Durangoko Azoka zen 2007an ere. Susa argitaletxearen standaren atzean, margolan ikusgarriak hormirudi handi eginak. Izibene Oñederrarena egun batean, Oihana Leundarena beste batean. Margolan ederrak gorderik, animazio lanean dabil Oñederra.
Gezurra dirudi. Orain dela bi urte hasi nintzaizun elkarrizketa eske. Ordukoan, baietz esan zenidan, baina ezetz aldi berean. “Egitea” omen zegokizun, horretan ari zinela. Egindakoan hitz egingo genuela. Horretan, Hotzanak aurkeztu duzu aurten, animazio filma. Bukatu da orain dela bi urteko prozesua.
Bai, bukatu da. Ez dakit, zuzen, zein fasetan harrapatuko ninduzun orduan, baina Hotzanak zen, behintzat. Eta eginda dago…
Nola sortu zen Hotzanak?
Bazen ideia bat, ideia zehatza, zinemagileari aireportu batean gertatzen zaiona. Benetako zinemagilea, benetako pasadizoa, neuri gertatu zitzaidana, Hezurbeltzak promozionatzen ari nintzela. Nora edo nora iparraldera nindoan, Eskandinaviara. Ez dakit ideiarik behar nuen, baina gertatutakoak buruari eragitea ekarri zuen, eta pentsatu nuen: “Hemen pelikula bat dago!”. Gertatzen ari zen momentuan ere esan nion poliziari: “Hemen pelikula bat dago”, nahiz eta ez nuen espero berak ulertzerik! Ez dakit nola sortzen diren ideiak. Batzuetan beharra izaten duzu… Film bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu. Ezinezkoa da, hala ere, film bat bukatu eta beste bat hastea. Behar da garai bat egindako lana promozionatzeko, asentatzeko… Egia da proiektu bat bukatu eta ez zarela geldirik egoten. Ez. Marrazten segitzen duzu, bestelako lanetan murgiltzen zara… baina marrazteak ere helburu bat izan behar du, bekaren baten proiektua aurkeztea, adibidez, dokumentazioa prestatu eta aurkeztea... Heltzen da momentu bat, gorputzak eskatzen dizu –eskatzen badizu, behintzat–, edo ideia bat duzu, edo auskalo. Ez dakit zer datorren lehenengo.
Bekaren baten proiektua aurkeztea, dokumentazioa prestatu eta aurkeztea… Ez al dizute horiek sorkuntza lana galarazten? Ez al dute zure arreta desbideratzen?
Sortze prozesuaren parte bat da proiektuak aurkeztea, bateko deialdi, besteko beka… Emailak erantzutea bezala, kazetariekin egotea bezala. Ez dago esaterik “gu, artistok, hemen ari gara, lanean, mundutik aparte”. Ez dut horretan sinesten. Ez da posible.
Gaitz erdi, Hotzanak filma Kimuak katalogoaren barne aukeratu dute, lan zenbait arindu dizu horrek.
Zabaltzen jardun beharrik ez dut izango. Bestek egingo du lan hori. Gainerakoan, neuk egin beharko nukeen, eta horrek, nahitaez, zinema laburren jaialdien panorama ezagutzea eskatuko zidan, nire produktua ondo baino hobeto ezagutzea, haren ezaugarriak, nora bidali eta nora ez zuzen jakiteko, filmarentzako ibilaldi bat prestatzeko… Horrek lan handia eskatuko zidan. Bestalde, filma katalogo baten parte dela bidali, edo norberak aurkeztu, badago aldea. Jasotzen duenak ere badaki filma nondik datorren, nola ikusi behar den. Zinemaldian estreinatzea, adibidez, ez da gauza inozentea, ez da edozer gauza. Filma mugitu beharra dago hari bizia emateko. Kimuak-i eskerrak, bestela ez dago laburrak non erakutsirik.
Zergatik ez dira film laburrok areto komertzialetan erakusten, film nagusiak baino lehen?
Eta zergatik ez dituzte erakusten areto komertzialetan film hobeak? Zer film ikusten dira areto komertzialetan? Gure herrian, Azkoitian, astean behin ikusten da filma. Zein da filma? Nork aukeratu du film txar hori erakustea? Zein behar dago hilean hainbeste film berdin ikusteko? Zertarako? Ez dut uste benetako artea erakusteko interesik dagoenik, ez hitz egiteko, hausnartzeko. Hollywoodetik datozen filmak erakusteko interesa besterik ez dago. Hainbeste filmekin batera heltzen dira pelikulak, Hollywoodetik denak.
Ez du merezi, hortaz, film laburrak Hollywoodeko horien aurretik erakustea…
Mereziko luke dena birplanteatzea, horretan pentsatzea, horretan inbertitzea, jendeari esatea benetan inportantea dela, gauzak ikasteko bidea, hezteko bitartekoa izan litekeela. Baina kontua ez da, bakarrik, laburrak edozein filmen aurretik jartzea. Eta ez dut uste jendea ere horretarako dagoenik. Ikuslea ez dago horretarako.
Zertarako dago ikuslea?
Ez dakit, bada. Uste dut gauza errazak janez bizi garela, ez dago beste ezertarako gogorik. Gauzak esfortzu txiki bat eskatzen digunean, pixka bat ahalegintzea… atzeraka eragiten digu. Oro har ari naiz.
Hotzanak, Hezurbeltzak, Berbaoc… Bada zure lanetan ezaugarri komunik, badugu “Izibene Oñederra zigilua”?
Nik uste baietz. Nahigabe ere, uste dut marrazteko moduagatik, marrazkia animatzeko eragatik –era traketsagatik, nahi baduzu–, areago akatsengatik bertuteengatik baino, badagoela nirea den egiteko molde bat. Intimitate baten modukoa ere badela esango nuke. Neure alde hauskor trakets hori adierazteko erraztasuna daukat marrazkien bitartez. Nahitaez, zaila da hori nire lanetan ez agertzea.
Horixe zure zigilua.
Bai. Hotzanaken egin didaten kritika izan da, adibidez, postprodukzio asko erabili dudala. Postprodukzioak, berez, findu egin ohi du produktua, profesionalizatu, eta lagun askok, berriz, horixe leporatu didate: “Baina nola liteke horren irudi garbia? Marrazkiak ez du arnasarik hartzen, hain garbizale jokatuta!”.
Garbitu ez, zikindu egin behar da…
Zikindu. Mantendu zikina. Ez laga garbitzen, marrazkia “domestikatzen”. Ados nago. Asko kostatu zait postprodukzioa egitea. Alde batetik, poz eman dit kritika horrek. Esan nahi du ez ditudala behar ziren neurriak hartu, ez naizela oso zuzendari ona izan. Hortxe, borrokan! Bestalde, ez ditut aldez aurretik erabaki itxiak hartzen. Bidea egiten ari garenean hartzen ditut dagozkion erabakiak, eta horrek freskotasuna ematen die nire lanei, eta freskotasun hori antzeman egiten da filmean. Horixe da filmaren ederra. Nire zigilua da hori ere. Ez dago aldez aurretik jarduteak ematen duen segurtasuna. Izotz gainean ibiltzea bezala da, zuk nahi zenuenak irteten duen arte, azkenean. Baina denbora asko egon behar zara izotz gainean, eusten, eta oso nekosoa da. Ezulertze asko dago, bestalde, proiektua ez delako inon sartzen, ez beka, ez deialdi… Irakurri bateko oinarriak, irakurri bestekoak, eta inon ez dago norberaren erritmoa errespetatuko duen araurik. Oso zaila da esplikatzea nik nahi dudan filma lortzeko denbora luze egon behar dudala bai egiten, bai bueltak ematen, bai egiten ari naizen bitartean sortzen. Sortze prozesua denbora guztikoa da nire kasuan, eta uste dut hori ez dela behin ere aldatuko. Hori aldatzen baldin bada, uste dut filmaren kalitatea ere aldatuko dela. Bestela, ekipoa sortu beharko dut, modu oso inteligentean, nork bere lana egingo duena, nork bere egiteko modua, denok elkar errespetatuz, aurrera batera, denok aldi berean sortzen.
Jendeak ez du ulertzen zuk hainbeste denbora ematea film laburrak egiten.
Oso arraroa da nire modua, oso artisanala. Sei minutu egiteko? Oso garaiz kanpokoa da nire egiteko modua.
Ikusleak, berriz, azkeneko emaitza besterik ez du ikusten, ez horra heltzeko izan dituzun penak eta nekeak, ez barruko kableatua…
Animazio moduak berak erakusten du kableatua, hau da, zikintasuna lortzen dela marrazki bakoitza eginez. Pertsonaia programa digital batek mugituko balu, mugimendua askoz ere errealistagoa izango zen, baina, aldi berean, errealismo horrek nire zikintasuna galtzea ekarriko luke, artisautzak ematen didan pultsioa galduko luke nire lanak. Beharbada modu bat aurkitu beharko dut. Beharbada, hau hasiera besterik ez da.
Zein dituzu erreferentzia zure lanean?
Hara, Artelekun lan egitea zorte handia da. Urtero adituren bat izaten da hemen tailerren bat zuzentzen. Benetako adituak izaten dira, baina zaila da erreferentzia horietatik zuzenean zer edo zer antzekoa egitea. Raimond Krumme batekin akordatzen naiz, esate baterako, Alemaniakoa, animazio independentearen ordezkari ezagunenetako bat. Nola ikusten duen espazioa bere barnean? “Nik horrela eta horrela egingo nuke” esango dizu, baina oso zaila da norbera haren buruaren barnean sartzea. Norberaren buruak ez du horrela funtzionatzen! Erreferentziak badira, badira filmak, baina zaila da horiek kopiatzea. Ez du zentzurik halakok bezala egiten saiatzea, delako horren mailara iristen ez bazara. Ez, behintzat, norberaren bertuteak beste alde batetik baldin badoaz. Bertute horiekin ahal dena, ahal den onena egin behar dugu. Bestalde, zinema dago, fikzioa, eta gauza asko kontatuta daude. Horretan ere baditut erreferentziak, eta erabili ere egin izan ditut ez oso modu…
Esplizituan?
Esplizituan! Planoa kopiatu. Hartu zinemako planoa eta animatu. Oso gauza ezagunak, ordea, nahiz eta nondik hartu dudan gero ez gogoratu. Baina komikia, literatura… erreferentzia dira. Ipuin motxak, adibidez. Alice Munrori Nobel saria emateak eguna alaitu zidan. Nire ondoan inork ez zuen ulertzen zergatik, baina niri kristoren poza eman zidan. Emakume hori, laurogeitaka urte, Ontarioko herri txikian, errekonozimendua jaso eta berak idatzitako pertsonaiak gogoan, atmosfera hori… Haren argazkia ikusi eta beraren ipuinak irakurri, eta beti dago halako flash bat! Poza da horrelako erreferentziak izatea!
Film laburra ere flasha da?
Ez dut uste. Jende askok esan izan dit: “Ikusi dut zure filma, lehenengoan ez dut ezer ulertu, berriz ikusi nahiko nuke”. Nire akatsa ere bada hori, hizkuntza ez dudala behar bezala kontrolatzen esan nahi du, ez diodala ikusleari nahiko denbora ematen istorioan sartzeko, adibidez, edo nik nahi dudan bidea hartzen ez diodala laguntzen, bere ondorioak atera ditzan. Bestalde, badut horretarako joera ere: edozer egiten dudala ere, informazio asko sartzeko joera dut, nahiz eta ikusleak ez dituen ulertuko. Nik, hala ere, nahiago dut ikusleak dena ulertu ordez detaile batzuk bereganatzea, atmosfera. Eta, dena dela, ikusleak filma berriz ikusteko gogoa izatea ez da txarra ere!
Atmosfera…
Baina atmosfera sortzeko pertsonaia egokiak behar dituzu, istorio erakargarria. Atmosfera ez da gauza axala. Esate baterako, oso ondo eraikitako filmak ez zaizkit asko interesatzen: animazioa oso ona, oso fina, testura pila, dena oso ederra… Amorrua ere ematen dit batzuetan, ez du nigan enpatiarik sortzen, ez zait interesatzen lan hori. Atmosfera, bai, baina kontuz!
Zer da, hortaz, interesatzen zaizuna?
Nahi dudan istorioa kontatzea, eta, bukaeran, ateak irekita lagatzea. Eta, aldi berean, zerbait kontatzea, kontatzen dudan pasadizoa nik neuk ulertzeko. Hotzanaken kasuan, behinik behin, inondik ere ulertzen ez dudan egoera ulertzeko beharra, irudien bitartez.
Doktore tesia duzu zain aspaldi, antiheroiaren ingurukoa.
Bai, amaitu beharko nuke, zama hori gainetik kendu. Ez dakit zertarako bukatu behar diren lan horiek ere! Hasten naiz sortzen, hasten naiz hegan, eta ahaztu egiten zait tesia dudala zain! Jarraikortasuna behar dut, eta, aldiz, horixe da zailena. Asko eginda daukat, hala ere, aurreratuta dago. Hitz egin ere, asko hitz egin dut antiheroiaren inguruan joan deneko urteetan, baina idaztea dagokit. Alfergura ere ematen du…
Nola uztartzen dituzu zure baitan animazioa eta margolana?
Hotzanakeko pertsonaiak badu alde bat, ezkutukoa, bere barru barreneko zirrikitu barrenekoetan ezkutatzeko joera. Emozionalki aldatzen ari da pertsonaia hori, momentu batean animazioa ahaztu eta surrealismora jotzen duen arte. Horretara heldu nahi nuen. Pertsonaia erakusten jardun nuen, neurrian –ez gehiegi, ez gutxiegi–, erakusten, harik eta halako batean esan nuen arte: “Orain, sortu mundu fantastikoa, irreala. Pertsonaia horren buru barrenean sartu, galdera mordoa buruan dauzkala”. Eta nola heldu horrelako mundu bat sortzera, kaos horretara? Nola izan otzana eta, horrekin batera, barruko amorru dena atera? Margolanetan, barruko poz eta penak, amorru eta amorru ez direnak, batere araurik gabe ateratzen dira –neure buru barruko arau estetikoak besterik–, eta, filmetan, aldiz, zain egon behar izan dut Pandoraren kaxa ireki arte. Surrealismoa gustatzen zait, baina zaila da ulertzen eta, beraz, amua jarri behar izaten dut horra heltzeko, filmetan behinik behin. Marrazkietan, hasieratik irekitzen dut kaxa.
Zein bide egin nahiko zenuke artegintzan?
Ez dakit hori ere. Bi film hauetan [Hotzanak eta Hezurbeltzak], ederrena izan da neuk nahi dudan lana egitea. Independentzia izan dut. Kritikak jaso ditut eta hau eta hura. Denbora asko behar izaten dut lanak egiteko, erabakiak hartzeko. Baditut mugak, eta horiekin borrokan ari naiz. Borrokan, baita ere, subentzioa eman didan jendeak ez duelako ulertzen nolatan pertsona batek hainbeste denbora behar duen lan bat egiteko. Sentipen asko datoz orduan. Errua, esate baterako.
“Elkartzeko toki aproposa zait Arteleku. Marrazteko, neure buruarekin egoteko, ez. Inguruko txokoetako jendearen zalaparta nire lan prozesuan sartzen da eta hori ez da modua. Hala ere, prozesuaren zenbait fasetan, inguruan jendea izatea guztiz aberasgarria da. Horretan, konplize onak izan ditut Artelekun”.
Izibene Oñederra (Azkoitia, 1979). Arte Ederretan lizentziaduna, artista egoiliarra da Artelekun. Mugimenduzko Irudien Laborategian lan egin du Isabel Herguerarekin. Horko emaitza da, esaterako, Berbaoc (2008) film laburra. Ondokoak ditu, besteak beste, Hezurbeltzak (2007), Eguneroko Mina (2011) eta aurten aurkeztu duen Hotzanak, For your own safety, Donostiako Zinemaldian erakutsitako obra eta, orain hurrena, Lekeition ere erakutsiko duena. Margolari bikaina da. 2007ko Durangoko Azokan erakutsi zuen Idazlearen atelierra (storyboard) gogoangarri, bizi eta tamaina handiko hura –770 x 150 cm baitzen–. Nazioarteko hainbat jaialditan erakusteko aukeratu izan dituzte bere lanak, eta sariak ere ez ditu gutxi. Hezurbeltzak lanak jasotakoak dira froga. Artelekuko MAPA kolektiboko kide da, zinema garaikidea ardatz. Larrotxene (Donostia) kulturetxeko arte eta animazio tailerren arduradun ere ari da.
“Asko gustatzen zait marraztea. Distraituko nauen irratia jarri, eta buruko gauzak nola ateratzen diren ikustea gustatzen zait. Irratian, programa batetik bestera salto egiten dut, batetik bestera, eta bitartean, marrazkiak ateratzen zaizkit. Gauzak ateratzeko modua dut marrazkia. Testua idatzi behar dudanean, aldiz, bestelako konplexuak ditut, marrazki bidez ez ditudanak. Barruko gauzak zuzen ateratzen zaizkit marrazki bidez. Traketsa naiz neure hitzak sortzeko garaian”.
“Margolan mordoa egin dut kanpoan, hilabetean. Orain, zalantza: zer egingo dut margolan hauekin? Galerista batengana joan? Baina nola dago galeria mundua gaur egun, krisiarekin? Eta, gainera, galeristek badituzte beren baldintzak. Duela lauzpabost urte Durangoko Azokan erakutsi nuen, Susa argitaletxearen standean, baina margolana ez zen protagonista, liburuen eta liburugileen atzean zegoen. Nire margoan, berriz, pertsonaiak ageri ziren. Interesgarria zen ikusleak bi munduen artean egiten zituen erlazioak, zer ikusten ote zuen ‘antzoki’ hartan. Galeria mundua ez dakit ez ote den oso desfasatua”.
Jenialtasuna. Izibene hizketan aditu eta kostata ari dela irudi luke. Itxura batera, ez luke distirarik. Muinean, pentsamendu konplexua hitz xehe egitea da haren zailtasunaren ederra.
Jenialtasuna. Izibeneren hitz axalen atzean gorderik den munduaren aberatsa, lanean behin eta berriz eta askotan jirabueltaka ibiltzera behartzen duena.
Jenialtasuna. Konformagaitza. Bere buruarekin aski ez, aski ziurtasunik ez eta besterekiko dialektikan argitu nahi dituenak bere baitako ilunak.
Konfiantza, laguntza eta pazientzia lagun, fruitu ikusgarriak emango dituen margolari eta zinemagilea.
Beste hainbat emakume artistaren gisara, Elsa von Freytag-Loringhoven (1874-1927) abangoardien historia ofizialetik erabat ezabatu zuten, bere jardun artistikoaren muina, sutsua bezain berritzailea izan arren.
Dinagu kolektiboak Biziola kooperatibarekin elkarlanean antolatuta, Euskal Herriko emakume sortzaile eta ekoizle txikien Gabonetako azoka egingo da abenduaren 16an eta 17an Lazkaon. Larunbatean 31 sortzaile bilduko dira, eta igandean beste 30 desberdin.
Emakume Sortzaileak Plazara topaketen bigarren edizioa dute aurtengoa. Antzerkia, musika, olerkia ala beste, 25 artisten ezagutzeko aukera izango da Ozaetako Garaion sorgingunean.
Diziplina ugaritako lau proiekturi esleitu berri die beka, eta udazkenean erakutsiko dira publikoaren aurrean. Horrez gain, jakinarazi dute sormen egonaldiak antolatuko dituztela udazkenean.
Erronka jarri nahi izan dugu ARGIAtik: zenbateraino utzi diezaiokezu sormenari hegan egiten? Zenbateraino bihurritu dezakezu istorio bat eta bilakatu beldurgarria, barregarria, dramatikoa? Gauza al zara euskarak duen aberastasunari etekina atera, hitz-jolasei leku egin eta... [+]
Zirkuan eta dantzan trebatu da Maitane Azpiroz La Trapecionista dantzaria eta trapezista (Iruñea, 1982). Zamaren ideiatik tiraka Artxipielago obra sortzen ari zelarik, haurdun geratu eta beste kide bati pasa behar izan zion lekukoa. Orain ez du antzezlanean antzezten,... [+]
Itzalekin jolasten du Amaya Sanz Montesek (Iruñea, 1984). Aurpegiak mihiseak direla dio, eta Luna Femme proiektuaren bidez feminizazioak egiten ditu: “Bere burua nahi duen bezala ikusteko aukerarik izan ez duen jendea zoriontsu egin nahi dut”. Harrotuk,... [+]
Diseinatzaile gisa, Letitare marka sortu zuen Irati Guarretxena Sandamianek diseinu ikasketak egin orduko. Ordura arte bezala, bizitzaren erritmoak bultzaturik eman zuen horretarako urratsa. Modaren zikloek eta azkartasunak gogaiturik, kontziente zen ez zela gustura ari... [+]
Haurrek badute, eta zenbait nagusik ez dugu galdu, sorkuntzan murgiltzeko joera. Agian, sorkuntzan murgiltzeko joera dugun guztiok ez ditugu lan ederrak egingo, baina uste dut esperientzia antzekoa dela: hor zaudenean, mundu honetan bizitza on bat izateko gauza asko alde batera... [+]
Euskal kulturaren transmisioa izango du ardatz, eta 23. Korrika kulturalean aurkeztuko dute diziplina eta artista ugari uztartuko dituen proiektua. Halere, emaitzan baino, bidean jarri dute fokua: hausnarketa artistiko kolektiborako sormen laborategi gisa aurkeztu dute #badon.
Emakume sortzaileak biltzen dituen Dinagu kolektiboak azoka antolatu du martxoaren 12an, Aiaraldeko Faktorian (Laudio). Emakume sortzaileen lana bisibilizatzea eta sortzaileen beharretara egokitzen diren ekimenak sortzea helburu, “herriz herri sortzaileak batuko dituen... [+]
“Barraka” abentura bideo-joko umoretsua garatzeko urtebete izango du Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarrak. Horretarako 15.000 euroko laguntza irabazi du Durangoko Azokaren laugarren sormen bekan.
Dinagu Emakume Sortzaileen Kolektiboa Donostiako Egia auzoan, Teila Fabrikan, izango da abenduaren 18an eta 19an. Kolektiboa emakume sortzaileen lanei ikusgaitasuna emateko sortu zen duela hiru urte.
Gaurkoan hiru osagai dituen hausnarketarekin natorkizue. Lehenengo osagaia @hezkuntzanlibre Telegram taldean partaide batek partekatu zuen abestia da: Joseba Irazokiren Galtzen ari da. Bigarren osagaiak harremana du aurtengo Durangoko Azokan Sorkuntza Digitalaren inguruan izan... [+]
'Dinagu' Emakume Sortzaileen Kolektiboak antolatutako azokak Astran egingo du bigarren geldialdia urriaren 16an. Diseinuari eta irudiari lotutako produktuen eskaintza egongo da, besteak beste.