"Zilegi iruditzen zait debalde jotzea, baina dirua eskatzea ere bai"

  • “Libreeeeeee izateko haiz jaioa...”.

Aitor Gorosabelek 1987an sortu zuen Su Ta Gar taldea institutuko lagun zituen Xabier Bastida, Asier Osoro eta Borxa Arrillagarekin.
Aitor Gorosabelek 1987an sortu zuen Su Ta Gar taldea institutuko lagun zituen Xabier Bastida, Asier Osoro eta Borxa Arrillagarekin.Dani Blanco

Gitarraren atzean baino lehen jarri zinen pianoaren gibelean.

Etxeko pasilloan zegoenez, bertatik pasatzen nintzenero tentatzen ninduen. Aita egoki moldatzen zen eta jolasean hasterako Binbili Bonbolo jotzen nuen atzamar bakarrarekin. Gogoratzen dut, 5 urte baino gutxiagorekin, atzamar bakarreko abiaduran, melodiak jotzen nituela. Gitarrarekin ordea, nerabezaroan egin nuen topo. 13-14 urterekin gure arreba zaharrenari akorde sinpleak ikusi eta “Guk euskaraz...” eta abarrekin saiatzen nintzen. Geroxeago, Norton anaiari kanta punkyak entzuten nizkion eta akorde punkyetara egin nuen salto. 16-17 urterekin iritsi zitzaidan heavy metala belarrietara, eta hor ekin nion gitarristen trikimailuak irudikatu eta aztertzeari. Ez zegoen egungo erraztasunik, ingurukoengan edo kontzertuetan ikusia zureganatu, soloak eta eskalak ikasi, irudimena izan, mugitu eta aurrera!

“Rock Radical Vasco” deritzona puri-purian zegoen...

Umea nintzela Benito Lertxundi edo Pantxoa eta Peio entzuten ziren gurean. Geroxeago, Itoiz. 13-14 urte nituela atera zuen La Pollak diskoa, eta berehala murgildu nintzen Hertzainak, RIP edo Erresuma Batuko punk taldeen giroan. Heavy metala entzutean inkontzienteki jolas teknikoagoak eta musika konplikatuagoa egiten hasi arren, Pantxoa eta Peiotik Eskorbutora arteko protesta kantek eragin handia dute nigan abestien letrak idazterako orduan. Musikalki, ez horrenbeste. Gaztetan, indar itzela daukazu, grina asegaitza, ez duzu beldurrik, eta oso kontziente ez izan arren gustuko taldeak imitatzen dituzu. Gitarra eskuetan egiten duzu amets. Nik solfeoa ikasi nuen baina gitarra irakurtzen ez dakit. Horregatik, beti jarraitu izan diot melodiari.

Zer da gitarra zuretzat?

Penatzen nau baina hasieran zeukan magia galdu eta nire ogibidearen parte da orain. Hastapenean, dena zen berezkoa, dena senari jarraitzea, ia konturatu gabe egiten genuen dena. Orain gehiago kalkulatzen dut, ez ditut eraginak nabarmen agertu nahi, sortzerako orduan askoz gehiago konplikatzen naiz. Atseden hartu orduko ordea, gitarra hartzeko beharra sentitzen dut. Baina bai, urteak aurrera doaz, familia dela, lagunak direla, bizimodua aldatzen da, eta gitarra lan tresna bihurtu zait. Dena den, nik gitarrari bizitza zor diot eta ezin dut gitarrarik gabeko etorkizunik irudikatu. Lehen gitarrarekin erotuago ibiltzen nintzen, orain nigan errotuago dago. Magia galdu arren nire parte da.

Su Ta Gar-ek ere zure parte behar du. 1987an, institutuko lau lagunek sortua... Telesail bateko argumentua dirudi.

Agian ez gaur bezainbeste, instrumentuak eta anpliak eskuratzeko erraztasunik ez zegoelako, baina talde punkyak sortzeko modatxo batek zeharkatu zuen gure belaunaldia. Gure ibilbidea bezain naturala izan zen gure hasiera. Xabi eta Borxa gela batekoak ziren eta Asier eta biok bestekoak. Xabik eta biok bistaz elkar ezagutzen genuen arren, euskal udalekuetan harremana sendotu eta gitarrarekin bueltaka hasi ginen. Ordurako, Xabik bazekien Borxak Delirium Tremenseko Txufuren etxean bateria jo zuela eta horri buruz hizketan orduak ematen zituztela. Proposamena luzatu eta baiezkoa eman zuen, bateriarik ez zeukan arren. Aldi berean, nik banekien Asierrek txistua jotzen zuela, eta “txistua jotzen baduzu, baxuarekin moldatuko zara!” bota nion eta ez zuen atzera egin. Hasiera hartan, Xabi eta biok ezer gutxi genekien baina Asier eta Borxa zerotik hasi ziren! Hala, denbora pasatzeko hartu partez talde bat osatzeko hartu genuen lokala, eta zortzi hilabete geroago, kontzertua eman genuen.

Zer da kanta ona zuretzat?

Sinpleagoa edo konplikatuagoa izan, entzuleari heltzen zaiona, zerbait mugitzen diona. Ez dakidana da kantu on bat nola sortzen den. Normalean, gitarra eskutan hartu eta jolasten hasten naiz, maiorretik menorrera pasatzen, atzamarra gorago edo beherago jarriz probatzen, eta unean-unean kantak eta senak eskatzen didatena egiten. Oso bitxia da, zenbaitetan parean jotzeko gutxi falta zaizula iruditu eta ezin diozu jarraipenik eman, eta beste batzuetan jotzen hasi eta ohartzerako ateratzen zaizkizu estrofak eta errepika. Askotan azken horiek izaten dira kantarik fresko eta indartsuenak. Zorionez edo zoritxarrez, ordea, ez dago formula magikorik. Garbi dagoena da gure kantuek bilakaera bat izan dutela. Gustuko taldeak imitatzen hasi ginen, erreferentziak argiagoak ziren, baina talde bezala sendotu ahala, gure izaera landu eta besteen eraginetatik ihesi ibili gara. Horrek ez du esan nahi eraginik ez dugunik, gure filtrotik pasa eta askoz gordeagoak direla baizik. Ezinbestekoa da identifikagarriak izatea, zure musikak zure zigilua itsatsita eramatea. Jotzen hasi eta jendeak beste talde bat zarela uste badu jai daukazu. Gure kasuan, berdin da zer motatako abestia den, ahotsa sartzerako edo solo bat entzuterako jendeak badaki Su Ta Gar dela. Horrek ematen digu nortasuna, hori da jendearengana heltzeko gure bidea, horregatik gara jendearen parte.

Jabetzen gara zer den 27 urte oholtza gainean?

Lapiko espressaren garaian bizi gara, eta gureak plop-plop-plop egindako babarrunak dira. Asko aldatu da mundua, bizimodua, jendearen harremanak izateko era... Azalekoagoa da dena. Bukatu da denda txikietako giza-lotura, haurrak auzoan etxe batetik bestera ibiltzen zirenekoa, beste mundu batean, beste eskema batzuetan gabiltza eta musika ez dago hortik salbu. Gizatasuna eta harreman zuzena desagertu egin dira kontsumoaren eta itxuraren mesedetan. Egun, moldeko kanta onak nazkatu arte jarriz deuseztatzen dituzte, eta bitartean, formulatik at dauden abestiak ez dira entzuten. Salerosketaren oihanak gauza asko faltsutzen ditu. Gu, gure indar eta oztopoekin, zirrikituetatik gure bidea egiteaz arduratu gara beti, eta horregatik mantendu gara. Ez dakit jendea irautearen merituaz eta esanahiaz jabetzen den. Konturatzen gara Barricada desagertzean gure bizitzako zati bat desagertzen dela? Oraingo talde komertzialen desagertzearekin ez da horrelakorik gertatzen. Jendeak berehalako kontsumo erraz eta azkar horretan mugitu nahi du, baina era berean, arrastoa uzten eta irauten duten heldulekuak behar ditu. Irauten ez duena ezin liteke inoren bizitzako soinu banda izan.

Musikari profesionala izateak oihan horretan defendatu beharra esan nahi du?

Musikari profesionalak izan arren, sistemak eskatzen duen musikarekiko baztertuak sentitzen gara. Oso gutxi dira munduan ezagunak egin diren metal taldeak. Formula komertzial estereotipatuak ez du gogortasun puntu batetik gorako ezer onartzen. Era berean, badago heavyzalea den publikoa, baina gauzak zer diren, Euskal Herrian gure jarraitzaileak ez dira batere heavyak, oso jende multzo heterogeneoa da, eta horri esker lortzen dugu hainbeste urteren ostean komertziala ez den musikarekin aretoak betetzea. Horrek ez du esan nahi ordea gure kantak publiko horri egokitzen saiatzen garenik. Estilo ezberdineko disko koloretsu bat egitea ez da erabaki komertziala, gorputzak eskatutako zerbait baizik. Sortze prozesua zaildu arren, ez zait gustatzen disko homogeneoak egitea, nahiago dut alor eta fazeta ezberdinak landu. Intentsitate gora-beheretan ibiltzea ez da komertzialtasunari men egitea. Jakina nik ere heldu nahi dudala jendearengana, nik ere saldu nahi ditudala diskoak, baina nire buruarekin zintzoa izanez.

Diskoak saltzea lan zaila bihurtu da, agidanez.

Azkenean gurpil bat da dena. Nire ustez, unibertsala izaki kulturak doan behar lukeela dioten mezuak oso guaiak dira, populistak, belarrira oso gozo sartzen direnak, baina niri ez zaizkit oso errealak iruditzen. Lan artistikoa askoz lagunduago eta babestuago egon behar litzateke: jotzeko lekuak eskura izan, grabatzeko erraztasunak eman, horretara dedikatzeko baldintzak sortu... Irtenbidea ez da beste lan bat edukita musikan orduak sartu eta horren emaitza jendearentzat doan izatea. Hori faltsua da, ezer ez da debalde. Zuk dirurik galdu ez arren Movistar, Euskaltel eta abarrek irabazten dute. Gero betiko kontraesanak datoz. Futbolera joateko dirua badugu eta CD bat erosteko ez. Disko edo pelikula bat egiteak gastu handia dakar baina klik bakarrean doan jaitsi liteke, eta bitartean, 6 eurorekin lau txapata ogi baino ezin litezke erosi.

Musikarentzat beharrezkoa da industria?

Nire ustez egokiena da. Horrela, artistak arlo artistikora gorputz eta arima dedikatzeaz gain, funtzionatzen duten estudio gehiago egongo lirateke, diskoetxe eta banatzaileetan jendea lanean, dendak zabalik... Gaur egun, musikariaren etxetik internetera zuzenean igaro liteke, eta kostuak merkatu arren, ez zait gustatzen diskoetxeak ixten, banatzaileak eta estudioak larri, eta dendak desagertzen ikustea. Jendeak disko bat erosteko dendarik ez daukan puntura heldu gara! Baina, diodanarekin kontraesanean, gu ere autoekoizpenera pasa ginen eta horrek desgaste izugarria dakar. Jakina, gero pastel osoa zuretzako da, baina oso txikia da dagoeneko. Nahiago genuke pastel handiagoa diskoetxeekin banatzea, musikaren balorea bermatzen dela esan nahiko luke.

Noiz esango da artistarena ogibide serioa dela?

Ez dakit. Edonork ezin du musika ogibide bihurtu. Tailerrean hasten den edonor ogibidez hasten da eta, gutxiago edo gehiago, ordaindu egiten zaio. Musikan ez, musikan hastapenetan inork ez du zugatik ordaintzen. Hala, artista batzuek diru mugimendua sortzen dute eta beste batzuek ez. Hor, bekaitz, inbidia eta deslegitimazioak sortzen dira. Esaterako, nire ustez interneten kantak doan eskegitzen dituzten gehien-gehienak oso gutxi saltzen dutenak dira. Jende horrek beste lan bat dauka, musika aisialditzat du, eta musikatik bizi litekeena kritikatzen hasten da. Zergatik eskatzen zaio doan lan egitea musika talde bati eta iturgin bati ez? Doan lan egiteko prest dagoen iturgin bakar bat ez dagoelako, baina doan jotzeko prest dauden taldeak ehunka. Hortik sortzen dira “diruagatik soilik jotzen dute!” bezalako kritika iraingarriak. Zilegi iruditzen zait debalde jotzea, baina dirua eskatzea ere bai. Gu ez ginen aberasteko hasi, ondo pasatzeko asmoz baizik, baina jendea erruz biltzen hasi ginen, eta konturatzerako, guk egiten genuenetik inguruko guztiek dirua ateratzen zuten, guk izan ezik. Guk sortzen genuena guk kudeatzeko egin genuen profesionaltasunaren apustua. Badakit Euskal Herrian musika eta elkartasuna tradizioz oso lotuta daudela, baina doan jotzeko deitzen digutenero sekulako korapiloan lotzen gaituzte. Euskal Herria oso herri txikia da eta nonbait jotzeak bolada baterako inguru hori erretzea dakar.

Nolako korapiloa dakar zentsurak?

Hasieran itzela, baina denborarekin, errepresioa jasaten ari diren euskal herritar gehienak bezala normaltasun baten barruan bizi izan dugu. Lehen kontzertua izorratzen dizutenean, nahi eta ezin izugarria pilatzen zaizu, baina ohitu egiten zara. Su-etenaren aurretik kezkaz eta beldurrez ere egon ginen, edonor edozein aitzakiapean sartzen zutelako kartzelara, baina oro har, inpotentzia dakar kanpoan ezin jotzeak eta amorrua Euskal Herrian jotzeko hainbeste traba gainditu behar izateak. Ez dakit horren aurrean gure estrategia izan zen onena. Ez genion aurre egin, ez genuen sutara egurrik bota nahi izan, ez genuen telebistan gure egoera salatu, Madrilen jotzea ezinezkoa zitzaigula ikusita ez ginen itsutzeraino ahalegindu... Garbi dagoena da kalte itzela egin digula. Orain hamabi-hamahiru urte festibaletan muturra sartzea lortu genuen, baina goizetik gauera dena eten zen, eta oraindik asko kostatzen zaigu festibaletan jotzea.

Nortasun agiria

Aitor Gorosabel. 1970eko otsailaren 2an sortu zen Eibarren. Ume-umetan pianoarekin hasi arren, nerabezaroan gitarra astintzen hasi eta 1987an Su Ta Gar taldea sortu zuen institutuko lagun zituen Xabier Bastida, Asier Osoro eta Borxa Arrillagarekin. Euskarazko heavy metalaren aitzindari, disko eta kontzertu andanaren ostean, Bizirik Gaude lana argitaratu dute bidea jorratzen segitzeko asmoa argi utziz.

Jo Ta Ke

“Gure lehen bi kantuetako bat da Jo Ta Ke. Gogoan dut kantua osatu eta lehen entseguan, bateria gainera igota, ileak puntan, 20 aldiz jo genuela bere “je je je” mitiko eta guzti. Geroztik abesti mordoa konposatu dugu, ederrak eta esanguratsuak batzuk, baina hasiera hasierako Jo Ta Ke hura da gure kanta ezagunena eta ikurra”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Su Ta Gar
2021-07-28 | Iker Barandiaran
Su Ta Gar: «Aspalditik genuen autoekoizpenaren proba egiteko gogoa, zelakoa den jakiteko»
Taldeak ia 20 urte bete ondoren, jo eta ke jarraitzen duzue. Zerk ematen dizue indarra?
Taldea gure bizitza da. Deitzen diguten eta kontzertuak ematen jarraitzen dugun bitartean aurrera egingo dugu. Belaunaldi berriekin ere hartu-eman handia daukagu, eta hori oso garrantzitsua... [+]

2019-09-10 | Dabi Piedra
Zarata ona

Hiru hamarkada eta ehunka kontzerturen ondoren, Su Ta Gar taldeak betiko indarrari eusten diola ikusi ahal izan dugu 30. urteurreneko biran. Bilboko Aste Nagusian jo zuen Eibarko laukoteak bira horretako azken kontzertua, Abandoibarrako agertokian. Musika eta oroitzapenak... [+]


2012-10-17 | Iker Barandiaran
SU TA GAR
"Arimadun kantak sortzea izan da gure nahia beti"

Eibarko taldeak baditu hainbat ezaugarri ezohikoak eta berezkoak. Haiei esker daramatza bi hamarkada luze agertokietan, duintasunez eta proposamen irmoetan eroso. Euskal jendartearen –bereziki gazteen– bozeramaile natural izan dira askotan. Metal melodiko... [+]


2012-06-07
Eztabaidarako gunea izango da EHZ jaialdian gai ezberdinak jorratzeko

Ekainaren 29tik uztailaren 2ra bitartean egingo da Heletan (Nafarroa Beherea) Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdia. Ohi bezala, musika kontzertuek osatuko dute jaialdiaren bizkarrezurra, baina eztabaida eta gogoetarako tartea ere izango da. Beste gai batzuren artean, krisi... [+]


2012-05-14
Senpereko aintzira gainezka

Herri Urratsek, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko festak sostengu garrantzitsua lortu zuen atzo, joan den urtetik aurreikusita duen hazkundeari erantzuteko hain premiazkoa duena. Iazko Herri Urratsen emaitza oso ona izan zen, Seaskako zuzendari Hur Gorostiagaren hitzetan,... [+]


2010-05-06
Arabatakada musika jaialdia indarberriturik bueltan da

Atzo aurkeztu zuten ofizialki Arabatakada jaialdiaren zortzigarren edizioa. Datorren maiatzaren 14an, ostiralarekin, ospatuko da Gasteizeko Mendizabalako landetan.


2007-02-21 |
SU TA GAR
"BERDINAK IZATEN JARRAITZEN DUGU"
Kasik hamabost urtetik gorako ibilbidearen buruan, Su ta Gar taldeak tenore egokia ikusi du lehen zuzeneko lana, "Jo ta Ke", argitaratzeko; 23 kantuz osatutako CD bikoitza, heavy euskaldunaren aitzindari izan den taldearen bilduma indartsua, Gor etxearen eskutik.

Eguneraketa berriak daude