Erremontean, Koteto Ezkurrak lortu ditu Banakako txapel gehien, 11 guztira. Bestelako txapelketetan ere makina bat garaipen eskuratutakoa da. Izan ere, Jesus Abregorekin batera, historiako erremontista handiena da doneztebearra. 40 urte bete ditu aurten eta frontoietan jarraitzen du, sasoiko, eta jokatzen segitzeko asmoa du gainera, “maila ona ematen eta nire burua gustura ikusten dudan bitartean”.
Gazte debutatu zenuen, 16 urterekin, eta azkar egin zenuen gora. Arriskutsua al da hori? Nola gogoratzen duzu garai hura?
Ilusio handiarekin debutatu nuen, gazte-gazte, eta gaur izango balitz bezala gogoratzen dut. Pilotari taldea handiagoa zen, partidu gehiago jokatzen genituen, 10-12 hilero, festibal aunitz zirelako. Kategoriak ere markatuagoak zeuden orduan, lau kategoria, eta bakoitzean urtebete egin nuen nik. 1994an Estelarrera pasatu nintzen eta kolpea 1995ean eman nuen, baina enpresariak esaten zidan ikusi behar zela ea kasualitatea zen ala ez, eta ezetz ikusi da. Zeruan nintzen, baina beti oso errealista izan naiz, zuhurra, gauzak landuz, ongi eginez, txorakeriarik gabe… Etxekoek ere bastante kontrolatzen ninduten, zeren gaztea zara, erdi-famatua, baduzu dirua… Eta norberaren izaera ere garrantzitsua da.
Hastapen haietatik 24 urte igaro dira dagoeneko. Nola lortzen da 24 urtez goian mantentzea?
Hainbeste urtetan egoera gogorrak ere badira, batez ere jaisten ari zarelarik eta aurretik izandako mailarekin konparatzen zarelarik, gazteak etortzen dira atzetik eta egurra ematen dizute, baina ilusioa baldin badago lortzen duzu. Orain ere fisikoki denboraldi larriak izaten ditut, ezin dut urte osoan topera egon, baina punta-puntan segitzen dut, ilusioa badudalako eta prestatzen naizelako. Nire maila ematera ateratzen naiz eta pila bat disfrutatzen dut erremonteaz, nire bizitza erdia baino gehiago pasa dut hemen eta hau da nire bizitza.
40 urte bete dituzu aurten. Uste al zenuen adin honekin profesionaletan eta sasoi onean jarraituko zenuela?
Adinari ez diot kasu handirik egiten, sentsazioei baizik. Mediku eta masajistek jarraipena egiten didate, ongi prestatzen naiz eta nire gorputza oso ongi ezagutzen dut. Ezaugarri batzuk besteekin ordezkatzen dituzu gainera: lehen fisiko aldetik aunitz jokatzen nuen eta urteetako esperientzia baliatu dezaket orain. Argi daukat nire burua frontoian barregarri ikusten dudan egunean joan egingo naizela, baina hiru urte barru ongi baldin banago, segi egingo dut. Jende gazteagoarekin ari naizela badakit, baina maila ona ematen dudan bitartean eta nire burua gustura ikusten dudan bitartean… Iazko udaberrian oso gaizki egon nintzen, moralki, prestatzen ere ez nintzen ari, eta hilabete eta erdiz utzi nuen, batzuetan barrenetik uste dugulako jokatzen dugula benetan jokatzen duguna baino gutxiago eta horri gehitzen badiozu jendearengandik komentario ezkorrak entzuten hasi nintzela… Jokatzekotan, maila ona emanez egingo dut, eta horregatik prestatzeko eta baldintza onetan bueltatzeko utzi nuen frontoia denboraldi batez.
Esperientziaz gain, jokorako buru ona duzu. Irabazteko orduan zenbaterainoko garrantzia du buruak?
Handia. Apustuak eta presioak daude eta oso fuertea izan behar duzu buruz, batez ere konpromisoak ailegatzen direlarik, final batean adibidez: halakoetan batzuk uzkurtu egiten dira eta beste batzuk hazi. Hor ikusten da zein den oilar bat, zein ez den beldurtzen, eta nik uste frogatu dudala alde horretatik fuertea naizela. Nire buruarekiko konfiantza handia izan dut eta horrek garaipen aunitz eman dizkit.
Apustuak aipatu dituzu. Sentitzen duzue publikoaren presioa, jendeak dirua jokoan duenean?
Bai, batez ere garai batean, hainbeste jenderekin eta hainbeste diru tarteko zenean. Tentsio handiko egoerak sortzen ziren, beldurgarriak, baina esandakoa, norberaren izaerak egiten dio bati tentsioaren aurrean pausoa atzera edo aurrera ematea. Momentu oso politak bizi izan ditut frontoian, baina baita oso tentsuak ere, eta horiei aurre egiteko burua behar da. Famari ere ezin diozu utzi burura igotzen, ezin zara txoratu, urteekin ikasten da hori.
Beti goian egon arren, 2005eko txapelaz geroztik ez zenuen besterik lortzen Banakakoan, baina 2010ean eta 2011n hamargarren eta hamaikagarren txapelak iritsi ziren. Errautsetatik birsortua?
Urte gogorrenak horiek izan ziren: lau urte pasa nituen ezin nire maila eman, lesioak tarteko… eta 2010ean Buruz burukoan oso ongi hasi nintzen, konfiantza hartu nuen eta irabaztea niretzat moralki bultzada oso handia izan zen. Erremonte munduarentzat berdin, denek pentsatzen zutelako nire garaia igaro zela jada eta akituta nintzela, baina 38 urterekin txapela irabazteak erakutsi zidan oraindik hor nengoela, gauza horiek ematen dizute aurrera jarraitzeko indarra. Aurten txapeldunari irabazi diot [Javier Urriza], [Julen] San Miguel ere hortxe-hortxe izan dut eta oso kontent nago egiten ari naizen paperarekin.
Bakarka ala bikoteka nahiago?
Banakako txapelketa oso polita da, gainera udan da, giro ona dago, buruz buru lehiatzen zara… baina oso gogorra da eta azken urteetan ondorioak ekartzen dizkit, fisikoki min hartuta geratzen naiz, azkenaldian iskiotibiala da nire ahulgunea. Urte osoan jokatzeko, hobe da bikoteka, baina azken puntu hori Buruz burukoak ematen dizu.
Daramazuen erritmoak ez du gorputza gehiegi zigortzen?
Lehen baino gutxiago jokatzen dugu orain. Garai batean 12-13 partidu hilean eta orain bospasei. Hainbeste urte horrelako mailan eta horrelako exijentziarekin, egia da gorputzak astindu ederra eraman duela. Orain ordea, astean behin-edo jokatzen dugu eta sobera luzea egiten zaizu itxaronaldia, partidu gehixeagorekin makinaria berotzea gutxiago kostatuko litzaiguke, baina egungo egoera hori da. Lesioei dagokionez, zorte handia izan dut, ez dut inoiz lesio larririk izan eta orain urradura txikiekin-eta nabil, muskulua asko ibilia eta nekatua dagoelako eta sobera eskatzen badiozu ez dizu uzten.
Zergatik uste duzu duela eskuak erremonteak baino arrakasta handiagoa?
Aita eskuzko pilotaria nuen eta berak animatuta hasi nintzen erremontean, eskua hondoratuta zegoelako eta erremontea aldiz oso ongi. Urte batzuk oso onak bizi izan ditugu, baina eskuak telebistarako urratsa eman zuen eta horrek eman zion indarra. Telebistan asko galtzen du erremonteak, soinua batez ere, eta eskuz kontrakoa: irabazi egiten du, frontoian baino ikusgarriagoa da. Erremontea gainera zailagoa da zabaltzeko, eskuz aritzeko pilota eta pareta baino ez dituzulako behar, eta erremontean saskia eta abar behar dituzu.
Telebistaz erremonte gutxi ematen dela uste duzu?
Oso gutxi. Lehen gutxi ematen zen, orain are gutxiago eta gainera Canal Sateliten edo horietakoren batean. Laguntza sobera ez dugu izan, eskupilotara joan da dena eta guri bizirautea tokatu zaigu. Hala ere, sartu nintzelarik entzuten nuen jada, erremontearen amaiera iritsi zela, eta 24 urteren ostean hemen jarraitzen dugu.
Gainbehera zegoenean modernizatzea eta egokitzea tokatu zaio erremonteari. Oriamendi 2010 enpresak bere gain hartu zuen duela hiru urte eta berrikuntzaren bideari heldu dio…
Aldaketa handia izan da, bai. Lehengo enpresak betiko funtzionamendua eraman zuen, baina azkenerako akitu egin zen. Oraingo enpresa moldatu dela eta gauza handiak egiten ari dela uste dut. Gaurko krisi egoerak dena zailtzen du, baina jendea lan pila bat egiten ari da, ideia onak dituzte (frontoia berritu, kinielak…) eta ea denon artean mantentzen dugun. Etorkizuna gazteen esku egongo da…
Zer moduzko lana egiten ari dira erremonte eskolak?
Oso lan ona egiten dute. Garai batean Euskal Jai Berrikoa [Huarten] eta hemengoa [Galarretan, Hernanin] baino ez zeuden, baina gero Doneztebekoa, Iruñekoa, Azpeitiakoa… sortu dira eta ilusio handiz ari dira. Dena den, enpresarenak berarenak dira denak, ez dira klub autonomoak (eskupilotan bezala) eta zailagoa da zabalkuntza; gazteak animatzen dira telebistan agertzen bazara eta gu ezezagunagoak gara. Instituzioen laguntza behar dugu. Badirudi laguntza eskatzen duzularik dirua eskatzen ari zarela, baina ez da hori, eskola muntatzeko, gauzak egin ahal izateko eta aurrera segitzeko laguntza nahi dugu.
Pilotak eta saskiak asko aldatu al dira 24 urteotan?
Bai, badirudi orain pilota asko ibiltzen dela, baina jokoa lehen biziagoa zen. Kontuak kontu, partiduari eta apustuak egiten dituztenei saltsa ematen dien osagarria da pilota: bizia dela, motela… Saskiak ere aldatu dira: lehen zumitzez eginak ziren eta orain plastikoz estaliak. Horrek ere asko eragin dio jokoari, efektua galtzen duzulako adibidez, baina aldi berean ez dira lehen bezala puskatzen eta bote-lasterrean sartzeko beldur gutxiago duzu... Jokoa aldatu da, gauzak aldatzen doaz, bakoitzak bere garaia du eta moldatzen joan behar gara.
Garaietara eta aldaketetara ere moldatzen jakin behar…
Bai, pilota aldaketa, saskiarena, enpresarena… bizitu ditut nik eta ezin zara atzera begira jarri, “gure garaikoa zen onena”. Gehiago edo gutxiago gustatu, dagoenera moldatu behar zara, bertzela baztertu egiten duzulako zure burua.
Frontoi gehiagotan ez jokatzea eta profesional talde bakarra izatea oztopo dira erremontearen zabalkunderako?
Bai, ederra izango litzateke beste enpresa bat egotea, horrek lehia eta pikea sortuko lukeelako, elkarren kontra txapelketa jokatu ahal izatea, baina…
31 erremontista profesional ari zarete gaur egun. Zer moduzko taldea da?
Polita. Gazteak badira, atzetik ere ilusioz datoz eta nahiz eta sobera aukera ez egon, eskoletatik beti ateratzen da baten bat. Orain gustura hartuko genuke izar bat, krak bat, erremonteari haizea emateko, berreskuratzeko. Ni atera nintzenean bezala. Leku guztietan lider bat behar da, lider nabarmen bat, jendea erakartzeko gai dena.
Zer moduz ikusten duzu iloba, Ezkurra II.a?
Ongi, badaki ederki jokatzen, baina malaletxe pixka bat falta zaio, punch pixka bat. Batzuetan erraten diot pipermina sartuko diodala, kar, kar, kar. Gaztea da oraindik, ea saltoa ematen duen. Frontoian malaostia behar da, ona, ez oihuka eta tontakeriatan hastea, baina bai punch hori, lehiakortasuna.
“Berritu egin zuten eta Euskal Herri osoan ez dago horrelako beste frontoirik. Erosoa eta polita, taberna, jatetxe eta aparkaleku zabalarekin… Jokatzeko gozamena da, luxua, niretzat Euskal Herriko katedrala”.
Iruñeko Labrit pilotalekuan ari da jokatzen 22 urtez azpiko XI. Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Abuztuaren 31ra bitartean zazpi herrialdetako 200 pilotari baino gehiagok hartuko dute parte. Euskal selekzioak lehiatzerik ez duela-eta, haren ofizialtasuna eskatu dute... [+]
Euskal Herriko pilota selekzioa aldarrikatu du dozenaka pilotarik Hendaian egindako ekitaldi batean. Erabakia larunbatean, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan egindako ekitaldi batean ezagutzera eman zuten.
Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]
Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]
Frontoia du habitat Naroa Iturainek (Iruñea, 1992). Pilotaria da, baita pilota epailea ere. Umetan ikusmina piztu zion palak, eta pasioari jarraika, esku-pilotan hasi zen gerora. Alabaina, ia behartuta egin zen epaile, emakumeen arteko neurketak pilotariek beraiek zuzendu... [+]
Maiatzaren 13an Larraul-Azpeitia partidak jokatuko dira Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren baitan, eskuzko modalitatean. 18:00etan hasiko dira partidak Tolosaldeko herri txikian, eta urtetan pilota sustatzen egindako lanaren emaitza izango da: jai handi bat, lehen aldiz parte... [+]
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra egingo du, lehen aldiz euskal pilotarien estatusaren aldaketa aztertzeko prest azaldu ostean. Espainiako Pilota Federazioak bere aurkako "iraintzat" jo du asmoa, eta gaineratu du "izaera nazionalista aitortzea"... [+]
Gernika, Donibane Lohizune, Biarritz eta Paueko lehiaketak batu egingo dira Jai Alai League sortuz.
Ados Pilota klubak salatu du ETBk ez duela larunbatean abiatuko den Binakako Txapelketaren partidarik emango eta, ondorioz, Eusko Labelek ez duela txapelketa babestuko.