"Berriz jaio naiz, pozik naiz, indartsu"

  • Azaroa zen. Euskadi Irratiko Faktoria saioan emakume bat Maite Artolari genero indarkeria kontari. Ainhoa zen. Abian ginen...

"Bizitza dago, bat bakarra, gurea da, eta bizi beharra daukagu, minutu bat bada ere!".Dani Blanco

Elkarrizketa hark ekarri nau zuregana. Bateko indarkeria, besteko biktima, hau eta hura…

Ni ez naiz biktima sentitzen. Indarkeria bizi egiten da, baina gaindi liteke. Beste aldean bizitza dago. Ni berriz jaio nintzen psikoterapia egin eta gero, gertatu zitzaidana ulertu eta gero. Pertsona berria naiz orain. Oso prozesu zaila da. Gizartea dago atzean, eta hezkuntza… Nik ez daukat esaterik matxista nintzela, emakumea ezin liteke matxista izan, baina rolak onartzen nituen. Nire barruan zeuden. Eta nire barruan ez ezik, beste emakume askoren barruan. Gu, izan ere, besteok zaintzeko bizi gara. Beti besteengan pentsatzen. Nik ez nuen inoiz nigan pentsatzen, ez nintzen neure buruaz arduratzen. Behin esan ere egin nuen. Galdetu zidaten: “Zuretzat zein dira pertsonarik garrantzitsuenak bizitza honetan?”. Eta egundoko zerrenda osatu nuen. Denak ezarri nituen: aita, ama… Denak, neu izan ezik. Gerora ikasi dut hori, eta beste gauza asko.

Ez zinen zerrendan azaltzen…

Eta gainera, pertsona toxiko bat ezagutu nuen orduan. Hasieran dena zen polit. Nire bizitza osoa kontatu nion pertsona horri: nire beldurrak eta gainerako guztia. Horrela, nitaz baliatzeko erreminta guztiak eman nizkion. Hortik abiatu zen dena. Ni harengan pentsatzen ari nintzen beti: “Zer egingo dut, bera ez haserretzeko?”. Horixe zegoen nire barruan, bera ez haserretzea. Baina berdin zion nik zer egiten nuen, haserretu behar bazen haserretuko zen, nik ezker edo eskuin egin berdin zen.

Balientea iruditu zintzaizkidan irratian hizketan entzun zintudanean.

Elkarrizketa bat baino gehiago egin nuen: lehenengo, Gasteizen [iazko azaroan, bortizkeriaren osteko jabekuntzari buruzko jardunaldietan]. Gero etorri ziren irratia eta telebista… Eta beldurrez nengoen. Orain ez, orain lasai nago. Hor dugu oraindik motxila, baina lasai nago. Hala ere, pentsatzen dut: “Eta berriro hasten bada?”, ze deiak eta deiak izaten ditut, telefono finkoa, sakelakoa, finkoa, sakelakoa, finkoa, sakelakoa… Tortura hutsa da! Beldurrez nengoen, baina psikologo batek esan zidan: “Ainhoa, zenbat eta jende gehiagok jakin, orduan eta babestuago zaude”. Eta berak ere ni baliente nagoela ikusten badu, beldur handiagoa du! Izkinan geldirik geratzen banaiz, ni zapaltzera etorriko da. Indartsu nagoela ikusten badu, ez dator. Ez dute potrorik! Oilobustiak halakoak! Ikusiko banu, aurrera egingo nuke, prest nago. Ez dakit nola erreakzionatuko lukeen berak…

Genero indarkeriaz ari gara…

Gizarte matxistaren ondorio dela uste dut nik. Nire iritzia da. Behin esan nuen –eta ia jan ninduten–, baina uste dut eurak ere, erasotzaileak, gizarte matxistaren biktima direla.

Galanta bota duzu, horratik!

Biktima hitza ere aztertu egin beharko genuke, biktima zer den zehazki ulertzeko. Horretaz pentsatzen hasiz gero, oso urrun joan gintezke. Uste dut biktima eta erasotzailea, biok garela gizarte matxistaren biktima. Ez dut erasotzailea zurituko, pentsatu ere ez! Bizitza honetan ez dago aitzakiarik ondokoa jo duelako, edo abusatu duelako.

Nola hasten da indarkeria hori?

Hasteko, nik ez nekien gertatzen ari zitzaidana indarkeria kasua zenik. Telebistan behin eta berriz entzuten duzu “genero indarkeria”, halakok beste halako hil duela… baina ez duzu zeure buruarekin lotzen. Besteri gertatzen zaio beti. Nirea, berriz, psikologikoa izan zen gehienbat, lehenengo kolpearekin hautsi nuen-eta. Aurretik bultzadak-eta izan ziren, baina ez nituen genero indarkeriarekin erlazionatzen. Esan dut, hasieran dena oso ondo, ni guztiz maiteminduta, esaten nuena entzuten zidan… Zoragarri ibili ginen. Oso limurtzaileak dira, losintxariak, saltzaile onak… Ni, berriz, barru aldera ez nintzen hain ausarta. Esan izan zidaten: “Baina, Ainhoa, zu hain indartsu eta, nola gertatu zaizu?”. Kanporantz, bai, ausarta, baina barru aldera ez. Beragaz lotu nintzen eta hasi ginenean dena oso ondo, gero kontuak: “Zergatik jantzi zara horrela? Hori piura! Aldatu!”. Behin, Logroñora joan ginen motorra hartuta. Ilea, halaxe, eta txandala jantzita. Heldu ginen eta lehenengo gauza esan zuena: “Nire emaztegaia da, baina janzten denean ederragoa da”. Eta nik eskertu berak momentu hartan hori esatea! Hortik atera kontuak! Hurrena, beste bat: “Behin ere ez zaude zure lagunekin”. Baina ez nekien nora joan ere! Nire familiarekin gelditzen baginen, beti haserrea. Etxera bueltan, betikoa: “Ikusten nola portatu naizen? Kabroi hutsa naizela esan ez dezazun”. Eskerrak eman behar nik! Gauza txikitxoak beti. Ezkondu eta hilabetera, ez zuen nirekin lo egin nahi izan. Enbarazu egiten nion!

Gauza txiki asko, esan duzu.

Eta gero eta gehiago. Jendartean geundela, inoiz ez zidan begiratzen. Esaten nuenak inoiz ez zuen inportantziarik, ez zen kontuan hartzeko modukoa. Inoiz ez. Horrela, nik lehendik neuzkan beldurrak handituz joan ziren. Berak bazekien non jo! Ni beti azpian. Ni arkitektoa naiz, bera etxegilea. Obrak ziren lekura eraman eta eraikuntzaren berri ematen zidan. Ikasketak bukatu berria nintzen, eta eskertu egiten nion niri azalpenak ematea. Bestalde, “lehenago ere badakit nik hori”, pentsatzen nuen, baina berak, bezeroaren aurrean ginela, tuntuntzat hartzen ninduen, eta nik horretan utzi egiten nion. Gauza txikitxoak dira, esan dizut, baina gero eta gehiago ziren, gero eta gehiago, gero eta gehiago…

Noiz arte?

Egun batean, etxera etorri zen, haserre. Hori ez zen nobedadea, beti zegoen-eta haserre! Egun hartan, ordea, zartakoa eman zidan. Ez bultzakada ez beste: zartakoa. Abuztua zen, eta Bilboko jaiak. Pijama jantzita nengoen, eta pijamatan irten nintzen etxetik. Ertzain etxera joan nintzen, laguntza eske. “Jo egin nau!”. Batzuetan bere onetik irteten zen. Segurtasun lanak ere eginak zituen, eta arma bat ere bazuen etxean… Ertzainetara joan nintzen, laguntza eske, pijamatan! Eta oso txarto.

Oso txarto.

Enpatia, zero! Beldurrez joan nintzen, eta beldurrez nengoen. Salaketa jartzen banuen, banekien bera gehiago haserretuko zela. “Orain arte horrela portatu bada nirekin, pentsatu nola portatuko den, zer egingo duen, salaketa jartzen badut!”. Horixe pentsatu nuen. Askotan gertatzen da: tratu txarrak salatuz gero, txarragoak dira tratuak gero. Areagotu egiten dira.

Ertzainetan ginen…

Urduri baino urduriago nengoen. Zer egin behar nuen ez nekiela joan nintzen, laguntza eske. Mutilaren anaiari hots egin nion. Beraren erantzuna: “Egin ezazu egin behar duzuna, Ainhoa”. Laguntzarik ez. Urtebete neraman ezkonduta, etxekoei ere ez nien esan nahi. Lotsa ematen zidan, inguruko gizarteak zer esango ote zuen. Ez nuela ezkontza bizimodua zuzen eramaten jakin edo ahal dakit nik zer... Ertzainek esan zidaten etxera joango zirela nirekin: “Zelan dagoen ikusiko dugu”. “Zelan dagoen? Ondo baino hobeto! Zoroa ni izango naiz han. Ni, urduri, histeriko, eta bera lasai! Horixe ikusiko duzue! Baina nirekin etxera etortzen bazarete, nirekin geratuko zarete lotan!”. Horixe esan nien…

Ertzainetan, gizonezkoak ziren denak, ala emakumezkorik bazen?

Gizonezkoak denak. Abokatu bategaz nahi nuen berba egin. Jakin gura nuen. Salaketa jartzen banuen, haserretuko zela banekien. Etxea bion izenean zegoen. Aparte, nik neure estudioa nuen, eta bera nire estudioan zegoen, nirekin batera, bere eraikuntza enpresa aurrera ateratzen. Salaketa jarriz gero, nora joan behar nuen nik? Zer egin behar dut, nora joan ninteke? Abokatua nahi nuen, jakin gura nuen. “Salaketa jarri behar duzu”, ertzainek behin eta berriz. “Ezetz, ez dudala beste barik salaketa jarriko. Zer gertatuko zait salaketa jartzen badut?”. Ezer ez. Azkenean –esan dut, gaua zen, eta Bilboko jaiak–, ahizpari deitzea pentsatu nuen. “Hortxe ibiliko da parrandan!”. Eta ahizpa etorri zitzaidan, lagun batzuekaz. Eta ahizparen etxera joan nintzen gau hartan. Oraindino entzun behar izaten dut Bilbora parrandan joan nintzela ni gau hartan. “Badakit, ikusi egin zaituzte-eta”. Hori entzun behar, gainera. Baina horiek beraren kontuak dira, niri bost!

Hor bukatu zen harremana?

Nik “kitto!” esan nuen. Bera, orduan, deika hasi zen. Telefonoa jo eta jo eta jo egun osoan, azkenean telefonoa hartu, nik. Esan zidan: “Zer ari zara, ordea? Burutik zaude, ala? Etorri etxera! Zer zorakeria egiten ari zara?”. Kontua da nik ez nuela salaketarik jarri, ez nuelako garbi ikusten. Ez nintzen salaketa jartzen ausartu, baina horrelakoetan ertzainak berak jarri ohi du salaketa, norberak kontatutakoa oinarri hartuta. Egun batera, edo bira, Ertzaintzatik deitu zidaten, esanez hara joan behar nuela, epaiketa nuela. Nik banekien, deitu zidalako, berak jarri zidala salaketa niri, eta epaiketa hura horregatik zela pentsatzen nuen, nik ez nuen-eta salaketarik jarri. Ez nekien ertzainen kontu hori, beraiek salaketa jarri eta epaiketa azkarra egiten dutela… Ezer ez dakigu guk! Nire kontrako salaketa jarri zuen, esanez burutik eginda nengoela, hilabete batzuk lehenago tumore bat izan nuela buruan, operatu egin nindutela, zer edo zer ukitu zidatela buruan, eta zoratuta nengoela. Eta beldurrez zegoela, neure burua lesionatuko ote nuen. Oraindik gordeta daukat salaketa. Esan zidan: “Salaketa jarri behar izan dut, neure burua defendatzeko. Zuk salaketa jarri nahi baduzu, defendatzeko modurik onena dut zure kontrako salaketa jartzea”. Uste dut oraindik barrez ari direla ertzainak.

Epaiketa azkarra...

Ertzainen deiari erantzun eta joan nintzen epaiketara. Salaketa irakurri nuen. Zer zen hura, ordea! Emozionalki hondoa jota nengoen. Bakarrik joan nintzen epaiketara, ez dakit zergatik, baina bakarrik joan nintzen. Uste nuen nire kontrako epaiketa zela. Galdezka hasi zitzaidan neska bat. “Baina zu nor zara, zergatik erantzun behar dizut”, nik. Eta berak: “Zure abokatua naiz”. “Hara, bestea!”, nik. “Zer nahi duzu?”. “Zer nahi dudan, horrek ni bakean uztea, horixe nahi dut”. Akordioa lortu genuen. Mutila, kanpoan, orroka, bere onetik irtenda: “Irten kanpora! Zurekin hitz egin nahi dut!”. Ez dakit zer gertatu zen, ni ere ez nengoen-eta neure senean. Ez zegoen frogarik. Tira, banituen grabazioak: batean zioen nire familia osoa akabatuko zuela, eta, lehenengo, nire loba jaioberria…Horrela, estudioa uztea lortu nuen arte.

Gaitz erdi!

Baina neuk egon behar izan nuen haren zain. Hantxe ni, berak bere traste guztiak atera arte. Bera, berriz, etxean geratu zen. Nire izenean zegoen erosi genuenean, eta hipoteka ere bai, jakina. Hala ere, etxean geratu zen hilabetez. Ni kanpoan. Gero, Barrikara joan zen bizitzera, berton, errentan. Eta Ainhoa –ni–, hilabete horretan, poltsan labana zuela ibili zen. Beldurrez nengoen! Galduta nenbilen. Lan egin behar nuen, autonomoa naiz –niretzat laguntzarik ez dago–, dena ordaindu behar dut. Abokatu bila hasi nintzen. Hasieran, hemendik hara, handik hona ibili nintzen. “Zoaz gizarte laguntzara, zoaz halako zerbitzura”. Ez nekien nora zuzendu.

Zuretzat laguntzarik ez.

Ez, bada. Autonomoa, seme-alabarik ez... Psikologoaren laguntza izan nuen, behintzat, eta orduantxe jaio nintzen berriz, duela bost urte, psikologoarekin amaitu nuenean. Gutxi gorabehera, urtebete egin nuen psikologoarekin. Abokatuak, berriz, ez dakit zenbat pasatuko nituen. Hogei? Eta joaten nintzen aldiro, 60 euro!

Orain badakizu zer gertatu zitzaizun, zeure burua ulertzeko gai zara, jabetzen zara…

Orain bai. Orduko “salatu, salatu, salatu”… Kontuz, kasu bakoitza diferentea da. Baina laguntza eskatu, bai. Ez isildu, bai. Joan norbaitengana eta kontatu. Egin berba norbaitegaz. Lehenengo, beharrezkoa da prozesu emozionala konpontzea. Dibortzio guztiak dira borroka. Pentsatu borroka hori egin behar duzula, emozionalki txarto egonda! Ezin da!

Psikologoaren laguntza…

… eta familiarena. Familiak oso ondo hartu ninduen. Hor dago oraindino. Nire ondoan.

Noiz bukatzen da hau dena?

Nik hor dut motxila ekonomikoa oraindino, eta uste dut betiko edukiko dudala. Baina horixe baino ez daukat. Inoiz baino zoriontsuagoa naiz, nahiz eta arazoak dauzkadan. Batzuetan behea jotzen dut, honetaz eta hartaz oroitzen naiz, hilero ordaindu behar dut hainbat diru –beraren maileguari dagozkionak, baina berak ordaintzen ez duenez, nik ordaindu behar, abala nik jarri nion-eta–, baina amorrua atera dut barrutik. Atera dut. Ez zidan ezertarako balio. Ni neure lekuan nago, neure buruarengan pentsatzen dut. Zerrenda egiten hasi eta lehenengo nire burua dago. Lasai egiten dut lo. Neure buruarekin bakean nago. Egunero saiatzen naiz ikasten, pozik bizitzen… Berriz jaio naiz, pozik naiz, indartsu, eta tipoa aurretik badator –korapiloa egingo zait eztarrian–, baina burua gora joango naiz. Berak jaitsiko du burua! Zulotik irten liteke. Pausoa eman behar da. Ez da erraza, baina lor liteke.

Besteri laguntzeko ere bazaude orain Haize Berria elkartean.

Eusko Jaurlaritzak indarkeria jasandako hainbat emakume bildu zituenean hasi ginen. Hutsuneak zein ziren zehazten hasi ginen, eta hutsune horiek betetzeko asmotan Haize Berria elkartea sortu genuen: genero indarkeria jasan duen emakumeari pausoak ematen laguntzeko, gidaritza eskaintzeko, berba egin gura duenari entzuteko. Enpatia oso garrantzitsua da, eta besarkada. Besarkadaren indarra oso handia da. Tira, uste dut mundu guztiak behar duela besarkada, baina ez dugu esaten, eta, gero, larrutik ordaintzen dugu. Berba egin gura duenak, hor gaitu. Ondoren, ikusiko dugu nora jo, zer egin. Hilero antolatzen ditugu tailerrak. Aitzakia baino ez da, gura baduzu: geure buruontzat denbora hartzea da. Baina beti badugu zer edo zer: umea gimnasiara eraman, edo ez dakit nora. Ezin geuretzat denborarik hartu. Emakumeok denontzat dugu denbora, geure buruontzat izan ezik!

Nortasun agiria

Ainhoa Malaxetxebarria Unzetabarrenetxea (Bilbo, 1971), gorliztarra. Arkitektoa. Genero indarkeriaren biktima. Lanean da Haize Berria elkartean, sortzaileetakoa da. Politikan ere sartu da, jendeari poz pixka bat emateko asmotan. Gorlizeko Udaleko zinegotzi da EH-Bilduren aldetik, sabindarrak nagusi diren eskualdean. Hirigintzan laguntzen du, eta gizarte zerbitzuetan. Eta, lehen ez bezala, bere burua maite du. Indarra du, eta bizigura.

Negarrez, pozetan

“Beti ibili naiz bizitzan maitasunaren bila, hau eta hura egiten nituen besteren maitasuna jasotzeko, bueltan jasotzeko. Neure buruarekiko hutsunea betetzeko nahia zen. Orain, bete dut hutsune hori, egunero saiatzen naiz betetzen, eta inoiz baino maitasun gehiago etortzen zait kanpotik. Ikaragarria da! Duela aste batzuk laguntza behar izan nuen gauza bat egiteko, eta hura laguntza pila jaso nuena batetik eta bestetik! Zenbat jende, nire ondoan. Negar egin nuen astebetez, baina pozez!”.

Erasotzaile anonimoa

“Biktimaren izena bai eta erasotzailearena, aldiz, zergatik ez den azaltzen? Ez dakit, bada. Beharbada gu ausartagoak garelako? Nik ez dut haren izena esango. Nik dakidanez, berarentzat ere badago laguntza psikologikoa. Ertzainetara joan nintzenean jakin nuen, niretzat ez ezik, berarentzat ere bazela. Baina hori beraren kontua da, beraren bizitza, berak jakingo du zer egiten duen… Beraren izena ertzainen zerrendan egon zen. Baina bere lehengusu baten bidez, genero indarkeriaren kontrako GKE bateko kidea!, izena zerrenda hartatik ateratzea lortu zuen. Kasu hartan ere, neu nintzen gaiztoa, zerrenda hartan sartu nuelako!”.

Barkatu

“Bizitza honetan zer edo zer ondo egiten badugu, egin behar zen moduan egin dugula pentsatzen du jendeak. Ez dago saririk. Gauzak txarto egiten baditugu, atzetik datozkigu makilarekin: ‘Txarto egin duzu, txarto egin duzu’. Ondokoak txarto egiten badu, barkatzen diogu, baina norberak egiten badu, ez diogu geure buruari barkatzen. Prozesu pertsonala da, baina emakume askotan, ia denetan, gertatzen dela ikusten dut. Eta gizonetan ere bai”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
Bortizkeria ikusgarri egitetik, ardura hartu eta erreparaziorako bideak antolatzera

Azken bi hamarkadetan indarkeria matxistaren gaia lehen lerrora ekarri du mugimendu feministaren borrokak, besteak beste, eta bikote arteko indarkeria edo “familia arazo” gisa deskribatzen zenak, eremu publikora eta kalera egin du salto. Indarkeria matxistaren... [+]


Baionako Xingar Ferian salatutako bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.


2025-04-11 | ARGIA
Uztaritze, Domintxaine eta Angeluko hiru ikastetxetan izandako hamahiru eraso salatu dituzte

Hamaika eraso Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierko ikastetxe katolikoan gertatu ziren, beste biak Domintxaineko (Zuberoa) ikastetxe katolikoan eta Angeluko (Lapurdi) San Josepe ikastetxe publikoan. Uztaritzeko ikastetxean ikasitako bost gizonek beren testigantzak eman... [+]


Betharramgo indarkerien berri “komunikabideen bidez” hartu izana zehaztu du Baionako apezpikuak

Prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Marc Aillet Baionako apezpikuak, elizbarrutiko hezkuntza katolikoko zuzendari Vincent Destaisek eta Betharramgo biktimen entzuteko egiturako partaideetarikoa den Laurent Bacho apaizak. Hitza hartzera zihoazela, momentua moztu die... [+]


2025-03-12 | June Fernández
Meloi saltzailea
Eskratxe

Antifaxismoari buruz idatzi nahiko nuke, hori baita aurten mugimendu feministaren gaia. Alabaina, eskratxea egin diote Martxoaren 8ko bezperan euskal kazetari antifaxista eta profeminista bati.

Gizonak bere lehenengo liburua aurkeztu du Madrilen bi kazetari ospetsuk... [+]


85 urteko espetxe zigorra eskatu dute Hondarribiko surf irakasle erasotzailearentzat

11 adin txikikori sexu erasoak egiteagatik 85 urteko kartzela zigorra galdegin du Gipuzkoako fiskaltzak. Astelehenean hasi da epaiketa eta gutxienez martxoaren 21era arte luzatuko da.


2025-03-07 | Laia Alduntzin
Hezkuntza gotorleku

Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]


Elizako sexu abusuen biktimei kalte-ordaina emango die Iruñeko Artzapezpikutzak, “laster”

Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.


2025-02-28 | Gedar
Adin txikiko neska bati eraso dio Sarako kirol entrenatzaile batek

 15 urteko emakume bati egin dio eraso Izarra klubean jarduten zuen pilota entrenatzaile batek.


Betharrametik Uztaritzera, ikastetxe katolikoetako indarkeriak argiratzeko lekukotasunak

Lestelle-Betharramgo (Biarno) ikastetxe katolikoko indarkeria eta bortxaketa kasuen salaketek beste ikastetxe katoliko batzuen gainean jarri du fokua. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan pairaturiko indarkeria kasuak azaleratu dira... [+]


2025-02-26 | Ane Labaka Mayoz
Hatza ezpainetan

Bi neska komisarian, urduri, hiru urtetik gora luzatu den jazarpen egoera salatzen. Izendatzen. Tipo berbera agertzen zaielako nonahi. Presentzia arraro berbera neskek parte hartzen duten ekitaldi kulturaletako atarietan, bietako baten amaren etxepean, bestea korrika egitera... [+]


2025-02-26 | Leire Artola Arin
Martxoak 8
Faxismoa borrokatzeko feminismotik indarrak batzeko deia

Martxoak 8a heltzear da beste urtebetez, eta nahiz eta zenbaitek erabiltzen duten urtean behin beren irudia morez margotzeko soilik, feministek kaleak aldarriz betetzeko baliatzen dute egun seinalatu hau. 2020an, duela bost urte, milaka emakumek elkarrekin oihukatu zuten euren... [+]


Hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote Mario López Gernikako saskibaloi entrenatzaileari

Neska adingabeari sexu abusuak era jarraituan egin zizkiola frogatutzat jo du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak.


25 urtez 300 haur bortxatu zituela aitortu duen zirujauaren aurkako epaiketa hasi da Frantzian

1989tik 2014ra, Frantzia mendebaldeko hainbat ospitaletan egindako erasoengatik epaituko dute. 74 urte ditu Joel Le Scouarnec zirujau ohiak, eta espetxean dago beste lau sexu eraso kasurengatik.


2025-02-24 | Behe Banda
barra warroak
Arma, tiro, pun

Lau mila karaktere ditut kontatu behar dudana kontatzeko. Esan behar ditut gauzak argi, zehatz, soil, eta ahalko banu polit, elegante, egoki. Baga, biga, higa. Milimetrikoki neurtu beharra dut, erregelaz markatu agitazioa non amaitzen den eta propaganda non hasi. Literarioki,... [+]


Eguneraketa berriak daude