Glaukoma mutil tolosar, donostiar eta irundarrez osaturiko taldea da, Bonberenea Gaztetxearen inguruan sortua. Bigarren diskoa plazaratu berri dute, Vol 2, lehen diskoan urratutako bidea sendotzera datorrena. Juantxo Arakama abeslari eta hitzen egileak azaldu dizkigu nondik norakoak.
Glaukoma begiko gaixotasun larria da, eta zenbaitek marihuanaz arintzen du gaitzak eragindako mina. Juantxo Arakama (ahotsa) eta Iker Pando (gitarra eta ahotsa) ikaskideak Jokin Albisuarekin (gitarra) gitarra klasikoz kalean reggae musika abesten hasi ziren orain dela lauzpabost urte. Are gehiago zaletu zirenez, 2010ean Asier Arandia (baxua) eta Pablo Rubio (bateria) batu zitzaien eta taldea sortzea erabaki zuten Tolosako Bonberenea Gaztetxearen inguruan. Glaukoma taldea bilakatu zen beraz, haien (eta gure) mina arintzeko bidea. 2011n Tolosaldeako beste hiru talderekin batera Sputnik 11 izeneko bilduma kaleratu zuten. 2012an heldu zen taldearen lehen diskoa (Vol.1) eta zur eta lur utzi gintuzten: sinesgarritasun handiz egindako reggae, rap eta ragamuffina euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Sasoi batean isilik egon ostean, 2013ko udazkenean Vol.2 eman zuten argitara, eta Japoniara joan ziren biran. Bigarren disko hau ilunagoa, raperoagoa eta askoz landuagoa da, ñabardura ugari du, eta Juantxoren hitzak are eta borobilagoak dira. Gazteak dira, baina musikari eta hitz sortzaile onak, eta Euskal Herrian hain ohikoak ez diren estiloak lantzen ziurtasun handia erakutsi dute, pauso txiki baina irmoak eman baitituzte. “Argi daukagu nora joan nahi dugun, baina horretarako zalantzak gainditu behar dira”, diosku taldeko abeslari eta hitzen egile Juantxo Arakamak.
Agerian da disko honetan estilo eta sonoritate mota asko landu nahi dituzuela.
Bai. Reggaea eta rapa ardatz izanik, bi estilo hauen inguruan dabilen edozein soinu izan daiteke guretzat egokia: dancehall-a, drum&bass-a, dubstep-a...
Kantuak are eta jantziagoak dira disko honetan. Zaila izaten da kantuari akabera ematea?
Disko honen sorkuntza prozesua nahiko luzea izan da. 2013ko otsailean hasi eta abuztu arte aritu ginen kantuak sortzen kontzerturik eman gabe. Azken unera arte aritu ginen kantuei bueltak ematen eta konponketetan. Buelta asko ematen dizkiegu abestiei, bai.
Urtero konstanteak izan eta 7 kantuko iraupen ertaineko diskoak kaleratu. Planifikazioa?
Urratsez urrats egiten dugu. Badakigu hurrengo pausoa zein izango den, baina horren atzetik etorriko dena eman beharreko hurrengo pausu horrek esango digu. Bonbereneako azpiegiturak ahalbidetzen digu hori.
Egunon izango da seguruenik ajeari buruz eta, hein batean, gau-egunaren dikotomiari buruz idatzitako kantu sinesgarri eta deskriptiboena. Musika mundua eta musikariak gauari lotuta egongo dira beti?
Uste dut musikariek musikari bezala ez daukatela zertan gauari lotuta egon, pertsonak gara gauari lotuta gaudenak. Hala ere ezin dut musikarik gabeko gaurik imajinatu, hori egia da.
Oihaneko hotsak buruan ditudala idaztet. Non kokatzen duzu oihana? Zein ‘animaliak’ inspiratzen zaituzte?
Oihana nire burua da idazten ari naizenean. Mundua ere bada oihana, gure ingurunea, “ni”-a osatzen duen guztia ia-ia. Mundu horren hotsak buruan izaten saiatzen naiz idazterakoan. Bi hankadun animalia asko daude gure zementuzko oihanetan, inspiratzeko modukoak.
Glaukoma deskubritzean gehien harritu ninduena izan zen gazte zuri gipuzkoar batzuek raggamuffina, reggaea eta hip-hopa hain modu sinesgarrian egitea. Gaur egun, edozein esparru geografikotan landu daiteke edozein estilo ondo? Internetek ahalbideratzen du?
Berdin zaio jatorria edo non bizi zaren, garrantzitsuena egiten duzun horretan sinestea da. Internet sekulako tresna da munduko edozein txokotako edozein musika aurkitzeko. Zalantzarik gabe, gauzak erraztu egin dizkio mundu guztiari.
Euskal Herria igandero ‘Viendo el Conquis’, ta atzo juergan trago bat ‘con Goñi y sus compis’... Zuek kalea ondo ezagutzen duzue. Euskal Herriko gazteok Espainiakoek bezala, jada ez daukagu salbaziorik? Alienatuta gaude?
Euskal Herriko gazteak, Espainiako gazteak eta sistema kapitalistaren agindupean dauden herrialde guztietako gazteak gaude alienatuta. Salbaziorik ba ote daukagun? Pentsatu nahi dut baietz. Musika bera alienaziorako tresna bat izan daiteke edo alienazioaren aurka borrokatzeko tresna bat, erabilpenaren arabera.
Hip-hopak gero eta indar handiagoa hartu du taldean.
Ez dugu modu kontzientean egin, baina egia da rapak indar handiagoa duela aurreko diskoan baino. Hala ere ez ditugu dancehall eta raggamuffina ahaztu.
Euskararekin batera, ingelesa eta gaztelania ere erabiltzen dituzue. Metrikak erakarrita? Bestelako publikoari ere mezua heldu nahian?
Ez bata eta ez bestea. Euskara eta gaztelania egunerokoan erabiltzen ditut, baita ingelesa ere, musika entzule gisa. Idazterakoan ez diot nire buruari inolako mugarik jartzen, gorputzak eskatzen didan moduan egiten dut.
“Hitza lan eskerga, sorkuntzaren zerga, hezkuntza-sistemak ulertzen ez duen jerga”. Eta paradoxikoki hip-hopa da gaur egun gazteei mezuak helarazteko modu eraginkorrenetako bat, ezta?
Bai. Badago Public Enemy taldeko Chuck D famatuaren esaldi bat: “Rap-a da beltzen CNNa”. Musikak beti dauka ahalmen horixe, jendeari mezuak helaraztekoa.
Bidenabar, bertsolaritza hain ondo baloratuta dagoen honetan, hip-hopak underground ezkutuenean jarraitzen du.
Hala dirudi. Dena den ez naiz ausartzen undergrounda zer den esatera, beste batzuentzat zeregin hori.
“Musu-truk egindako lanaz bustita gure notak, zuei esker dirau burujabetzaren errotak” esaldiak balio dezake zuen burua eta jarrera definitzeko?
Esaldi horrek, Haritik tiraka abestiak bezalaxe, Euskal Herrian kultura autogestionatu bat sortu eta mantentzeko lanean diharduen jendea omentzeko balio du. Guretzat eredu dira pertsona eta talde horiek, eta saiatzen gara haien jarrera antzekotzen eta eurengandik ikasten.
Lejos del silencio, besteak gutxietsi gabe, poesia hutsa da... Zer dute bat Glaukomak eta Lagrimas de Sangrek?
Ikerrek Bartzelonako Lagrimas de Sangre taldea ezagutu zuenean txundituta geratu ginen. Haiei ere asko gustatu zitzaien gurea eta proposatu genien kantu bat osatzea diskorako. Batzen gaituena musikarekiko maitasuna da eta gustatzen zaiguna egiteko borrokatzea. Microbio MCren leloak dion bezala: “Yo no tengo miedo, eso no me asusta, yo he venido al mundo para hacer lo que me gusta”. Uste dut bete-betean asmatu zuela esaldi horrekin, bi taldeok bat egiten dugulako.
Bada Euskal Herrian hip-hoparen inguruko talde eszenarik?
Euskal Herrian zenbat estilo-eszena dago? Nik badakit euskal eszena bat dagoela, baina hortik aurrera ez dakit besterik...
Hip-hopak barrura begiratzea eta psikoanalisia ditu oinarrian Al beat de hits kantuak erakusten duen moduan?
Bai. Rapak, musikak orokorrean eta koaderno ziztrin batek, beti balio dezakete edozeren inguruan idazteko edo abesteko. Norberaren korapiloak eta galderak ere abestu daitezke. Entzuten duenarentzat edota abesten duenarentzat aberasgarria izan daitekeen edozer sartu daiteke abesti batean, zergatik ez?
Zeren bila joan zineten Japoniara?
Gure nahia Bonberenea ordezkatzea izan zen hasieratik, gaztetxetik hainbeste talde japoniar igaro ondoren. Nik pertsonalki egiaztatu dut, nahiz eta kultura ezberdin bat izan, beste kontinente batean egon eta hizkuntza eta beste hainbat gauzez ezer ez ulertu, ez garela hain ezberdinak. Are gutxiago musika badago tarteko. Dantza, melodiak eta erritmoak unibertsalak dira, pertsonak bezalaxe.
Zer daukate hip-hop, reggae, jungle, dub eta antzeko doinu beroek zuek hainbeste erakartzeko?
Flow-a. Flow-rik gabe ez dago ezer.
Astelehenean Manbij hiria hartu du Turkiaren babesa duen SNA Siriako Armada Nazionalak. Kurduen iraultzaren erreferente nagusia da Kobane, bertan garaitu zuten Estatu Islamikoa taldea orain zortzi urte, Rojavako Iraultzari hasiera emanez.
Kepa Junkerarekin panderojole aritu ziren sorginek ibilbide propioari ekin diote eta lehen diskoa aurkeztu dute Durangoko Azokan. Trikitixa eta panderoa alboratu gabe, gozoki gozoa gehitu diote Neomak sorkuntza-proiektuari: musika elektronikoa.
Donibane Garaziko gaztetxeak hiru eguneko festibala prestatu du. Ekainaren 16tik 18ra ospatuko dute Lasan eta Donibane Garazin.
Beñat Achiary, Bartzelonara bidean zen Artze anaiekin, ikuskizuna eskaintzera, txalaparta eta ahots inprobisazioa abangoardia ziren garaian –eta ez soilik ekitaldietarako betekizuna–. Auto motela, errepide luzea, aulkia erdi etzana, eguzkia kopetan, eta... [+]
Kantagintza berriaren izen lehenetarik bat izan zen. Arrakasta itzelezkoa izan zuen bakarlari, eta Ez Dok Amairuren partaide eta eragile izan zen. Iaz, Xabier Leteren omenezko ekitaldiak batean eta bestean egin zirenean, hantxe izan zen beti edo gehienean Lourdes Iriondoren... [+]
Film dokumentalak maite ditu egile iruindarrak. Bere lehen filmetan gazte askok bizi duten prekarietate amaigabeaz eta gentrifikazioaz mintzatu ondoren, orain musikak sorrarazten digun dardarizoaz ari zaigu Berri Txarrak eta bere zaleen inguruko Dardara dokumentalean.
Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa, horixe dugu Alexander Gurrutxaga (Zarautz, 1988) EHUko Hezkuntza Fakultateko irakaslearen doktore tesia. Aurten irakurria du, udaberriko konfinamenduaren bezpera egunetan, poetaren heriotzaren hamargarren... [+]
Bost hamarkada baina gehiagoko ibilbidearekin, Oskarbi taldeak badaki zer den egoera zailetan musikaren eta kulturgintzaren haria elikatzea. Ez Dok Amairuren garaietatik gaurdaino, herri kantak eta sormen propioa izan ditu iturri. Hamabigarren diskoa grabatzen ari dira, dozena... [+]
Ez Dok Amairuk 1970eko abuztuan estreinatu zuen Baga Biga Higa... sentikaria. Orain mende erdi, euskal kultur mugimendu abangoardistak lortu zuen talde izaera bururaino eramatea, kanta, poesia, dantza eta antzerkia, txalapartaren doinuz uztartzen zituen ikuskizun honekin. Baina... [+]
Erlea Manerosek aukeratu du egitasmo honetarako Irunen sortutako artista multidiziplinarra. Urtebetez bere proiektu artistikoa garatzeko aukera izango du Donostiako museoan.
2020ko martxoaren 7tik 14ra bitartean ospatuko da Gernikako Lekuek festibala. Jaialdiaren 7. edizioaren kartela publiko egin dute ostiral honetan.
Bilboko Kafe Antzokia txiki geratu zen astearte gauean Iñigo Muguruza omendu zuen kontzertuan. Haren ibilbide luze eta emankorreko taldekide eta lagun musikariek parte hartu zuten, Kortatutik Hiru Leikera.
Lekunberriko gaztetxean lehen kontzertua ematetik, Nafarroa Arenan asteburuan 24.000 lagun inguru biltzera pasatu dira. Mende laurden igaro da tartean, hamar disko kaleratu eta kasik 1.100 kontzertu eman dituzte bitarte horretan. Milagarrena munduaren beste puntan gainera,... [+]
Azaroaren 11tik 24ra bitarte “literatura eta feminismoaren binomioa jaialdiko ardatz nagusia” izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.