Valladoliden sortu zen Iñigo Capellán Pérez, 1986an. Industri ingeniaritza ikasi zuen Espainiako hiri horretako unibertsitatean eta Pariseko ENSAMen. 2010etik, jasangarritasuna aztertzen duen Energia eta Sistemen Dinamika ikertaldean dihardu, Valladoliden. Gaur egun Euskal Herrian ari da doktore tesia egiten. Zehazki, karbono gutxiko ekonomia bateranzko trantsizioaren ondorioak aztertzen ari da, EHUk, BC3k eta Repsol Fundazioak sustatutako Low Carbon Programme egitasmoaren barruan. Sarrikoko fakultatean hartu gaitu, Bilbon.
Iazko abenduan egindako Klimagune jardunaldian honako lana aurkeztu zenuen: Energia berriztagarrietaranzko trantsizioa: muga fisikoak eta denbora-baldintzak. Trantsizio hori halabeharrezkoa da?
Petrolio findugabearen gainbehera hasita dago, hori da abiapuntua. Nazioarteko Energi Agentziak 2010ean esan zuen petrolioaren gailurra 2006an joa zela; eta 2012 eta 2013an esan dute petrolio findugabea gutxitzen ari dela. Gasaz gauza bera esan daiteke, petrolioaren oso antzeko geologia du eta. Bata zein bestea urritu egingo dira datozen hamarkadetan. Ikatzaren geologia desberdina da, baina hark ere mugak ditu, gainbehera hain epe laburrerako aurreikusten ez bada ere. Gure ustez, gasa eta petrolioaren erabilera arrazoi geologikoek mugatuko dute, eta ikatzarena, berriz, politika klimatiko eraginkor batek. Aztertu egin dugu zer gertatuko litzatekeen ikatza baliatuko bagenu gasa eta petrolioa ordezteko, eta hondamenezko klima-egoerak agertzen zaizkigu, ikatzak berotegi efektuko gasen (BEG) emisio-koefiziente izugarriak baititu. Hori guztiori kontuan izanda, gure ikertaldekooi iruditzen zaigu berriztagarrietaranzko trantsizioa saihestezina dela.
Erregai fosilen gainbeherak ez du klima aldaketa leunduko, neurri batean behintzat?
Hutsegitea litzateke hala pentsatzea. Planeta kiskaltzeko nahikoa baliabide fosil dago. Dena dela, ezin da klima aldaketa gelditu. Berokuntza ia gradu batekoa da honezkero. Bihar bertan karbonoa igortzeari utzita ere Lurrak berotzen jarraituko luke, bere inertzia termikoagatik. Jokoan dagoena, orain, erabateko hondamendia eragoztea da.
Ez dirudi politika publikoak bide horretatik doazenik. Klimari buruzko EBren plan berriak kritika gogorrak jaso ditu, NBEren azken klima konferentziak porrota izan dira...
Arazoa da jendarte honetan, edo sistema honetan nahiago baduzu, epe motzeko mozkin pribatuek dutela lehentasuna. Eta benetako jasangarritasuna bilatzen duen edozein ingurumen politikak epe motzeko mozkin horien murrizketa ekarriko du. Bestalde, EBri dagokionez, kontuan hartu behar da gaur egun mundu osoko BEG emisioen %11ren erantzulea dela, eta portzentaje hori beherantz doala. Oso ondo arituta ere ez du ezer lortuko, %11 oso gutxi da eta.
Hala ere, helburu ausartagoak ezartzea badu Europak.
2030erako emisioak %40 gutxitzea eta energia berriztagarriak guztizkoaren %27 izatea jarri da helburu. Europako Batzordeko barne txosten baten berri zabaldu da, eta txosten horren arabera, gaur egungo politikak mantenduz, ezer hobetu gabe, CO2 igorpenak %32 murriztuko lirateke 2030erako, eta berriztagarri portzentajea %27ra iritsiko litzateke. Hau da, EBk ez du ezer egingo berriztagarriak bultzatzeko, eta emisio murrizketaren alorrean ahalegin txikia besterik ez du egingo, %32tik %40ra artekoa.
Hitz egin dezagun energia berriztagarrien mugez. Pentsatzen dut muga horiek aipatzean, jatorri fosileko iturriek ematen diguten energi dentsitatea lortzeko ezintasunaz ari zarela.
Hala da. Berriztagarriak onak edo txarrak direla esaten dugunean, inplizituki fosilekin konparatzen ari gara. Eta beti aipatzen dira berriztagarrien desabantailak, nahiz eta nik behintzat abantailak ikusten dizkiedan batez ere. Edozein kasutan, badituzte mugak. Alde teknikoari dagokionez intermitentzia dago, metatzeko zailtasuna... Bestalde, biosferak berriztagarriak behar ditu funtzionatzeko. Haizeak, esaterako, funtzio bat du ekosistemetan, guk ikusi ez arren. Errota baten bidez haize-energia atzematen dugunean, errotaren atzeko haizea indar txikiagoz dabil. Eta ongarria garraiatzen ari bada? Aurreikusi ez ditugun arazoak sor ditzakegu. Gaur egun berriztagarriek oso toki txikia betetzen dute, baina eskala handian oso litekeena da inpaktu esanguratsuak eragitea.
Energi dentsitateari dagokionez, fosilekiko aldea magnitude ordenetakoa da, ez da zazpitik zortzirakoa, zazpitik 70erakoa baizik. Jabetu egin behar dugu iturri fosilak mirari antzeko bat direla, kontzentratutako energia purua, altxor bat. Altxor horrekin bizitzera ohitu gara, eta orain ohitu egin beharko dugu gauza apalago batekin bizitzera, alderatzean oso txarra iruditzen zaiguna. Baina ez da txarra, bestea da izugarri ona.
Bide batez esan dezagun berriztagarrien energi dentsitatea uste ohi dena baino txikiagoa dela. Laborategian lortutako zifrak ematen dira. Baina plaka fotovoltaiko bat badaramagu landara eta urte batez uzten badugu han, emaitzak ez dira hain onak. Valladolideko gure taldeak egindako azterketa baten arabera, termodinamikaren lehenengo legea aplikatze hutsez frogatzen da eguratsean eskuragarri dugun haize-energia txikiagoa dela esan ohi dena baino. IPCCk (Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldea), GKE batzuek... okerreko ikerketa horiek erabiltzen dituzte, eta ondorioztatzen dute energia berriztagarriak ia infinituak direla. “Behar adina diru lortuz gero, nahi beste energia berriztagarri edukiko dugu, teknologian inbertitu besterik ez da egin behar”. Eta hori ez da egia.
Berriztagarriek gaur egungoa baino rol garrantzitsuagoa eduki lezakete elektrizitate sorreran; garraioaren alorrean, aldiz, ez da sumatzen petrolioarentzako alternatiba bideragarririk. Etorkizunak errotiko aldaketa ekarriko digu eremu horretan?
Uste dut baietz. Guk ateratako ondorioa da ez dagoela garraioaren arazorako irtenbide teknikorik. Petrolioaren ordez biofuela erabiltzea ez da nahikoa, auto elektrikoa ez da nahikoa, motorrek bat-batean efizientzia izugarri handitzea ez da nahikoa. Proposatzen diren konponbide teknikoak ez dira aski petrolioak utziko lukeen hutsunea betetzeko. Eta ezintasun horren aurrean behar duguna aldaketa sozialak dira. Aldaketa horiek gertatu egingo dira edozein kasutan, baina egokitzea onean edo txarrean gerta daiteke. Onean bada, sistema publiko bat egituratu beharko litzateke, eta gaur egungo hiper-mugikortasun hau, denak alde batetik bestera, salgaiak etengabeko mugimenduan... geldiarazten saiatu. Ez badugu aldaketa hori planifikatzen gorriak ikusiko ditugu.
Hasieran Klimagune aipatu dugu. Jardunaldi hartako gai nagusia jasangarritasuneranzko trantsizioa izan zen. Nola irudikatzen duzu trantsizio hori? Baldintza idealetan, noski.
Klimaguneren ondorio oso interesgarria izan zen trantsizioa ezin dela irtenbide teknologikoetan bakarrik oinarritu, horretan denok bat egin genuen. Eremu guztietan (energia, hiriaren antolamendua, nekazaritza...), ondorioetako bat izan zen datozen hamarkadetan aldaketa sozialak beharko direla. Hori niretzat oso garrantzitsua da, eta egia esatera deigarri suertatu zitzaidan, ohiko diskurtsoa bestelakoa baita: soluzio teknologikoak nahikoa izango direla modu egokian abiarazten badira.
Zer motatako aldaketa sozialak behar dira?
Lehen esan dudanez, gaur egun epe laburreko mozkin pribatuek dute lehentasuna. Arriskuaren jendartean bizi gara. Baina planetaren mugak gaindituko ez ditugula seguru egon nahi badugu, zuhurtasun printzipioaren paradigmara jo beharko dugu. Eta hori bai, aldaketa handia da; zibilizazio mailako aldaketa, esango nuke. Nola kontzientziatu horretaz? Zaila da. Nire ustez funtsezkoak izango dira mugimendu sozialak, hedabideen ildoa botereak ezartzen baitu oro har. Orain, krisia dela-eta, bestelako ereduak sortzen ari dira, haize freskoa datorrela nabaritzen dut. Hala ere, asko hitz egiten da tartaren banaketa justuaz, baina ez hainbeste tartak eduki behar lukeen tamainaz.
Urratsez urrats joan gintezke, ezta? Azken batean, energi baliabideen murrizketa mailakatua izango da.
Pertsonen bizitzaren iraupena izan behar da erreferentzia. Pertsona bat 70 urte bizi da, eta hemendik 70 urtera energia murrizketa izugarria izango da. Eredu guztiak bat datoz: ez badugu nahi klima aldaketa benetan oso arazo larria izatea, munduko herrialde guztiek karbonoarentzako prezio bat adostu behar dute. Prezio hori berdina izan behar da herrialde guztietan, edo oso antzekoa. Eta hori 2020rako egin behar da beranduenez. Ezarri behar den prezio hori ez da mauka; ereduen arabera, CO2 tonako 60 eta 260 dolarren artekoa izan beharko litzateke.
Zer esan nahi du “prezio” hitzak? Emisioak zigortzea?
Bai. Klima aldaketa eragozteko energia-sistemak nola funtzionatu beharko lukeen aztertzen duten ereduen logika karbonoari prezio bat jartzea da, teknologia kutsatzaileenek errentagarritasuna gal dezaten. Konparazio baterako, haize-energiak orain hamar balio badu eta gasak bost, karbonoari bost gehituta bat-batean haize-energia errentagarriagoa da gasa baino. Eta enpresek, jendarteak oro har, haize-parkeak instalatuko lituzkete gas-zentralen ordez. EBn badago mekanismo horretan oinarritzen den merkatu bat, EU-ETS delakoa –gogor kritikatua izan dena, ez duelako ondo funtzionatzen–, oraintxe tonako sei dolarreko prezioa ezarria duena –isuna baino, zerga dela pentsatu behar dugu–, eta literaturak dio 2020an 60 eta 260 dolar bitartekoa izan beharko litzatekeela.
Iritsi ezinezkoa dirudi.
Gaurkoaren hamar halako, pentsa. Eta EBn soilik ez, mundu osoan egin beharko litzateke. EBk ezin du klima politikan bidea bakarrik egin, hala eginez gero bere produktuak garestiagoak izango direlako. Gauzak ondo egitea garestiagoa da. Eta enpresek alde egingo lukete, honezkero batzuek egin duten bezala. Laburbilduz: gaur egungo martxari eutsiz gero, etorkizuna beltz ikusten dut.
Hegosudandar gehienak txirotasun larrian bizi izan dira azken bi mendeotan gutienez, eta zoritxarrez, estatu independente bihurtzeak ez die egoera hobetu, munduko herrialde txiroena baita, hainbat gerra tarteko. Testuinguru oso hauskor horretan klima aldaketak zailtasun berri... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
COP29 hasi da astelehen honetan Bakun, Azerbaijanen hiriburuan. 197 herrialde dira foro honetako kide eta horiez gain mundu osoko sare zibilaren milaka pertsona hurbilduko dira bertara, gobernuen jarduna jarraitzeko. Aurtengo gai izarra finantzazioa izango da.
Copernicus ingurumen behategiaren arabera 2024ak errekorra hautsiko du Lurreko tenperaturari dagokionez, eta hori bakarrik ez, industria aurreko garaiko batez bestekoa baino 1,5ºC altuagoa izango da lehen aldiz.
Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere... [+]
Valentzian denboraleak eragindako hildakoen eta kalteen atzean faktore meteorologiko hutsak daudela pentsatzea inozoegia litzateke. Generalitateak larrialdia nola kudeatu duen salatu du askok, baita multinazionalen negozio egarria lehenetsi dela ere. Eta gune pobreenak kaltetu... [+]
Denborale batek hondamendia eragin du Mediterraneo mendebaldean, eta gutxienez 92 dira hildakoak eta dozenaka desagertu daude. Halako ekaitz bortitzen arrazoiak kostaldearen txikizioan bilatu behar direla ohartarazi zuen Millán Millán meteorologoak. Eta soluzioa... [+]
Txorien migrazioen mapak argi uzten digu hegazti migratzaileentzat pasabide interesgarri eta aberatsa dela Euskal Herria. 350 bat hegazti espezie zenbatzen ditugu negurako kanpora doazenen zein bertara datozenen eta migrazio-bidean atseden hartzeko pausagune dutenen artean. Bizi... [+]
Pertsona batzuek kapitalismoa "besarkatzen" dute, konturatu gabe arazoa sistema berean dagoela; planeta mugatu batean hazkundea etengabe bilatzean. Energia intentsiboak ekoizteko modu guztiak mundua irensten ari dira.
Karibea eta Ipar Amerika jo dituen Helene urakanak erakutsi bezala, klima aldaketak indarturiko muturreko eguraldien kostua kolosala da. Hainbertze, non eta aseguruak horren arabera garestituko diren, arrisku berriei aurre egiteko asmoz. Klimaren bilakaera hori gelditu ezean,... [+]
Artikoari begira jarri eta XXI. mendeko erronka eta arazo handienez hitz egiten bukatzen dugu aski fite: geopolitika, edo hobeki erran gerlak eta klima larrialdia. Horretaz kontziente, Artikoko Batzarraren baitan egin ahala eraikitzaile eta bakezale izateko jarrera izan dute... [+]
Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.
Euskal Herriaren zatirik handiena klima zonalde epelean kokatuta egon arren, Arabako eta Nafarroako hegoaldean ez ezik, edonora hedatzen dira udako bero bolada latzak. Eta, dirudienez, klima aldaketarekin okerrera eginen du egoerak –edo egiten ari da, honezkero?–... [+]
Metano isurketak murriztearen beharra berresten du klima aztertzen dabilen The Global Carbon Project proiektuko 69 ikerlarik plazaraturiko txostenak. Horrez gain, biharamunean atera du bere txostena Lurraren Aldeko Batzarrak, eta argiki dio: aldaketa sistemikoak bideratzeko... [+]