Horra neska gazte bat, Uruguaikoa, euskaraz ikasten Lazkaon, euskaraz mintzo, euskal jatorririk batere gabe. Euskal dantzak gustatzearekin bat gustatu zitzaion euskara, eta ikasten eta irakasten da harrezkero Montevideon.
Zer ari zara zu, uruguaiarra, Lazkaon, Maizpiden?
Euskara ikasten. Zortzigarren urratsean ari naiz. Lehenengo, lehen mailari dagokion froga egin nuen, hau da, seigarren urratsa. Baina gero nire kabuz ikasten jarraitu nuen eta hemen ari naiz. Euskarazko klaseak ematen ditut Montevideon, nire euskal etxean, Haize Hegoa du izena. Izan ere, Uruguain euskal etxe asko dago: Montevideon, San Josen, Salton, Colonian… Montevideon bertan, adibidez, hiru daude. Bestalde, euskal etxe guztiak federazio baten barruan daude, FIVU, Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioa, han batzen dira guztiak.
Euskara ikasle Lazkaon, irakasle Montevideon eta San Josen. Jatorriz ez zara euskalduna…
Bella italiarra da, eta Garcia, berriz, Galiziakoa. Aitona asturiarra nuen. Haren arbasoak, berriz, galiziarrak, Ferrolekoak. 2007an ere hemen izan nintzen, eta Asturiasera joan nintzen. Italiara, aldiz, ez naiz inoiz joan. Euskara ikasle naiz hemen, eta irakasle Uruguain, baina euskarak baino lehen, dantzak lotu ninduen herri honetara. Haize Hegoan jaialdi bat egin zuten eta hara joateko gonbidatu gintuzten, gure ama eta hiru ahizpok, Paola, Viviana eta hirurok. Hasieratik gustatu zitzaizkidan euskal dantzak. Oso dinamikoak iruditu zitzaizkidan. Eta ikasten hasi nintzen. Orain dela hamabosten bat urte hasi nintzen dantzan ikasten, euskal dantzak, eta tangoa, adibidez.
Nor izan zenuen irakasle?
Haize Hegoa euskal etxean, Maite Bengoa. Bera han jaioa da, baina ama euskalduna du. Dantzan badaki Maitek, eta bera da han irakasle. Baina ez nintzen ni bakarrik hasi ikasten, gure amak eta bi ahizpok ere ikasi genuen. Taldea ere bada: Eusko Indarra du izena, Youtuben duzu gure taldearen hogeita bosgarren urteurreneko emanaldia. Duela bi urte, berriz, hogeita hamar urte bete zituenean, beste emanaldi berezi bat egin genuen, eta bertan nire alabak ere dantza egin zuen. Berari ere gustatzen zaio. Hiru generazio izan ziren dantzan: gure ama, gu alabok, eta Micaela, nire alaba.
Zein dantza ikasi zenituen?
Eltziego dantza, Axuri beltza, Zazpi jauzi, fandangoa eta arin-arina… eta beste hainbat. Dantzan ikasi genuen, eta euskal etxeak antolatzen dituen jaialdietan erakusten ditugu. Beste batzuetan, berriz, erakusketa egiten dugu, edo modu pribatuan egiten ditugu emanaldiak. Deitzen gaituzte, kontratatzen gaituzte, eta joaten gara. Urtebetetzeetan, adibidez. Gero, beharbada bilerarik handiena Argentinakoa dugu, Euskal Astea egiten baitute han. Esan nahi dut, emanaldi asko edo gutxi, urtean beti ditugula zenbait dantzaldi.
30 urte ditu Eusko Indarra dantza taldeak. Eta Haize Hegoa euskal etxeak?
Horixe, hogeita hamarren bat. Euskal etxe zaharragoak dituzu Montevideoko beste biak: Euskaro, eta Euskal Erria. Horiek ehun urte ere badituzte. Gurea berria da, irekia, ez dute mugarik jartzen, ez duzu euskaldun izan beharrik, euskal deitura izan beharrik bertako kide izateko. Euskaro euskal etxean –Euskaro Español zen haren izena lehen–, ez zen horrelakorik. Euskaro ere FIVU barruan dago eta, esaterako, hortxe ematen ditut nik euskarazko eskolak. Eman nituen iaz, eta aurten ere ematea espero dut. Dantzak Haize Hegoa euskal etxean egiten dira.
Nola egin zenuen jauzi dantzatik hizkuntzara?
Lehenengo, nire ahizpak egin zuen jauzi hori, Paolak. Euskara ikasteko aukera bazela esan zuen euskal etxeak: uda osoko barnetegia zen, Argentinan. Bi hilabete izan zirela uste dut. Ahizpak izena eman zuen. Handik itzuli eta irakasten hasi zen. Eta ikasten segitu zuen. Horrela, handik urte batzuetara, Lazkaora etorri zen 2001ean, Maizpidera. Sei hilabete egon zen bertan, eta EGA atera zuen. Gero, 2008an, beste ikastaro bat egiten hasi zen, irakasle izateko. Eusko Jaurlaritzak antolatu zuen Ikasten Plataforma zen: “Nazioarteko taldea” izan zen lehenengo, eta “Euskara Munduan”, ondoren. Ahizparen pausoen atzetik hasi nintzen ni. 2008tik 2012ra iraun zuen gure kurtsoak. Ondoren, froga egin behar izan genuen Argentinan. Uste dut lehenengo aldiz egin zela froga hori han. Frogak hona bidali zituzten, zuzendu zituzten, eta gainditu nuela esan zidaten. Eta ikastaro hori egin eta bigarren urtera.
Montevideon eta San Josen, esan duzunez…
Bai. Lau talde ditut Montevideon, bi egun, bina ordu, astean lau orduko ikastaroa dute. Niretzat, berriz, hamasei ordu dira denera. San Josen, bestalde, larunbatero ematen ditut eskolak, bi ordu eta erdikoak. Ordu eta erdiko bidea dut Montevideotik San Josera. Hurbil dago, guretzat. Goizeko zazpietan jaiki, zortzietan autobusa hartu, bertan lo egin, eskola eman, eta eguerdiko hamabietan buelta etxera. Euskaraz ikasi nahi duen jendea dago Uruguain. Nik, taldeetan zortziren bat ikasle ditut, esate baterako. Batzuek euskal abizenak dituzte, beste batzuek bestelako interesa dute. Batzuei arraroa iruditzen zaie hizkuntza, zaila… Batzuetan erretiratuak dira, beste batzuk lanean ari dira… Tartean, aitona-amonak ditut. Ez dute ikasteko presiorik, hobbya dute. Baina, hori bai, euskara gustatzen zaie, hori ziur! Dena dela, nik lehenengo pausoak erakusten ditut.
Unibertsitatean bada euskara ikastarorik?
Bai. Leonardo Egiazabal, Luzia Mendez eta nire ahizpa Paola izan dira irakasle unibertsitatean. EGA dute hirurek. Orain Leonardo baizik ez da ari. Hango unibertsitateak hitzarmena egina du, nonbait, Jaurlaritzarekin. Argentinan ere ari dira, adibidez. Hizkuntza irakasten dute, ez dira euskal kulturari buruzko ikastaroak.
Zergatik merezi du euskaraz ikastea Ameriketan?
Nik uste diasporak indar handia duela. Bistan da. Nahikoa da Argentinan urtero, udaberrian, azaroan, egiten den Euskal Astera joatea. Hura gauza handia da. Montevideo ez da Argentina, txikia da, han ez da hainbeste jende biltzen. Baina Euskal Astera joan eta ikaragarria da. Iaz Villa Marian izan zen. Aurten, La Platan izango da. Aspaldi hasi ginen hara joaten dantza taldekoekin. Urte asko. Euskarazko taldearekin, berriz, duela hiru bat urte hasi ginen. Jakina, dirua izaten da hara joateko zailtasuna. Argentinan milioika dira euskal jatorrikoak.
Euskaldunak ezagutu dituzu Uruguain, Argentinan…
Brasilen ere bai. Euskal Astea antolatu zuten han ere, eta Sao Paolora joan ginen. Internet bidezko euskarazko kurtsoa egin nuenean jende asko ezagutu nuen; Argentina, Txile, Kolonbia, Peru… Tartean, brasildarrak –Oskar eta Karolina, nire ikaskideak–, eta haiek gonbidatuta izan ginen Brasilen. Ez dakit bi euskal etxe ez ote dauden Brasilen. Nik Eusko-Brasildar Etxea ezagutzen dut. Internet bidezko ikastaroaren barruan, udan hamabost eguneko barnetegia egiten genuen, eta neguan astebetekoa. Argentinara joaten ginen, baina behin Txilera ere joan ginen. Distantziak oso handiak dira han, hegazkina hartu beharra dago batetik bestera joateko. Jaurlaritzak laguntzen du, euskal etxeek ere bai, eta horrela, guk ikasi besterik ez dugu egin behar. Euskara ikasi eta irakasle izateko aukera duzu. Ondoren, zure konpromisoa da euskara irakastea, eskolak ematea.
Uruguain euskaldunari buruz galdetu eta zer erantzungo luke jendeak?
Jendeak badaki euskaldunei buruz, bai. Abizen asko hemengoak dira. Presidentea ere, Jose Mujika, hemengoa da. Euskal Herrian izan zen iaz, eta bidaia horrek ere asko erakutsi zuen Uruguain.
Euskara irakasle ez ezik, eskola bateko irakasle ere bazara Montevideon.
Andereño naiz. 4 urteko haurrekin egiten dut lan. Jardín de infantes esaten dugu han, 3 eta 5 urte bitarteko eskola da. Egunean lau ordu egiten dut lan haur horiekin. Beste lau ordu, berriz, handik kanpo, euskara irakasten euskal etxean. Andereñoak ez du askorik irabazten. Egia esan, irakasleak du soldatarik txikienetakoa Uruguain. Hemengo jendeari arraro egiten zaio hori entzutea, baina horrela bizi gara han. Beraz, lan batekin, bakarrik, ezin da bizi han. Bi lan izan behar dituzu, gutxienez. Irakasle baldin bazara, behintzat. Badira beste lan batzuk, hobeto ordaintzen dituztenak. Eta unibertsitateko irakasleek ere ez pentsa, guk baino gehiago irabazten dute, baina ez askoz gehiago: soldata txikiak dituzte.
Zertan da gizarte egoera Montevideon, zein da giroa?
Gauez kalean ibiltzea ez zait gustatzen. Auzo gehienetan lapurretak izaten dira, eta beldurtu egiten nau horrek. Uruguai ez da Caracas, hala ere. Bestela, esango nuke Mujikaren Gobernuak pobrezia gutxitzeko lan egin duela. Diru-laguntzak eman dizkie, gizarte ekintza areagotu du… Erdi mailako klasea bere horretan dagoela esango nuke, aberatsei zerga gehiago jarri dizkiela. Jakina, hori ez zaie batzuei gustatu, baina niri Mujikak ondo egin zuela iruditzen zait: behartsuei lagundu, erdi mailakoari eutsi…
Ez duzu lehenengo bidaia Euskal Herrira.
Ez, 2001ean etorri nintzen lehenengoan, eta 2007an ere hemen izan nintzen, Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programaren bitartez. Lehenengo bidaian, Korrikara etorri nintzen. Bigarrenean, Euskal Herria ezagutu nuen. Hau hirugarren aldia dut.
Korrika aitzakia etorri zinen lehenengo aldiz?
Bai. Noizean behin, hemengo irakasleak Uruguaira joaten zitzaizkigun. AEK-ko batzuk ere joan ziren hara, eta Korrikara etortzeko plana egin zuten. Azkenean, ni beste inor ez zen etorri. Ordurako, ahizpa –Paola– Maizpiden ari zen ikasten, eta bestalde, Uruguaiko lagun bat ere bagenuen Algortan, Parisen beste bat, Bartzelonan… Zirkuitua egin nuen. Hala ere, niri, Korrika gustatu zitzaidan, sortzen duen mugimendua. Urte hartan Gasteizen hasi zen Korrika, eta hantxe izan nintzen, eta gero herri txiki askotan ere izan nintzen, ikusten. Ibilbidea aztertzen nuen, eta ikustera joaten nintzen.
Bigarrenean, Gaztemundu izan zen arrazoi.
Bai. Astebete egin genuen Gaztemundun, eta beste bat Diasporaren Mundu Kongresuan, Bilbon, Zubigintza zuen lelo. Horretarako, gai bat proposatu ziguten –Gazteen parte hartzea euskal etxeetan, urte hartan–, eta guk horri buruzko proiektua idatzi genuen, parte-hartzeari buruzko oharrak eginez.
Gazteen parte-hartzea –parte-hartze txikia, beharbada, edota transmisioa– da arazo?
Gurean ez, behintzat. Haize Hegoa euskal etxe berria da, eta gazteok beti ari gara parte hartzen. Denon artean egiten eta antolatzen ditugu ekintzak: dantza, euskara, hitzaldiak, udalekua… Euskal kultura zabaltzea da udalekuaren helburu inportanteena, eta horretan ari gara lanean. Euskal Herriko geografia, historia, mitologia…
Hirugarren bidaia duzu hau.
Bai. Aurreko bi bidaietan etorri nintzenean ez nekien euskaraz. Orain badakit zerbait. Lehenengo irakasle eta tutorea Maizpideko zuzendaria izan nuen, Jon Urdangarin. Dani Oiarbide ere, Maizpideko irakaslea, izan nuen… Han, astean zehar euskarazko lanak egin eta ostiralean hemengo irakasleei bidaltzen diegu egin duguna. Lan indibiduala da gehienetan, baina batzuetan lagunekin elkartzen gara eta elkarrekin praktikatzen dugu. Han astebetean egiten dugun lana egun bakarrean egiten dugu hemen! Gainerakoan, barnetegia dugu, urtean bi aldiz egiten dena, Montevideon, Argentinan edo Txilen. Eta hor dira beti euskarazko telebista interneten, irratia sakelakoan…
Baduzu norekin hitz egin Montevideon?
Tira, ahizparekin, Martin Zabaltza eta Karina Fernandez lagunekin… eta hemengo zenbait lagunekin Skype eta Whatsapp bidez, eta, azkena, Mintzanet bitartez. Esate baterako, euskara hitz egiteko asmotan, lagun bat egin dut Skype bidez, Anizeto izenekoa. Pantaila bidez ezagutzen dut, Mintzanet programan besterik ez, eta bidaia honetan ezagutuko dut bertatik bertara...
Andrea Bella Garcia (Montevideo, 1978). Italiarrak eta galiziarrak, erdibana ditu gurasoen jatorriak. Bera, berriz, euskaraz ikasten hasi zen noizbait, eta euskaraz ikasten eta irakasten ari da gaur egun. Montevideoko Haize Hegoa eta San Joseko Euskaldunak taldea euskal etxeetan euskara irakasle da, eta Haur Hezkuntzako irakasle Uruguaiko hiriburuko 316. haur eskolan. Hirugarren aldia egin du Euskal Herrian. Uda dute han, eta, oporretan delarik, bi astez izan dugu Maizpiden, euskara lantzen. Hirugarren astean lagunetan izan da, Gasteizen, Algortan eta adiskideak diren tokietan. Noticias Vascas izeneko atala du Facebooken.
“Montevideon, adinekoen artean ez dago euskaraz dakien jende asko. Maite Bengoaren ama dago, adibidez, Alejandra Telleria. 82 urte dituela uste dut. Beti kontatzen du ez ziola alabari euskaraz irakatsi bera gipuzkoarra delako eta senarra, aldiz, bizkaitarra zuelako. Batak pareta, besteak horma, eta ez zirela inoiz ados jartzen. Harekin hitz egiten dut euskaraz, ulertzen diot, behintzat. Ahizparekin zaila zait euskaraz hitz egitea. Email mezuak eta whatsappak euskaraz izaten ditugu, baina hitz egin, ezin. Pertsona batekin harremana hizkuntza batean sortzen duzunean, zaila da aldatzea, nire irakasle Jon Urdangarinen hitzetan”.
“11 urte ditu nire alabak. Ez dakit euskaraz ikasiko duen, baina dantza, seguru! Euskal etxean badugu pertsona bat, Karina [Fernandez], dantza eskolak ematen dituena. Hala ere, dantza baino lehen, euskara erakusten du. Udan berriz, udalekuak izaten ditugu eta han ere euskarari lotutako ekintzak izaten ditugu. Eta han da beti Micaela, ez du hutsik egiten”.
Euskal dantzak gustatu zitzaizkion eta euskarari lotu zitzaion. Gero, Euskal Herriko lurra bera. Laster, lagunak egin zituen, lagunartea osatu zuen. Rankinga erabakitzekotan, euskara du gauza guztien gainetik. “Euskara izan beharko litzateke lehenengo”, dio. Bestela izan litekeenik ere ez du ulertzen Andrea Bellak.
“Hemengo lagun bat ezagutu nuen Montevideon. Euskaraz sortu zen gure harremana. Gero, nire familiarekin eta lagunekin egon ginen, eta gaztelaniaz hitz egin behar izan genuen, eta oso arraroa izan zen haren ahotsa gaztelaniaz egiten entzutea, eta berari ere berdin gertatu zitzaion, oso arraroa egin zitzaion niri gaztelaniaz egiten ikustea. Gainera, gaztelaniaz egiten dudanean asko nabaritzen zait Uruguaiko azentua”.
Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]
Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]
Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.
Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.
Brasildik jaso dut posta bat. Estebe Ormazabal Insausti beasaindarraren hitzak dira jaso ditugunak; ARGIAko harpideduna bera. Ez da txoko honetara ekarri dugun atzerrian bizi den lehen laguna. Pixkanaka ari gara biltzen Euskal Herritik kanpora dugun komunitatearen iritziak,... [+]
Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]
San Vicente barrutia (Argentina), 1934ko maiatzaren 18a. Mathilde Díaz Vélez lurjabeak Buenos Airesetik 40 kilometro ingurura zeuden bere lursailetan Guernica izeneko herria fundatzeko eskaera helarazi zion Buenos Aires probintziako Obra Publikoetako ministroari,... [+]
Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]
Bidelagun elkarteko ordezkariek irekiko dute Baztandarren Biltzarreko orgen desfilea.
Loiu, 1958. Biologia ikasketak egin zituen EHUn, eta bertan irakasten du egun, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Saiogile ezaguna da. Zientzia, historia eta Euskal Herria uztartzen ditu bere lanetan. Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan... [+]