Elebakartasunean oinarritzen den euskal antzerkia xede

  • Apirilaren 21etik 26ra, ArteDrama Euskal Laborategiaren (ADEL) bederatzigarren edizioa egingo da, ohi bezala, Aulestin (Bizkaia). Euskal sorkuntza eta antzerkia ardatz dituen mintegi honek Euskal Herri osoko aktoreak erakartzen ditu urtero. Ander Lipus aktore eta plataformako kideak xehekatu dizkigu nondik norakoak.

Gabeziatik jaio zen ArteDrama Euskal Laborategia, “Ikasleek aktore formakuntza euskaraz ezin jaso zutelako” Ander Lipus aktore eta plataformako kideak azaldu digunez. Izan ere, formaziorik bada, baina batik bat erdaraz, “eta euskal aktoreak euskaraz komunikatzeko beharra du, euskaraz ikasi, sortu eta azaltzekoa”.

Gabezia bete nahian, Aulestiko herriarekin egin zuten topo ArteDramako lagunek, eta antzerki laborategia beren gain hartzeko prest agertu zitzaizkien.

Aulesti bezalako herri txiki batek antzerkiari halako ikusmira eta interesa agertzea ez da batere ohikoa. Laborategiak herriari zein ekarpen egin dion galdetuta, halaxe erantzun digu Lipusek: “Laborategia itxia izan zitekeen, hau da, herrian inolako eraginik ez duena. Baina bestelako proposamena egin genien, gu herrian ginela, antzerki munduko profesionalek zerbait eskainiko ziotela herriari. Hala, zenbait antzezlan herriko Kultur Etxean egitea erabaki zen, eta apurka, herriko eta kanpoko zaletu ugari erakartzen dituen antzerki jaialdia da egun”.

Bi zutabe ditu, beraz, ArteDramak: alde batetik, laborategia bera dago, esperimentazioa edota euskaraz tresnak eskaintzen dituen antzerki formakuntza –gutxi gorabehera, 15 ikaslek eta bospasei irakaslek osatzen dute taldea–; eta bestetik, herrian egiten den antzerki jaialdia dago. Urterik urte handituz joan delako, herriko frontoian egiten da, eta besteak beste, laborategiak gonbidatutako irakasleen antzezlanak erakusten dira.

Aurten, adibidez, Le Petit Theatre du Pain antzerki taldeko kide Ximun Fuchsek ikastaro berezia eskainiko du, ArteDramaren azken lana, Hamlet, zuzendu duela-eta. Antzezlana bera ere taularatuko dute Aulestin. Bestetik, Leire Ucha antzezle eta irakasleak Oh My God antzerki taldearen azken antzezlana taularatuko du, Zer duzu Amy?.

Krisi garaiotan kili-kolo jarri dute ADEL. Orain arte, topaketaren gastua Aulestiko udalak hartu du bere gain, baina jaialdia hazi egin da eta udalak ezin kostu osoari aurre egin. Badira bi urte, bestalde, Bizkaiko Diputazioa eta Eusko Jaurlaritza diru-laguntza ematen hasi zirela. “Orain sarri aipatzen dira euskararen arnasguneak, eta horretan ari gara geu ere”, nabarmendu du Lipusek, “euskal antzerkigintza bultzatzeko ideia darabilkigu, erresistentzian ari diren antzerki-ekintzaileak gara, eta euskaratik euskarara egiten dugu lan”.

Antzerkia ogibide

Euskal Herri osoko aktoreak hurbiltzen dira Pazko astean Aulestira, “Aurten Zuberoako ikasleren bat ere bai”, Lipusek zehaztu digunez, eta horrek ikuspuntu nazionala ematen die topaketei. Horixe dute berezi, hain zuzen.

Antzerki amateurrari ere tartea egingo zaio aurtengoan, Lurra Astinduz antzezlana eskainiko baitu Durangoko Karrika taldeak. “Gure lanbidean oso zaila da profesionala, sasi profesionala edo amateurra bereiztea”, argitu du ArteDramako kideak. “Askotan, modalitate horien arteko alde bakarra zenbaki fiskala izan ohi da”.

Aurtengo irakasleak Marga Altolagirre, Julia Marin, Ximun Fuchs, Leire Ucha eta Ander Lipus izango dira. Azken honek sei orduko laborategia zuzenduko du Etxekoak izenburupean, eta bertan, ikasleek etxetik ekarritako objetu kuttun baten inguruan murgilduko dira. “Kontzeptu horren inguruan murgilduta nabil. Immigrazioaren gaia jorratuko dut hurrengo antzezlanean, zer esan nahi duen etxekoa ala kanpokoa izatea. Ikasleei jolas hori proposatuko diet”.

Goi mailako ikasketarik ez aktoreentzat

Arte Eszenikoetako sortzaileek aspaldiko eskaera dute goi mailako eskola. Patxi Lopezen gobernuak hauspotutako Eszenika ezerezean da gaur egun. “Ez nago Eszenikaren aurka”, dio Lipusek, “baina nire galdera honakoa da: zer ikasiko dute ikasle horiek euskaraz? Teoria guztia erdaraz ikasi beharko dute eta! Egun, antzerki ikasle batek ezin du Stanislavski euskaraz irakurri. Eta guri dagokigu erresistentzia puntu hori, nazioarteko teorikoen inguruan euskaraz hitz egitea nahi dugunoi. Nire zalantzak hortik datoz, euskaraz zer izango du horrek? Nahiago dut Aulestiko topaketetan indarra jarri eta hortik zerbait eraiki, baina euskaratik”.

ADEL egin baino lehen, duela hamar urte inguru, Ardoaz bakarrizketa antzeztera heldu zen Lipus Aulestira. “Taberna batean izan zen antzezpena eta taberna leporaino beteta zegoen. Orduan konturatu nintzen Aulestin antzerkirako zaletasun handia zegoela”.
Lipusek argi du zein den borroka. Alegia, elebakartasunean oinarritzen den euskal antzerkia dela helburua. “Ruper Ordorikak disko bat euskaraz egin eta ez zaio exigitzen erdarazko bat egitea”, arrazoitu du Lipusek, “publikoak ohartu behar du hautatu duzun hizkuntza horretan egiten duzula ekarpena”.

Euskal Herrian, bada aldea herri batetik bestera, publikoari dagokionez. Toki batzuetan zaila da publiko euskalduna antzokira hurbiltzea. Lipusek dioenez, “Leioan 30.000 biztanle inguru dira eta horietariko 120 lagun hurbilduko dira antzokira. Aulestin, berriz, 120 lagun aurkituko dituzu lehen egunean, emanaldi nagusietan 400 lagun bilduko zaizkizu eta 600 besterik ez dira guztira”. Alegia, politika egokia eramanez gero, lanak baduela bere fruitua. Euskaratik sortzea, etsigarria baino gehiago, askatzailea dela iritzi dio Lipusek: “Euskaraz gauza asko dagoelako egiteko. Libertate handiagoa daukazu, baita huts egiteko ere. Gure ofizioa etsigarria da, baina ez dut uste euskara hautatzeagatik etsigarriagoa denik”.

Mikel Ansotegi Jaio, Aulestiko alkatea
«Topaketak erreferentzialtasuna ematen dio gure herri txikiari»

Zein iritzi duzu ArteDrama Euskal Laborategiaz?

Dagoeneko ohitura bihurtu da herrian. Gure aurreko legegintzaldietatik datorren zerbait da eta gu udalean sartu ostean ere, aurrera jarraitu beharreko ekintza dela ikusi genuen.
Aste horretako kontuak natural bihurtu dira herrian, betidanik egon izan balira legez. Kalean ohikoa baino mugimendu handiagoa sumatzen da goizetan, eta iluntzean, kanpotik jende asko etortzen da ikuskizunetara. Horrek giro aparta sortzen du.

Zein ekarpen egiten dio ADELek Aulestiri?

Aurretik aipatu bezala, alde batetik giro bikaina sortzen du herrian. Horrez gain, astebetez Euskal Antzerkigintzaren zentro bihurtzen da Aulesti, eta urte osoan ere, Euskal antzerkigintzan pisu handia dute Aulestiko topaketek. Esaldi batean esanda, erreferentzialtasuna ematen diote gure herri txikiari.

Antzerkizaleak dira aulestiarrak?

Urtetik urtera, hazi egin da herrian dagoen zaletasuna, topaketa hauei esker batez bere. Egunero hainbat herritar batzen da antzerkiak ikusten, baita inguruko herrietako jendea ere (Markina, Lekeitio...), aretoa txiki geratu zitzaigun iaz.

Aulestiko herriak ADELen alde egiten du erabat. Zergatik?

Bederatzi urte daramatzagu eta urteen ondorioz, antzerkirako ezagutza eta zaletasuna handituz joan dira. Herria parte aktibo bihurtzen da aste horretan. Baina inplikazioa obrak ikustetik harago doa, ekitaldietan ere parte hartzen dute. Herritarrek badakite topaketak kostu ekonomikoa duela, eta, azken batean, denek egiten dute ahalegina.

Gainera, euskal kulturaren eta euskal antzerkigintzaren alde ari direla jakinda, gehienak pozik daude udalak egiten duen esfortzu ekonomikoagaz. Sustatzen duguna garrantzitsua delako.

Eskaintza zabala

Apirilaren 21ean, Pazko asteko astelehena, hasiko da topaketa, bai laborategiak, baita antzerki emanaldiak ere. Egun horretan, Itziar Rekalde ipuin kontalaria izango da 21:00etan udal aretoan.

Apirilaren 22an Zer duzu Amy? antzezlana taularatuko du Leire Ucharen antzerki taldeak, 21:00etan. Leire Uchak berak komediaren inguruko laborategia zuzenduko du.

Apirilaren 23an Konpota, Eneritz Artetxe eta Dxuturi Teatroaren eskutik. 21:00etan izango da, udal aretoan. Zubi egistasmoaren laguntza jaso zuen obra honek. Testua, Phillipe Gaulier antzerkigileak sortua da eta Antton Lukuk itzuli zuen.

Apirilaren 24an, osteguna, antzerkitik harago doan lana eskainiko dute, Metrokoadroka kolektiboaren Poza: Zergatik dantzatzen duten bosniarrek?. Arte plastikoak, musika, literatura eta antzerkia uztartzen ditu lan honek.

Apirilaren 25ean Karrika antzerki talde amateurrak Lurra Astinduz obra eskainiko du frontoian, 22:00etan. 20 bat lagun dira guztira, eta horietako batzuk profesional gisa ere ari dira.

Apirilaren 26an, larunbata, ArteDramaren azken lana, Hamlet, ikusteko aukera izango da 22:00etan, frontoian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
Peio Berterretxe
“Tresna sozial izatetik, produktu kultural izatera pasatu dira plaza antzerkiak”

Master Amaierako lan sendoa aurkeztu berri du Peio Berterretxek. Urte luzetan antzerkian ikasia eta aritua, plaza antzerkien jatorriaz eta gaur egun dituzten funtzioez aritu gara harekin, Lekorneko Kabalkadan oinarrituta egin duen ikerketaren aitzakian.


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

-------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


Aitortza berantiarra, metamorfosi gauzatua

Emakume baten borroka eta metamorfosia
Nork: Eneko Sagardoyk eta Vito Rogadok.
NOIZ: abenduaren 1ean.
NON: Santurtziko Serantes aretoan.

-----------------------------------------------------------

Plana proposatu eta berehala, sarrerak online erostea erabaki zuen... [+]


'Zorretan'
Berezko lore bat

ZORRETAN

Testua eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga.
Aktoreak: Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran.
Noiz eta non: Urriaren 25ean, Donostiako Gazteszenan.

----------------------------------------

Bere argi propioa bilatzen ari den loreari... [+]


2024-10-31 | Iñigo Satrustegi
Bizitza ez da esateko erraza

MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.

----------------------------------------------

Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]


Bakarrizketan

Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.

Antzokiko atarira... [+]


'Eukalyptus'
Naturaren aberastasuna

Eucalyptus
Testua: Nerea Ibarzabal, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro eta Beñar Urrutia.
Zuzendari eta dramaturgoak: Matxalen De Pedro eta Jon Ander Urresti.
Aktoreak: Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia.
Non: Lugaritz kultur etxean (Donostia).
Noiz:... [+]


Eguneraketa berriak daude