Iazko urrian bost enpresaburu txekiarrekin batera Jacques de Groote belgikarra kondenatu zuen Suitzako epaitegi federalak Txekiako estatuari 600 milioi dolar ostu izanagatik. Ateratzen dira delituen egile txikiagoak telebistan: De Groote Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren zuzendari izana da.
Googleri “Jacques de Groote” galdetuz gero, argazkien atalean, 86 urte gizon itxura nobleko bat erakutsiko dizu. Argazki gutxi utzi ditu Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) zuzendari boteretsu izandakoak. Domaia da munduko finantzen elitean bizi osoa emanik, foto bakarretakoa auzitegiko atarian ateratzea.
La Libre Belgique egunkarian Ariane Van Caloek honela laburbildu zuen afera urriaren 11n plazaratutako “Jacques de Groote condamné à une amende avec sursis” kronikan: “Zigor benetan txikia ezarri zaio, baina Jacques de Groot NDFaren administratzaile belgikarrak helegitea jarriko dio, amaiera arte borrokatuko da”.
Bellinzonan egoitza duen auzitegi federal suitzarrak 75.000 franko suitzarreko isuna ezarri dio Txekiako MUS meategiaren auzian. 2011n MUS konpainiako sei txekiar eta De Groote auziperatu zituzten diru zuriketa eta kriminalitate ekonomikoa egotzirik. Akusatzaileak uste izan du Txekiako energia konpainia bat baino gehiago berenganatu dutela iruzur bidez (...) sozietate sare nahasi bat antolatu zutela herrialde askotan zabaldua, tartean Suitza, konpainiaren diruak ostu eta horiekin erosteko konpainia bera, xentimorik pagatu gabe”.
Albistegietan oihartzunik merezi izan ez duen auzian harrapatutako De Groot nor den Eric Toussainti esker dakigu gaur. Europa mailako altermundialisten liderren artean ezagunenetakoa den Toussaint Attac eta Hirugarren Munduaren Zorra Ezabatzeko Batzordea (CADTM, frantsesezko sigletan) erakundeen buruetakoa, berrikitan liburuxka gordina eskaini dio: Procès d’un homme exemplaire (Gizon eredugarri baten auzia).
Europaren norabideak gidatu dituen elite ekonomiko eta politikoentzako eredugarria, bai, De Groot. Toussaintek laburbildutako haren biografian irakur dezakegu 1960an, 32 urterekin, orduan Belgikarena zen Kongoren independentzia bideratu behar zuen negoziaketa mahaian aritu zela, funtzionario.
1960ko ekainaren 30ean Kongoko lehen ministro Patrice Emery Lumumbak hitzaldi gogoangarri bat egin zuen Belgikako Baudouin [Espainian Balduino izenez famatua] erregearen aurrean, Afrika osoaren askapena aldarrikatuz, aginduz ahaleginduko zela “Kongo izan dadin Afrika osoaren izar” eta zainduko zuela “gure aberriaren lurren emaitzak gozatu ditzaten bere seme-alabek”.
Lepoa galtzea ekarriko zion ausardia hark Lumumbari. Mobutu Sese Seko jeneralak preso hartu eta hil zuen hurrengo urtean. Kolpean sartuta zeuden Kongoko zenbait indar, baina disimulurik gabe Belgikako eta AEBetako agintarien zerbitzura. Urte horietan De Groote Munduko Bankuan eta NDFean ari zen, Belgikako ordezkaritzan. Aldi berean Kongoko Banku Nagusiaren aholkulari ere bai.
Kasualitatea? Toussaintek “Banco Mundial: el golpe de Estado permanente” liburuan azaldu adu nola nazioarteko erakunde hura eta Belgika elkar hartuta zeuden, Mobuturen erregimenarekin batera, Belgikak Kongon egindako zorrak estatu berriak bere gain har zitzan.
Kongotik Txekiara, Ruandan barna
Karibe itsasoan Haitik 1804an independentzia lortu zuenetik, potentzia kolonialek gauza bera egina dute beti: metropolien probetxurako kolonietan egindako inbertsio eta gastuen zorrak, independentziaren ondoren kolonia horietako jendeei pagarazi. Eta herri teorian askatuotan, agintari titereak erabiliz, are eta zor handiagoak eragin.
Gerra hotzaren garaiak zirenez, Mobutu bezalako diktadoreei baimendu zitzaien klase guztietako erokeriak egitea horretarako Kongo bezalako herrialdeak zorpetuz, aldi berean Mobutu aberastuz.
1973tik 1994a bitartean Munduko Bankuaren eta NDFaren zuzendari exekutibo aritu zen De Groote. Tartean egokitu ziren Mobuturi Mendebaldeko potentziek laguntzea matxinoak zanpatzen, Hego Amerikako hainbat herrialdetan (Txile, Argentina...) erakunde horien murrizketa politikak ezartzea kolpe militarren bidez. Eta baita Ruandako genozidioa ere.
Ruandakoa bereziki azpimarratu du Toussaintek, De Groote nazioarteko erakunde itxuraz garbien zuzendaritzakoa izateaz batera Ruandan interes ekonomikoak zeuzkaten meatzaritza korporazioen aholkulari ere bazelako.
Jakina da 1994an hiru hilabete laburretan tutsi etniako milioi bat jende hil zutela Ruandan, alderdi moderatuetako zenbait milaka huturekin batera. Ezin ukatuzkoa den genozidio hark, ordea, bazituen sustrai ekonomiko nabarmenak ere, gutxiegi aipatzen direnak.
1976tik 1994ra Ruandaren zorra hogeiz biderkatu zen, De Groote buru zeukaten instituzioen gomendioz. Baina Munduko Bankuak eta NDFak, 1990an Juvenal Habyarimana diktadorearen gobernuari agindu zioten bere moneta %67an debaluatzea. Zientoka milaka nekazari, batik bat kafearen esportaziorako ari zirenak, miserian geratu ziren. Hondamendi soziala lehenik, genozidioa ondoren.
Wall Street Journal egunkari neoliberalak 1990an salatuak zituen De Grootek erakundeetako arduraduna izatearekin batera konpainia pribatuen aholkularitzan egiten zituen lanak. Horretaz galdeturik, Le Soir egunkariari, De Grootek erantzun: “Zer kulpa daukat nik lagun batek Ruandan meategi bat baldin badauka? Eta zer kulpa daukat bankura joateko orde lagun horrengana jo badut diru eske?”.
Inork ez zeukanez harentzat erreprotxurik, adinean aurrera joanik ere lan berean segitu du. Sobiet Batasunaren amiltzearen eta ondoren herrialde komunistetako konpainien pribatizatze masiboetan aurkitu zuen zer egina. 1990eko hamarkadako lapurreta handian aberastu zen Errusiako eta ekialdeko Europako oligarkia berria; bestetik, Mendebaldeko banku eta multinazionalek erosi zuten bi sosetan Ekialdean balio zuen guztia.
1998an, nazioarteko erakundetako karguak utzirik Appian Groupeko lehendakari bihurtu zen. Egoitza nagusia Suitzan, 15.000 langile munduan zehar banatuak. Txekian erosi zituen, estatuak saldurik, Skodaren ingenieritza atala eta MUS meatzaritza konpainia. Operaziorako 500.000 dolar laga zizkion Alain Aboudaramek iruzurragatik salatu zuen justiziaren aurrean.
MUS erostean konpainiak kaxan zeukan dirua ostu eta horrekin pagatu zuten erosketaren zorra. Beren sakeletara eramanik 660 milioi franko suitzar, 534 milioi euro. Zorrak, kiebra, pribatizatu, ostu... 2014an ere berdin funtzionatzen du.
Mundakako alkatea Mikel Bilbao zen gertaerak deskribatzen diren garaian, 2019 eta 2020an, eta EAJko herriko Uri Buru Batzarrak presioa egin zion aurreko udalak kontratatutako zerbitzu juridikoak berriz kontratatzeko. Udaleko idazkariak kontratazio horren aurkako txostena egin... [+]
904.000 milioi euro. Hori da ustelkeriaren kostua urtean Europar Batasunean, 2020an egindako ikerketa baten arabera. 2008. eta 2020. urteen artean 3.743 ustelkeria kasu plazaratu ziren komunikabideetan Espainiako Estatuan, horietatik 109 Hego Euskal Herriari zegozkien. Atzera... [+]
Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]
EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]
Ustelkeriaren kontrako Espainiako Estatuko fiskalak berretsi du Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu zuela 2013an, eta urtegietatik ura kentzen aritu zela frogatutzat eman du, konpainia elektrikoaren kontra egiten ari diren epaiketan.
“Interes aurkakotasuna” leporatua zaiola astelehenean ireki da Frantziako Justizia ministroaren aurkako auzia Parisen. Bi astez iraun beharko luke epaiketak.
Krisi ekonomiko betean, 2013an Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu eta artifizialki igo zuela ondorioztatua du Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak, eta horren erruz kontsumitzaileek 96,7 milioi euro gehiago ordaindu behar izan zituztela. Konpainiaren aurkako... [+]
Laguntza publikoak eta afiliatuen kuotak gordetzen zituen kontu korronte batetik lapurtu zuten dirua goi-kargudunek. 2019 eta 2021 artean, 114.175 euro banatu zituztela uste da.
Zortzi urteren ondoren, Bidegi auzia osatzen duten piezetako bat, Gipuzkoako Aldundiak bere garaian jarritako azken kereila, artxibatu egin du Azpeitiko auzitegiko magistratuak. Bere esanetan kereilaren txostena "akatsez betea dago". EH Bilduren ustez "itxiera... [+]
Bernardo Arevaloren alderdiak hauteskundeak irabazi ondoren Hauteskunde Auzitegi Gorenak behin-behinean legez kanpo utzi du, 2017an ustez sinadura faltsuak biltzeagatik.
Bernardo Arévalo de Leónen alderdiak botoen %58 lortu du, eta Sandra Torres eskuindarra gainditu du. Jazarpen politikoaren gainetik lortu dute irabaztea progresistek.
Larramendiko Arnasa plataforma ekologistak salatu zuen Amaia Barredo jeltzalea, hondakinak errausteko proiektu bat Bergarako Udalaren irizpidearen aurka baimentzeagatik.
Otxandiano asteazkenean sartu da, eta De Miguel ostegun goizean. 72 orduko epea eman zien Arabako Probintzia Auzitegiko 2. sekzioak beraien kabuz espetxean sartzeko. Hego Euskal Herrian epaitutako ustelkeria politiko sare handienean parte hartzeagatik zigortu zituzten.
Solway Investment Group batez ere nikela esplotatzen duen eta Suitzan egoitza duen meatzaritza multinazional pribatua da, munduko garrantzitsuenetakoa sektorean. Webgunean adierazten duenez, Guatemalan, Ukrainan, Mazedonian eta Indonesian ditu proiektuak, eta 2021ean 1.450... [+]