Zentsura mozio bat, beltzera itzalia

  • UPN buru duen Nafarroako Gobernuak elite ekonomikoei faborezko tratua eman diela erakusten zuten frogak publiko egin ostean, Yolanda Barcina erortzeko zorian egon da. Aldaketa politikoak itxaron egin beharko du ordea. Hilabete iraun duen lapurren pertsekuzioak ez du gehiagorako ematen.

PSNren Sarasate pasealekuko egoitzaren parean hainbat herritar elkartu ziren joan den ostegunean protesta egiteko. PSOEren aginduz Barcina kargutik kentzeko aukera bertan behera geratu izanak haserrea eragin du nafar askoren artean.
PSNren Sarasate pasealekuko egoitzaren parean hainbat herritar elkartu ziren joan den ostegunean protesta egiteko. PSOEren aginduz Barcina kargutik kentzeko aukera bertan behera geratu izanak haserrea eragin du nafar askoren artean.Argazki Press

Atrakoa egin eta kazkabar erauntsi baten erdian kotxea ihesean gidatu behar izan duen gaiztaginak legez, gordeleku segurura iristea lortu duela pentsatuko zuen Yolanda Barcinak joan den astean, PSNk bere kontrako zentsura moziorik babestuko ez duela jakin zuenean.

Juxtuan libratu da. Oposizioa gainean izan du lau astez eta azeleragailua hondoraino zapalduz, hortzak estutuz gidatu du bolante forala, belarri ondoan ziztuka pasatzen ziren tiroek jota eror zitezkeen sozioez gehiegi axolatu gabe, Goicoechea auziaren parrastada ustelak parabrisan zarra-zarra, kontrako norabidean eta argirik gabe.

Lantxo konplikatu bat.

Baina horrelakoa da politika batzuetan: pilotu suizidentzako ofizioa. Kalkuluak zehatz egin behar dira buruari lepo gainean eusteko. Eta Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohiak Lourdes Goicoechearen esku hartzeen eskandalua lau haizetara zabaldu zuenean Barcinak asmatu zuen ekuazioarekin.

Kalkulatu zuen egun gogorrak zetozkiola, baina baita ekaitzak baretu beharko zuela noizbait; denborale osteko kalteen balantzean gorpu politiko bihurtuta ez agertzea zela garrantzitsuena. Jakingo zuen akaso PSNtik jaurti zioten hordagoak iraungitze-data zeukala. Jakin, halaber, erabakia ez zela sozialista nafarren Sarasate pasealekuko egoitzan hartuko, Pancorbotik behera baizik, Madrilgo Ferraz kalean.

Bazekien Europako hauteskundeak ere ez zeudela oso urrun, PSOEk irabazi egin nahi dituela boz horiek Moncloako jauregiaren setioari ekin aurretik; eta garaipen horretara bidean, traba izan zitekeela boto-emaile espainiar askoren aurrean abertzale euskaldunekin eskua emanda agertzea.

Alegia, bide bazterretik irten eta arbola bete-betean jotzeko arriskua egon arren, ihesbideak ere bazeuzkala ikusi zuen Barcinak.

Bere burua ez entregatzea erabaki duen bidelapurraren tankeran, Nafarroako presidenteak mendira jo zuen eta zatozte haren bila nahi baduzue, zuek, justizia zaleok. Bazirudien baietz, ematen zuen oraingoan halako uxaldietan parte hartzeko mizkin agertu izan den PSNko buruzagitza ere animatuko zela.

Urrun zegoen 2011n osatu eta hamabi hilabete eskasean lizundutako UPN-PSN gobernua. Eta urtebete joana zen 2013ko apirilean oposizioak zentsura mozioa aurkeztu eta sozialisten abstentzioagatik Barcinak ihes egitea lortu zuenetik. Nafarroako Kutxaren auziak eraman zituen orduan Bildu, Aralar-NaBai, Ezkerra eta Geroa Bai presidenteari joan zedila eskatzera. Hemezortzi eserleku horiek gutxiegi izan ziren Legebiltzarrean UPNren hemeretziei eta PPren lauei irabazteko. Eta PSNko bederatzi parlamentariak isilik, ez harako eta ez honako.

Zintzoa, itsusia eta gaiztoa

Aurten diferentea izanen zela sinesteko heldulekuak ez ziren falta, argi samar esana zegoen, “Barcinak dimititzen ez badu, PSNk botako du”. Eta, zer gertatu da? Westernari titulua eman zioten zintzoa, itsusia eta gaiztoa bezala, hiru hipotesi egon daitezke azken hilabetean jimeneztarren bandoak egindakoa esplikatzeko.

Zintzoari kasu egitera, PSOEren eta PSNren artean deskoordinazioa egon da, ez dute elkar ulertu eta nik besoa eman, zuk eskua hartu. Teoria horren aldekoek esango dizute bai PSNk, bai PSOEk hordago ustela egiteko asmoa zeukatela hasieratik. Kontua soka tenkatzea zela, ea horrela lortzen zuten Barcinak hauteskunde aurreratuak lehenestea zentsura mozioa galtzearen aurrean –Miguel Sanzek berak kantatu zizkion presidenteari hautu horren bentajak UPNko batzorde exekutiboaren bileran–.

Baina Barcinak hordagoari eutsi. Eta orduan txokolatea: nafarrek apustua pose hutsa baino gehiago zela sinetsita zeukaten dagoeneko eta madrildarrek uhalei atzeraka tira behar Rubalcabaren, alderdiaren eta Estatuaren izenean, amen.

Xaloa dirudi irakurketa horrek ordea. Goazen hipotesi itsusiarekin 2007ko abuztura. Askok nahiago izan dute ez gogoratu duela zazpi urte –erraz esaten da– UPN gobernutik botatzeko aukera mahai gainean egonda, Bildu izeneko mamurik gabe, nola PSOEk orain errepikatu duenaren antzeko jokaldia egin zuen.

Lehen aldian tragedia, bigarren aldian fartsa: jende jakintsuak esana da. Azken hilabetearen irakurketa afrusak dio UPNren eta PSOEren arteko elkar ulertzea aspalditik datorrela, Nafarroa egiazki Estatu-afera dela eta harreman guztiek gorabeherak izaten dituzten arren, Ferraz ez dagoela hemen abentura askorako. Ez dagoela zereginik PSNrekin, ez dela egongo, ahazteko, gainontzekoek nola edo hala 25 eserleku batu arte ez eskatzeko mirakulurik.

Aukera gaiztoak berriz, Roberto Jimenezen karguarekin du zerikusia: gauza jakina da PSNko idazkari nagusia norekin lerratu zen 2012an, Carme Chacon eta Alfredo Perez Rubalcaba lehia kaindarrean ibili zirenean PSOEko buruzagitza lortzeko. Badakigu liskarra nork irabazi zuen ere. Ez dakiguna da, Chaconen alde aritu izana berandu eta interesekin ordainarazteko modua izan ote den Jimenezek joan den astean jasandako umiliazioa.

Baliteke PSOEn pentsatzea, hainbeste joan-etorriren ondoren Jimenez dagoeneko amortizatuta dagoela. Martxoaren 9ko Diario de Navarraren azalean Pitillaskoaren ordezko posibleen barajarekin dibertitzen ari ziren. Lapurra gorderik, deus gutxi aldatuta, PSNko idazkari nagusiak hobe luke saihetseko zauri itsusi hori erizainen baten esku jartzea, akaso bizkarretik josi dioten balak etzango baitu. Batek daki alderdiari ere ez ote zaion tiroa infektatuko.

Zenbat atrako geratzen dira?

Balirudike Yolanda Barcina indartuta atera dela segada honetatik, Nafarroako politikaren denborak markatzeko ahalmena berreskuratu duela hein batean eta ez dituela hauteskundeak aurreratuko berak egoki ikusten duen momentura arte.

Adrenalinaren eragina da, ez besterik. Oraingoan ere atzaparra gainean jarriko ez diotela jakinda seguru sentitu nahiko du baina, zenbat atrako, zenbat ihesaldi ezinezko egin ditzake bere egoeran dagoen norbaitek? Zenbat eskandalu, ustelkeria kontu, legez kanpoko esku hartze atera daitezke argitara hamabost hilabetean? Zenbat, alderdiko bigarrenak bandako buruzagitza lehiatzen hasi aurretik? Zenbat, oposizioa, benetakoa, inoiz uste izango zena baino gehiago hazi dela jabetu aurretik? Beste film baterako galderak dira. Goicoechea auzia hemen bukatzen da, beltzera itzalia.

Deus gutxi aldatu duten lau aste

Otsailak 11: Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohiak publiko egin zituen Lourdes Goicoechea Ekonomia kontseilariaren esku hartzeak. Zergadun handiei ikuskaritzak egitea eragozteko saiakerak, besteak beste. “Goicoechea auzia”-k Nafarroako Gobernua aurrean eramango zuela zirudien.

Otsailak 12: Roberto Jimenez (PSN): “UPNk agortu du Nafarroako Gobernuan geratzen zitzaion luzapen-denbora. (...) Barcina presidenteak dimititu egin beharko du eta hauteskundeak deitu. Eta dimititzen ez badu, guk botako dugu”.

Otsailak 13: Nafarroako Parlamentuak Goicoechea auzia ikertzeko batzordea eratzea erabaki zuen.

 

“Ni naiz PSOE Nafarroan”, aldarrikatu zuen Roberto Jimenezek, alderdiaren Madrilgo organoak sozialista nafarrei kasu egingo ziela iradokiz.

Elena Valenciano PSOEko idazkaritza nagusirako hautagaiak Bildurekin ez zutela pakturik egingo adierazi zuen.

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak hauteskundeak maiatzera aurreratzeko “aukera asko” zeudela esan zuen.

Otsailak 21: Idoia Nievesek Goicoechearen esku hartzeak berretsi eta datu gehiago eskaini zituen ikerketa batzordean.

Otsailak 24: Lourdes Goicoechea ikerketa batzordeko aulkian eserita. Behin baino gehiagotan errepikatu zuen ez zituela gogoratzen galdetzen zizkioten datak edo eskatutako datuak.

Otsailak 25: Barcinak ikerketa batzordeko galderei erantzun zien. Salaketak ukatu zituen, PSNri Gobernuan izan zenean egindakoak gogora ekarri zizkion, Bilduren mamua erabili zuen... Kontraeraso gisa hartu zuten kazetari askok haren agerraldia.

Otsailak 28: Goicoechea auziko ikerketa batzordeak Yolanda Barcinaren dimisioa eskatu zuen. Bat egin zuten eskakizun horretan PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik.

Martxoak 2: PSNk iragarri zuen alderdi guztiekin bilerak egingo zituela, Bildurekin izan ezik, Gobernu aldaketaren aukeraz hitz egiteko.

Martxoak 3: Soraya Rodriguez PSOEk Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak El Mundo egunkariari: “Barcinak ezin du jarraitu bere postuan, baina PSOEk ez du Bildurekin hitz egingo ezta paktatuko ere”.

Martxoak 4: UPNko batzorde exekutiboko bileran, Miguel Sanz Nafarroako presidente ohiak hauteskundeak aurreratzeko gomendatu zion Yolanda Barcinari. Presidenteak uko egin zion aukera horri eta soka azkeneraino tenkatzearen alde egin zuen.

Martxoak 5: PSNrekin bildu ostean Aralar-NaBaiko Patxi Zabaletak Argiari: “Gehiengo esanguratsua zentsura mozioaren alde agertuko dela esan digute eta ondoren, ostiralean [martxoak 7], Madrilera joango direla haiek horretaz konbentzitzera”.

Ferraz kalean ez zuten biharamunera ere itxaron. PSOEk agiri bat kaleratu zuen PSNri zentsura mozioaren aukera zikiratuz. Bildu gabe aukera hori gauzatzea ezinezkoa delako hartu zuten erabakia, dokumentuan aipatzen denez.

Martxoak 6: PSNko Lurralde Batzordeko kideen %60k Madrilgo agindua betetzearen alde bozkatu zuen. Roberto Jimenezek aitortu zuen bere dimisioa mahai gainean jartzekotan egon zela, “baina ezin da PSN izan krisi hau ordainduko duena”.

Lau asteren ondoren, Barcina kargutik kentzeko aukera kea haizean bezala desagertu da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Goicoechea auzia
Roberto Jimenez badoa, PSN-n Madrilek agintzen duela adieraziz

Roberto Jimenez badoa PSNko buruzagitzatik eta zergatik azaldu nahi du. EFE agentziari egindako adierazpenetan, Yolanda Barcinaren aurkako otsaileko zentsura mozio ustela jo du kausa nagusitzat.


Politikari, dimititu demontre!

Politikari guztien artean bada oso sustraitua dagoen jarrera bera: ez dimititzea.


2014-03-18 | Iera Aranburu
Barcinak azalpenak emango ditu Parlamentuan ikerketa batzordearen ondorioez

Nafarroako Gobernuko presidentea Goicoechea auziko ikerketa batzordea ondorioez ariko da Legebiltzarrean. Batzordeak dimititzeko eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu zion.


Zein litzateke bide juridikoa EAEk eta Nafarroak bat egiteko?

PPk eta PSOEk Nafarroako egoeraz duten kezkari buruzko artikulua argitaratu du Manuel Sanchezek ElDiario.es-en. Une honetako egoeraz gain, Foru Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoa elkartzeko bide juridikoaz hitz egin du hainbat politikarirekin.


2014-03-11 | Iera Aranburu
Roberto Jiménezek bere irudia txukundu nahi du PSOEren aurrean burua makurtu ondoren

Roberto Jiménez PSNko idazkari nagusiak alderdiko kideei zuzenduriko gutun batean Nafarroan aldaketa aurrerakoia lortzeko lan egingo duela berretsi du.


2014-03-07 | ARGIA
PSNk ez du Barcinaren kontrako zentsura moziorik aurkeztuko, Madrili men eginez

"Dimititzea planteatzera iritsi nintzen, baina ezin da PSN izan krisi hau ordainduko duena". Roberto Jimenezen adierazpenak dira PSNk Madrildik agindutakoa betetzea erabaki ostean. Lurralde Batzordeko kideen %60ko babesarekin atera zuten aurrera proposamena (80 alde,... [+]


PSOEk debekatu egin dio PSNri Barcinaren aurkako zentsura moziorik aurkeztea

PSOEko zuzendaritzak erabaki du PSNk ez duela Yolanda Barcinaren aurka zentsura moziorik jarri behar Nafarroako Legebiltzarrean. Kaleratu duten oharrean irakur daitekeenez, PSNk ez du beste inongo taldek aurkez dezakeen moziorik onartuko. Erabakia asteazken gauean zabaldu... [+]


2014-03-05 | Iera Aranburu
Sanzek ere hauteskundeak aurreratzeko gomendatu dio Barcinari

UPNrentzat aukerarik hoberena zentsura mozioa saihestea dela dio Nafarroako presidente ohi Miguel Sanzek.


2014-03-04 | Iera Aranburu
Soraya Rodriguez, PSOEko bozeramailea: “Barcinak ezin du jarraitu bere postuan”

Soraya Rodriguez PSOEko Espainiako Diputatuen Kongresuko bozeramaileak baieztatu du, Ferrazek babesten dituela PSNren asmoak Nafarroako hauteskundeak aurreratzeko.


2014-03-03 | Iera Aranburu
PSNk bilerak egingo ditu alderdiekin gobernua aldatzeko aukeraz

Hauteskundeak aurreratzeko eta Yolanda Barcina presidentea kargutik kentzeko helburuarekin Nafarroako alderdi politikoekin bilerak hasiko dituela adierazi du PSNk komunikatu batean. Bildu bilera-erronda horretatik kanpo utziko du Roberto Jimenezen alderdiak.


2014-02-28 | ARGIA
Barcinaren dimisioa eskatu du Goicoechea auziko ikerketa batzordeak ere

Aldaketaren premia: hori da Goicoechea auziko ikerketa batzordeak gaur irakurri dituen ondorioetan ikusten dena. Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari dimititzeko eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio.


2014-02-27 | ARGIA
Lourdes Goicoecheak gezurra esan zuen ikerketa batzordean

Lourdes Goicoecheak gezurra esan zuen bere influentzia trafikoak ikertzen ari den Nafarroako Parlamentuko batzordean, Aritz Intxustak Naiz-en argitaratu duenez.


2014-02-27 | Iera Aranburu
PSNk zentsura mozioa aurkezteko jarrerari eusten dio, Madrildik esango diotenaren zain

Goicoechea auziko ikerketa batzordeko testigantzak Barcinaren dimisioa eskatzeko aski direla uste du PSNk. Hala ere, Madrilera begira daude alderdian, Espainiako organoak baitu azken hitza.


Eguneraketa berriak daude