Nelson Rolihlahla Mandela hegoafrikarraren heriotzak bost kontinenteetako herritarren arreta bereganatu du. Apartheidaren aurka borrokatzeagatik 27 urte kartzelan egin ostean, herrialdeko lehen presidente beltz eta demokratikoa izatera heldu zen. XX. mendeko ikono nagusietakoa, bere izena erresistentzia, duintasuna eta berradiskidetasunarekin lotzen da.
“Benetako liderra hitzaren zentzu guztietan, mendean behin jaiotzen den pertsona horietako bat. Herri bat gidatzeko behar diren ezaugarri guztiak ditu eta bere lidergoa instintiboki jarraitzea erabakitzen duzu”. Brian Currin abokatuaren hitzak dira, artean Mandela bizirik zela Argiari esanak. XX. mendeko preso politikorik ezagunenetakoa 95 urterekin hil da, etxean. Abenduaren 5ean, biriketako infekzio batek eraginda joan zen, “bakean”, Jacob Zuma presidenteak azaldu duenez. Mundu osoko estatuburuak erakarri dituen hilaren 15eko estatu-hiletaren ostean, Qunu jaioterrian lurperatuko dute, berak hala eskatuta.
Mandela 1918an jaio zenean, gurasoek Rolihlahla izena jarri zioten eta xhosa hizkuntzan “arazo sortzaile” edo bihurri esan nahi du. Nelson izena eskolan jarri zion maistra batek, Britainia inperialeko heroi baten omenez. Kontzientzia politikoa pixkana hartzen joan zen, Long walk to Freedom autobiografian azaltzen duen moduan.
Aurrez lotutako ezkontza batetik ihesi joan zen Johannesburgora. Bertan pixkana “haserrea, errebeldia eta nire jendea kartzelan sartzen zuen sistemaren aurka borrokatzeko gogoaren kontzientzia” hartzen joan zen. Gutxiengo zuriak agintzen zuen Hegoafrikan eta herritarren %14a lurren %87aren jabe zen. Beltzak, indiarrak eta mestizoak piramide politikoaren behealdean zeuden, bozkatzeko eskubiderik gabe, zanpatuta eta mugitzeko ere askatasunik gabe.
Gauzak hala, berak kontatuta utzi zuenez, Mandela iraultzaile bilakatu zen 1942an. 24 urterekin ANC alderdian sartu zen, eta gazteen adarra sortu zuen hainbat lagunekin batera. Alderdia posizio erradikalagoetara eraman zuten. Bidegabe jotzen zituzten legeen aurka, desobedientzia zibila praktikan jartzen zuten, boikotak eta ekintza masiboak sustatuz. Hainbatetan atxilotu zuten. Ikasle txiroa izan arren, zuzenbidea ikasi eta bulegoa ireki zuen, lagun batekin. Arraza beltzeko kideek herrialdean ireki zuten lehen abokatu bulegoa izan zen, eta prezio merkeetan bestela defentsarik izango ez zuten herritarrak hartzen zituzten.
Egoera politikoa asko gaiztotu zen 1948an, Afrikaner nazionalistek (kolono holandarren ondorengo herritarrek) programa arrazista batekin zuriek bakarrik parte har zezaketen hauteskundeak irabazi zituztenean. Giroa gero eta nahasiagoa zen, eta protestak gero eta ohikoagoak. Poliziak 69 zibil hil zituen Sharpeville herrian 1960ko martxoan, Apartheid legeen aurka protestan ari ziren manifestazioan. Larrialdi egoera ezarri zuten herrialdean, 18.000 atxilotu eta ANC alderdiaren ilegalizazioa ekarri zuen horrek.
Gerora hainbatek alde batera utzi nahi izan duten kontua den arren, Mandelak borroka armatua antolatu eta defendatu zuen urteetan zehar. ANCren talde armatuaren lehen buruzagia izan zen, gobernu arrazistaren aurka egiteko beste biderik ez zegoela sinetsita. 1960. urtea zen. “Sekula soldadu izan gabea nintzen honi, sekula bataila batean parte hartu gabea, sekula etsaiaren aurka pistola batez tiro egin gabea nintzen honi, armada bat sortzeko ardura eman zioten. Erakundeari Umkhonto we Sizwe (Nazio baten lantza) izena jarri genion, MK laburtuta”.
Europan eta Afrikan finantziazioa lortzeko bira egin ostean, 1961ean atxilotu zuten. Fidel Castroren Historiak absolbituko nau izenez ezaguna den autodefentsan inspiratuta, epaiketan bere burua defendatu zuen, eta Apartheid sistema goitik behera kritikatu zuen. Heriotzarekin zigortu zezaketela jakin arren, honela amaitu zuen saioa: “Nire bizitzan afrikarren borrokari lotua aritu naiz. Zurien dominazioaren aurka borrokatu dut, beltzen dominazioaren aurka borrokatu dudan bezala. Jendarte libre eta demokratikoaren ideala maitatu dut. Pertsona guztiak elkarrekin harmonia onean eta aukera berdintasunean bizitzea nahi nuke. Ideal horren alde biziko naiz, eta noizbait erdiestea espero dut. Baina, aldi berean, egoerak hala eskatzen badu, ideal horren alde hiltzeko prest naiz”.
Egun Mandela heroitzat duten herrialde askok babes osoa ematen zioten gutxi batzuen botere interesak babesten zituen Hegoafrika arrazista hari. AEBek, Frantziak eta Britainia Handiak, negozio interesak tarteko, Hegoafrikaren aurkako mozioei betoa jarri zieten Nazio Batuen Erakundean. Egun sare sozialetan bolo-bolo aritu dira David Cameroni kritika eginez, izan ere garai hartan “urkatu Nelson Mandela eta ANCko terrorista guztiak” afixak atera zituen alderdi kontserbadoreak.
1962an atxilotu zuten 44 urterekin eta bizi osoko espetxe zigorra ezarri zioten. Mandelak 27 urte egin zituen kartzelan. AEBek 2008ra arte ez zuten ANC alderdia talde terroristen zerrendatik kendu, Mandelak presidente kargua utzi eta bederatzi urte igaro arte.
Nor da Mandela? galderari honela erantzun zidan Mac Maharaj ANCko kide historikoak orain hiru urte Pretoriako presidentziako bere bulegoan: “Mundu osoko gatazketan, askatasuna lortzeko borrokak gizabanako batzuk lider bilakatu ditu, ezaugarri jakin batzuk dituztelako. Osotasuna mantentzen dute, gauzak garbi ikusten dituzte, gatazkarekin leialak dira eta ez dute etsitzen. Beren idealak defendatuz jendearen zerbitzura egoteagatik errepresioak sortutako min handia pairatzen dute. Pertsona horietako bat izan da Mandela. Munduak Apartheidaren preso guztiak irudikatzeko sinbolo gisa erabili zuen, eta identifika zezaketen irudi horretan oinarrituz, Hegoafrikako preso politiko guztien askatasuna eskatu zuen”.
Eta lortu zuten. Nazioarteko presioa hazten zihoan heinean, behin baino gehiagotan eskaini zioten aginte zuritik borroka armatua errefusatzearen truke kartzelatik irtetea. Uko egin zuen beti. Bere herria aske izan arte bera ez zela aske izango errepikatu zuen. 1990eko otsailaren 2an ANC legeztatu zuten, eta hilabete bereko 11n kartzelatik atera zuten Mandela. Ukabila altxatuta ageri da orduko emaztearekin, tinko. Arrazismoaren eta Apartheidaren aurkako borrokan jarraitzeko indarrez, 71 urterekin. Bere azalean pairatu zuen herri osoaren aurka egindako bortxak itsutu gabe, askatasuna eta arrazen arteko berdintasuna lor zitezkeela sinesten zuen.
Cape Town hirian, milioi bat pertsona baino gehiagoren aurrean eman zuen hitzaldian, demokrazia lortzeko borroka armatuarekin jarraitzeko beharra azpimarratu zuen berriro. Gobernuarekin herritar guztiek eskubide politiko berak izango zituzten egoera negoziatzen ibili ziren, eta azkenean hauen jarrera zintzoa zela ikusi zutenean, borroka armatua bertan behera uztea erabaki zuten. 1993an Bakearen Nobel Saria eman zioten berari eta orduko presidente zuri De Klerk-i.
Herrialdea guda zibiletik gertu zen, atentatuak eta tiroketak gertatzen ziren egunero. Ondoren analista politikoek azaldu dutenez, hauteskundeen aurretik Alderdi Komunistako buru Chris Hani hil zutenean, Mandelak telebistan herritarrei lasaitasunerako dei egin zien unean bilakatu zen presidente, formalki ez, baina bai praktikan. Herrialdeak seinale bat behar zuen herritar beltzak armak eskuan altxatzeko. Ez zen halakorik gertatu. 1994an egin zituzten hauteskunde demokratikoak lehen aldiz. ANC irten zen garaile eta batasun nazionaleko gobernua osatu zuten beren arerio historikoekin batera.
Gatazken konponbiderako demokraziaren eta elkarrizketaren beharra azpimarratu zuen behin eta berriz. Hainbat kontzesio eginez, herrialdea batzea jarri zuen helburu bera presidente izan zen legegintzaldian. Hala ere, akatsa litzateke Hegoafrikak egin duen bidea Mandelaren mirariari egoztea, gutxienez ANC alderdiaren lana aintzat hartu gabe. Mandelaren lidergo sendoa aitortzen dute eragile guztiek, baina itzalean jende asko aritu zen lanean, ondoren argitaratu diren liburu piloak erakusten duenez. Orain hiru urte, gatazka politikoarekin lotutako aitortza berriek osatzen zuten urteko liburuen kopuru handi bat.
Mandelak lorpen handiak egin zituen eremu politikoan, baina zilegi da aitortzea Madiba ezizenez ezaguna duguna ere ez zela perfektua. Bi gauza aurpegiratu izan zaizkio nagusiki. Batetik, hiesari zeukan adinako garrantzirik ez eman izana, munduko herrialderik kutsatuenetakoan; eta bestetik, nagusiki boteretsuek boteretsu izaten jarraitu zuten sistema ekonomikoa mantentzea. Bi hitzetan esateko, Legebiltzarra beltzentzat, eta bankuak zurientzat. Adibide bat jartzearren, baliabide naturalen ustiapen basatia egiten duten multinazionalak nazionalizatu ezean, zaila da oraindik pobrezia larrian diren herritarren egoera aldatzea.
Dena den, pazientzia eta konpromisoa aitortu behar zaizkio Mandelari, baita nazioaren berradiskidetzean jokatu zuen papera ere. Eta boterea utzi izana legegintzaldi bat egin ostean. Ez da gauza ohikoa agintarien artean. Bere gobernualdian iraganeko zauriak ixtea jarri zuen helburu nagusien artean, eta behin hori eginda, erronka berriak dituzte orain.
Garbi dagoena da Mandela historian sartuko dela XX. mendeko Ghandi, Luther King, Kennedy edo Fidel Castro bezalako figurekin batera. Lider karismatikoa, estratega bikaina, Afrika osoaren sinbolo izan da. Helburuak garbi izatea zuen indargune nagusi, eta horiek lortzeko bidea intuitzen asmatu zuen.
Mandela jaunak ongi merezia dauka atsedena. Ortzadarraren herrialdean ordea, heriotzagatik dolua erakusteaz gain, halako pertsona bat bertan jaio izana ospatzea erabaki dute.
ACCRA, Ghana — Urte luzez, bazirudien Nelson Mandelaren argazki bakarra zegoela. Argazki horretan Mandelak ile trinkoa, masail guriak eta begirada serio deliberatua zituen. Baina zuri-beltzeko argazkia zen, hain pikortua ezen antzinakoa zirudien (aspaldi joandako garai eta norbanako baten dokumentu bisuala).
1960ko hamarkadaren hasieran, afrikar indigenak jasaten ari ziren zapalkuntza sistematikoaz eta trataera gizagabeaz nazkatuta, Mandelak indarkeria eta gerrilla taktika bidezko plan arrakastatsua proposatu zuen, funtsean Afrikako Biltzar Nazionalaren adar militarra osatuz. Urte gutxitan, adar armatu hura aurkitu zuten eta buruzagiak atxilotu zituzten. 1964an Mandela erruduntzat jo zuten sabotajea egotzita eta bizi bitarteko espetxe zigorra ezarri zioten. Epaiketan, lekukotasuna eman ordez, Mandelak hitzaldia eman zuen akusatuen aulkitik. “Pertsona guztiak harmonian eta aukera berdinekin biziko diren gizarte demokratiko eta librearen itxaropena dut”, esan zuen. “Ideal horretarako bizitzea eta lortzea espero dut. Baina, behar izanez gero, ideal horregatik hiltzeko prest nago”.
Bost urte nituen Nelson Mandela 46664. presoa bihurtu zenean, eta Robben uhartera, Lurmutur Hiritik iparraldera dagoen bost milia koadroko lur zatira deserritu zutenean, geratzen zitzaizkion urteak han eman zitzan. Robben uhartea legenardunentzako kolonia, eroetxea eta presondegia izana zen. Erbesteratze, zigor eta isolamendu gunea zen, pertsonak hara bidali eta ahazteko tokia.
Baina argazki horretako irudi oroitarazleak ez zigun ahazten utzi. 1970eko hamarkadan, bidegabekeria sozial eta politikoak salatzen zituen African Youth Command-eko (Afrikako Gazte Komandoko) kide izan nintzen. Mandela idolatratzen genuen. Argazkiaren posterra geneukan zintzilik logeletan; argazkia panfletoetan inprimatzen genuen. Ez genuen utzi Mandela hutsaltasunean itzal zedin; martxak, manifestazioak egin genituen, kontzertuak antolatu, prentsaurrekoak eman. Ahal genuen guztia egin genuen Apartheidaren gaitzak gaitzesteko, eta haren izena jendearen ahotan izan zedin. John Vorsterrne, Jimmy Krugerren eta gobernuak baimendutako zurien nagusitasunaren aldeko beste zenbaiten irudiak ere erre genituen.
Afrikan askatasunaren alde borrokatzeko irrikaz geunden. Hala ere, etsita geunden Mandela hil artean espetxean egongo zela eta hegoafrikarrek ez zutela berdintasuna lortuko gu bizi ginen artean. Baina 1990eko otsailaren 11n miraria gauzatu zen; Mandela askatu zuten.
Mundua liluratuta zegoen. Bere azalean egonda zer egingo genuen galdetzen genion gure buruari. Amorru biziaren zain geunden, zentzuzko edonork ulertuko lukeen ordaina exijituko zuela espero genuen. Bizitzako 27 urte betiko joanak. Egunak joan, egunak etorri, gatibu lanean, kareharria erauzten, harri zuriari etengabe kolpeka eguzki distiratsu errukigabearen azpian, eguzkitako betaurrekorik gabe, malkobideak hondatu zitzaizkion eta, urte askotan, Mandelari negar egiteko gaitasuna ere kendu zioten.
Hala ere, Mandelak barkamena adierazi zuen behin eta berriz. “Ideiengatik espetxera joatea”, esan zuen, “eta sinesten duzunarengatik sufritzeko prest egotea merezi du. Gizakiarentzat lorpen handia da bere eginbidea betetzea, ondorioak gorabehera”.
Nelson Mandela buruz buru topatu nuenerako, Bakearen Nobel Saria emana zioten eta lehenago beltzek bozkatzeko eskubiderik ez zuten herrialdeko presidente hautatu zuten. Itxaropenaren ikur bihurtua zen, baita zauriak ixteko aukeraren ikur ere.
Garai hartan legebiltzarkide eta Komunikazio ministroa nintzen, eta nahiko berria politikan. Lurmutur Hirira joan nintzen lehenengoz. Lagunekin berandu arte kalean ibili ondoren, hoteleko gelara eramango ninduen igogailuaren zain nengoen. Ateak ireki eta Nelson Mandelarekin egin nuen topo. Pauso bat atzera egin eta geldirik geratu nintzen. Atea zeharkatu ahala, niregana begiratu zuen eta buruaz agur egin zidan. Ez nion keinua itzuli. Ezin nuen mugitu, ezta begiak kliskatzeko ere. Hantxe geratu nintzen, baldituta, zera pentsatuz: gizon honen alde aldarrikatu, kantatu eta negar egin genuen; zuri-beltzeko argazkiko gizona da. Hegoafrikarentzat eta, automatikoki, kontinente osoarentzat iparrorratz moral berria sortu zuen gizona.
Ez da ustekabekoa Mandela askatu zutenetik Afrikako hainbeste herrialde demokraziara eta legearen agintera hurbildu izana. Bakea askapenerako bitarteko gisa erabili zuen, eta horrek Afrikari erakutsi zion kolonizazioak eragindako zatiketa gainditzeko eta geure buruari egindako zauriak sortutako oinazea arintzeko errukiak eta barkamenak gobernuaren parte izan behar zutela. Herrialdeek eta herritarrek jasan duten trauma aitortu behar dute, eta adiskidetzeko bidea, hautsita zegoena bateratzeko bidea aurkitu behar dute.
Gau hartan, Nelson Mandela nire paretik pasa zenean, bere historia, askatasunerako bide luzea, Afrikaren historia ere bazela ulertu nuen. Garai batean gure kontinentean hedatu zen gaitzidura inspirazioak ordezkatu du. Orotariko gaitzen erasoak (gerrak, estatu kolpeak, gaixotasunak, pobrezia eta zapalkuntza) eragindako pesimismoa pixkanaka hazten ari den aukera sentipenak ordezkatu du.
Ez zen Nelson Mandela izan espetxealdiko urteetan aldatu zen bakarra. Denok aldatu ginen. Eta Afrika askoz hobea da horri esker.
Ghanako presidentea eta My First Coup d’État: And Other True Stories From the Lost Decades of Africa (Nire lehen estatu kolpea: eta Afrikako hamarkada galduen benetako beste istorio batzuk) autobiografiaren egilea da.
Jesús Chucho García,
Bamakotik, Mali. (La voz de Afroamérica).
Madiba hitzak “aita” esan nahi du xoxa hizkuntzan, eta 95 urterekin hil den arte hala esaten zioten 1917ko uztailaren 18an jaio zen Nelson Rolihlahla Mandelari. Egun, Mandela gizadiaren ideal gailenen uste osoaren sinboloa da.Ideal horiek espetxera eraman zuten 1962an, eta han eman zituen 27 urte apalgarri, ziegan bakartuta, munduarekin inolako harremanik izan gabe.
Apartheidaren aurkako etengabeko borroka garaietan inork ez zion laguntzarik eman militante zaharrari, eta soilik Kubak lagundu zuen Wunkhoto We Sizwe (Nazioaren Lantza), Afrikako Biltzar Nazioanalaren adar armatua, sortzen. Garai hartan ez ziren existitzen gaur gorazarre egiten diotenak, egunkarietan eta gainerako hedabideetan haren irudia lortzeko bere atzetik dabiltzanak edo, ongi idatzitako eta egituratutako sentsibilitate faltsuzko esaldien bidez antzekotasun behartuak bilatzen dituztenak.
AEBko egungo presidente Barack Obamak Conversations with Myself (Nire buruarekin hizketan) Nelson Mandelaren azken liburuaren hitzaurrea egin zuen. Hitzaurrea ongi idatzita dago, salmenta estrategiari erantzunez, baina bere burua Mandelarekin alderatzeko ahalegin behartua ere bada.
(...)
Ez naiz ausartzen Mandela ezkerraren eta eskuinaren artean sailkatzen. Kolonialismoaren historiako eta historia garaikideko erregimen arrazista okerrenaren aurka, Apartheidaren aurka, borrokatu zuen gizontzat daukat. Berak bazekien garai zailenetan jaso zuen laguntza, hein handi batean, nazioarteko ezkerretik etorri zitzaiola, eta inperialismo estatubatuar, ingeles, frantziar edo israeldarretik, horiek guztiak 27 urteko espetxealdiaren konplize izan baitziren.
Hegoafrikako testuinguruan kokatu zen gizona izan zen; lau milioi zurik, indarraren eta errepresioaren bidez, Xoxa, Zulu, Koishan eta jatorriz Hegoafrikakoak diren beste herri batzuetako 18 milioi pertsona mendean zituzten, baita hainbat etorkin hindu ere, horien artean Hegoafrikako arrazismoa jasan behar izan zuen Mahatma Ghandi. Hori ezkerrekoa izatea baldin bada, Mandela ezkerrekoa zen. Irakeko gerraren aurka azaldu zen eta , sarkasmoa erabiliz, Ingalaterrako presidente Tony Blair AEBko kanpo harremanetarako ministro modukotzat salatu zuen, hark, NBEko kideekin, Collin Powellekin eta George Bushekin batera, Sadam Husseinek ustez zituen arma nuklearren inguruan gezurra esan zutenean, NATOren inbasioa justifikatzeko.
Mandelaren borrokak emaitza politikoak izan zituen: batetik, zientifikoki faltsuak eta moralki justifikaezinak ziren teoria horiek guztiak, afrikarrak beren herria gobernatzeko gai ez zirela ziotenak, Apartheidaren erregimenak asmatutako teoriak, bertan behera utzi zituen. Bestetik, presidente izan zen tarte laburrean (1994-1999) bidea zabalik utzi zuen adiskidetze nazionala lortzeko, bereizkeriaren eta arrazakeriaren kontrako borrokan aurrera egiteko. Eta hori ez da batere erraza, Mandelaren alderdiak, Afrikako Biltzar Nazionalak, boterean eman dituen 17 urteak ez baitira nahikoak 400 urtetako zentzugabekeria sozial eta psikologikoa erabat gainditzeko. Baina ahalegina egiten ari dira, eta Hegoafrika gizarte bidezkoagoa eta orekatuagoa lortzeko bidean dela uste dugu. 2001ean Durban hirian burutu zen Arrazakeriaren Aurkako Munduko Biltzarrean izan ginenean, bide horretan emandako pausoak ikusi ahal izan genituen.
Gaur, Chávez eta Fidel Castro bezala, Mandela ikurra da Hegoaldeko herrialdeentzat, mendebaldekoek momifikatzen eta objektu bihurtzen saiatu diren arren. Kontsumo eta moda objektu bihurtu nahi izan dute, Che Guevararekin egin zuten moduan. Gaur, inoiz baino gehiago, Mandelaren diskurtsoak berrikusi behar ditugu, Fidel Castrori erakutsi zion esker ona, Irakeko gerra gaitzetsi izana. Ezin diegu utzi Mathir Luther Kingek “Amets bat dut…” esaldiarekin abiatu zuen hitzaldi ezagunaren ametsean ipini dezaten. Mandelak ez zuen lortu gizarte bidezkoagoa eraikitzeko ametsa boterean izan zen tarte laburrean… Mandela ondorengo Hegoafrikako ziurgabetasuna ez da adoretzeko modukoa. Gaur, Mandela, hegoafrikarrek hil zuten Mozambikeko buruzagi Samora Machelen alargun Graza Machelekin batera, planetaren adiskidetzearen erreferentzia puntu dira.
Lurmutur Hiria (Hegoafrika), 1990eko otsailaren 11. Nelson Mandela aske utzi zuten, 27 urtez giltzapean egon ondoren.
Gaur, abenduak 5, munduko agintariak Nelson Rolihlahla Mandelaren izaera goraipatzen ari dira, heriotzaren laugarren urteurrenarekin bat. Hegoafrikako Apartheidaren aurkako borrokan “terrorista” izandakoa, bakearen aldeko ikur dugu egun, baita gerra eta biolentzia... [+]
Abenduaren 5ean bi urte bete dira Nelson Rolihlahla Mandela hil zela. Hego Afrikako apartheidaren aurkako borrokaren –baita armatua ere– aurpegi ezagunena da Madiba. Robben Uharteko kartzelan 27 urte gatibu izan zuten “terrorista” bakearen aldeko... [+]
Ehortzi dute Nelson Mandela, Hegoafrikako lehen presidente demokratikoa. Qunu jaioterrian izan da, estatu hileta baten ostean.
Sinbolo guztiak dira manipulagarriak, baina batzuk gehiago besteak baino. Che Guevarak gazte matxinatuen ikurra izaten jarraitzen du, halaber, modako arropen apaingarri. Mandelaren laudorioak goiko zeruraino iritsi diren unean Leninen estatua lurreratu eta txikitu dute... [+]
Hegoafrikako lehenengo presidente beltza izan zen Mandela eta apartheidaren aurkako ikur nagusia. Atzo hil zen 95 urte zituela, Johannesburgoko bere etxean senideek inguratuta. Estatu hileta abenduaren 15ean egingo dute.
Nelson Mandelaren osasun egoera makurrak mundu mailako kezka eta ikusmina sortu du. Herrialdeko presidentetzak iragarri du igande arratsaldean Mandelaren egoera kritikoa dela eta medikuak beren eskuetan den guztia egiten ari direla.
Nelson Mandela ospitalean dago beste behin, biriketako infekzioa dela eta. Azken urtean hainbat aldiz ospitalizatu badute ere, 94 urteko liderraren gertukoen erreakzioek oso egoera larrian dagoela iradokitzen dute.