oinarri soziala kalean mugitzen ari den esparru horretan dagoela?
Sektore bat bai eta hori PSNren sektore kritikoarekin dago. Baina mugimendu sozialetan ibili edo ez, herritarren sektore batek konfiantza izan du PSN-n eta orain sekulako dezepzioa jaso du. Horren aurrean beste bide batzuk topatuko ditu benetako aldaketa eman dadin. PSN barrutik saiatu izan dira egoera hori aldatzen eta une honetan horietako asko PSN kanpotik aldatzen saiatuko dela uste dut.
Diozun gehiengo horretara hurbilduko badira, badirudi sektore horiek errazago joko dutela Geroa Bai edo Ezkerrara.
EH Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak erakutsi dugu benetako aldaketarako borondatea eta uste dut esparru oso hori aterako dela indartua hauteskundeetan.
Badirudi lehia gogorra izango dela maila guztietan, baita aldaketaren aldekoen artean ere. Zuek bigarren indar politiko moduan ikusten duzue zuen burua?
Hauteskundeetan ikusiko da hori. Lehia egongo da, baina guretzat askoz garrantzitsuagoa izango da aldaketaren alde gauden sektoreen arteko elkarlana. Guk behintzat aldaketa horri emango diogu lehentasuna.
Galdetzen dizut hori inkestaren batek iradoki duelako halakorik, iradoki duen moduan PSNrik gabe ere oposizioak lor dezakeela gehiengoa Legebiltzarrean. Ez ote da UPNren jokaldia boto asmoa puztea, beraien sektorea bozka ematera aktibatzeko?
Inkestak inkesta dira, joerak, baina bai, uste dut benetako aldaketaren aldeko sektorea indartua aterako dela. Hala ere, eta gertatu den guztiarekin, UPN beldur da bere eremuko boto emaile asko abstentziora joan daitekeelako eta eginahalak egingo ditu hori saihestu eta bere esparrua aktibatzeko.
Ilegalizazioaren ondorioz, politikan ez zebilen ezker abertzaleko jende pila batek hartu zuen parte Bilduko zerrendetan. Zuk errepikatuko duzu hautagai gisa?
Zerrendak osatzeko prozesu bat dago eta hor erabaki beharko da hori. Pentsatzen ari naiz, baina egokitzen zaidan tokia beteko dut. Lau urteko konpromisoa hartu nuen eta hau gogorra da. Asko ari naiz ikasten esperientzia honetatik, baina argi dut irakaskuntzara itzuli nahi dudala, hori da nire lanbide maitea.
Benetako aldaketa aipatzen duzu: zein esparru lehenetsiko zenituzke aldaketa horri ekiteko?
EH Bildu gisa denbora daramagu oinarri horiek prestatzen. Arlo ekonomikoan lehentasuna erreforma fiskala da, oinarrizko zerbitzu sozialak kalitatez eskaini ahal izatea bermatuko duena. Gehien duenak gehien eman behar du. Hizkuntza eskubideen esparrua ere oso garrantzitsua da, bai administrazioa euskalduntzeko urratsak emateko, baita Euskararen Legea egokitu eta eremu ez euskaldunean euskaraz ikasteko aukera zabal dadin. Eskubide sozialak ere bereziki landu behar dira eta ikusita ematen ari diren eta aurreikusten diren atzerapausoak, hainbat ekimen prestatzen ari gara. Emakumezkoaren esparrua da horietako bat eta horretarako mugimendu feminista eta bestelako eragileekin harremanetan ari gara.
Legebiltzarrean ikusten duzunagatik eta haiekin duzuen harremanetan oinarrituta, ikusten al duzu PSN-n euskararen zonifikazio kontuetan aldaketak egiteko aukerarik?
Gure asmoa Euskararen Legea aldatzea da, baina legea bera aldatu gabe ere uste dut urrats txikiren bat eman daitekeela. UPN beti saiatu da legea bera ahalik eta zentzu murritzenean erabiltzen, baina legeak ez du debekatzen eremu ez euskaldunean D ereduan ikastea. Ez du bermatzen baina debekatu ere ez. Orduan, zergatik ez da zirrikitu hori baliatzen? Eskaera egon badago eta hainbat tokitan dezente gainera. Eremu euskaldunean edo mistoan legeak onartzen du herritarrak harremana euskaraz izateko eskubidea, baina gero ez da baliabiderik jartzen hori hala izan dadin. Beraz, PSNk ere euskararen esparruan urrats batzuk emateko aukera ikusten dugu. Duela 15 egun, esaterako, UEMAren bidez aurkeztu genuen eskaeran beste behin ere abstenitu egin zen, baina egin zuen hitzaldiagatik ikusi genuen agian zabaldu daitekeela euskarari buruzko ponentzia bat eta hor PSNk eman dezakeela urrats txikiren bat.
Ahal badu, lor dezala EAEk independentzia eta gero, nahi eta ahal badu, batuko zaio Nafarroa. Independentista askok hori pentsatzen du. Zuri zer datorkizu burura planteamendua entzutean?
Gaia konplexua da eta batzuetan zaila izaten da oreka bilatzea dena eta ezer ez artean. Eztabaida hori beste esparru batzuetan kokatu behar dugu: egia da, bi estatu ditugu, hiru eremu administratibo eta bakoitzak bere erritmoak ditu, baina nik ez nuke ulertuko EAE independente bat Nafarroarik gabe. Beste esparruek bezala, Nafarroak bere etorkizuna erabakiko du, esaterako Euskal Herriko zein Estatuko gainerako lurraldeekin zein harreman mota nahi duen finkatzeko. Kataluniak bide bat hartu du, baina uste dut euskal herritarrek ez luketela halako bide bat ulertuko.
Horren arabera, teorian behintzat, Euskal Herriaren independentziak asko itxaron beharko luke, besteak beste Nafarroan independentismoa oraindik urria delako.
Bide bat egiten ari gara eta gizartean gehien sustraitutako ikusmoldea erabakitzeko eskubidearena da. Hori da bultzatu behar duguna, eta erabaki dezatela nafarrek zer izan eta norekin egin nahi duten beren etorkizuna. Hain larria da herritarrek esatea zer pentsatzen duten? Esatea esan nahi dut, ez gauzatzea. Hain larria da hori?
EH Bildu oraindik ez da aurkeztu hauteskunde batzuetan Nafarroan. Bilduko zenbait indar –Sortu eta EA– eta Aralarren arteko harremanak tentsio handikoak izan dira iragan hurbilean. Koipeztatua duzue elkarlana?
Parlamentuan bi taldetan banatuta gaude baina urtebete daramagu elkarlan estuan eta bide luzea egin dugu. Legebiltzarretik kanpo ere EH Bildu sendotzen ari gara, toki batzuetan azkarrago eta beste batzuetan geldoago. Koalizioak beti koalizio dira eta ikuspegi desberdinak izaten dituzte, baina denok gaude EH Bilduren proiektuarekin konprometituta eta horren alde lanean ari gara.
Hasier Arraizek zera esan du Gara-ri emandako elkarrizketa batean: “Sorturen ustez, alderdien koalizio gisa EH Bilduren etapa bat amaitzen ari da. (…)”. Bere ustez “ezkerreko soberanismoaren fronte zabal bat eratze bidean aurrerapausoak emateko” ordua da. Zer esan nahi du horrek?
Testuinguru gabe zaila egiten zait ondo erantzutea. Guk beti diogu EH Bildu alderdien batuketa baino gehiago dela. Antolaketan eta funtzionamenduan orain arte alderdiek izan dute lehentasuna eta hemendik aurrera, eragile sozialekin funtzionatzeko erabili ditugun hainbat bide gure baitan ere erabili behar ditugu. Fronte zabalaz ari denean, uste dut ari dela esaten alderdietatik harago joango den zerbait egin behar dela, aldi berean hori praktikara eramanez.
Batzuetan entzuten da, EH Bildun Sortuk agintzen du?
Hori ez da egia, sentsibilitate desberdinak daude eta bakoitzak bere ekarpena egiten du. Bilera luze-luzeetan erabakitzen dira gure estrategia eta ildo politikoak.
AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta... [+]
Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.
Itxaron zerrendak gutxitzeko Osasunbideak hartutako estrategiak gaitzetsi ditu Plataformak
Mahai Orokorreko sindikatuek salatu dute Gobernuak utzikeriaz jokatu duela ordezkaritza sindikalarekin negoziatzerakoan, horren adibidea da Estatutu berriaren negoziazioan ezarri duen blokeoa. Gobernua Mahai Orokorrean gai horiek guztiak negoziatzera esertzeko ahalegin ugari eta... [+]
Haurreskolara beharrean, 0-3 urte bitarteko umea zuzenean ikastetxera bidaltzea, Haur eta Lehen Hezkuntza osoa (12 urtera arte) hartzen dituen zentro berera. Hori da Nafarroako Hezkuntza Sailak Burlatako Hilarion Eslava ikastetxean martxan jarriko duen proiektu pilotua eta... [+]
Maite Nosti diputatuak kargua utzi du alderdiarekin izandako desadostasunengatik, eta horrek kide bakar batekin utzi du alderdi faxista, talde mistoan sartzera behartuz.
Astelehenean abiatu da sindikatuak deitutako greba eta apirilaren 6 arte luzatuko da. Lan-gainkarga salatu eta baldintzak hobetzeko eskatu dute, baita mediku egoiliarrei karrera profesionala aitortzea ere.
33/2013 Foru Legeari Xedapen gehigarri bat gehitu zaio datozen aldaketak gauzatu ahal izateko, eta horren bidez ahalbidetzen da “erregimen frankistaren garaipenaren gorespenezkoak gertatzen diren zati sinbolikoak erretiratzea eta kupularen barnealdeko margolanak... [+]
Geroa Baiko lehendakari eta Nafarroako lehendakariorde izandakoa enpresa bati 2,6 milioi euroko diru-laguntzak ustez modu irregularrean emateagatik zegoen auzipetuta, Davalor auzia deiturikoan. Nafarroako Probintzia Auzitegiak erabaki du auzia behin betiko artxibatzea, legalki... [+]
Seme-alabek eskolan dituzten ratioekin kezkatuta, Arartekoari kexa helarazi zion guraso talde batek, eta orain zuzenean Parlamentuari egin diote eskaera, “legez berma dadin gure seme-alaben hezkuntzaren kalitatean oinarrizkoa den neurria, unean uneko aurrekontuez edo... [+]
Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortu ditu gure lurraldean giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten Estatuaren indarkeriaren beste zazpi biktima. Horien artean, hitzez hitz “motibazio politikoko biktima gisa” aitortzen ditu Patxi Erdozain, Eneko Compains,... [+]
Ostegunean egoera hori ikertzeko eta zuzentzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Gobernuari legebiltzarreko osoko bilkuran. UPNk eta PPk bat egin dute eskaerarekin, eta Osasun Departamentuak urtebete du ikerketa gauzatzeko.
Ilbeltzeko igande goiz batez jo dugu Baztanera. Eguzkiak oraindik ez du Lekarozko plaza argitu; bertan elkartu gara Garbiñe Elizegi Narbarte, Itziar Torres Letona eta Ernesto Prat Urzainkirekin. Itzaletan hotz egiten du eta umorez goxatu dugu lehen agurra, hogei urtean... [+]