Oinarrizko beharretara bideratutako borondatea

  • Garai txarrenetan ere izaten ei dira gauza positiboak eta azken urteetako krisi sozioekonomikoak utzi du ezer onik: jende boluntarioaren elkartasun eta konpromisoa. Askok besteen beharrak asetzera bideratzen dute beraien denbora, administrazio publikoak betetzen ez dituen arloetan.

Gabonen atarian, haurrentzako jostailuak bildu zituzten Gurutze Gorrikoek. 2012ra arte jostailu erabiliak jasotzen ziren eta azkenekoan jostailu berriak bildu dituzte, jasotako opariak ez daitezen izan desberdin sentiarazteko elementu bat.
Gabonen atarian, haurrentzako jostailuak bildu zituzten Gurutze Gorrikoek. 2012ra arte jostailu erabiliak jasotzen ziren eta azkenekoan jostailu berriak bildu dituzte, jasotako opariak ez daitezen izan desberdin sentiarazteko elementu bat.Gipuzkoako Gurutze Gorria
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Urteak daramatza Luis Arangurenek boluntariotzaren inguruan lanean eta gaiari buruzko hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu. Norbanakoak bere ekimenez hartzen duen konpromisoa, inolako irabazi asmorik gabe gizartearen alde egiten duen ekintza antolatua; gisa horretan definitzen du boluntario izatea. Garrantzi berezia ematen dio ekintza antolatua izateari: “Ez da banakako ekimena, talde-ekintza da. Ondorioz, batetik, elkarte baten helburuen alde egiten da lan, eta bestetik, komunitatearen alde. Boluntariotza elkartze-ehuna sortzen laguntzeko pieza da”. Beste konpromiso mota batzuekin alderatuta, ekintza boluntarioak gizartean normalizatzea lortu duela dio Arangurenek, eta azken urteetan areagotu egin dela: “Caritas izango da boluntario kopuru handiena duen elkarteetako bat eta krisi urteotan hazi egin da. Albiste ona da hori”.

Eneko Marin gazte donostiarra Gipuzkoako Gurutze Gorriko boluntarioa da 2005az geroztik. Larrialdi eta gizarte esku-hartzean aritzen da, eta berak ere nabaritu du boluntario kopuruaren hazkundea: “Jendea konturatzen da laguntza eskaini behar duela eta asko langabezian daudenez, lana aurkitu bitartean boluntario aritzen dira”. Zer ematen die boluntario izateak? “Baliagarri sentitzen zara besteei laguntzen eta errealitateaz konturatzeko ere balio du. Oso modu zuzenean sentsibilizatzen du, normalean telebista, egunkari eta irratian ezagutzen dituzun behar horiek gertu dituzula ikusten duzulako”, azaldu du Marinek.

Urteotako hazkundeak, ordea, alde iluna ere badu: boluntario gehiago baina erakunde gutxiago dago. Arangurenen esanetan, txikiak eta diru-laguntza publikoen menpe zeudenak desagertu dira: “Erakundeek autokritika egin behar dute, izan ere, Espainiako Estatuko elkartasun eta boluntario erakundeen %60 azken 20-30 urteetan sortu dira. Gehienek diru-laguntzei esker funtzionatu dute eta ez dute oinarri soziala landu: ez dute jarraitzaile, bazkide edo kolaboratzaile sarerik sortu. Ez zuten diru propiorik ezta kolaboratzaileen kapital sozialik ere, ondorioz, egun, tradizio luzeko erakunde handiak bakarrik ari dira bizirauten”.

Krisiak eragindako beharrak

Langabeziak, baliabide ezak… Egungo egoerak oro har, behar berriak ekarri ditu euskaldunon etxeetara eta horren ondorioak nabari dira boluntariotzan ere. Duela urte batzuk arte, batik bat jendeari egunerokotasunean, aisialdian eta bakardadearen aurrean laguntzea zuten helburu boluntarioek baina krisiaren eraginez, elikagaien, arropen, garbiketarako produktuen zein eskola materialaren banaketa lehentasun bilakatu da. Horrela erakusten dute, esaterako, iazko azaro amaieran elikagaien bankuek Hego Euskal Herrian egindako janari bilketek. Ohiko supermerkatuetan egiten duten eskaria zabaldu eta pare bat egunez ehunka gunetan bildu zuten janaria. Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, esaterako, emaitza ezin hobea izan zuen eta esperotako elikagaien bikoitza jaso zuen: 250.000 kilo inguru. Batutakoa behar gehien duten familien, gizarte-jangelen eta erakundeen artean banatu ohi dute bankuek.

Gizarte esku-hartzearen barruan, Gurutze Gorriak garai bakoitzari lotutako hainbat kanpaina gauzatzen ditu boluntarioen bitartez, behartsuenei laguntzeko asmoz. Igaro berri diren Gabonen atarian, adibidez, haurrentzako jostailuak bildu zituzten. 2012ra arte jostailu erabiliak jasotzen zirela eta azkenekoan jostailu berriak bildu zituztela azaldu digu Marinek. Aldaketa horrek badu arrazoia: haur guztiek baldintza berdinetan jolastea eta jasotako opariak ez izatea desberdin sentiarazteko beste elementu bat.

“Lehen, zerbitzu hauek etorkinek eskatzen zituzten gehienbat, baina azken bizpahiru urteetan, krisiarekin, bertako jende gehiagok behar ditu”, argitu du Eneko Marinek. Horrekin jabetuta, Gurutze Gorriak dirua batez ere hirugarren mundura bideratu beharrean, inguruko jendearen premiak asetzeko erabiltzea erabaki zuen eta egoera larrian daudenei laguntzeko Orain inoiz baino gehiago egitasmoa jarri zuen martxan 2012an. “Familien beharren arabera, etxea garbitzeko zein norberaren higienerako produktuak, ume txikientzako esne-hautsa eta eskola materiala dituzten pakete bereziak prestatzen dira eta familiei ematen zaizkie hilean behin, gutxieneko behar batzuk asetzeko”, azaldu du Gurutze Gorriko kideak.

Bestelako zerbitzuak ere eskaintzen dira egitasmo horren barruan, adibidez enplegagarritasuna hobetzea eta eskola arrakasta sustatzeko haurrentzako baliabideak eskaintzea. Abiatu zuenean, egitasmoa aurten amaitzea aurreikusi zuen Gurutze Gorriak, baina oraindik ere beharra dagoela-eta, 2015ean jarraituko dutela baieztatu du erakundeak.

Marinek azaldu duenez, “garrantzitsua da boluntariotza administrazio publikoa heltzen ez den lekuetara iristea. Gurutze Gorriaren asmoa ez da inori lehia egitea, zerbitzu publikoa iristen ez den tokian, edo bera iristen den bitartean, laguntza eskaintzea baizik. Administrazio publikoa heltzen bada zerbitzu horretara, Gurutze Gorriak ez dauka behar hori ase beharrik eta beste batera joko du”. Horregatik, erakundeak elkarlanean aritzen dira produktuak zein materialak banatzeko eta administrazioek familiei aurrez egindako jarraipenean oinarritzen dira. Finean, erakundeen arteko elkarlana da helburua: “Erabiltzaileentzako zerbitzua da eta asmoa denen artean behar guztiak asetzea da”.

Lana aurkitzeko laguntza

Egungo egoera sozioekonomikoan, lana aurkitzeak uzten die herritarrei lehen eguzki printzen berotasuna sentitzen. Boluntarioek horretan ere badute zereginik eta abenduaz geroztik, adibidez, lana bilatzeko gunea dute prestatuta Tuterako Gurutze Gorriaren zentroan. Boluntarioek kudeatzen dute gunea eta interneterako doako zerbitzua eta lan munduan murgildu ahal izateko hainbat tresna eskaintzen dituzte. Lanik gabe daudenei orientazioa eta aholkuak ematea dute xede.

Badira arlo horretan laguntzeko bestelako moduak ere: Iñigo Garcia duela bi urte hurbildu zen lehen aldiz Bilboko La Posada de los Abrazos elkartera. Haurrak atsegin ditu eta emakume baten alaba zaintzen hasi zen, hark lan egiten zuen bitartean. Elkarteak gizarte-bazterketa pairatzen duten pertsonei bizileku duina ematea du helburu eta egun, alokairuko logelak dituen zenbait pisu ditu Bizkaiko hiriburuan. “Seme-alabak dituzten emakume etorkinak etortzen dira gehienbat. Kolektibo honek zailtasun gehiago ditu eta seme-alabak norekin utzirik ez baduzu, askotan ez duzu lan egiteko hainbesteko prestasunik, errazagoa da bazterketa egoeran erortzea”, dio Garciak.
Kanpotik datozenei babesa eta lagunak egiteko aukera ematea zen Garciaren asmoa. Denborarekin, La Posada de los Abrazoseko kideak lagun modura ikusten ditu, boluntario gisa baino gehiago: “Oporretara elkarrekin joateaz ere hitz egin dugu. Elkarteak aukera ematen dizu gauza interesgarri ugari eskaintzeko duen askotariko jendea ezagutzeko eta lagunak egiteko”.

Betiko beharrak ez dira desagertu

Gizartearen norabidearekin bat eginez boluntariotzak lehentasun berriak ezarri baditu ere, betiko beharrek hor jarraitzen dute eta badira herritarren laguntza behar duten beste kolektibo batzuk. Nagusilan elkarteak adindun pertsonekin dihardu, eta etxean nahiz zaharren egoitzetan bizi direnak bakarrik senti ez daitezen ekintzak antolatzen ditu. Maite Gonzalo Azpeitiko Nagusilaneko arduraduna da eta zahar-etxe batean lan egin arren, astero hartzen ditu ordu batzuk eurekin boluntario aritzeko. “Asko gozatzen da beraiek ongi pasatzen dutela ikusita. Ikaragarria da, indar handiarekin irteten zara handik. Oso zeregin atsegina da eta gizartea zahartzen doan heinean, oso beharrezkoa”.

Elkarteko kide gehienak erretiroa hartua dute, bakoitzaren denboraren arabera laguntzen dute eta antzeko ekintzak egiten dituzte: egoitzetan daudenekin zein etxean bisitatzen dituztenekin kartetan edo bingoan jokatu, hitz egin, kalera atera, irteerak egin, edota norabait joateko beharra badute, lagundu. Kultura eskaintza ere badu Nagusilanek: egoitzetara bisitak egiten dituzten abesbatza, antzerki taldea, musikariak eta jota abeslariak. “Badirudi ez daukagula denborarik, baina bilatzen badugu, aurkituko dugu: eguneroko kafearen denbora eskaini astean behin behar duen pertsona bati. Oso atsegina da, kafeak baino zapore hobea du”, adierazi du Gonzalok.

Gozotasun berarekin bizi du Josune Ruiz gazteak urtero boluntario Lourdesera egiten duen irteera. Era guztietako zailtasunak dituzten pertsonekin lau eguneko egonaldia egiten du maiatzean, gazte taldearen bitartez aisialdirako ekintzak gauzatuz. “Hemen, gizarteak esaten duena zara, hara joan eta lau egunez ez dakizu zein ordu den, zer ekintza egin behar duzun baino ez dakizu eta ondo pasatzen duzu. Gainera, zerbait ona egiten ari zaren eta aurrean dagoenarentzat berezia zaren sentsazioarekin egiten duzu”, azaldu du Ruizek.
Xabi Vallina arrasatearrari ere ezagun zaizkio horrelako sentsazioak; oso gaztetan hasi zen garun-paralisia dutenekin boluntario Bizkaiko Aspace elkartean. Instituzionalizatu gabeko arloan dabil, aisialdian alegia, eta jolasak, irteera turistikoak eta oporrak partekatzen ditu erabiltzaileekin. “Eurentzat familiengandik askatzeko modua izaten da”, diosku; Aspaceko kideak elkarrekin erlazionatzeko eta lagun egiteko unea ere bada. Vallinak garbi du: “Boluntario gisa jasotzen duguna ematen duguna baino gehiago da”.

Hiru helburu

Parte-hartzea, elkartasuna eta justiziaren alde egitea dira, Luis Arangurenen hitzetan, boluntariotzaren hiru xede nagusiak: “Elkartasuna bakarrik lantzen bada, gizarte eta politika ikuspegia galtzen da, eta gauza bera gertatzen da parte-hartzea bakarrik sustatuta. Justizia soilik aldarrikatzen bada, berriz, pertsonekiko harremanaz ahazten gara. Ondorioz, boluntariotzak hiru elementuak behar ditu”.

Beste herrialdeetako beharrak guretik landuta

Aurrez bazuen esperientzia boluntario gisa Naroa Ciordia bilbotarrak, baina Medicus Mundiren beka batek eraman zuen Guatemalara eta kooperazioaren mundura. Indarkeria pairatu zuten emakumeekin lan egin zuen han, gizarte langile batekin emakumeei lehen harrera egiten. Osasun arloko Gobernuz Kanpoko Erakundea da Medicus Mundi eta hiru lan lerro ditu Guatemala, Honduras, Kongo eta Ruandan garatzen dituen proiektuetan: lehen mailako arreta, sexu eta ugaltze-osasuna, eta ura eta saneamendua. Hala ere, gizarte arloan aritu zen Ciordia Guatemalan: “Indarkeria pairatzen zuten emakumeei diru-sarrerak izateko autogestioan lagundu genien. Batzuk oso onak ziren brodatuak egiten eta nola antolatu zitezkeen landu genuen elkarrekin”.

Medicus Mundirekin dabil orduz geroztik, gaur egun Bilbon. Komunikazio eta Hezkuntza Batzordeko kide da eta hainbat sentsibilizazio kanpainatan hartu du parte. Iaz Gazteak Hegoaren Bila egitasmo arrakastatsua egin zuten EAEko Medicus Mundiren hiru delegazioek, gazteak kooperazioaren inguruan sentsibilizatzeko. Lan ezberdinak eskatu zizkieten parte-hartzaileei eta irabazleak Guatemalara bidaiatu zuten hango proiektuak ezagutzeko. Hemengo arazoetan ere murgiltzen dira eta duela gutxi komunikabideek inposatzen dituzten kanonak nerabeek –neskek batez ere– nola bizi dituzten ezagutzeko ikerketa egin dute. Aurrez Guatemalan egindako antzeko proiektu bat izan zuen oinarri lanak. Ciordiaren esanetan, “oso garrantzitsua da hemen sentsibilizatzea gero han lan egiteko. Hemen garrantzirik ematen ez bazaio, han ez dago zereginik, lan asko hemendik egiten da-eta”. Kooperazioan garatzen diren proiektu asko gurean idazten dira, besteak beste bertako erakundeen diru-laguntzekin egiten direlako.

Txostenekin laguntzen eta komunikazio arloan aritu zen baita ere Irantzu Aldama kooperantea, Guatemalan egin zuen lehen egonaldian. Ikasketek eraman zuten hara, baina itzuleran lanik ez, eta bide horri heldu zion. Duela bi hilabete hasi zen Mundubat erakundean, genero sailean. Erakundeak Hego eta Erdialdeko Amerikan, Afrikan eta Asian garatzen ditu proiektuak, hala nola Chiapasen (Mexiko), Kuban, Mendebaldeko Saharan eta Palestinan. Aldamak dioenez, epe luzerako Garapenerako Lankidetza proiektuak lantzen dituzte bertako emakume taldeekin. “Beraiek zein proiektu garatu nahi dituzten erabakitzeko aukera ematen zaie. Hemendik laguntza tekniko eta ekonomikoa ematen diegu eta han, koordinatzaile baten ikuskaritzapean, beraiek gauzatzen dituzte proiektuak”.

Herritarren lana, beraz, azpimarratzekoa da Aldamaren ustez, baita boluntarioena ere: “Gizarte arloan lan egiten hasi zirenean, jendea boluntario moduan aritzen zen, ez zegon horri buruzko ezagutzarik, baina pixkanaka jendea profesionalizatzen joan da gizarte arloan. Orain profesionalak daude eta lanik ez. Horien ezagutzak galtzen ari dira eta gizarteari ekarpenak egiteko erabil daitezke; ordaintzen ez bada ere, asko ikasten da boluntario”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gobernuz Kanpoko Erakundeak
Aita Mari ontziak 34 pertsona salbatu ditu Mediterraneoan

Igandean egin du erreskatea  Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]


Isa Egiguren, kazetaria: “Egoera zaila da eta erreskateak konplikatuak izan daitezke, horregatik psikologikoki ondo prestatuta joan behar gara”

Aita Mari ontzian salvamento marítimo humanitario izeneko gobernuz kanpoko erakundearekin lanean ari da Isa Egiguren kazetaria.


Deskolonizazioa eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak

II. Mundu Gerra amaitu ostean, Afrika eta Asia aldeko herrialdeen deskolonizazio prozesua abiatu zen. Izan ere, herrialde horietako soldaduek parte hartu zuten Alemania eta beronen aliatu faxistak garaitzen eta “esker on gisa”, menpeko herrialde horiei... [+]


2023-06-26 | Ilargi Manzanares
Aita Mari ontzia “itsasoko segurtasunaren araudia ez betetzeagatik” salatu du Italiak

172 migratzaileak Salernon utzi ondoren egindako azterketen ostean salatu dute Aita Mari itsasontzia Italiako agintariek. "Mediterraneoan ematen duen laguntza humanitarioa kriminalizatzeko saiakera" salatu dute Aita Mariren arduradunek.


Emakumeen mutilazio genitala prebenitzeko konpromisoa berretsi du Foru Legebiltzarrak

Ablazioa errotik kentzeko nazioarteko egunaren harira, praktika ilegal hau egiten den herrialdeetatik etorritako 4.000 emakume nafar daudela ohartarazi du Munduko Medikuak erakundeak. Talde parlamentari guztiek GKE horren komunitate-lana eta Nafarroako Gobernuko erreferentziazko... [+]


“Arropa dohaintzan ematea ez da zaborra ateratzea”

Udazkenerako arropa armairuratzen ari zarela eta beharra duen jendearentzat jantziak dohaintzan emateko aprobetxatu nahi duzula? Edozerk ez du balio, jantzietan ere duintasuna merezi dugu denok. Hala mintzatu da errefuxiatuentzako jantziak biltzen aritu den langileak.


Kooperazioak esanahi berria du
Garapenerako gobernuz Kanpoko Erakundeen indarra handia da munduan. Nazioartean garapenerako lankidetzara bideratzen den diru guztiaren %10 maneiatzen dute eta Europan bakarrik mota horretako 4.000 erakunde inguru daude. Neoliberalismoaren eta askatasun ekonomikoaren garaian,... [+]

Pandemiaren arrasto beltza herrialde txiroetan

Txertoen banaketa bidegabeak, milaka umeren hezkuntza eskubidea mugatzeak, prekarietatearen areagotzeak edota pandemiaren aitzakian egiten diren giza eskubideen urraketak herrialde zaurgarrietan ondorio larriak uzten ari direla gogoratu dute EAEko Gobernuz Kanpoko Erakundeek.


Lesbosko haurrei oparitzeko jostailuak bilduko dituzte Donostian

2021ean ere, milaka errefuxiatuk harrapatuta eta pilatuta jarraitzen dute Greziako Lesbos irlan, Europako kanpalekurik handienean. Bertako haurrei jostailuak oparitu asmoz, Zaporeak elkarteak eta Donostiako Morlans auzoko bizilagunek ekimena jarri dute martxan: auzo elkarteko... [+]


2020-09-30 | Axier Lopez
Kongoko 51 emakumek OME, Unicef eta zenbait GKEtako langileen sexu-abusuak salatu dituzte

Ikerketa batek agerian utzi duenez, munduko erakunde humanitario nagusietako boluntario batzuek Kongon zenbait emakumeren aurkako sexu-abusuak egin dituzte. 2018 eta 2020 bitartean izan zen. Ebolaren pandemia gogoorrari aurre egiten laguntzera bidalitako GKEtako gizonezko... [+]


2020-08-31 | Mikel Eizagirre
Beste arrantzontzi bat etorkinez beteta iritsi da Italiako kostaldera, eta protesta xenofoboak piztu ditu

Ehunka migratzaile zeramatzan itsasontzia igande goizaldean erreskatatu zuten. Haize bortitzaren eraginez hondoratzeko arriskuan zegoen. Italiako Lampedusa uhartera eraman zuten. 450 pertsona inguru zihoazen bertan, lehen kalkuluen arabera.


2019-12-16 | Ttipi Ttapa
Ekonomia arazoengatik, Paris 365 jantoki solidarioa ixteko arriskuan dago

Urtarrila baino lehen 100.000 euro lortzen ez badituzte, otsailetik aurrera jantokia ixteko arriskuan legoke. Jendarteari eta Nafarroako erakundeei laguntza eskatuz, SOS Paris 365 kanpaina abiatu dute

 


Aita Mari itsasontziak salatu du Espainiako Gobernuaren erruz blokeatuta jarraitzen duela Pasaian

Mediterraneoan laguntza humanitarioa eskaintzeko helburua duen itsasontzia da Aita Mari, garai batean atunetarako ontzia zena erreskate barku bihurtuta. Hain juxtu laguntza hori galarazteko asmoz, aitzakia burokratikoak erabiliz Espainiako Gobernuak Pasaian blokeatuta dituela... [+]


Eguneraketa berriak daude