"Udalaren lanik garrantzitsuena bizikidetza sustatzea da"

  • Errenteria, 1978. Bertako alkatea da EH Bilduren izenean. Hedabideek herria famatu dute bizikidetzarako Eraikiz ekimena dela eta. “Errenteria famatu zuten indarkeriarengatik eta bakegintzan ospetsu bihurtzen ari da” izan dira bere azken hitzak. Alkatearena “lan gogorra baina polita da” esan digu ere, intentsitate handikoa.

"Eraikiz ekimena goiko unea izan zen, baina badira beheko uneak ere. Normalizazio politikoa zerra hortzak dituen prozesua da". (Argazkia: Dani Blanco)

Xabin Olaizola izan zen Errenteriako lehen alkatea, 1979an, HBkoa. “Herri munstroa” gisa azaldu zuen berau Argian (Artaso, 1982. urtea/927 zbk.). PSEk gobernatu zuen herria hurrengo zazpi legealdietan. Aldi honetan ezker abertzalea gobernatzen ari da, EH Bilduren eskutik.

Egiguzu Errenteriaren argazki soziala.

Xabin Olaizolak “herri munstroa” deitu zuen garaian Errenteria industrializazio garai sendo batetik desindustrializaziora iragana zen. 1950ean 15.000 biztanle zituen eta 1975ean 46.000. Horietatik %40 urte horietan estatutik etorriak ziren. Imajina ezazu horrek zer-nolako eragina izango zuen lur hedaduran eta jendearen pentsamenduan. Gizarte fenomeno izugarri bortitza da hori. Herriaren orografia lekuko: altuera handiko etxeak, kale estuak, dentsitate handiko auzoak, azpiegitura konplexuak... Industrializazio garaian Manchester txikia deitzen zioten herri honi. Industriaren gainbeheraren ondoren, fabrikak zeuden tokietan etxeak egin zituzten, baina gure garapen ekonomiko eta sozialerako ez dugu alternatibarik aurkitu. Langabezia tasa Gipuzkoako bataz bestekoa baino altuagoa da, per capita errenta azkena daukagu. Errenteria/Orereta anitza da, jatorri ezberdinetako pertsonek osatua, oso dinamikoa, mugitzen ohituta. Proletario izaerari lotutako herri langilea.

Bizikidetzarako Eraikiz ekimenak ospea eman dio orain. Zein da 30 urtez gatazkan bizitako herritarrak eta alderdiak bake bideari lotzeko gakoa?

Legealdia hastean bi lan ildo nagusi zabaldu genituen: bat, krisi ekonomikoari erantzutea gure txikitasunetik, eredu txikiak baina egokiak planteatuz. Bigarrena, normalizazio politikoa helburu, bizikidetza lantzea. Herri honek drama izugarria bizi du. 30 hildako ditu bizkarrean, baita zauritu, torturatu eta mehatxatu pila ere. 15 preso daude. Etorkizunerako oinarri sendoak jartzeko, aurrez aurre begiratu behar diogu gertatuari. Pertsonen arteko konfiantza sortzen hasi ginen eta konfiantza horrek aukera eman zuen Eraikiz ekimena [Zine zikloa, besteak beste] egin ahal izateko. Gero entzutetsua izan dena.

Pertsonen arteko “keinuak” egitearen garrantzia nabarmendu da.

Oinarria pertsonen konfiantza lortzea da, pertsonak egiten du bizikidetza posible. Eta hori ez da geure herriaren ezaugarria, beste herrietan ere egiten ari dira. Dena den, eta halaber, halako egoera sortzeko testuinguru politiko orokorra funtsezkoa da, hori ezean ez dago egiterik. Gurean pertsona ezberdinen arteko kointzidentzia izan da, diferentzia ideologiko handiak ditugun arren, ulertu dugu elkar. Elementu batek batzen gaitu: jarrera humanoa. Keinuak egitearen garrantzia diozu, nik batzuk egin ditut, eta beste batzuek ere bai. Lehen keinua alderdi sozialistak egin zuen Casa del Puebloren berrinauguraziora gonbidatu ninduenean. Etxeak 28 eraso jasan zuen Errenterian. Joan izana ongi baloratu zuten.

Eraikiz zikloaren aurretik biktima guztiei telefonoz deitu omen zenien.

Deitu nien, baina izugarri lagundu zidan alderdi guztiek bat egin izanak. Biktima batzuen jarrera ezberdina litzateke alderdi guztiak bide horretan bildu izan ez bagina.

Keinuak eta ausardia. PPko Txema Herzogen ausardia aipatu da.

Txema Herzog zinegotziarena da kasu nabaria, PPrena jarrera immobilistena delako. Berak egin dituen deklarazioak egiteak eta horrelako ekimen batean parte-hartzeak balio handia dute. Nik bera errekonozitzen dut eta berak ni errekonozitzen nau. Txemak modu onean hitz egiten du gutaz eta guk ere hartaz. Bere jarrera goraipatu behar da, egoera ez delako batere erraza. Baina guztion jarrerak izugarri balio du, nork bere tamainakoa, denonak dira beharrezkoak.

Zuen esperientzia hobeto ezagutzeko. Azaldu iezaguzu benetako unea nolakoa izaten den, arerioak parez pare esertzen direnekoa.

Garrantzitsuena ideologia ezberdineko 300 pertsona areto berean lau egunez biltzea izan zen. Aretoa beteta partekatzea eta jatorri ezberdineko biktimen mezuak entzutea, denok denona entzutea, nahiz eta batzuetan denon gustukoak ez izan. Hori da bizikidetza lantzeko modua. Hori ezin du Eusko Jaurlaritzak egin, hori herriak bere herrian egin behar du. Noski, herritarrek alderdi politikoen ordezkariak eraman zituzten, beste egoera batean ez lirateke egongo. Udal mailako lanak garrantzia berezia dauka.

“Bertan geundenok bakarrik dakigu zer sentitu genuen gela hartan, bakearen eraikuntzan kide ginela sentitu genuen”, esan zenuen gero.

Pertsonon alderdi humanoa sentitu baikenuen. Txemaren jarrera aipatu dugu, PSEko zinegotziek era gogor eta pertsonalean bizi dute gatazka. Horrek izugarri eragin du harremanetan. Zazpi dira, denak ez dira berdinak, bakoitzak bere modura bizi du une hau. Iritsi garen tokira iristeko denbora behar da, lana gorabeheratsua izaten da. Eraikiz ekimena goiko unea izan zen, baina badira beheko uneak ere. Normalizazio politikoa zerra hortzak dituen prozesua da.

Presoen mundua hurbilekoa duzu. Nola hurbildu ETAren biktimen aldera?

Biktima kopurua zabala da, denak lokalizatzea ez da erraza. Ekimenaren berri helarazi genien. Euren datuak eta bizipenak biltzen hasi ginen. Baina biktima batek ez badu bertan egon nahi, ez dago ezer egiterik. Batzuek alkatea entzun nahi izan dute. Hitz egin dudanekin izandako sentimendua ona da. Guztiekin elkarrizketa zintzoa izan da. Jose Luis Caso zinegotziaren Juani alargunak eman zuen oso pauso sendoa. Eraikiz zine ziklora etorri zen, oihartzun mediatiko handia sortu zuen. Muxu eman genion elkarri eta hurrengo egunean egunkarietako portada izan zen. Keinu garrantzitsua izan zen, baina lehenago Radio Euskadiko Ganbara saioan elkarrizketa batean Txema Herzog, talde parapolizialek 1983an bahitu eta tortura zuten pertsona bat, Manuel Zamarreño zinegotzia zenaren alaba eta laurok egon ginen. Testigantza gogorrak entzun ziren, baita negarrak ere. Horrek emozioak askatzen lagundu zuen. Ni neroni eroso sentitu nintzen denekin, Zamarreñoren alabarekin ere bai. Zintzoki hurbiltzen garenean badago aurrera egitea. Izan ere, emozioak pertsonarengan eragiten du, une horretan norberak daraman gorrotoak bidea zapuztu dezake. Nire esperientzian ez da zorionez hori gertatu, baina gerta daiteke.

Keinuak, ausardia eta diskrezioa omen dira bake bidean beharrezkoak, hedabideak tarteko direla.

Bidea modu diskretuan egin behar da, hainbat gauza ezin dira zabaldu prentsaren bidez. Estatuko hedabide nagusien jarrera ezaguna da. Eraikiz ekimena ez zen gaizki baloratu, ez alderdi politikoek ez prentsak. Batzuek ez zuten baloratu eta hori ere positiboa da. Baina, kontuz, badago prentsan sektore bat bere-berezko intentzioak dituena. Adibidez, Jaietarako Txosnen batzordeak baldintza batzuk jarriak zituen iraganean. Horietako batek horrela zioen gutxi gorabehera: “Ez dira jarrera espainolistak onartuko”. Legealdia hasi eta ez genuen hori behar bezala begiratu. PSEk hori salatu zuen eta El Mundok zabaldu zuen Eraikiz ekimena desitxuratzeko. Gezurrak gehitu ziren artikuluan. UPyDk fiskaltzara eraman zuen. Zorionez artxibatu zen. Hau da, hedabide batzuek egin duguna zapuzten saiatu dira eta saiatuko dira.

Urtarrilaren 11ko manifestazioaren ondoren zer hauteman da herrian?

Inflexio puntua izan da, baina gizarte sektore konkretu batean batez ere, beste sektore batean ez hainbeste. Dena dela ere, preso politikoen eskubideen gaian iragana eta geroa markatu du. Herrietan ikusiko dugu zer sortzen den. Manifestazioak oraindik ez du eragin gizartean behar dugun adostasun transbertsala lortzeko, ez du hori ekarriko berehala. Desblokeoa gainditzen lagundu dezake noski, baina datozen gertakari politikoen arabera betiere. Gure herrian ere Gure esku dago ekimena aurkeztu berri da, eta herritar anitzek babestu dute.

EH Bilduk Gipuzkoan gobernatzea lagungarria izango duzue herrian?

Gipuzkoan badago bizikidetzarako programa bat. Hamalau herritan ari gara Foru Aldundiaren programa lantzen. Herri bakoitzak bizikidetza programak eta esperientziak eramaten ditu bertara. Uste dut udalerrietan garai berria eraikiko dela etorkizunean. Herrietako ekimenek goi-politikaren blokeo egoera “neurri batean” desblokeatzen lagundu dezakete. Baina politikan inoiz ez dakizu zer gerta daitekeen bi hilabete barru. Horregatik oso inportantea da herritarrengandik gertu gauden erakundeetatik ekimenak martxan jartzea. Ekimen partekatuak izatea hobe, beto eskubiderik gabe, baina denok egonez. Udal baten lanik garrantzizkoena bizikidetza sustatzea da. Izan ere, goi-mailako foroetan akordioak lortu arren, horiek ez badira herrietara eramaten, ez badira bizikidetzan txertatzen, balio dezakete goi-politikarako, baina gizartean lan asko egongo da egiteko oraindik ere.

Luzerako lana da bizikidetzarena.

Zalantzarik gabe. Hainbeste belaunaldirengan eragin du gatazkaren kulturak! Guztien aldetiko joera izan da, inor ez da gatazkaren kulturaren kanpo geratzen. Bakearen kultura sortu behar da, baina gure mentalitateak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Emozioz eta gorrotoz beteta dauden motxila horiek, agian ez dira pertsona batzuen kasuan inoiz hustuko, beste batzuek hustu ahal izan eta izango dute. Nik urte luzeko trantsizioa ikusten dut, hau ez da legealdi batean konponduko, ezta gutxiago ere, luzeago izango da. Horretara iritsi nahi badugu, egun sufrimendua eragiten duten elementuak desaktibatu behar ditugu. Bizikidetzan are gehiago sakontzeko lehenbizi sufrimendua eragiten duten elementuak kendu behar dira. Hala nola, epaiketa bidegabeak edota presoen egoera latza desagertu behar dira. Oso zaila da preso baten senide bat bizikidetza prozesu batera gerturatzea, bere egoera oraindik iraganeko bera delarik. Emozioak eta sufrimenduak dauden bitartean ez da batere erraza pertsona horientzat aldaketa bizitzea, beren egoera aldatu ez bada. Astero senideak ikustera joateko milaka kilometro egin behar badute, bizikidetzarako pausoak nekez emango dituzte.

"Azken funtsean, egiten duguna gara, garena aldatzeko"

Elkarrizketa luzea izan genuen Errenteriako (Orereta ere erabiltzen du berak) alkate Julen Mendozarekin. Legealdiko plan estrategikoan idatzi zituen hitz batzuekin amaitu genuen solasaldia, hau da, Eduardo Galeano idazle uruguaiarraren hitzak hizpide hartuta: “Al fin y al cabo, somos lo que hacemos para cambiar lo que somos”. (Azken funtsean, egiten duguna gara, garena aldatzeko).

“Errenteria/Orereta asko sufritu duen herria da, indarkeriarekin lotu den herria. Horretan kokatu nahi izan dugu Eduardo Galeanoren 'Somos lo que hacemos para cambiar lo que somos' aipua. Legealdi hasieran bi lan ildo nagusi jarri genuen abian: arlo ekonomikoa eta bizikidetza. Bigarrena hizpide, gure herria famatua izan da biolentziarengatik, eta bakegintzan famatua bihurtzen ari da orain”.

“Era berean, herria gai ekonomiko sozialaren egoeraren isla da. Gure herritarrek sinetsi behar dute eraldaketaren protagonista izan daitezkeela, askotan gizartean abandonu moduko bat izaten baita: 'Gauzak horrela dira, nik ezin dut aldatu, aldatuko dira berez…', pentsatzen dugu. Oso inportantea da herritarrari erakustea bera dela aldaketaren protagonista, asko egin dezakegu. Eta hala ere, herria ez da aldatuko udaletik, aldatuko da tokiko pertsonek aldatu nahi dutelako: langileek, merkatariek edota enpresariek herriaren plan estrategikora beren ekarpena egiten dutelako. Udalak bitartekoak jarri behar ditu, baina herritarrek beren nahiak azaldu eta baliabideak landu behar dituzte”.
 

"Hondakinen afera ez da gehiengo edo gutxiengo kontua, helburua da kontua"

EH Bildu gobernatzen ari da Gipuzkoan. Zer-nolako balantzea egiten duzu Diputazioaren gestioaz. Zaborren bilketa afera handia da, adibidez. Nola ikusten duzu berau? Nola eragiten du gaiak elkarbizitzan?

EH Bildu Gipuzkoan indar nagusi izatea positiboki baloratzen dut. Batetik, politikagintzan hausnarketa serioa egin behar dugu, izan ere, ez gara batere irudi egokirik ematen ari politikagintzatik, orokorrean ari naiz. Hondakinen inguruan sortu den gatazka ez da serioa, intentzio osoz sortua izan da gainera. Beste herrialdeetan hondakinez hitz egin denean ez da arazorik sortu. Hemen sortu izan da interesak daudelako. Dudarik gabe, hondakinen bilketa egin daiteke hobeto edo gaizkiago, baina batzuetan debateak gehiegizko intentsitate eta agresibitate puntua hartu ditu, beraz, hausnarketa serioa egin behar dugu. Gizartera eramaten ari garen mezua ez da ona, gizarteak modu batera edo bestera erantzungo du, baina politika hartzen ari den bidea ez dut gustuko. “Besteak ondo egiten badu ere, nire kalterako da” delako esana, hau da, “besteek egiten dutelako, guk etorkizunean hauteskundeak galduko ditugu” jarrerak asko konplikatzen ditu gizartearen interesak, eta hori nabarmen ematen ari da. Neure iritzia da, eta gizarteak sentimen du hori partekatzen duelakoan nago.

Bestetik, EH Bilduk badu proiektu politiko bat, ezkertiarra, ezkerreko politikei erantzuten diena. Zentzu batean iraultzailea da, iraultzaile baketsua, baina iraultzailea, hala izan behar du gainera, gizarteak dituen eskaerei erantzun behar diena. Norabide horretan, badago beste elementu bat: EH Bildu prozesu subiranozale batean sartua da eta horrela hartu behar da. Nik hala nahi dut behintzat. EH Bildu batuketa baten ondorioa da, izugarrizko booma izan zena 2011ko hauteskundeetan, ikusiko dugu zer-nolako emaitzak lortzen dituen hurrengo hauteskundeetan eta horren araberako hausnarketak egin beharko ditugu.

Nik prozesu subiranozalea EH Bilduren proiektuan beste ildo bat bezala hartzen dut. Hartara, instituzioetan garatzen duen lana prozesu subiranista horren bidean garatu behar delakoan nago, zeregin hori oso garrantzitsua da niretzat. EH Bilduk prozesu subiranista zintzoen defendatzen duen mugimendua izan behar du. Gure indar guztia prozesu horretan jarri behar dugu. Noski, berau ez dugu guk soilik eraman behar. EH Bildu inoiz ez da gizarte osoaren sostengua jasoko duen indarra izango, ezta gutxiagorik ere. Baina EH Bilduk indar korrelazioak mugitu ditzake. Guk horretara bideratu behar dugu gure lana, indar metaketaren bidez prozesu subiranozalean eragiten.

“EH Bildu-ren kontra badago interes bateratu bat”

Baikor zara bide horretan?

EH Bilduk Gipuzkoan kolpe handiak jaso ditu oposizioaren eta presio mediatikoaren aldetik, eta ziur aski, hainbat gauzetan hausnarketa egin beharko dugu: zertan aritu garen ongi eta zertan gaizki ezagutzeko, zalantzarik gabe. Hala ere, askotan EH Bildu-ren kontra badago interes bateratu bat. Eta ez dut biktimismorik egin nahi.

Gure lanaren egokiera jakiteko moduetako bat hauteskundeetako emaitzak izango dira. Ondorio negatiboak baldin baditugu, hausnarketa egingo dugu. Errenteriako alkate kargua hartu nuenean, “hau hasiera besterik ez da, ez da bukaera” esan nuen. Izan ere, hau bukaera dela uste duena nahastu egiten da. EH Bilduri begira ari naiz hitz egiten orain, kanpora nahiz barrura.

Zaborren bilketa zertan da?

Hondakinen bilketan interes politikoak sartu dira eta debatea desitxuratu da erabat. Debatea ez da “Atez atekoa bai ala ez”. Hasteko, lehenengo gauza, ulertu behar dugu ezin dugula gure planeta kutsatu. Hondakinak denon artean ordenatu behar ditugu, batzuetan ematen du arlo horretan ez dela ezer gertatzen. Planeta zabor kudeaketa txarrarengatik kutsatzen ari gara eta horren aurrean helburu eta politikak martxan jarri behar dira.

Zenbat jaso behar dugu gure herrian selektiboki? Jarri ditzagun portzentajeak. Badago objektiboki jartzea: zaborren %70 edo 80koa. Badaude horiek gainditzen dituzten bilketa selektiboak. Beraz, hori behin finkatuta, zein da hori bermatzen duen sistema? Orduan landuko dugu sistema egokiena. Baina artean, gainontzeko guztia dago egiteko. Adibidez, debatea zabalik dago ea bilketak behartua izan behar duen ala ez. Nire ustez derrigorrezkoa izan behar da. Izan ere, enpresa batzuei isun gogorrak jartzen zaizkio ibaira isurki kaltegarriak botatzen dituztelako, eta herritar batek ez dauka inolako obligaziorik planeta ez kutsatzeko? Hori funtsezko debatea da.

Errenteria buru-belarri dago sartuta hondakinen aferan. Alderdi politikoak daude tarteko, herritar batzorde bateratua ere eratu da. Proposamena hauxe da: bosgarren edukiontzia derrigorrezko jartzea helburuak markatuta. 2015erako %60a eta 2.020rako % 80a biltzeko. Guk onartu dugu, uste baitugu integraltasun osoz lantzen duela hondakinen gaia. Orain oposizioarekin eztabaidatzen ari gara. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Atez atekoa jartzeko asmorik?

Horretarako gehiengoa behar da. Baina ez da ere gehiengo edo gutxiengo kontua, helburua da kontua. Markatu ditzagun helburuak eta horiek lortzeko zein diren metodo hoberenak. Horretan nahastu egiten da gaia: “Jarriko dute zintzilikailua eta kito”. Gu Alemaniako Schondorf herriarekin senidetuta gaude, gurearen tamainako herria, Atez ateko sistema dute han. Baita San Frantzisko hirian ere. Beraz, ikusi dezagun zein den egokiena, zintzilikailurekin edo gabe. Badaiteke, sistemaren arabera, bilketa txikiagoa izatea, baina kalitatea hobea. Horiek denak kontuan hartu beharrekoak dira.

Errenteria Euskal Herriko eskualde utziena omen da. Pasaiako badia tarteko, kanpo portua dela ez dela. Zer deritzozu?

Eskualdea oso degradatua dago. ADN Kreaktiboa plan estrategikoan hausnarketa egin genuen, berrindustrializatzeko beharra dago baina ez dugu hori egiteko modurik aurkitu. 2025 Plan Estrategikoa egitea erabaki genuen plan parte-hartzailearen bitartez. 2011ko urrian aurkeztu eta 2013ko urrian bukatu genuen garapena. 300 eragileek parte hartu dute prozesuan diagnostikoa egin eta helburuak finkatuz, hainbat instituziotako eragileak, Jaurlaritza, Diputazioa, enpresa teknologikoak eta banketxetakoak tarteko.

Gure herriak eskualde mailan garrantzia dauka, une interesgarrian gaude eskualde bezala funtzionatzeko, horri erantzun behar diogu. Besteak beste, kanpo portuaren gatazka horretan urte asko pasa dugulako. Une honetan kanpo portua inork gutxik defendatzen du, alderdi sozialistako batzuek salbu, inork ere ez. Eta PSEko kide batzuek ere ez. Alderdi gehienek ez dute onuragarri ikusten. Portuan egiten denak ondoko herrietan eragiten du, noski, eta aldi berean, Pasaiako badiaren birsorkuntza ez da behar bakarra, ondoko herrietan badaude zereginak: ekonomia sortzailea eta soziala sustatzea, behetik gorako egiturak sortu behar ditugu, elkartasunezkoak. Adibidez, auzo batean babes soziala sortzeko esperientzia pilotua jarri dugu martxan. Plan Estrategikoaren prozesutik atera dena indar handiz atera da; Diputazioak ekonomikoki lagundu nahi digu, nik oso ondo baloratzen dudana.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aro politiko berria
2024-11-12 | Julene Flamarique
Sortuk manifestazioa egingo du Brouard eta Muguruzaren hilketen urteurrenean, azaroaren 20an Bilbon

Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.


2024-11-11 | Patxi Azparren
Euskal prozesu konstituziogilea

Dakigunez, Hego Euskal Herriko Independentismo Instituzionalak ibilbide-orri jakin bati ekin dio. Espainiako Estatuarekin itun berri bat sinatzea. Bide horrek zenbait aldagai ala premisa nagusi erabiltzen ditu. Hala nola: PSOE ezkerreko alderdia da; Espainiako Estatua... [+]


Baionako Adierazpenak gatazkaren konponketaren alde egindako “ekarpen handia” azpimarratu du Bake Bideak, hamargarren urteurrenean

Iritzi ezberdinetako aktore politiko eta sindikalak "kontsentsu batera iristeko" ariketa egin izana eta "Frantziako Estatuak Euskal Herriko gatazkaren konponbidean duen ardura" agerian ezarri izana dira Bake Bideak azpimarratzen dituen ekarpenak.


2024-10-08 | ARGIA
Trenbidea blokatu zuten bakegile auziperatuek akordioa erdietsi dute

2022ko uztailean egin zuten blokeo eguna, euskal presoen egoerari "aterabidea ematea" eskatzeko. Bederatzi pertsona auzipetu zituzten.


Naziometroaren seigarren neurketa
Gehiengoa euskal estatuaren alde legoke “adostutako” erreferendumean, gatazkarik sortzen ez badu

Euskal Burujabetzaren Barometroaren seigarren neurketa aurkeztu dute asteartean Donostian. Euskal Herriarekiko atxikimendua da nagusi oro har, baina Nafarroan Nafarroarekikoa gailentzen da. Euskara ez dago euskal sentimendua azaltzeko gako nagusien artean, baina gaztelera eta... [+]


“Euskararen patua independentziarekin lotzen badugu, euskarak jai egin du”

Xabier Zabaltza Perez-Nievas historialaria, idazlea eta EHUko irakasleak 'Euskal Herria heterodoxiatik' izeneko liburua plazaratu berri du. Bertan dio Euskal Herria ezinbestean euskara eta euskal kulturaren bidez eraiki behar dela eta horretarako funtsezkoa dela euskara... [+]


2024-05-29 | ARGIA
Luhusoko epaiaren kontrako helegiterik ez du jarri fiskaltzak: bakegileek ez dute zigorrik jasoko

Frantziako Ministerio Publikoak hamar egun zituen Parisko auzitegiak harturiko erabakiari helegitea jartzeko, baina ez du halakorik egin. Hortaz, ETAren armagabetzean lagundu zuten Beatrice Molle eta Jean Nöel Etcheverry Txetx bakegileek ez dute zigorrik jasoko, epaimahaiak... [+]


2024-05-16 | ARGIA
ETAren desarmea lagundu zuten bakegileak errudun jo ditu Parisko auzitegiak, baina zigorrik gabe

Hobengabetzea eskatzen zuten bakegileek, baina Parisko Zigor Auzitegiak errudun jo ditu Jean Nöel Etcheverryi Txetx eta Beatrice Molle Luhusoko armagabetzean parte hartu zuten bakegileak. Hala ere, ez dute zigorrik izango.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Zapaterok dio Ostiral Santukoaren gisako akordio bat egon zela ETAren amaieran

Madrilgo Ateneoan ETAren amaierari buruzko zikloa egiten ari da azken asteetan, eta bertan astearte honetan egindako adierazpenetan, Irlandako bake prozesuan izandako jendea euskal bake prozesuan izatea oso garrantzitsua izan zela aipatu zuen José Luis Rodríguez... [+]


Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan “kooperatu” zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


2024-04-02 | Leire Artola Arin
Molle eta Etcheverry bakegileek Parisko Auzitegian defendatu dute ETAren armagabetzea zutela helburu

ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi... [+]


Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea: “Gure eraikinetatik euskalduntasunarekin lotura duten ikur eta adierazpen guztiak modu basatian ari dira ezabatzen”

Tristeziaz hartu du Atarrabiako alkateak Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiaren epaia. Euskal Herriko armarria ezabatu beharko du herriko frontoiko hormatik. “Bere garaian ikurriña kentzera behartu ziguten bezala” adierazi du Euskalerria Irratian Mikel... [+]


Eguneraketa berriak daude