"Txapela ez daramat tatuatuta, estilo kontu bat ere bada"

  • BECerako zortzi sailkatuen izenak jakin ostean, galdegai nagusia dago airean: Txapelketa itzaletik jarraitu duen txapeldunak zer emango duen oholtzan. Zurrunbiloaren erdian, bertsoa izan dugu hizketagai.

Maialen Lujanbio, Hernanin.
Maialen Lujanbio, Hernanin.Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zuk herriko saioetan ikusi dituzu orain Txapelketan ageri diren bertsolariak. Sorpresarik hartu duzu?

Udako ibileratik txapelketako prestaketara pasatzea traumatikoa ere bada bertsolariontzat. Zeren txapelketakoa beste bertsokera bat da. Kasik beste genero bat. Beste era batera egiten da bertsotan, jendeak beste zerbait espero du, norberak beste zerbait eman nahi du, fokua beste leku batzuetan jartzen da... publiko garenean gogorra egiten da gure kideak hain estu eta hain zurrun eta hain lotuta ikustea. Baina enpatizatzen duzu zure burua irudikatzen duzulako hor hain lotuta eta bertsokera hain bigilatua eginez, akatsik ez egiteko. Batez ere lehenengo faseetan, aurrean ibiltzen diren bertsolarien kezka horixe baita, lehen fasea behintzat pasatzea, bigarren aukera bat izateko. Lotura hori ikusten da jarreretan, eta bertsoetan. Faseek aurrera egin ahala soltura handiagoa eta jendea normalago ikusten da.

Bertsolari gehienak oholtzan ezagunak ditut. Baina kanpotik sumatu dut Unai Agirre batek inpresioa utzi duela jendearen burutan. Edo Agin Laburuk, jendeak ez zuela espero. Edo Odei Barrosoren bertsokera jendeak oso gozo eta gustura hartzen duela. Edo Nerea Elustondok ere kristoren saioa egin zuen eta jendearen gogotan geratu da. Beharbada ni ez naute hainbeste harritzen, ezagutzen ditudalako. Baina publiko orokorraren burutan geratu dira batzuk.

Aurpegi ezagunak geratu dira kanpoan. Txapelketak bertsolarientzat prezio garestia du?

Txapelketa hasi aurretik badakigu zer dagoen jokoan, zer arrisku dituen. Txapelketa eder bat ateraz gero sekulako saria da, jendearen harrera hori, plazetan ez bezalako arrakasta, bai mediatikoa eta bai txalo dosi izugarria... baina beste aldea ere badu, hariaren gainean zoazela eta erortzeko arriskua. Momentuan hor gaude zurrunbiloan eta badirudi hil ala biziko gauza dela eta hori dela munduko gauzarik inportanteena; gero distantziarekin ikusi behar da eta erlatibizatu.
Bertsogintzan ere txapelketa mugarri izaten da normalean, baina ez da oinarria. Ez gaitezen despistatu. Ikusgarrienak txapelketak dira, baina oinarria eta benetan garrantzitsuak direnak astebururoko saioak dira. Txapelketaren aparraldia, eta txapelketako pozak eta penak ongi daude, baina denborarekin, zorionez, erlatibizatzen dira eta etorriko da Zeanuriko saioa, Anizko saioa, Bilboko saioa... horiek dira egitan bertsolaritzari eusten diotenak urtean.

Bertsolariarentzat bota dituen bertsoak izan daitezke bere altxorra. Zure altxorrean plazako bertsoek eta txapelketakoek zer pisu dute?

Bestela gordetzen dira batzuk eta besteak. Txapelketan kamara asko, begi eta belarri asko daude jarrita bertsoetan eta bertsoak ateratzen dira pintoreen halako serie mugatuko pieza gisa. Pieza horietan askoz arreta handiagoa jarriko bagenu bezala da, gehiago geratzen dira gogoan, erregistratu ere gehiago egiten dira, grabatu, zabaldu... Plazetan bertsoak ez dira hain serie mugatuko obrak, bertso askoren artean errazago pasatzen dira. Baina beste balio bat dute. Plazako bertsoak zerikusi askoz handiagoa dauka leku eta momentuarekin. Izugarrizko perla izan da leku hartan eta momentu hartan. Pieza bezala balioko du gehiago edo gutxiago, baina leku-une hori elkartuta sortu zuen eztanda ezin da konparatu beste ezerekin. Beste era batera neurtzeko piezak dira plazetakoak. Leku eta une hartan gertatu zen, baldintza jakin batzuetan, egoera jakin bati erantzunez, hitz jakin bati segiz... hori ez da berriz gertatuko. Hori da bertsoaren balioa.

Inguru ez hain euskaldunetara zabaldu da Txapelketa. Urte asko daramazu plazetan, eguneroko ibilian nola ikusten duzu euskararen egoera?

Apustu ausarta eta interesgarria egin du Elkarteak lurraldetasuna saioen bidez ere lantzeko. Aldiro lantzen du txapelketak lurraldetasuna, berriz ere ez gara despistatu behar, eta txapelketaren funtzioa ez da bertsolari onena zein den erabakitzea bakarrik. Interesanteenak horren zehar-ondorioak dira. Interesgarriena da Barakaldon finala egiteak ekartzen duen oihartzuna eta eragin lezakeen bertso eskola baten sorrera, eragin izan duen moduan. Funtsezko funtzioetako bat hori da. Aurten esaterako Oionen, Murgian edo Maulen saioak izatea ideologikoki eta planteamendu bezala ederra da. Azierto handia. Baita sakrifikatu behar badira ere potenteagoak izan daitezkeen plaza batzuk, jendearentzat irisgarritasun handiagoa dutenak, ekonomikoki errentagarriagoak...
Leku batetik bestera asko aldatzen da euskararen egoera estrukturala. Bai legezko den edo ez... bertsolaritzak bere uberatxo bat uzten du leku horietan: ez da egun horretako lana bakarrik, aurretik ere lanketa bat egiten da euskaltegietan, ikastoletan, eta horrekin eta egunean bertan pasatzen den txapelketa eta jende olde horrekin aztarna uzteko esperantzan ari gara. Bere neurrian, ondorio polita utzi dezake.

Zonalde euskaldunetan eta ez hain euskaldunetako saioetan bertsolariari gauza bera eskatzen zaio?

Alde txikiena txapelketetan nabaritzen da. Txapelketako saioa nahiko neutroa izaten da, nazio mailako zerbait da eta ez du hainbeste inporta Maulen edo Donostian izan. Herri bakoitzaren egoera soziolinguistikoa asko igartzen da astebururoko saioetan. Aldea dago Iruñean kantatu edo Asteasun, Durangon edo Gasteizen. Zonalde oso euskaldun eta bertsozaleetan bertsoaren beraren sofistikazioa edo indarra baloratzen da gehiago. Normalki zonalde ez hain euskaldunetan beste funtzio bat izan dezake bertsolaritzak. Agian jendeak beste zerbait eskatzen dio bertsolariari: saioa jolastiagoa izaten da, dialektikan oinarrituagoa, edukian oinarrituagoa, formari ez zaio hainbesteko balioa ematen... baina jendea hezi ere egiten da.

 

 

 

 

Plazako urte hauetan denetan antzeman duzu euskara kualitatiboki garatu denik?

 

Nik uste baietz, hizkera bat sozializatu dela prentsarekin, telebistarekin, irratiarekin... estandarizatu egin da, erreferentzia amankomunak daude eta egungo kantakerak asko jotzen du zehaztasunera eta hitz konkretuetara eta jendeari hori gustatzen zaio. Akaso hitzak ugaritu dira eta esamoldeak urritu... Garai bateko bertsokerak aditzekin errimatzen zuen, lau errima-hitzekin hamar mila bertso egiten zituzten. Hor dohainak garatu behar dituzu gauzak desberdin esateko. Egun manejatzen dugun hizkuntza-modua desberdina da. Eta kultura idatziak bat-bateko jardunean ere asko eragin du. Errimak ere begietatik gehiago lotzen ditugu belarrietatik baino. Askotan eztabaidatzen da “hau eta hau errima da?” zeinek agintzen du, idatziak? Zuri belarrira nola sartzen zaizu? Horregatik diot errimak ere askotan bisualak direla. Idatzizkoak lekua hartu diola neurri batean ahozkoari, begiak belarriari. Lehen ahozkotasuna eguneroko dibertsio bazen, gaur kultura bisuala eta idatzia da nagusi, normala da eragin izana.

Duela 4 urteko Maialen eta aurtengoa. 2001eko txapelketa mugarria izan zen zure bertsokeran. Horren bilakaera da gaurkoa, edo beste zertan jarri duzu arreta?

Orduan bakarkako gaietan egindako narrazio eta deskripziorako ahalegin hori (Himalayako gutunarena, “Kaixo Maialen zer moduz” hasten zena) aurrez ez neukan teorizatuta, nahiz eta gutxi gora behera, intuitiboki, banekien zer nahi nuen. Bertsokeraz gerora egiten den irakurketa da. Txapelketa interesgarria izaten da norberarentzat egiten ari dena errebisatzeko. Geratu eta irakurketa bat egiteko. Eboluzioa, berez, etengabekoa da edo izan beharko luke, sorkuntza arlo guztietan. Txapelketak aitzakia ematen dizu geratzeko, pentsatzeko, errebisatzeko... Pentsatu nahi nuke 2001etik hona eboluzionatu dudala zerbait. Etengabeko berritu nahi horretan jarraitzen dut aurten ere. Aldaketak ez dira izugarriak, estilo mutur batetik besterakoak. Baina denboraren perspektibarekin ikusten dira. Zaila egiten zait esatea aurtengoa zer izango den. Badaukat intuizio bat, badakit nondik nora egin nahi dudan.
Formak eta edukiak batera joan behar luke. Hizkuntza aldetik badaukagu lantzeko eremu bat, esamoldeetan, gauzak esateko jira-buelta horietan. Estiloz, bertsotan edertzera jo nuen lehenik eta gero idortu nahi izan nuen. Bide horretan nabil.
Nire helburua litzateke esatea. Gure inguruko gauzei buruz hitz egitea. Hutsaren gainean dantzan ez ibiltzea. Interesgarri zaizkidan gaiak agertzea.

Lau urtez Txapeldun. Nola eraman duzu?

Lau urteotan egunero ez naiz egon txapelduna nintzela pentsatzen. Ez daramat tatuatuta. Zenbait momentu eta konpromisotan ardura da, leku sinboliko hori betetzen duen pertsona zeu zara. Baina zorionez nire bizitzan eta bertsogintzan ez da ezer asko aldatu, nahiko gauza normala izan da. Niretzat klabea 2001eko txapelketa izan zen: bertsolaritzara zentratu nintzenekoa, “hemen nago eta hemen egon nahi dut” sinistu eta kokatu nintzenekoa. Zure hitza entzunagoa dela sentitzea... Hainbeste urte daramatzagu, txapelagatik ez plaza gehiago egingo ditut, ez konpromiso gehiagotara joango naiz... Nire bidean 2009koa ez zen iraultza bat izan. Ardura sentimendua aurretik zetorren zerbait zen.

Lorpen hori momentuan gozatu nuen. Gero ez da izan lau urteko estasia. Oso lasai ibili naiz. Nire belaunaldiarekin oso konpartituta bizi izan dut. Nik hala bizi izan dut, ez naiz sentitu figura nabarmendu bat. Gaur egunera arte iritsi banaiz bertsolaritzan, taldeagatik izan da, neurri handi batean. Horrela eraman dut lau urteotan txapela.

Emakumea eta boterea bada gai bat. Agian kosta egiten zaigu leku horretan egotea ere. Agian badu horretan zerikusia emakume izateak. Zenbaitek esan dit “ez da ikusten txapeldun bat zugan”. Estilo kontu bat ere bada, nik ez dut azpimarratzen hori. Edo agian beldurra? Bietatik izan dezake. Azpimarratu nahi ez izatea izan liteke beldur bat edo baita gauzak beste era batera bizitzeko gogoa ere. Txapeldunen irudia belaunaldiekin ere lotuta dago. Andoni Egañarekin konparatzen naute. Egaña hogei urtean izan da txapeldun baina gainera txapeldun izan da bera baino 10-15 urte gazteagoa den belaunaldiarekin. Nire kasua beste bat da. Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia, Jexux Mari Irazu... horien ondoan beste bat gehiago sentitzen naiz, nahiz eta txapelduna izan. Ni ez naiz ezeren lider edo erreferentzia sentitzen, ez ni bakarrik behintzat. Inguru baten parte sentitzen naiz. Hori bai, asumitzen dut nire lekua, leku horren garrantzia eta sinbolikotasuna. Egon behar zen tokian egoten saiatu naiz. Baina  toki guztietan ez egoten ere saiatu naiz, bistan ez egoten tokatzen ez zenean, ez zaidalako gustatzen.

Aurten txapela defendatzera zoaz?

Ez dut sentitzen defendatzera noanik. Azkenean, txapel hori ez didate kenduko; orain jokoan dagoena beste bat da. Posizio sinbolikoa defendatzera goazela sentitu izan da orain arte, nik, paradoxikoa bada ere, sentitzen dut ez daukadala ezer galtzeko. Kasu honetan nire leku sinbolikoa galdu dezaket, hori onartzen dut, baina bestela txapelketan ezin da galdu. Galtzeko modu bakarra desastre handi bat egitea litzateke. Galtzea litzateke zuk zure buruari jarri dizkiozun helburu horietara ez iristea. Saio eder bat eginez gero, txapela izan edo ez izan beste kontu bat da. Hori ez da galtzea, hori da ez irabaztea.

Finalaren egunean buruak ez badu nahi bezala funtzionatzen zer egiten duzu?

Nahiz eta urtean zientoka saio egin, han egoera ezberdina da. Zaila da kalkulatzen. Oholtza diferentea da, mikrofonoa diferentea da, erritualak diferenteak dira.

Konfiantza izan behar duzu hainbeste urte eta gero bertsoaldi bat ondo atera ez bada ere, hurrengoa ondo atera litekeela. Mila aldiz egin izan duzula hori. Bat-batean ez zaizula ahaztu bertsotan. Hori da jarrera. Saio bat atera liteke gaizki, eta aterako da segur aski, baina hurrengoa ondo atera liteke. Eta aterako da, hainbeste jende begira egotea bada nahiko akuilu. Bertsoak gauza bat du ona: ezin da espekulatzen ibili. Ezin duzu kalkulatu “hemen jaitsi egingo dut tentsioa eta hemen estutu egingo dut”… Nik behintzat ezin dut, nik beti ahal dudan dena egiten dut. Oso argia da zer egin behar den: joan eta egin. Gero burua nola egongo den? Buruak lan handia egiten du, baina eutsiko diogu. Denetariko finalak pasa ditugu: onak, txarrak eta erdipurdikoak. Lagin bat badaukat eta asmatuko dut egoten.

Nolakoa izango litzateke zure finalaren egun ideala?

Gorputzaldi oneko final bat. Tentsioan daukadana gorputza, tenk baina ez lotuta. Buruan emari oparoa daukadan egun bat. Sorkuntzaren gogortasuna eta egunaren inguruko plazera konbinatuko lukeen egun bat. Gaitasuna daukazuna kanpokoaz ere ohartzeko. Hori da ideala. Askotan asko sartzen gara gure lanean, baina konbinazio horretan asmatuz gero, ederra litzateke.

Bertsolariek askotan nahiko luketen gizarte utopikoari buruz kantatzen  dute. Beste batzuetan errealitatearen miseriatik. Zein da bidea?

Konflikto bat izaten da norbere barruan. Alde batetik, mikrofonoa daukan edozeini, badagokio esaten duenaren gaineko ardura izatea; konturatzea zer esaten dugun. Izan dezakegu “funtzio sozial” gisako bat, neurri batean. Batzuetan sentitzen duzu nolabait “pedagogikoa” izan nahia, idealki nahiko nukeena adieraztea.


Publiko bezala ere batzuetan oso politikoki politak gara, eta izatea gustatuko litzaigukeen hori entzun nahi dugu, ez hainbeste garena. Horrek badu funtzio bat ere, helmuga bat ikustea, ideal hori seinalatzea. Bertsolaria hortaz oso pertsona sentsible eta abangoardista bezala geratzen da. Eta bertsolariak maite du publikoak maita dezan. Badago joera arrazoi, bizimolde eta jokabide eder eta utopiko horietan kantatzeko. Zenbateraino den jendeak maita zaitzan eta zenbateraino den funtzio bat daukazulako eta nahiko zenukeelako gai jakin hori horrela izatea? Bietatik izan daiteke.


Bestetik, errealitate miserable, ez hain poetiko, ez hain polit hori ateratzea ere hautua da eta oso hautu interesgarria, kritikatzea da, eta entzuleari askotan entzun nahi ez duena esatea. Gure errealitatetik hurbilago dago. Inkomodoa da, ez da horren arrakastatsua askotan, baina agian interesgarriagoa ere bada. Aukera horretan mugitzen gara gai bati heltzeko garaian: Zer publiko klase dagoen, zer esan nahi dugun, konplazitu nahi dugu, zirikatu nahi dugun... Adibidez, mikrofono bat baldin baduzu, zenbateraino tokatzen zaizu egoera politiko-sozialari begira ezkorra izatea mila pertsona entzuten ari badira? Horiek denak kuestionatzen dituzu. Ni igual ezkor nago, baina badagokit niri mikrotik rollo txarra zabaltzea? Bertsolariak bere buruan gauza horiek denak balantzan edukitzen ditu. Hautua oso modu azkarrean egin behar duzu, baina horiek denak baloratu egiten dituzu.

Generoarekin berdin: emakume edo gizon zaren markatzen ez duen gizarte bat dugu helburu, baina errealitatea hobe islatzeko markatu behar da?

Seguruena eman beharreko prozesua da. Lehenengo, nahiko genukeen ideal horretara joaten zara, eta gero esaten duzu: hona heldu behar dut, baina kontraesan eta gogoeta askotatik pasata. Lur berria da, aztamuka gabiltza. Askotan oso aurrera joan nahi dugu, baina beharrezkoa da beste dena ibili eta gero hara iristea, ez hutsetik harainoko saltoa ematea. Funtsik ez duten diskurtso ponpoxoek ez dute luze iraungo. Interesgarria da eztabaida hor dagoela. Etengabe ari gara gure burua kuestionatzen eta horrek laguntzen du aurrera joaten.

Generoaren gaia bolo-bolo dabil bertso munduan. Uste duzu gauzak aldatu direla?

Oso momentu interesgarria da, jende pila bat dago horren bueltan, lanean. Bertsoa oso testuinguru ona da generoaren gaia lantzeko. Jendea sentsible dago, argumentazioarekin ari gara denbora guztian, dialektikarekin, arrazoiketarekin. Horregatik, etengabe ukitzen gaituzte gai guztiek, eta generoak ere bai. Neska gazte asko datoz bertsotan, eta gainera, oso maila onekoak. Denbora behar da ikusteko zer gertatzen den emakume bakarraren kontu horrekin. Nik uste emakume bakarra izatearena bukatzen ari dela. Eta emakume zarelako deitze hori ere bai. Guztiz bukatzeko behar du emakume asko egotea, diferenteak eta oso maila onekoak. Orduan, sentituko dugu gaur egun askotan pasatzen dena, saio batean bi neska daudela, edo hiru edo lau. Horretarako denbora eta kopurua behar da, hori benetan oreka interesgarri eta erreal bat izan dadin. Orain dela urte batzuk ez genuen askok usteko gaur egun puntu honetan egoterik, genero ikuspegia aplikatzerik saiotan, gaietan… hemendik urte batzuetara ikusiko da salto kualitatibo hori eman dugun, edo bakarrik maila sinbolikoan segitzen duen kontuak. Nik uste baietz, saltoa emango duela, ari dela ematen.

Beste kontu bat da gizartearen parte garela, gure inertzia mentalak dauzkagu, gure molde fosilduak dauzkagu. Buruak askotan traizionatzen gaitu, oso umore egina dugu, oso erregistro egina daukagu… Askotan, geure burua harrapatzen dugu, gero denboraz pentsatuta gustatzen ez zaigun zerbait esaten. Lantzeko gauza asko dago: Arketipo bezala emakume irudiak oso murritzak dira… Badago lana egiteko nahi adina, baina lasai joan behar dugu gauzak oso ongi lantzeko, ez oso azkar. Ez itxurakerian oso ongi geratzeko diskurtso bat eman, gero fondorik ez duena. Pixkanaka joan behar da, bakoitzak egin behar du bera lan pertsonala. Dena den, pozik egon gaitezke egiten ari garenarekin.


Azkenak
Otxandioko sarraskitik 88 urte betetzen diren egunean, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Senatuan Angel Salas Larrazabali kondekorazioak kentzeko

Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.


2024-07-24 | Sustatu
Claude, euskaraz oso txukun egiten duen beste adimen artifizial bat

Ekainean kaleratu zuen Anthropic enpresak Claude adimen artifizialaren (AA) Claude 3.5 Sonnet izeneko bertsioa.  Eta joan den asteko nobedadea, Android aplikazioa. AA inbento hauek jada ohituta gauzkaten bezala, euskaraz oso txukun aritzen da. Beñat... [+]


Elurre Iriarte: “Aroztegiaren kontrako kanpainak egiten segituko dugu”

Aroztegia proiektuaren kontrako protesta baketsuetan parte hartzeagatik ezarritako zigorrari aurre egiteko diru-bilketa abiaraziko dutela iragarri du herri kolektiboak.

 


Katixa Dolhare: «Frantsesa klaseetan literatura azkar lantzen da baina euskara klaseetan anitzez gutxiago»

"Euskara eta euskal literatura, programaketatik ikasgelara" jardunaldian parte hartu zuen Katixa Dolhare Zaldunbidek. Seaskak eta UEUk antolatu Udako Ikastaroen barne. Bere problematikak horiek ziren: Zer leku du literaturak hezkuntza programetan eta nola landu euskal... [+]


2024-07-23 | ARGIA
Ostalari eta ekoizleei “ilusioa piztu” dieten Ja(ki)tea sariak banatu dituzte Adunan

Hamahiru sukaldari edo ekoizle saritu ditu “euskal gastronomia tradizionala” sustatzen duen Gipuzkoako elkarteak, VI. edizio honetan. Sariekin nabarmendu nahi izan dute bertako ekoizleekin elkarlanean egindako gastronomia jasangarria.


2024-07-23 | Danbolin
80.000 porru landare atera ziren igandean Amillubitik inguruko ekoizleen baserrietara

Sektoreko beharrak hainbat eragilerekin identifikatu ostean, lurrak ezagutu eta martxan jartzeko aitzakia tarteko erronka zehatz bati ekin zion Amillubik: baratzezainentzat porru landare ekologikoa bertan ekoiztea. Igandean hogei lagun baino gehiago bildu ziren, Amillubiko talde... [+]


Dakota Access oliobidearen enpresak ezarritako salaketa, Greenpeace desagerrarazi dezakeen mehatxua

900 milioi inguru eskatzen dizkio Energy Transfer Partners enpresak Greenpeace erakunde ekologistari, 2016 eta 2017an oliobidearen aurkako protestetan kalteak eragin izana leporatuta. “Epaiketa honetan porrot eginez gero, Greenpeace justizia klimatikoaren aldeko borrokatik... [+]


Trumpen aurkako erasoa “hamarkadetan” egindako “akatsik handiena” dela adierazi dute AEBetako Zerbitzu Sekretuak

Uztailaren 13an Trumpen aurkako atentatuan agentziaren “erantzukizun osoa” bere gain hartu du Kimberly Cheatle zerbitzuko zuzendariak, kongresuaren aurrean, astelehenean. Oraindik ikertzen ari dira zer gertatu zen zehatzago jakiteko.


Emakume katedradunen kopurua nabarmen handitzea izango da EHUren helburua datozen lau urteetan

Lan kategoria altuenetan %22 dira emakume katedradunak gaur egun, eta soldata arrakala %7koa da. Berdintasunerako IV. Plana aurkeztu dute, eta Eva Ferreiro errektoreak adierazi du EHU “erreferentea” dela genero politiketan.


2024-07-23 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Krisien orbana zabaltzen ari da Bengalako golkoan

Myanmarreko gerra zibilak, gure hedabideen fokutik guztiz kanpo bada ere, atsedenik gabe jarraitzen duen bitartean, beste krisi politiko larri bat sutu da Bengalako golkoan. Sortzez, Bangladeshko gazteriaren kale-agerraldiek ez dute zerikusirik 2021eko estatu-kolpe militarrak... [+]


2024-07-23 | Ahotsa.info
Lizarrako txosnak erdigunean nahi dituztela aldarrikatu dute UPNren bazterketaren aurrean

Lizarrako Udalak datozen jaietarako aurreikusia dagoen jai herrikoien egitaraua arriskuan jarri du. Txosnak erdigunetik kendu eta urrun eta baztertua dagoen zonalde batera eraman nahi ditu.

 


Eguneraketa berriak daude