Kazetaritzak ere estutasun ekonomikoak bizi dituen garaiotan, baliabide gutxirekin lan ezin hobea egin daitekeela erakutsi dute aurtengo Argia sarituek. Topatu.info webgunea, Maite Asensio kazetaria, Eider Olazar esataria, ErriGora ekimena eta Tribuaren berbak telebista saioa nabarmendu dira aurten.
PRENTSA IDATZIA
Maite Asensio Lozano, Berria
Berria egunkarian gizarte gaiak lantzerakoan, aintzat izan ohi du gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Maite Asensiok, genero ikuspegia duen kazetaritza hobea dela sinesten baitu. “Kazetaritzaren funtzioa bada arazoen erroetara joz informatzea, genero ikuspegia txertatzeak azalpen hobeak emateko aukera eskaintzen digu, hainbat gatazkatan sekulako eragina duelako generoak”.
Kazetaritza feminista indartzen doa eta Asensiok “luxutzat” du egunkari generalista batean horrelako gaiak askatasunez jorratu ahal izatea. “Egunkariotan bi joera daude: albisteak oso ikuspegi androzentrikotik ematen ditugu, askotan emakume batengan izango duen ondorioa kontuan hartu gabe, eta bestalde, erreportaje zabalagoak egiten dira gaiak hobeto lantzeko. Krisiarekin, baina, espezializazioa galtzen ari da”.
Horregatik, Berriak egindako apustua aitortzen du: “Saiatzen ari gara genero gaiak txukun lantzen erreportajeetan baina baita eguneroko albisteetan ere, batez ere, genero indarkeriaren ondorioz hilketa bat dagoenean, ikuspegi politikoa ere sartu eta azalduz zergatik hil duen emakume bat gizon batek, botere harremana zegoela, eta abar”.
IRRATIA
Eider Olazar Elduaien, Info7
Eguneko berri nagusien ondoren, gaurkotasuna zorroztasunez ezagutzeko aukera dute Info7ko entzuleek goizero Kale Gorrian irratsaioan. Eta horretarako prest izaten da mikrofonoaren bestaldean Eider Olazar, kolaboratzaile sare handi batekin. Hain zuzen ere, hauen ekarpena azpimarratu du Olazarrek, jasotako saria kolektiboa dela adieraztean.
Info7 baliabide ekonomiko mugatua duen hedabidea izaki, ezinbesteko lagun ditu teknologia berriak, eta sare sozialetan “erreferentzialtasuna” hartzen ari dela dio Olazarrek: 7.000 jarraitzaile ditu Twitterren eta 5.000 Facebooken. “Teknologia berrien bidez ahalik eta aukera gehien zabaltzea da gure apustuetako bat”.
Gainera, Kale Gorrian protagonista izan daitezkeen horiengana heltzeko bidea ireki dute sare sozialek: “Bestela zaila izango litzateke jende askorengana heltzea eta ahots ezberdinak biltzea lortzen da”.
TELEBISTA
Triburaren Berbak saioa, ETB1
“Urte askoren ondoren ETB1ek programazio osatua” izatea nabarmendu du Kike Amonarrizek, eta horretan Tribuaren berbak lekua izatearekin “pozik” agertu da, euskararen inguruko jakin-mina asetzen saiatzen baita astero. Lehen saioetan, euskarak munduko hizkuntzen artean duen lekua edo Lapuebla de Labarcako lehen euskaldun zaharra nor den aztertu du modu dinamiko, argi, jostari eta entretenigarrian.
Sorreratik nahi izan zuten publiko guztiengana iritsiko zen programa, horregatik, informazioa emateko adituen esanak eta bizipenak kontatzeko herritarren iritziak konbinatu dituzte. “Tribuak hitz egiten du, ez gara ari diagnosi hotzen inguruan, ez teoriaren inguruan, ari gara hizkuntzaren bizipenari buruz eta uste dut euskarak, zorionez, gure herrian emozio on asko sortzen dituela, indar soziala duela, sekulako atxikipena duela eta tribuaren kezka eta ilusioetako bat dela”, dio Amonarrizek. Euskararen egoera ona ez dela jakin arren, neurri batean, itxaropentsua eta indartsua dela nabarmendu nahi izan dute saioan.
Euskaraz ez ezik, honelako saio batek gaztelaniaz ere lekua izango lukeela uste du Amonarrizek: “Interesgarria litzateke horrelako programa bat erderaz ere egitea baina ezingo luke izan honen itzulpen zuzena”.
INTERNET
Topatu.info
Informaziorako webgune soila baino areago, hiru hankadun proiektu komunikatiboaren bitartekoetako bat da Topatu.info. Informazioarekin batera, formazioak, “gazteek elkarrekin ikasi eta ahalduntzeak”, eta hausnarketarako toki kolektiboak osatzen dute proiektua.
Gazte mugimenduak gizarteari bere ikuspegitik begiratzeko tresna da honakoa. Beraz, gazteak ditu informazio iturri, Iraitz Salegik azaldu duenez: “Mass mediek sortzen duten burbuilari zulotxo bat egin eta gure tokia egiteko tresnak herritarra izan behar du, eta kasu honetan, gazte mugimenduko oro izan behar da lehen informazio iturri. Horrekin ulertu behar da mezuak haiek nahi bezala, zehatz-mehatz, argitaratuko direla”.
Informazioa formatu ezberdinetan lantzen du Topatu.info-k eta bideoak dira indarguneetako bat: “Izugarrizko apustua egin genuen duela urtebete kalitatearen alde. Bere garaian bideo asko egiteko joera zegoen, baina ez ginen itsutu, bideoak landu eta txukun aterako genituela esan genuen”.
PUBLIZITATEA
ErriGora ekimena
Gure herriko bi oinarri lotu ditu ErriGora ekimenak: laborantza eta euskara. Eta horrekin batera, herritar ugariren ilusioa, elkartasuna eta parte hartzeko gogoa.
Antzeko egitasmo bat abiapuntu, ekimenari forma eman eta 2013ko udazkenean egin zuen Nafarroa hegoaldeko produktuak Euskal Herri osora zabaltzeko lehen kanpaina. ErriGorako Peru Aranburu eta Xabier Gojenolaren esanetan, produktu-sorta ugari saldu zituzten, herritar askoren laguntzari esker: “Saskien banaketan jende pila inplikatu da, kutxak muntatzen, komunikazio lana egiten; bitarteko urriko ekimena izan arren, jendearen parte-hartzeak eman dio izan duen arrakasta”.
Saldutakoaren diru zati bat Nafarroa hegoaldeko euskalgintza bultzatzeko izango da, han ez baitago bermatuta euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea. Zentzu horretan, “ekimen honek erakutsi du Euskal Herrian dauden errealitate ezberdinei, kasu honetan Nafarroa hegoaldekoari, herri bezala erantzuteko aukera badagoela”.
Urtarrilaren 31n bilduko gara Usurbilgo Atxega jauregian Argia Sariak banatzeko. ARGIAko lantaldea ari da balizko saridunen zerrenda osatzen. Hala ere, irakurleon proposamenak beso zabalik jasotzen ditugu urtero.
Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]
Dani Blancok ateratako argazkiak Usurbilen.
Folklorea kristalizatu den gauza hori zela zioen Ion Celestinok ARGIAn. Eta tradizioa, aldiz, une jakin batek ematen duen lorea dela azaltzen zuen.
ARGIA Sariak “tradizio” bilakatu direla esango genuke gaur egun. Hasteko, eta gehiegi pentsatu gabe, 35. urtez... [+]
Gordegia.eus, Donostiako Egia auzoko artxibategi grafikoak jaso du interneteko Argia Saria. Herritarren memoriaren lekukotasuna denon eskura jartzeagatik eman zaio saria, eta Arkaitz Artola, Juanpe Urrosolo eta Fernando Olaldek jaso dute Antton Mendizabalen oroigarria.
Sahara. Herri bat erresistentzian liburuak jaso du 2024ko prentsa saria. Herritarrei ahotsa emanda, sahararren aurkako errepresioa eta haien erresistentziarako kemena transmititzeko egindako ahaleginagatik jaso du saria Kristina Berasain Tristan liburuaren egileak.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak jaso du 2023an egindako komunikazio kanpainarik onenaren saria. Aspalditik datorren borroka bati bultzada berria emateagatik, eta ingurumena eta herritarrak erdigunean jartzeko lanean aritzeagatik eman dio ARGIAk saria. Antton Mendizabalen... [+]