Urteak dira ikastetxe arruntetako ateak ireki zitzaizkiela premia bereziak dituzten haurrei. Hobeago edo okerrago, integrazioaren bidea urratzen ari dira Nafarroan, EAEn eta Iparraldean. Funtzionamenduaren, baldintzen eta egoeraren berri eman digute hiru ereduotako hezitzaile, pedagogo terapeuta eta laguntzaileek.
Jolasak, liburuak, mapamundia ikusi ditugu apaletan, eta geografia ikasteko koloretako purpurinaz herrialdeak bereizita dituen Afrikako mapa paretan eskegita, besteak beste. EKT gela da, Egokitzapen Kurrikular Taldea, Mendillorriko Pedro de Ursua institutuan (Iruñean). Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiten ari diren lau mutilek arretaz jarraitzen dituzte irakaslearen imintzioak: mimika bidez, aurten euskaraz ikasi dituzten lanbideak irudikatzen ari da Mikel Gonzalez, eta zein lanbide den asmatu behar dute gazteek. Pedagogo terapeuta edo heziketa bereziko irakaslea da Gonzalez, hezkuntza munduko argotean PT deritzona, eta behar bereziak dituzten haurrekin aritzen da, talde txikitan. Giro ona arnastu dugu. “Duela hamabost egun etorri bazina…”. Dirudienez, ikasturtea erlaxatuegi hasi zuen, eta harrotu egin zitzaizkion lau ikasleak, gaina hartu: “Hain gutxi garenez eta hain harreman estua sortzen denez, batzuetan zaila da distantzia ezartzea, baina gutxieneko distantzia bat beharrezkoa da, oreka lortzea”. Eta lortu dute giro egokia, konfiantzan, errespetuz. Diktaketa egiten utzi ditugu.
Ikasleak laguntza berezia behar izateko arrazoiak ugariak dira: fisikoak (mugimenduzkoak edo motorikoak, paralisiak, afasiak…), sentsorialak, psikikoak, komunikaziozkoak (entzun eta ikusteko zailtasunak, hizkuntzari loturikoak…), adimenarekin zerikusia dutenak (garapen orokorrean atzerapena, autismoari lotutako nahasteak…), portaera arazoak, edota gizarte eta familia arazoak. Desoreka eta hutsune emozionalekin datozen umeen kopuruak gora egin duela nabarmendu dute elkarrizketatuek, eta egoera horretan asko kostatzen zaiela haurroi ikasketetan zentratzea: azken finean, eskola gizartearen isla dela gogoratu dute, eta gero eta jende gehiago artatzen ari badira Gizarte Zerbitzuetan, baldintza sozio-ekonomikoek seme-alabei ere eragiten dietela, baita emozionalki ere.
Hiru ikastetxe mota daude Nafarroan: arruntak, lehentasunezkoak eta berariazkoak. Lehentasunezkoak prestatuak daude mugimendu arazo oso bereziak dituztenentzat eta gorrentzat, eta beraz horiek dute preferentzia. Kasu muturrekoenetarako, berariaz horiei zuzendutako lau ikastetxe daude. Ikastetxe arruntetan, Lehen Hezkuntzako tutoreak antzeman ohi ditu heziketa premia bereziak dituzten ikasleak. Ondoren, orientatzaileak koordinatuko du ebaluazioa eta osatuko du –irakaslearekin batera– umearentzako plangintza egokitua. DBHn, gaztea ebaluatuta iristen da normalean. Baliabide material asko Hezkuntza Bereziko Nafarroako Zentrotik (CREENA) lortzen dituzte ikastetxeek –material gehientsuena gaztelaniaz– eta zentro honi dagokio baita ere Hezkuntza Sailak jarri behar dituen baliabide pertsonalak bideratzea. Hots, zaintzaileak, PTak, fisioterapeutak, gutxiengoen irakaslea, zeinu interpretea, logopeda… “Baliabideak badaudela esaten zaie gurasoei, baina baliabide pertsonalak oso murritzak dira eta horiek dira hain juxtu garrantzitsuenak”, aitortu du Iñaki Martinez Mendillorriko institutuko orientatzaileak. Murrizketak egon direla nabarmendu du Martinezek: iaz esaterako PT bat gehiago zuten lanaldi erdiarekin, aurten bakarra bi hereneko lanaldian, Mikel Gonzalez. “Hori da D ereduko 631 ikasleentzat dagoena”. Nafarroako instituturik handienetakoa da Mendillorrikoa, eta A, G (bien artean 616 ikasle) eta D (631 ikasle) ereduak ditu.
Ikastetxe horretako esperientzia kontatu digute Gonzalezek, Martinezek eta Ana Astrain gela arrunteko tutoreak. Beharren arabera joaten dira antolatzen, eta emaitzen arabera bidea mantentzen edo aldatzen doaz, esperimentatzen, probatzen. Bai Lehen Hezkuntzan, bai DBHn, behar bereziak dituzten ikasleak ikasgela arruntetan egoten dira, haur denak batera, eta ikasgai batzuk gela berezituetan ematen dituzte, talde txikitan (gehienez 12 ikasle). Ulermen arazoak dituztenak, oso ume direnak, autoestimu baxukoak, hiperaktibitate nahasteak dituztenak, talde handian galtzen direnak… doaz talde txikira, baina malgua da joan-etorria: egokitzapenaren arabera edo hasierako oztopoak gaindituz gero, urtean zehar talde txikitik talde arruntera bueltatu daiteke gaztea ikasgai jakinetan, eta alderantziz. Talde batzuetako nahiz besteetako arduradunak irakasle arruntak dira.
Premia oso bereziak dituztenentzat, EKT gela sortu dute Mendillorrin, eta PTa da horko arduraduna. Ikasle hauek EKTn ematen dituzte asteko ikastordu gehienak (bi heren) eta gela arruntean gainerakoak. EKTn, errepertorio klasikoa erabiltzen du Mikel Gonzalez pedagogo terapeutak (fitxak, diktaketak…), baina material atipikoagora jotzen du maiz. Aurten adibidez, dituen lau ikasleetako batek xakea atsegin du eta partidak jokatzen dituzte elkarren kontra. Edo duela bi urte, ikastetxean bertan duten sukalde-gelara eramaten zituen haurrak, motibatzeko: erosketak egiten zituzten, janaria prestatu… eta horietako bi sukaldaritza ikasten ari dira orain. Puzzleak egiten, plastikan, jolasean… ere aritzen dira, eta egunero pertsianak jaitsi, musika jarri eta zazpi minutuz erlaxatzeko ariketak egiten dituzte.
“Material berdina banatzen saiatzen naiz, denak berdin senti daitezen, baina bakoitzari ezberdin exijitzen diot –azaldu du Gonzalezek–. Gaur adibidez azterketa egin dugu eta galderak etxera eramaten utzi diot bati, lasaiago erantzun ditzan… Helburuak ere ezberdinak baitira: bi ikasleren kasuan oinarrizko hezkuntza titulua atera dezaketela ikusten dugu; beste biek oso zaila daukate, eta helburuak ez dira hainbeste curricularrak, oinarrizko heziketari lotuagoak baizik: jarrera eta portaera ona izatea, saiatzea, txandak errespetatzea, gainerakoak ez iraintzea… Talde handietan, norbait garrasika hasten bada zuzenean kanpora bota ohi du irakasleak, ez dauka astirik harekin bakarrik aritzeko, baina talde txikian tresna gehiago dauzkagu hori guztia lantzeko, familiartean egongo bagina bezala, eta mugak eta neurriak malguagoak dira”.
Ikasle hauek egingo duten bidea zedarritzeko, irakasle, PT eta orientatzaileen arteko hartu-emana garrantzitsua da, baita gurasoen inplikazioa ere. Ana Astrainen hitzetan, ikasturtea aprobetxatu dezatela da asmoa: “Eduki gutxiago ikasiko dituztela? Bada hala izan dadila, gela handian ere hala gerta daiteke, eduki pila bat eman arren; baina gutxienez urte baliagarria suerta dakiela”. Zentzu horretan, Gonzalezek gaineratu du inportantea dela eskolan porrot egin dutenik ez sentitzea, aurrera egiten ari direla ikustea eta ilusioa mantentzea, bestela porrot sentsazioaren zama ikastetxetik at eramango dutelako haiekin.
Ospe ona dauka Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban jarraitzen duten integrazio ereduak. Hemen ere, umea aurretik diagnostikatuta ez badator tutoreak eman ohi du lehen urratsa eta ondoren tokian tokiko Berritzeguneek bideratzen dute gaia. Haurrak, 2 urteetatik –eta behar izanez gero, Batxilerrera arte, kasuren batzuetan baita unibertsitatean ere– Nafarroan dituzten antzeko profesionalen laguntza izango du, baina hezitzailea izango da oinarria: PTak –tutore, hezitzaile eta gainerakoen laguntzaz– zehaztuko du ikasleak egin beharreko ibilbidea, eta ibilbide hori gauzatzeko haurrak hezitzailea izango du ondoan. PTak lauzpabost ordu egiten ditu astean gaztearekin eta gainerako ikastordu guztietan hezitzailearekin egoten da.
Antzina, umeok eskola berezietara eramango lituzkete, baina duela 30 bat urte Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza sailaren ardura hartu eta Integrazio Legea jarri zuen martxan. Ordura arte, asistentzia lana egiten zuten laguntzaileek, baina haurrok eskola arruntetan integratu zituztelarik, zaintzaileak hezitzaile izatera igaro ziren, titulaziodun profesionalak (Integrazio Soziala goi mailako ikasketadunak). “Prestatutako jendea gara, baina Eusko Jaurlaritzak oraindik ez digu kendu jangelan eta joan-etorriko garraioan egoteko ardura; hezitzaile izatearekin batera zaintzaile lana ere gure gain uzten dute, eta horrek hainbatetan esan nahi du goizean goiz autobusa hartzea haurrarekin, eskola orduetan eta jolas-garaian lagundu ostean jangelan ere alboan izatea, 45 minutu izatea bazkaltzeko eta berriz gelara eta gero garraioan haurrarekin bueltatzea”. Zaintzaile funtzioa kentzea dute aldarri, Andoain, Zarautz eta Lasarten hezitzaile dabiltzan Itziar Aranburu, Marilu Eizagirre eta Maite Alkortak kontatu digutenez.
DBH2tik aurrera, premia bereziak dituzten ikasleak laguntza gela itxietan egon ohi dira –lauzpabost haur taldeko, PTa eta hezitzailea– eta ikasgai gutxi batzuetan gainerako ikaskideekin egoten dira. Maila horretara iritsi arte, ordea, haurra ahal bezainbeste gela arruntean egotea da filosofia orokorra. “Gelako erritmoa eta tutorearen martxa ahal den neurrian jarraitu dezan saiatzen gara, material egokituarekin –dio Itziar Aranburuk–. Adibidez, gelaurrean aurkezpen batzuk egiten ari gara orain eta hitz egiten ez duen haur batekin ari naizenez, berak landutako materiala ikaskide baten ahotsaz grabatua du eta aurkezpena egiterakoan berak badaki zein unetan piztu eta itzali behar duen grabagailua. Gelako burrunbarekin edo dena delakoarekin haurra urduritzen bada, askatasun osoz ateratzen gara buelta bat ematera edo liburutegira, psikomotrizitate gelara…”. Malgutasuna eta inprobisazioa dituzte eguneroko lantresna.
“Hasieran, hari afektiboa lantzen dugu umearekin –azaldu du Marilu Eizagirrek–, gustura egon dadila, bere buruarekiko ere ondo sentitzea, eta behin hori lortuta, oinarria daukagu aurrera ekiteko eta helburuak lantzeko”. Premia handiak dituzten haurrak izanik, helburu akademikoa ez da beti aurrena, baizik eta sozializazioa –gelako zati izatea–, autonomia, arlo emozionala, lagunak egiten eta mantentzen jakitea… Eta bide horretan, elkarlana da gakoa, haurraren inguruan lanean ari diren profesional guztien artean. Hala, koordinaketa bileran, ebaluaketetakoan eta gurasoekin egindakoetan, hezitzaileak ere parte hartzea borrokatu dute urteotan, eta Eskola Kontseiluan ordezkaria izatea lortu dute. “Alde horretatik asko hobetu dugu eta oro har baloratuta gaude ikastetxeetan, aintzat hartzen dituzte gure iritzi eta ekarpenak, eta elkarlan hori egituratuta dagoenean (astero PTa, tutorea eta hezitzailea biltzea, adibidez), lantresna bihurtzen da, emaitzetan antzematen da”, ziurtatu digu Eizagirrek.
Baina funtzionatzen duen eredua sustatu ordez kimatzen ibiltzea leporatu diote administrazioari, irizpide ekonomikoak irizpide pedagogikoen aurretik ipintzea, “eta ezin da hezkuntzan dirua aurreztu, horrek kalitatea jaistea ekarriko duela dakizunean”. Haur matrikulazioa handitu egin da eta hezitzaile kopurua aldiz, jaitsi (770 dira gaur egun, HH, LH eta DBHrako). Dauden giza baliabideen arabera ikastetxe bakoitzari hezitzaile kopuru bat egokitzen zaio eta horrekin moldatu behar dute, baina beti ez omen dira nahi adina haurrengana eta nahi moduan iristen. Koordinaketa bilerak haurrak eskolan ez daudenean egiteko Jaurlaritzaren proposamena ildo berarekin lotzen dute: “Horrek ez du soilik esan nahi ordu gehiago sartzea, baita sarri irakasleek eguerdiko orduak edo eskola amaitu ondorengoak baliatzen dituztela bilera horietarako eta guk ezin dugu, jangelan edo garraioan haurra zaintzen egon behar dugulako. Hainbeste urte gure parte-hartzea handitzeko borrokan, eta orain bat-batean halakoak etortzen zaizkigu, langileak aurrezteko”. Gainera, gogoratu dute hamar urte daramatzatela hitzarmen berarekin, duela bi urte soldata jaitsi zietela eta ez zaiela igo, “baina kolektibo txikia garenez administrazioan ez gaituzte kontuan hartzen”.
Haur guztiek, ahalmen urritasuna dutenek barne, eskola arruntera joateko eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak izateko eskubidea dutela dio 2005ean Frantziako Gobernuak onartutako legeak. MDPH erakunde publikoak (Pertsona Ezinduen Etxe Departamentalak) kudeatzen du gaia eta berau arduratzen da ezintasunen bat duten umeei eskolatze proiektu pertsonalizatua (PPF) zehazteaz, umeak inguruan dituen profesional guztien oharrak aintzat hartuz. Idatzia berrikusten eta aldatzen joaten dira eta behar duten haurrei AVSa jartzen zaie: auxiliarra edo laguntzailea. Hezkunde Nazionalak, ordea, kopuruz beti gutxiengoa eskaintzen duela kexu da Integrazio Batzordeko lehendakari Karine Perez, “eta gainera, dirurik ez dagoela-eta, formaziorik gabeko jendea hartzen dute AVS gisa aritzeko, urritasuna duten umeekin inoiz lan egin gabeak. ‘Hori ala deus’ esaten digute, eta eskola publikoan hartu egiten dituzte, baina Seaskan hezitzaileak jartzen ditugu, formakuntzarekin, eta horretarako eskubidea dugula argudiatuta administrazioaren kontra auzitara jo dugun guztietan irabazi egin dugu”. Seaskan, halaber, pedagogia aholkulariak eta familiari laguntzeko Integrazio Batzordeko langileak dituzte.
Maitena Arbeletxe Lapurdiko Larzabal ikastolan ari da lanean, autismoa duen haur bat laguntzen: AVS gisa astean 18 oren egiten ditu harekin, eta beste 2 hezitzaile gisa. Gela arruntean, AVS da Arbeletxe eta tutorearekin elkar hartuta egiten du lan, haurraren proiektu pertsonalizatua abiapuntu. “Haurraren alboan izaten naiz, baina kapaz dela edo lagunekin dagoela ikusten dudalarik, pixka bat urruntzen naiz; makuluarekin alderatzen dut gure lana: haurrak laguntzeko gara hor, baina ez dugu ahantzi behar helburua dela ahal den neurrian baliagabeko bilakatzea, umeak ahal bezainbat autonomia lortzea. Alde afektiboa oso garrantzitsua da, noski, baina umeak badaki ondoan zarela eta pixka bat egiten ahal badu, kasu egin behar zaio horri”.
Hezitzaile bezala, buruz buru aparteko gelan egoten da ikaslearekin. Ariketa egokituak, jokoak, piktogramak… ditu gidaliburu. Proiektua berrikusiko dute orain eta haur honen kasuan hezitzaile oren gehiago beharko lituzkeela ikusten du Arbeletxek, baina finantzamendu handiagoa beharko litzateke. “AVS kontratua Hezkunde Nazionalarekin daukat, baina hezitzaile lanpostua Seaskak hartzen du bere gain eta Integrazio Batzordeak ere lan egiten du finantzamendu hori lortzeko. Legea biziki polita da, baina praktikan administrazioak egiten duena beste zerbait da, oso baldintza txarretan ari gara lanean”.
Sarri, aurrerapenen bat egitea, txikia bada ere, kostatu egiten zaie ume hauei eta hezitzailearentzat frustrantea izan daiteke hain mantso joatea, baina aldi berean zerbait lortzen duten bakoitzean sentitzen den poza zaila da beste haurrekin sentitzea, diote. “Beste batzuek ikusten ez dituzten gauzak ikusten dituzu –azaldu du Marilu Eizagirrek–, umeak ‘pixa’ hitzaren esanahia ulertu zuenean adibidez, izugarri pozgarria izan zen niretzat, kanpotik begiratuta tontokeriatzat har badaiteke ere; haurrak komunikatzea lortzen duenean jauzia sekulakoa da”. Azken finean, bi-hiru urte egoten dira askotan ume berarekin, batzuetan baita sei urtez ere, eta harreman estua garatzen dute. “Hainbatetan bigarren ama edo aita ere bilakatzen gara nolabait, badu familiatik zerbait”, aitortu du Mikel Gonzalezek.
Dena den, argi du Itziar Aranburuk: plaza bera mantentzea ongi dago ilusioa duzun bitartean, eta hainbatetan aldatzea ere ez da txarra, haur horrekin hasierako ilusioa galdu baduzu, sormena falta bazaizu, edo umearekin enpatiarik lortu ez baduzu. Kasu batzuk, gainera, nekezak eta gogorrak dira, eta onuragarria da aldaketa.
Batzuetan funtzionatzen du eta bestetan zailagoa da, kasuaren arabera, onartu digute Iruñeko irakasleek. Martinez orientatzailearen hitzetan, gela berean denak batera aritzeak ez du bermatzen integratuta egotea, eta adibidez, taldekideekin eta bere buruarekin gaizki zegoen haurra EKT gela berezian sartu dutenetik askoz hobeto dago. “Hala ere –gaineratu du Gonzalez PTak–, garrantzitsua da gela orokorrean ere ordu batzuk sartzea, bakarrik ez daitezen egon egun osoan, bestelako harremanak behar dituzte”. Eta gela orokorrean, ongi konpontzen direla dio Astrain tutoreak: “Hasieran uste genuen ikasleek baztertu egingo zituztela EKTn daudenak, baina ez da hala izan. Primeran moldatzen dira, makarrillaren rola hartu dute beren gain, eta besteek ez dituzte baztertzen”.
Hezitzaile gipuzkoarren ustez ere, gela orokorraren eta berezien arteko orekan datza arrakasta. “Normalean –argitu du Aranburuk–, adinean aurrera doala zailagoa izaten da, DBHn gainera arlo akademikoak indar handia hartzen duelako eta ordu asko pasa behar dituzte beharbada ulertzen ez dituzten gauzak entzuten. Horregatik, batzuetan eta batzuentzat liberazioa ere izaten da gela itxietara joatea, lagunak errazago egin ditzaketelako, adin horietan inportantea baita besteekiko berdin sentitzea eta gauzak konpartitzea. 16 urte bete arte itxaron gabe, kasuaren arabera 14 urterekin aukera egon beharko luke gela berezietara joateko, haur hauek lasaiago bizi daitezen”.
Beti ez dela integrazioa lortzen ohartarazi dute, errealitatea ez dela ideala, baina garbi dute hirurek: eredua ona da, orain arteko onena, eta hau da bidea. Denek ikasten dute, heziketa premia bereziak dituenak, baina baita ikaskideek ere, balore asko barneratzen dituztelako (errespetua, elkarlana…) eta besteen ezberdintasunak onartzeak norberaren ezberdintasunak onartzen laguntzen duelako. Aniztasuna lantzen den eskoletan, klaustroan eta gelan benetako inportantzia ematen bazaio aniztasunari, emaitzak ikusten direla berretsi digute hezitzaileek.
Pazientzia hezitzaile izateko ezaugarri inportantea deritzote elkarrizketatuek, baita sormena ere, inprobisatzen jakitea, tutorearen eta gelaren dinamika jarraitzen asmatzea, sen ona, eta haurrarekin harreman afektiboa garatzeko gauza izatea. “Behar duzu sartu haurraren munduan, enpatia lortu, garrantzitsua da ahal den neurrian ulertzea nola ikusten dituen berak gauzak eta ikuspegi hori barneratzea, lagundu ahal izateko”, diosku Maitena Arbeletxek.
Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?
Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]
Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]
II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]
1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]
Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]
Altxa Burua taldeak eskatu du bigarren hezkuntzako EAEko ikastetxeetan kendu ditzatela mugikorrak, debeku bat ezarrita arauz. Aste honetan eskaera eraman dute Eusko Legebiltzarrera, Hezkuntza Sailak ikastetxeak telefono mugikorrik gabeko esparru gisa izendatu ditzan.
Ostegun eta ostiral honetan 40 hizlari baino gehiago ariko dira EHUko Leioako campusean Lana eta sindikalismoa XXI. mendean Nazioarteko Lehen Biltzarrean. Lan munduaren eta sindikalismo eraldatzailearen erronkez eta estrategiez eztabaidatuko dute.
Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]