35 urteko neska gaztea, Seguran jaiotako euskalduna, BBCn goi-lanetan. Euskarazko idazlea, bidea egiten ari dena. Erbestean ikasia etxean erakutsiko diguna, noizbait. Ageriko!
Zer du BBCk izen eta aipu eta sona handi hori?
Urte askoan lanean irabazitako konfiantza, inpartzialtasuna, kultur erreferente izatea nazioartean… Gauza asko. Jendeak urtean 144 liberako kanona ordaintzen du eta, ordainetan, zerbait espero du, zerbait ona. Kalitatezko edukiak, esan nahi dut. Hasieran neu ere harritu egin nintzen, ez nuen ulertzen jendeak BBCn zuen konfiantza. Inork ez zuen kanon hori ordaintzea kuestionatzen. Inork ez. Aldiz, gogoratzen naiz Espainian egin zutela kanona ezartzeko saiakera, eta ez zuela aurrera egin. BBC, berriz, identitatearen parte bat da, jendeak konfiantza dio hedabideari, benetan.
Zer zenuen BBC, bertan lanean hasi aurretik?
Hedabideen artean, mundu mailako erreferentzia: telebistarik handienetako bat. Bertako proiektu interesgarriek erakarri ninduten, haren handitasunak, garrantziak, ikusle kopuruak… Bertan lanean hasi nintzenetik, berriz, bertako jendeak bete nau gehien, talentu handikoa. Kezkarik gabe diote: “Gu ez gaude hemen diruagatik, pasioagatik baizik!”. Eta egia da, BBCko langile batek telebista kate pribatuan lan bera egiten duen batek baino gutxiago irabazten du-eta. Jende ona ari da BBCn lanean eta, batzuk ezagutzen ditut, bertan lan egin nahi izan dute txikitatik! Gauza interesgarri asko BBCk. Bestalde, aitzindari da arlo askotan, aurrera begira bizi da beti, proiektu berrietan lanean. Horrek indar handia ematen dit. Bat egiten dut audientziara iristeko dituen balioekin, bertako langile jendearekin, eta Ingalaterrako gizartean ordezkatzen duenarekin.
Telekomunikazio ingeniaritza ikasketak egin zenituen EHUn, gestio lanean ari zara BBCn. Harrigarri ere bada, hein batean…
Beti esan behar izaten dut: ingeniaritza ikasketak egin nituen, bai, baina inoiz ez dut ingeniari lanik egin. Ingeniaritza tesia bukatu eta hiruzpalau hilabeteko epea nuen hura aurkeztu aurretik. Bitarte horretan, Londresera joan nintzen, lagun bat bisitan. Beti erakarri izan nau bidaiatzeak, atzerrian denboraldia egiteak, eta, orduko hartan, Londresen nengoela, neure buruari esan nion: “Hemen lana bilatzen saiatuko naiz”. Postprodukzio etxe batean hasi nintzen lanean. HBO, Warner eta abarren filiala zen Londresen, eta euren produktuen DVD eskubideak zituzten Europan eta Ekialde Hurbilean. Proiektuen kudeaketan hasi nintzen bertan, DVDen hedapenean, negozioaren garapenean esango genuke. Hiru urte eman nituen han. Handik Bilbora itzuli nintzen, teknologia berrietako aholkularitza etxe batean, telebista interaktiboari lotutako produktu baten salmentan. Espainiako telebista askorekin jarri nintzen harremanetan garai hartan. Arlo komertzialean ari nintzen lanean orduan ere, ez ingeniari. Hala ere, Londresen nahi nuen nik, hemen profesionalki mugatuago ikusten nuen nire burua, eta, horrela, BBCren hautatze prozesu batean eman nuen izena, eta aukeratu egin ninduten: “Ez dago zalantzarik. Banoa!”. Eta holaxe.
Linkedinen irakurri dugu: Garazi Goia, BBCren Komertzio Kudeaketarako burua.
Lan ezberdinak egin ditut horra heldu aurretik. Kanalen banaketa arloan hasi nintzen, BBCren zortzi telebista kateak eta hamahiru irratiak Ingalaterrako etxe guztietara iritsi ahal izateko gestio lanean: erreguladoreekin egin behar diren akordioak, gobernuarekiko hitzarmenak, edukien garapen estrategia… Proiektu txikiak gestionatzen hasi, eta, poliki-poliki, estrategia lanetan hasi nintzen. Behetik gora egin dut eta oraintxe ekipoa zuzentzen dut, merkataritza-kudeaketa helburu. Batean, BBCren kanal berri bat sortzeko estrategia landuko dugu; bestean, internet bidezko telebistaren geroa aztertuko dugu… Nik, proposamen finantzari eta estrategikoak kudeatzen ditut, eta zuzendaritzari aurkezten dizkiot: kostua, audientzian izango duen eragina, merkatu berean ari diren lehiakideen lanarekiko inpaktua, teknologia berriei dagokienez zein posiziotan dagoen, beste zenbait telebistarekin koalizioa egin ez egin… Aurrera begirako lana beti.
Etorkizuna igartzea ez da, bada, lan erraza izango.
Oso zaila! BBCn ikerketa sail handia dago, I+D bat, erreferentea munduan. Arlo teknikoan zer egin daitekeen ikertzen dute; guk, haien aurrerapen teknikoak arlo estrategikora ekartzen ditugu. BBCk audientziari gero eta eduki eta produktu hobeak emateko erantzukizuna du, ezin da gelditu momentuan duenarekin. Kanonak hiru bilioi libera ematen dizkio BBCri, eta zati handi bat eduki berriak sortzen edo erosten gastatzen da, baina badago beste zati inportante bat eduki horiek jendeari helarazteko estrategiak diseinatzen gastatzen dena. Estrategiak, esan nahi dut, edukiak betiko telebistan ez baina tabletetan, telefono mugikorretan eta gainerako modu berriago hauen bidez ere kontsumitzaileari helarazteko.
Inor aurretik ibili gabeko lurretan ibiltzea da hori.
Zaila, eta aldi berean interesgarria. Pribilegiatua sentitzen naiz horrelako hausnarketak egiten dituen talde bateko parte naizelako. Europan ibiltzen naiz, han eta hemen, Bruselan, Europar Batzordean eta Ginebran, irrati zabaltzaile guztiak biltzen dituen erakundean, eta han garbi ikusten da herrialde bakoitzak bere maila duela, bere abiadura. Espainia atzera dago, esaterako, eta Euskal Herriak, berriz, ez du han presentziarik Europako foro horietan, tamalez. Ingalaterra, aldiz, aurreko muturrean da, BBCk bultzatuta. Beti izan da erreferente. Hor dira Alemania eta Frantzia ere, ondo kokatuta.
Espainia atzera dago, Euskal Herriak ordezkaritzarik ere ez.
Hedabide bakoitzak diru ekarpena egin behar dio erakundeari eta, beraz, ikusi egin behar EiTBri horrelakorik komeni zaion. Tira, bertan egon eta entzutea bera ez dago gaizki, baina ez dakit hori ote den lehentasuna… Ni, dena den, EiTBko jendearekin harremanetan nago, maila pertsonalean eta profesionalean, zuzendaritzan daudenekin eta ez daudenekin, zenbait saiakera egiteko gogoa dutenekin.
Nola ikusten duzu EiTB?
Telebista aurrera ateratzekotan, apustuak egin behar dituzu, eta dirurik ez baduzu, ezin apusturik egin. Dagoenari eustea besterik ez dago. Dirurik ez bada, aurrera begirako proiektuak lantzeko muga handiak dituzu. Proiektu interesgarriak badaude, hala ere. EiTB nahieran, adibidez, oso gertutik jarraitu dut, interesgarria da guztiz. Esan zidatenez, bestalde, ikus-entzunezkoen arloa nahiko apal dabil, eta jende askok motibaziorik ez du. Soldatak jaitsi, lan segurtasunik ez… Valentziako telebistaren itxiera… Ez da arriskuak hartzeko giro onena.
BBCk ez du horrelako kezkarik, hiru bilioiko diru sarrera duelarik kanonaren bidez.
BBCk irabazi egin du bere indarra. Kanona, esaterako, izoztuta dago joan den bost urtean, baina, hala ere, diru kopuru berarekin ere, gauza gehiago egiten ari da. Horixe da erronka, erantzuten segitzea, jendeak hedabidean konfiantza ez galtzea, eta aurrera begiratzea, proiektu eta asmo berrien bitartez. Kanona igotzea oso zaila izango da. 2017an egingo da berriz BBCren eta gobernuaren arteko negoziazioa, eta kanona igo, mantendu edo jaitsi egingo da, eta horrek ere erakutsiko du nolakoa izango den etorkizuna.
BBCren erreferentzialtasuna aipatu duzularik, uste nuen Amerikako Estatu Batuak ere hor zirela…
Uste duzu? Bai, NBC, CBS eta beste hainbat telebistek indar handia dute. Baita, telebistaren munduan edo edukien munduan beste perspektiba bat emanez indar handiz sartzen ari diren bestelako enpresa batzuk ere, Netflix, Samsung edo Amazon adibidez.
Hollywoodeko produktu zaparrada hori dut, beharbada, gogoan. Industriaren presentzia handi hori, film eta telesail, haurrentzako saio mordoa…
Horretan zuzen egon zintezke, film eta telesailei dagokienean, alegia. British telesailak Amerikakoak ez bezalakoak dira, bestelako umorea dutela esan ohi da, eta hala da, gainera. Amerikatik beste eskala batean datozkigu gauzak, askoz eduki gehiago, diru gehiago mugitzen da. Baina, hala ere, BBC presente dago Europan eta munduan. Dokumental sail oso indartsua du, esate baterako. Saio didaktikoak ere mordoxka, lehiaketa modukoak eta, batik bat, albistegiak. Nazioartean errekonozimendua dute.
EiTBko zenbait arduradunekin egokitzen zarela, zer esaten diezu? Gomendiorik baduzu?
Ez da erraza. Esaterako, baliteke EiTBrentzat BBC ez izatea erreferentzia, edo behintzat EiTBren eskalara egokitzen jakitea izango litzateke garrantzitsua. BBCren testuingurua, atzetik duen bultzada, egitura… ez badituzu, alferrik dira konparazioak. Beharbada, merezi du ulertzea Ingalaterran zein izan diren arrakastaren parametroak, merezi du pentsatzea ea hango faktoreek honako ere balio duten, zein diren Euskal Herrian funtzionatuko luketenak. Maila horretan hitz egiten dugu. Teknologia berriez ari garenean, adibidez, nora doazen egiten dugu gogoeta, horiek telebistan nola islatzen diren aritzen gara… Ingalaterran garbi ikusten da, prozesu honen bukaeran telebista izango dela gauza bat nork bere neurrira egingo duena. “Telebistak botatzen didana ikusiko dut” ez da izango. Norberak nahi duena ikusiko du, nahi duen lekuan, nahi duen garaian, nahi duen dispositiboan. Hortik urruti gabiltza oraindik, baina hortik dator etorkizuna. BBCk apustu handia egin du horretan. Balio handiko edukiak dituenez, produktuak artxibategian gordeta eduki ordez, ikuslearen eskura jarri behar dira, telebista pertsonalizatu. EiTBk ez dauka BBCk duen gaitasunik, baina haren jarduna hona nola egokitu pentsa lezake, aurrekontuaren mugak eta alde handiak kontuan izanda.
Zertan dira ingelesez besteko telebistak Erresuma Batuan? Galesez, gaelikoz…
Gaelikoak badu kate bat, BBC Alba izenekoa, 2008an sortu zena. Gaelikoz besterik ez du emititzen. Jakina, hura martxan jartzeko atzean arrazoi politikoak egon ziren, baina hala ere, BBCk badu Erresuma Batuko kultura ezberdinak zaintzeko erantzukizuna. Noski, 70.000 laguneko komunitateak audientzia txikia esan nahi du. Interesgarria gertatu zitzaidan proiektua bertatik bertara ikustea, jarraitzea, eta Eskozian jendeak proiektu hartan jarrita zuen ilusioa. Hemengo jendeak asko ikasi beharko luke handik. Musika aldetik, adibidez, oso eskaleta interesgarria daukate. Marrazki bizidunak ere asko emititzen dituzte, haurrei begira, jakina. Bestalde, Galesen bada S4C, gaelikozko telebista, eta askoz ere gaeliko hiztun gehiago dira Eskozian baino. Jarraitzen du oraindik. Hala ere, 2009an definizio handiko gaelikozko telebista hasi zen emititzen. Clirlun zuen izena, “argitasuna” esan nahi du. Inbertsio handia zen, audientzia mugatua zuen, eta handik bi urtera itxi egin behar izan zuten, murrizketak tarteko.
ETBren bi kateak behar al dira, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa? Hor dira beti hirugarrena eta Etbsat.
Finean telebista herri bateko kultura, hizkuntza edo komunikazioa bultzatzeko tresna baliagarria da. Horregatik, euskarazkoa zalantzarik gabe behar da. Ikusi egin beharko litzateke, apustu fuerte bat egin euskarazko katearen alde eta emaitzak ikusi, audientzia eta beste. Baina ETB2 ixtea, esate baterako, ez zait erreala iruditzen, hemen badagoelako edukiak gaztelaniaz kontsumitzen dituen jendea. Oreka bat lortzean sinesten dut beti; nola bultzatu euskara eta kultura, nola aldatu jendearen ohiturak, nola egin apustuak bi kateetan kalitate eta pisu berdineko edukiak egiteko. Orain erdarazkoaren alde dago balantza, eta hori pena da.
Utzi ditzagun honenbestez BBC eta EiTB. Idazle zaitugu. Azken liburuak Txartel bat (des)herrira du izenburu, irakurle batek baino gehiagok dakienez. Esadazu, nolakoa den Londresen bizi zaren horren deserria.
Nire deserria neuk aukeratua da eta, hain zuzen, Euskal Herritik aldentzeak bertara gerturatu nau. Beste perspektiba bat eman dit, orain hobeto ulertzen dut nire herria. Iruditzen zait hemen baditugula iraganeko mamu batzuk, eta horiekin borrokan gabiltzala etengabe aurrera pausorik eman gabe. Horiek atzean uztea beharrezkoa da aurrera egiteko, baina mamu horiekin borroka hori irabazteko betiko erregelek eta erretorikek ez dute balio. Uste dut arau edo erregela berriak definitzeko beharrezkoa dela beste batzuei entzutea, beste begirada batzuk hartzea edo distantzia bat jartzea. Kanpora irteteak horretan laguntzen du. Niri, behintzat, asko lagundu dit. Horregatik esaten dut gerturatu egin nauela. Literaturak eta idazle lanek, berriz, are eta gehiago laguntzen didate distantzia hori mozten, laburrago egiten.
Garazi Goia (Segura, 1978) Telekomunikazio ingeniaritza ikasketak egin zituen Bilboko EHUn. Hala ere, inoiz ez du ingeniari lanik egin. Kudeaketa lanean ari da BBCn, Londresen, joan deneko zazpi urtean, etorkizuneko estrategiak pentsatzen. Irakurle amorratua da eta txanponaren beste aldea ere gaztetatik bizi du: idazle da. Bi hitz eta Txartel bat (des)herrira ditu orain arte argitaratuko lanak, eta ipuina du Orgasmus lan kolektiboan ere. “Jaioko dira berriak” kantatu zuenak bazekien zer edo zer. Berri horietakoa da Garazi Goia.
Ez dugu jakiten zertaz ari diren “burmuinen ihesa” diotenean, zer nolako jendea dugun etxean, harik eta herritik kanpora bide ederra egiten hasten diren arte. Horietako batekin gertatzen garenean hasten gara entenditzen zer esan nahi duen “burmuinen ihesa” terminoak. Garazi Goia bat gurean ez edukitzeak eskasago egiten gaituela, ahulago, hauskorrago. Geure izaera indibidual eta kolektiboa indartzeko aukerak modurik zozoenean ihes egiten digula. Joaten uzten diogula.
“Txikitatik izan dut literaturarekiko zaletasuna. Irakurle sutsua izan naiz, etxean ere liburu asko izan dira beti. Hortik datorkit interesa. Gazterik hasi nintzen idazten eta lehiaketetan parte hartzen. Urruzuno saria irabazi nuen 1996an, eta, aurretik, bailara mailako lehiaketaren bat. Irakurtzeko zaletasunak bultzatuta hasi nintzen idazten. Horrela etorri zen nire lehenengo lana, Bi hitz, 2008an, Londresen ari nintzela lanean”.
"Txartel bat (des)herrira guztiz ariketa ezberdina izan da. Askoz landuagoa da, ni ere askoz kontzienteagoa nintzen zertan ari nintzen. Bestelako ariketa izan da, atzetik bilaketa lan handia egin nuelako, gerrako haurrei buruzko alde historikoa behar den bezala erakusteko. Gerrako haurren gaia beti iruditu zait interesgarria. Seguran, behin, Ingalaterrara joandako haur haietako baten semea ezagutu nuen aitaren bidez. Londresera berriz, ea han zer edo zer aurkitzen nuen joan nintzen
“Idatzi egiten nuen, argitaratzea pentsatu gabe. Halako batean, nire idatziak forma hartzen ari zirela sentitu nuen. Orduantxe pentsatu nuen, akaso, egiten ari nintzen lanak liburu itxura har zezakeela bukaeran. Helburu finkorik gabe aritu nintzen idazten, askatasun osoz idatzi nuen, eta askatasun horren fruitu izan zen Bi hitz”.
Euskal Herrian sortzen den eduki guztietarako sarbidea eskaintzeko sortu du erreminta Izarkomek. Urtarrilaren 2tik aurrera egongo da erabilgai Begizta, oraingoz Izarkom eta Onaro operadoreetan. Edukia hainbat gailu ezberdinetan ikusteko aukera emango du, baita bost profil... [+]
Igande honetan, azaroaren 17an estreinatuko da Barraka izeneko late-night formatuko programa, EITBren Primeran plataforman. Hiru Damatxok ekoitzi du umorez blaitutako ikuskizun bizia.
Haur eta gazteek duten pantaila kontsumoarekiko kezka nagusi den garaiotan, fokua helduongan jarri eta familia guztiarentzako gomendio baliagarriak bidali dituzte Zurriola ikastolatik, pantailek ez ditzaten udako oporrak baldintzatu.
Denbora laburrean plano aldaketa asko dituzten marrazki bizidunek, alegia erritmo azkarreko hiperestimulazio audiobisualak eragin negatiboa du umeen arretan, hainbat ariketa mental egiteko gaitasunean eta autoerregulatzeko ahalmenean, ikerketa batek ondorioztatu duenez.
Nahiz eta herritarren erdia baino gehiago "normopisua" delakotik gora egon, film eta telesailetako pertsonaien %3,3ak baino ez ditu gorputz horiek ordezkatzen. Apenas dagoen pertsonaia gizenik, eta dagoenean, sarri bere gizentasuna du trama nagusi, bereziki emakumea... [+]
Espainiako Estatuko 12 eta 17 urteko gazteek sarean sei ordu baino gehiago pasatzen dituzte egunean, eta bost gaztetik batek pantailekiko menpekotasuna garatzeko arriskua du, dio Somos Conexión telekomunikazio kooperatibak. Udako oporretan haur eta gazteek pantaila... [+]
Kanaldude Nafarroa Behereko tokiko telebistak duela gutxi berritu du webgunea, eta hedapena zabaltzea erdietsi ere; eta orain beste mugarri interesgarri bat probatzera doaz: Mus lehiaketa bat telebista emankizun moldean antolatua. Bikote bila casting irekia deitu dute, Euskal... [+]
Kanaldudek internetetik gure etxeko telebistetara jauzi egin du. Oraindik goiti, Free, Bouygues eta Orange internet hornitzaileen telebista boxen bidez ikusten ahalko da. Orain lanean ari dira SFR-en bidez ere ikusi ahal izaiteko. Horrez gain, webgune berria estreinatu dute... [+]
Jai egunen bezperan lagun bat eta biok lortu dugu elkartzea pote bat hartzeko. Mahaian jarrita gaude, labur bada ere, gure azkeneko kontuez jarduteko. Lagun kutuna dut, baina gure bizitzengatik nahi baino gutxiago egoten gara.
Tar-tar goxoa darabilgu. Gutxira, gazte kuadrilla... [+]
Aspaldian nengoen Teleberria ikusi barik, baina harira ez datozen arrazoiengatik parean tokatu zaizkit larunbat eta igande gauekoak. Eta argi geratu zait zergatik laga nion telebistako informatiboak jartzeari.
Duela urte asko oso gustukoa nuen albistegiak ikustea, baina... [+]
Euskarazko ikus-entzunezkoen presentziaren alde lanean ari den Pantailak Euskaraz ekimenak Pantailaldia deitu du azaroaren 11tik 18ra. Horren harira, sarean euskarazko edukiak kontsumitzeko dauden aukerekin gida bat zabaldu dute. Dozenaka aukera jasotzen dira bertan, eta... [+]
Gertaera nahiko azpimarragarria da, Boterearen Eraztunak telesaila euskaraz ere estreinatu duela munduan Amazon Prime Video plataformak. Streaming plataformen munduan, 2022 honetako fenomenotzat aurkeztu dituzte The Lord of the Rings / Eraztunen Jaunaren prekuela, eta... [+]
Amazon Primek kaleratuko duen telesaila inoiz eginiko garestiena da eta irailaren 2an izango da estreinaldia. J. R. R. Tolkien-en mundua berpiztuko du telesailak.