Ramon Bareak (Bilbo, 1949) bere burua aktoretzat badu ere, telebistako gidoilari, produktore eta zuzendari aritzen da maiz, ondo ezagutzen baititu ofizioko jardun guztiak. Ehundik gora filmetan parte hartu du eta zinegile ezagun ugarirekin egin du lan. Madriletik bueltan harrapatu dugu. Hango Zentro Dramatikoan, Valle-Inclánen Comedias Bárbaras tragediaren rol nagusia antzezten du hiru orduz, eta egunero betetzen du antzokia. Betiko legez, antzerkiaren alde Pabellon 6 aretoan militatzen ematen du geratzen zaion denbora apurra.
Zure biografia irakurrita, deigarri egin zait gauza bat, txikitan txakur toreatzailea izan zinela Bilboko Plaza Barrian. Zer demontre da txakur toreatzailea?
Kar, kar, kar... Aita oso zezenzalea zen eta askotan eramaten ninduen Bombero Torero ikustera. Horregatik, zezenketa gauza barregarria zen niretzat. Plaza Barrian dagoen ileapaindegi batera eramaten ninduten ilea moztera, eta ile apaintzaileak, aitaren laguna, adarra jotzen zidan, atzean nuen ile mototsa zela eta. Errege Magoek ekarritako montera eta kaparekin Plaza Barriako txakurrak toreatzen aritzen nintzen jolasean. Bokazionala zen...
Ez dut inoiz Actors Studioan edo antzerki eskola ezagunetan ikasi eta nire haurtzaroa baliatzen dut curriculum gisa. Akolitoa ere izan naiz.
Orain serioski. Nola hartu duzu Espainiako Antzerki saria?
Ezusteko handia izan da. Hasieran norbait txantxetan ari zela uste nuen, ez dudalako horretarako profilik, ez naiz modan dagoen azken aktorea edota aurpegi berria. Ondo dago, “antzerkilari integrala” izateagatik jaso baitut saria, ibilbide oso bat saritu dutelako, eta hain zuzen horregatik, inguruan dudan jendeak nirekin ospatu du. Ez da momentuko distira, eta sariek hori dute sarri. Pozez hartu nuen. Gainera, Madrilen egiten ari naizen Comedias Bárbaras antzezpenaren estreinaldiarekin bat egin zuen sariak. Lan hau ere saria izan da berez. Estreinaldia baino bi egun lehenago jaso nuen Kultura Ministerioko deia, aste zoroa izan zen.
Bidean lagun izan dituzun hainbeste aktore, zuzendari eta lankideez gogoratuko zinen...
Nire belaunaldiko aktoreek beti hitz egin izan dugu pluraleko lehen pertsonan. Plural maiestatikoa erabiltzen dugu: “Hau egin dugu”. Nirea beti izan da talde lana. Lotura handia izan dut kolektiboarekin eta horregatik uste dut nirekin batera pertsona askoren lana saritu dutela.
Zinemagintzan ehundik gora pelikuletan parte hartu duzu, eta zinemagile ugarirekin lan egin. Elkarrekin bertako zinemaren urrezko orriak idatzi dituzuela sentitzen duzu?
Zorteduna sentitzen naiz hainbeste pelikulatan parte hartzeagatik, inoiz ez dut izan agenterik edota nire burua saltzeko errepresentanterik. Eta, egia esan, ez naiz inoiz gelditu, beti izan dut lana, eta asko ikusi diren pelikuletan aritu naiz, sarituak horietatik asko... Film laburrak ziren hasiera batean, eta beti uste nuen, film hori izango zela azkena. Baina deitzen ninduten berriro ere, eta nork esan behar niri, zuzendari horiek, gerora proiekzio handikoak izango zirela... Orduan galdera asko genituen buruan, zer den euskal zinemagintza, zein film mota egin behar den... Baina halako batean zuzendari gazteak agertzen hasi ziren, ez bat edo bi, pila bat baizik. Hemengo erakundeek Euskal Herrian egindako zinemagintzaren aldeko asmoa bazuten ere, ezin zuten sinistu hainbeste zine zuzendari izango zenik. Orduan ez zegoen zine eskolarik, gure kabuz antolatu genuen borroka hori. Nire kasuan ere hala da, beti izan naiz erabat autodidakta.
Hala ere, antzerkitik datorren aktorea zara. 70eko hamarkadan hasi zinen Cómicos de la Legua taldearekin, gero Karrakarekin. Orduan, antzerkia antzokitik ateratzeko lehen saioak egiten hasi zineten, greban edo itxialdietan zeuden lantegietan funtzioak antolatzen.
20 urte dituzunean, baduzu ustea, egiten duzun guztiak egundoko garrantzia duela. Une hori bizi duzu aurretik eta atzetik ezer egongo ez balitz bezala. Idealismo hori antzerki mundura eramaten baduzu, eta horri gehitzen badiozu konflikto sozial handiko garai hura, frankismoaren amaierako urteak, antzerkiaren aldeko aktibitate hori bilakatzen da, argi eta garbi, jardun militantea. Bestalde, gizartean bazegoen nahi bat ideia, proiektu eta ekimen kolektibo baten parte izatera bultzatzen zintuena, erresistentzia kontua.
Mundua aldatzeko tresnatzat zenuten antzerkia?
Nire belaundiko aktoreek argi genuen une hartan antzerkiak funtzio argia zuela... Euskal Herriko antzerkigintza asmatzen ari ginen, beti arbasoengana joz, eta orduan, euskal antzerkian egina zegoen gauza bakarra pastoralak ziren. Jorge Oteizarekin egindako bilera dut gogoan. Berak zioenez euskal antzerkigintzaren giltza pastoraletan zegoen, eta pastoralak bezala, euskal antzerkiak zirkularra izan behar zuela zioen. Eta, hala ibili ginen denbora luzez euskal antzerkigintzaren biribiltasunaren bila, kar, kar, kar...
Gerora, orduko antzerkigintza hura mespretxatu egin da, aldarrikapen eta borroka usaina zuelako, estetikoki ez zelako polita, dekoratu ikusgarriak eta izen handiak nahi ziren. Eta jendeak estimu handiagoa hartu zien Cancunerako bidaiei eta sukaldaritzari. Orain, antzerkia, musika eta artea orokorrean, aintzakotzat hartzen ari gara berriz. Ikuslearekiko gertutasuna behar dugu.
Orain garrantzitsua da publikoaren iritzia?
Burbuila ekonomikoak burbuila kulturala ekarri du. Dena posible denaren ustea zabaldu da. Bat-batean, momentuko musikari onenak ekarri dira, nazioarteko antzerki konpainia erraldoi eta garestiak... Eta, publikoa ahaztu dugu, gizartea, horren aniztasuna. Izan ere, batzuetan ikusleez hitz egiten da ofizioa balitz moduan, baina ikusleak eta begiradak anitzak dira. Orain, dirudienez, entzun egin behar da publikoa. Badago publikoaren eta sortzaileen aldetik nahi bat, jarrera bat, aspaldian galdu zena. Jendea nazkatuta dago publizitate, marketing kanpaina eta enparauez. Ez du suziririk nahi.
Antzerki munduan, publikoarekiko lotura galdu egin da oso. Erakundeek inbertsioak egin dituzte antzoki eta azpiegituretan, baina inolaz ere ez da publikoan inbertitu. Dirua egon da, programatzaileek nahi dutena programatu dezaten, baina ikusleak beste leku batean daude. Diru publikoarekiko dependentzia handia egon da. Hala ere, baikorra naiz, eta esan bezala, antzerkiaren esperientzia kolektiboa itzuli dela iruditzen zait. Jendea ordenagailuari, ipadari edo bakardadeari lotuta dago eta, harrigarria bada ere, berriro, antzokiak betetzen ari dira. Hori ikusten dut Pabellon 6 aretoan, partekatutako esperientziaren bila dabilela gizartea.
Nola ikusten duzu Euskal Herriko eszena?
Iruditzen zait sortzaileok kultur kudeaketatik kanpo utzi nahi gaituztela. Sortu diren azpiegituretan ez da inoiz egon sortzailea azpiegitura hori zuzentzen edota kudeatzen. Beti hartu izan dira udal feudo gisa, non pertsona bakar batek, asmatutako kultur aditu batek, erabakitzen duen zer egin. Musika, dantza edo antzerkiko profesionalak hortik kanpo utzi gaituzte. Berreskuratu beharra dago espazio hori.
Horri kontra egiteko, adibide argi bat: Pabellon 6 aretoa.
Orain sortzaileak ez daude inoren zain, eta euren kabuz ari dira espazio eta modu berriak asmatzen. Hasiera batean, Pabellon 6ko sortzaileok uste genuen horrelako aretoa ez zela beharrezkoa, hainbat areto baitago Bilbon. Baina inon ezin dut egin gogoko dudan proiektua, edo nik nahi dudan denbora tartean. Bestetik, erretagarritasun ekonomikoaren irizpideen arabera baloratzen da egindakoa, baina badago beste kontzeptu bat oso kontuan hartu beharrekoa: errentagarritasun artistikoa, hau da, zerbait egitea jende multzo baten aurrean. Gero eta publiko gehiago daukagu eta hori horren emaitza da. Areto berri batek ez du kentzen, gehitu egiten du. Lan aukera handiak ematen ditu. Eta, publikoa bera da espazio hori elikatzen eta ekonomikoki sostengatzen duena. Administrazioaren menpe ez egoteak askatasuna ematen dizu gainera.
Kudeatzaile, produktore, gidoilari, zuzendari, aktore... Zure ofizioaren eremu guztiak jorratu dituzu. Nola definitzen duzu zure burua?
Aktore gisa, argi dago. Gauza asko egin ditut, nire ofizioa ondo ezagutzen dut, eta gauza horiek denak egin ditut une horretan beharrezkoak zirelako. Gauza asko ikasi dut halaber, ez dakidanaz konturatu naiz. Ez nuen horretarako asmorik, baina hainbeste lanetan egoteak ofizio honen ikuspegi zabal bat ematen dizu, eta hori funtsezkoa iruditzen zait. Egun, jendeak espezializazioaren alde jotzen du eta ez dago ondo ikusita han-hemen ibiltzea. Aktorea naiz, bai, bere zentzu zabalenean, aktore sortzailea.
Zer gertatzen da euskal zinemagintzarekin? Gutxi dago, eta gehienetan txikiei zuzendutako produkzioak dira.
Nik ez dakit euskaraz, eta amorru handia ematen dit nire trebetasun falta horrek. Cómicos de la Leguaren garaietan argi genuen euskal antzerkia euskaraz egin behar zela, eta orduko lan asko elebidunak ziren, narratzaileak euskaraz hitz egiten zuen bitartean, aktoreak gaztelaniaz ari ziren, baina orduko garaietarako baliagarria zen. Borondatea bazegoen, jarrera politikoa. Orduan ezagutu nuen mutil bat, antzerki testuak idazten zituena Arriaga antzokiko kafetegiko tertulietan, bere izena Bernardo Atxaga zen. Bera eta Joseba Sarrionandia izan nituen euskara irakasle, Euskalduntzen 5 mailaraino heldu nintzen... Inoiz eskaini didate euskarazko paperik, baina txarto egiteko, nahiago dut beste batek egitea, tranpetan ibiltzea iruditzen zaidalako. Zoritxarrez, gure belaunaldia gaztelaniaz hazi da.
Erakundeetan badago borondatea eta diru-laguntza filmen jatorrizko hizkuntza euskaraz izan dadin. Baina, gero, kontuak egiten hasten dira eta gehiengoak film horren erdarazko bikoizketa ikusi du. Txundigarria eta tristea da, baina hor dago borroka. Agian, erakargarria den zerbait asmatu beharra dago, hau da, ezinbestean euskara hutsez ikusi behar duzun zerbait. Antzerkian, horren aldeko militante asko dago, euren emaitza kulturala euskara hutsez egiten dutenak, borroka horretan daude Ander Lipus, Patxo Telleria eta Mikel Martinez. Baina borroka etsigarria da askotan, agian, euskarazko antzerkigintza bultzatzen duten horiek ez dutelako behar beste bitartekorik. Euskaraz ala ezer ez, itzulpenik gabe. Presentzia hori bermatu beharra dago, eta hori, lehen esan dudan moduan, ikusleengan inbertituz lor daiteke.
Mundua antzoki handi bat da?
Bai, dudarik gabe. Baina ditugun politikariak oso aktore txarrak dira. Beraien aburuz, gure alde egin dute, gure interesak babesten dituztela diote. Okerrena da guk, publikoak, ez dugula zorua ostikatzen! Lehen antzerki lan bat oso txarra zenean, ikusleriak zorua gogor ostikatzen zuen, edo bestela alde egiten zuen. Ostikada aukera hori galdu dugu, eta tradizio hori berreskuratu eta aldarrikatu behar dugu. Eta, egunkarietako kroniketan ager zedila, “halakoren diskurtsoa ostikatua izan zen, eta halakoren hitzei txistu egin zitzaien...”. Ikuslea barea da, otzana, agintean monarkia itsusi bat eta politikari ustelak izan arren.
LABek, STEILASek, ELAk eta CCOOek greba egutegi bateratua aurkeztu dute Bilbon: martxoaren 25, 26 eta 27, eta apirilaren 1 eta 2. Egungo hitzarmenak aldarrikatutako edukietatik urrun kokatzen direla adierazi dute, "bai sukaldearen eta garbiketaren kolektiboan zein... [+]
Euskal Herriko literatura gaztearen eta idazle hauen topagune bilakatu nahi den proiektu berriaren inguruan hitz egingo dugu gaur.
Larunbatean, martxoaren 8an, Urruñako herriak Daniela Albizu izena ezarri dio herriko etxearen aitzineko plazari, emazte abertzale honen memoria omentzeko.
Barakaldoko ospitaleko larrialdi zerbitzuan sufritzen ari diren "saturazioa larria" dela ohartarazi du sindikatuak. Pazienteak korridoreetan artatu dituztela eta krisia kudeatzeko "behar adina langile" ez dagoela salatu du. Errealitate horren aurrean... [+]
Komunitatea bildu, pilpilean dauden gaiez hitz egin, informazioa trukatu eta beste herrien esperientziak ezagutzea da herritar kritikoek egiten duten lehen ekintza, makroeoliko bat herrian jarriko diotela jakiten duenean. Halaxe egingo dute martxoaren 13an Andoainen: mendi... [+]
Inkesta gehienen arabera, Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar independentistaren eta Siumut sozialdemokrataren arteko aliantzak jarraituko du indarrean parlamentuan. Herrialdeko lehen ministro Mute Egedek hauteskundeak aurreratzea proposatu zuen, AEBen "kanpo presioek"... [+]
Ukrainako gudaren amaierak ondorio sakonak ekarriko ditu Europa osora. Europako elite ekonomikoek beren indar guztia jarri dute guda-zelaian eta galdu egin dute. Galtzaileek, elite globalistek, beren egitasmo kuttuna galduko dute, Europako Batasuna, eta Bruselatik europar... [+]
Varsoviako Barrutiko Auzitegiak argudiatu du González jada ez dagoela Polonian, eta ezin dutela jakin noiz aterako den Errusiatik. Auzitegiak ez du kazetari nabarniztarraren aurkako bestelako prodezurarik abian jarriko.
Mundua "oso azkar" aldatzen ari dela azaldu du Arnaldo Otegik, militarismorantz eta autoritarismorantz doala, eta norabide horren aurkako jarrera duela koalizio subiranistak.
Ukraina da munduan arma gehien erosten dituen herrialdea; munduko erosketa guztien %8,8. Merkatuaren ia erdia kontrolatzen duena, berriz, AEB dira: Europak erosi dituen armen erdia baino gehiagok jatorri estatubatuarra dute.
Azterketak amaitzearekin batera ohikoak bihurtu dira ikasleriaren artean, urteko garai honetan merkeak diren hegaldiak hartu eta adiskideekin bidaiatzea. Horrela egin dut neuk ere eta Londresera joateko aukera izan dut. Ildo beretik, bertan “euskaldun” pilarekin egin... [+]
Maiatzaren 12an Filipinetan egingo diren Bongbong Marcosen agintaldiaren erdiko hauteskundeek eman dezakete argibideren bat herritar xeheen artean kezka noraino errotu den begiztatzeko.
"No entiendo, en castellano por favor" eta gisakoak ohikoak dira eskolako guraso Whatsapp taldeetan, baina Irungo Txingudi ikastola publikoan euskara hutsean aritzeko modu erraz eta eraginkorra dute, behar duenarentzat itzulpen sistema berehalakoa ahalbidetuta.
Petrolio-ontzi batek eta zamaontzi batek elkar jo dute astelehen goizean Ipar Itsasoan, Ingalaterrako ipar-ekialdean. Talkak Jet-A1 erregaia zuen petrolio-ontziaren tanke bat apurtu du eta kezka da nagusi, izan ditzakeen ondorio ekologikoengatik.