"Euskarak ez du sufritzen, euskaraz bizi nahi dugunok sufritzen dugu"

  • "Ez al dakizu euskara dela..."


2014ko urtarrilaren 16an
Xamar (Arg: Dani Blanco)
Xamar (Arg: Dani Blanco)

Euskarak egiten gaitu jende?

Espainolak “gente” egingo gintuen eta frantsesak “gens”. Asperturik nago hizkuntza Amazonia edo baleak bezala tratatzeaz. Noiz arte segi behar dugu Amazonia, baleak eta euskara salbatu behar ditugula aldarrikatzen? Euskara hiztegi eta gramatika bat dauzkagunetik salbatuta dago, euskarak ez du sufritzen. Sufritzekotan, euskaraz bizi nahi dugunok sufritzen dugu. Gure hizkuntz komunitatearen geroa da auzitan dagoena. Gure burua komunitate gisa salbatu behar dugu. Komunitate horretan, hizkuntzagabetuak izan diren erdaldunek ere badute zererranik. Anitzek badute motibapen bat, interes bat, eta azken 40-50 urteetan euskararen alde erdietsi den oro ezin da konprenitu erdaldungo kontziente hori gabe. Iruñean, erraterako, beraiek sortu zituzten ikastolak, heien gabezia seme-alabena izan ez zedin. Horrek, alta, istripu historiko tenporal bat izan behar luke, ez denboran luzatzen den fenomeno bat.


Dagoeneko ez da gehiegi luzatzen ari?

Hor dago koska. Fenomenoa murriztu beharrean mantentzen eta finkatzen ari da, balio digulakoan. Horregatik ez dugu nabarmenki aitzina egiten. Horregatik ez gara erresistentziatik harago joaten. Jon Sarasuak ederki dioen gisan, afera ez da botila erdi hutsa edo erdi betea dagoen, botila hautsita dagoela baizik. Lan eta lan ari gara, baina beti galtze batekin. Adibidez, hain sinplea izanik zergatik kostatzen zaigu hainbertze “euskal” zer den definitzea? Euskararen aurkako diskurtsoa etengabe dagoelako martxan eta “euskal” hitza ere zentzu-hustu digutelako. Egun, lur hauetan sortu den erdaldunari ere “euskal” erraten zaio, historikoki eta kulturalki hala ez dela jakin arren. Zergatik ez dira agertzen Pio Baroja euskal literaturaren historian eta Axular Espainiakoan? Kontrako diskurtsoak distortsionatuta bizi gara.

Distortsioak distortsio, iragan dira mendeak, inperioak, populuak... eta euskarak beti iraun du. Zergatik?

Euskara jendea garelako. Euskara jendea garela sinesten badugu, datorrela datorrena, eutsiko diogu. Hastapenean, albokarekin moldatzen ginen, Italiatik trikitixa iritsi zen arte. Gurean gaurkotu, egokitu eta errotu genuen, bejondeigula eta bejondeiola. Gauza bera gitarra elektrikoarekin. Euskara jendea izatearen kontzientzia baduzu ez zaizu axola alboka ala gitarra, edo txapela ala bisera. Azaleko kontuak dira horiek. Ez da kasualitatea gure kulturak bere burua definitzeko hautatu duen irizpidea mintzoa izatea. Biziki arraroa da hori munduan. Alabaina, orain arte iraun izanak ez digu gerorik ziurtatzen. Zenbat iraun dezakegu egungo baldintzetan? Orain 30 urte, Baxe Nafarroa Euskal Herriko eskualderik euskaldunena zen, denek zekiten euskaraz, eta egun kinka gorrian dago. Herri batendako arras nekagarria da betiereko erresistentzia. Etengabe korrontearen aurka igeri ari dena korronteak eramaten du azkenean.

Zer dago irauteko grina horren muinean?

Gure autodefinizioa mintzoan oinarriturik, gu izateko nahiak behar zen kemena eman digu komunitate gisa gaur arte irauteko, makal eta eri nahi baduzu, baina bizirik. Gure kasuan, estatu ezberdinetan zatituta egon arren, komunitatearen baitako loturari eutsi diogu. Gure herrian, Garraldan, gure zaharrek deus guti erraten ziguten Iruñeari buruz. Donibane Garazi zen heien hiriburua, gure etxeko izebak Donibanera jo zuen emigratu zuelarik. Printzipioz, elkarrekin zer ikusirik ez zuten bi estatu ziren, gure zaharrek ez zuten euskal kontzientzia agerikorik, baina senak komunitate bati lotzen zituen. Hizkuntza bizirik badago, sen horrek irauten du gaur egun ere, baina mugak eraitsi badituzte mugen beharrik ez dutelako da. Hizkuntzaren galtzeak dakar zinezko muga, mugazainik eta errepideko kontrolik gabe inposatzen dena.

Frantsesa eta gaztelania inposatuak direla ahanzten dugu sarri.

Eta nola! Legeak ez ditu berdin eta demokratikoki tratatzen bi hizkuntzak. Beti dago baten aldeko politika. Erraterako, espainolez ikasteko klaseak dohainik ditu etorkinak, baina euskaraz trebatu nahi duen bertakoari dirua eta ordu libreak eskatuko zaizkio. Erdaretan dena da haize-alde, euskaraz dena zailtasun eta oztopo. Horixe jakobinismo frantses eta espainolaren berezko ezaugarrietako bat. Ederki dakite hizkuntza identitatea dela, eta hizkuntza galtzen den tokietan identitatea galtzen dela. Hori hala, askoz errazagoa da artaldea gobernatzea. Ez zuen alferrik erran frantses jakintsu batek bere hizkuntza galtzen ez zuen herri menperatua oraindik bazela.

Lapurdi, Zuberoa eta Baxe Nafarroan, zein Nafarroako zenbait tokitan, euskaraz erdaraz baino aise hobeki mintzo direnak dira euskararen aurkaririk sutsuenak.

Hori autogorrotoa da. Gobernu menperatzailearen hizkuntzak balio duenez, zuk oztopoak dituzu bidean aitzina egiteko, eskailera sozialean igotzeko, eta zure burua gorrotatzerainoko konplexuz josten zara. Zarena dela oztopoa sinestera iristen zara. Horregatik, eta zuk pairatutakoa seme-alabek pairatu ez dezaten, mozten duzu hizkuntzaren transmisio naturala. Izugarria da ukazio horren pairamenak sortzen duen autogorrotoa. Zure identitateari, hizkuntzari, komunitateari egozten diozu errua. Konbentzituta zaude horregatik ezin izan duzula abokatu izan, horregatik izan zarela bizi osoan gutxietsitako laboraria. Baina hizkuntzak ez du errurik, menderakuntzak baizik.

Nola liteke gerrek estatu menperatzailearekiko hain atxikimendu ezberdinak sortzea mugaren alde bietan?

Iparraldeari dagokionez, pentsa azken bi mundu gerretan Frantzia garaile atera zela. Nahi ala ez, beti da erosoagoa garailearen bandoarekiko atxikimendua. Bertzalde, gurasoak, semeak, senideak, lagunak... galdu dituzu gerran, eta jasangaitza litzateke alferrikako guduetan hil zirela pentsatzea. Horregatik, “Morts pour la patrie” propagandaren baitan heroiak direla azpimarratzen da, herri guztietan monumentu bat eraikitzen zaie, eta heien heriotza justifikatua geratzen da. Hegoaldean, aldiz, Espainiaren aurkako gerrak galdu ditugu oro har, eta galtzailearen sena gelditu zaigu, garaituaren ahaleginaren duintasuna. Neurri batean, gainera, konplexu hori hizkuntzara ekarri dugu. Franco bizi zelarik metatutako motibapen eta gaitasun horrek eztanda egin zuen bere heriotzean. Ikastolek, mugimendu sozial eta politikoek, helduen alfabetatzeak, euskarazko irakaskuntzak... gorputza hartu zuten, eferbeszentzia ikaragarria izan zen. Mugimendu horrek, ordea, babes politiko serioa behar du, 30-40 urte berantago nabarmena baita ahalegin horrek ez dituela araberako fruituak eman eta horrek neke eta itxaropen galtze bat ekarri duela. Egun, neurri politikorik ezean, ahalegin handienak ere etorkizun zaila du, Nafarroa Garaian aski nabarmena denez.

Zeintzuk dira politikoki aplikatu beharreko neurri horiek?

Lehenik, printzipioz euskararen alde dauden talde eta alderdiek euskara jendea garela sinetsi beharko lukete. Momentuz ez da hala, euskaradun komunitateak ez du ordezkaritza politiko osorik. Euskararen auziak ez du lehentasunik talde politikoentzat, beti dauzkate aitzinagoko lanak. Bertzetik, talde politiko horiek aldarrikatzen dituzten printzipioekin bat datorren barne politika logiko bat plantan ezarri beharko lukete. Errazena espainol eta frantses alderdi nazionalisten politika salatzea da, baina oposizioan edo boteretxo batean egon, politika koherente bat ere gauzatu behar da. Hori da zinez transmititzen dena eta ez gehienetan alferrik egiten diren euskararen aldeko kanpainen bidez emana. Ez dago ulertzerik politikari abertzale euskaldun alfabetatuak erdaraz aritzea aldibereko itzultzaileak lanean ari diren tokietan, baina etengabe ikusten den kasua da. Zer esanik ez liburuak erdaraz plazaratzen dituztelarik... Hori da jasotzen den eredua. Horregatik diot ez dela hainbertze erratea zer egin nahi duzun euskararen alde. Egizu eta ikusiko da. Egiten eta erraten dugunaren arteko koherentzia da gakoa. Bitartean, euskaldunak konplexuz bizitzera kondenatuta gaude. Bilboko alkate abertzale izateko ez baduzu euskararik behar baina udaletxeko atezaina izateko bai, zerekin lotzen da euskara? Euskararen alde daudela hainbertze aldarrikatu beharrean, egin dezatela, eta ikusiko da. Hori gerta dadin, euskara benetan herri honen funtsa dela sinesten dugunok, agintariak, nornahi direlarik ere, presionatu behar ditugu, gutxiago edo gehiago, orain arte denak baitaude hizkuntz komunitatearen premien azpitik.

Pertsona bat izan liteke eleanitza. Herri bat?

Ez. Elebitasun itxura hizkuntza bat galtzen den bitartean baizik ez da ematen. Gurean elebiduna den bakarra euskalduna da, ez erdalduna. Horregatik, elebidunak baino gehiago diglosikoak gara. Ez da kasualitatea euskararen aurkako eraso bortitzenak elebitasunaren izenean egitea. Erresistentzia aro batera mugatuko nuke elebitasuna, baina batez ere, bigarren hizkuntza zertarako nahi dugun erabaki behar genuke, eta horren arabera, ezagutza maila bat adostu. Frantziak biziki ongi egin zuen hori ingelesarekiko bere burua arriskuan ikusi zuelarik. Frantsesa babesteko legeak onartu zituen eta kito arazoa. Baina hau guztia aspaldidanik azaldu zuen Txepetxek oraindik ezagutu beharrekoa den Un futuro para nuestro pasado liburuan.

Zapalkuntzari aurre egiteko manera bat izan liteke dibulgazioa?

Dibulgazioak autokonfiantza elikatzen du, eta herri gisa, norbere buruaren ikuskera zuzenagoa dakar. Beti erran digute bazterrekoak eta baztergarriak ginela, eta horri buelta emateko konfiantzan oinarritutako eta konplexurik gabeko gure buruaren ezagutza eta ikuskera bat behar dugu. Hauxe da garena gure miseria eta bertuteekin, baina ez dezagun sinetsi gure miseria oro berezkoak ditugunik, ezta gure dohain guztiak kanpotik heldu zaizkigunik ere. Bertzalde, zerbaiten bila joan ahal izateko bere existentziaren berri izan behar duzu. Ezezagutzak biluzik uzten zaitu, eta zerbait ments duela ez dakienak ez du deusen bila abiatzeko beharrik sentitzen. Horregatik dira ezinbertzekoak kontzientziaren zabalpena eta sustapena. Tamalez, inork ez dio garrantzirik ematen, “hemen datoz berriz betiko baserritarkeriekin” edo “Guggenheim da gure iparra” bezalakoak aurpegiratzen dizkigute. Ba bitxia bada ere, Euskal Herrian, Orhipean liburua gehien saltzen den lekua da Guggenheim, kanpotik heldu denak modernitatea ikusteko adinako jakin-mina baitu non dagoen jakiteko. Zergatik ez bertakoak? Horretarako ez dakigula jakin behar dugu, badagoela mundu zabal bat, kultura aberats bat, ezagutu behar duguna. Ezagutzen dugularik erabaki ahal izango dugu atxikitzea merezi duen ala ez. Ez dakienak ezin du deus erabaki.

Euskararen desafioa ez dela euskararena bakarrik dio Jon Sarasuak.

Xalbador-ek kantatzen zuen gisan aiseago litzaiguke gure buruak inertziaz gidatzen utzi eta lasai bizitzea. Baina euskararen komunitateko parte denak badu aitzina segitzeko har bat, zuzen ari dela salatzen dion sinesmen bat, eta konbentzituta dago egiten duena ez dela bere onerako soilik, mundua ikusteko manera bat dela. Zer egoeratan daude gainerako kultura minorizatuak? Nora doa gizateriaren kultur ondarea? Munduko herri, kultura eta hizkuntzen arteko oreka aldarrikatzea da kontua, bakoitzak izan dezala bere kultura sortuz eta arnastuz lasai bizi daitekeen lurralde bat. Bide horretan, nola lagundu ditzakegu Brasilgo Yanomamiak? Europako indigenak izan eta Europa den mamutzarrean irauteko gai bagara zerbait erakusten ahalko diegu, eta bertze arlo batzuetan ez zaigu haiengandik zer ikasirik faltako. 

Nortasun agiria
Xamar. Garraldako Xamarrena etxean sortua 1956an. Irakaslea ofizioz, dibulgatzailea ekinbidez, euskararen historiaz erreferentziazko hainbat liburu idatzi ditu, hala nola, Orhipean; gure herria ezagutzen, Orekan: herri eta hizkuntzen ekologiaz edo Euskara Jendea: gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza. Azken liburu horretan oinarritutako izen bereko dokumental sorta gidatu eta argitaratu du berriki. 
Azken hitza: Frankotiratzaile

“Dibulgazioa hizkuntzaren motibapena ere bada. Baina nola lantzen da motibapen hori? Lema batekin? Manifestazio batekin? Etengabeko lan bat da, gainerako herrietan lege, curriculum, ikerketa beka edo dibulgaziorako laguntzekin bermatzen den alor estrategiko bat. Gurean, ordea, gutxiesten da, ez zaio ia laguntzarik ematen, eta lan horietan gabiltzanok frankotiratzaile bezala gabiltza”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Patri Urkizu euskaltzale, ikertzaile eta idazle lezoarra zendu da

78 urterekin hil da ibilbide oparoa izan duen euskaltzalea. Euskal Filologian doktore izateaz gain, hamarnaka lan argitaratu zituen, poesian, nobelan zein saiakeran, baita biografiak eta bertso bildumak ere. Lan handia egin zuen antzerkigintza ikertzen.


Euskaltzaleen Topaguneak ‘Taupa' mugimenduari eman dio lekukoa

Euskaltzaleen Topaguneak hasiera berri bat irudikatu du. Hemendik aurrera Taupa, euskaltzaleen mugimendua izena hartuko du. Euskara elkarteen topagunea izatetik, Euskal Herri osoko euskaltzaleak aktibatzea eta saretzea izango du helburu. Topaguneko kideek adierazi dutenez,... [+]


2024-12-13 | ARGIA
Euskarabideak 13,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean, iaz baino %9,7 gehiago

Nafarroako Legebiltzarrean datorren urteko aurrekontuak ixteko negoziazioetan ari dira egunotan alderdiak, eta horietan adostutakoaren arabera, euskararen Euskararen Nafar Institutuak iaz baino 1,3 milioi gehiago izango ditu.


Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna bermatzeko lege aldaketak egitea eskatu die Kontseiluak alderdiei

Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.


2024-12-12 | Julene Flamarique
“Kanal bat, hizkuntza bat” logika gainditzeko eskatu diote ETBri

Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko murgiltze eredua duten haur eskolak ipintzeko eskatu diote udalari

Hamabi haur eskola publiko daude Iruñean, eta horretatik bakarrean dago euskarazko eredua. Protesta egin dute dozena bat eragilek, eta euskal hiztunen “egoera berezia” aintzat har dezan galdegin diote udalari.


Behar direlako tituluak

Benetan nahasia da euskara ikasteko dirulaguntzen kontu hori. Euskara ikasi nahi duen herritarrak leihatila bat baino gehiagotara jo beharko du egin nahi duen ikastaroa zenbat kostatuko zaion eta dirulaguntzak nondik, nola eta noiz lortuko dituen jakiteko. Oraindik ere dirua... [+]


2024-12-11 | Julene Flamarique
Badator Begizta, euskarazko telebista kanalen bilgunea

Euskal Herrian sortzen den eduki guztietarako sarbidea eskaintzeko sortu du erreminta Izarkomek. Urtarrilaren 2tik aurrera egongo da erabilgai Begizta, oraingoz Izarkom eta Onaro operadoreetan. Edukia hainbat gailu ezberdinetan ikusteko aukera emango du, baita bost profil... [+]


2024-12-11 | Leire Ibar
Euskaraz modu ludikoan trebatzeko Hi Haiz Hi lehiaketa abian da

12 eta 16 urte bitarteko gazteak aisialdian euskaraz aritzea du xede Ametzagaiña eta Iametza enpresek sortutako jolasak. Gazteek egunero euskal erreferente bat asmatu behar dute eta gramatikaren inguruko galderak erantzun behar dituzte horretarako. Egitasmoa martxan jarri... [+]


“Irungo Udalera joango gara euskaldunekiko duen jarreraz hitz egitera, ez ekitaldi bat erdaraz egin izanaz”

Irungo Udalak barkamena eskatu eta asteazken honetarako bilerara deitu ditu hiriko elkarte euskaltzaleak, baina beste norabide bat hartu du aferak eta gaia ez du berehalakoan itxiko. Gabonetako ekitaldian euskara baztertzeagatik udala salatu duten elkarteak zeuden deituta... [+]


2024-12-09 | Leire Ibar
“Euskararen Errepublika” aldarrikatu du EHEk Durangoko mobilizazioan

Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean egin du manifestazioa larunbatean Euskal Herrian Euskarazek, Landako gunetik abiatuta. Euskal Errepublika aldarrikatzera, indarrak batzera eta euskararen aldarria lau haizetara zabaltzera deitu dute Durangoko kaleetan... [+]


Eguneraketa berriak daude