Arrastaka bada ere, legealdi amaierara iristeko bereak eta bi egingo ditu Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Egoera ez da erraza, baina legealdi hasieratik gaur arte bota duenarekin eutsi badio, badira arrazoi asko pentsatzeko hala izango dela. PSNk du giltza eta, egia esan, gaur egun Barcinak baino beldur handiagoa diete Jimenezek eta bere jarraitzaileek hautesontziei.
Eskuin espainiar zalea, ordea, narrasean baino erasoan dago ohituago Nafarroan, aurkaria fisikoki desagerraraziz, 36ko Gerran moduan, edo Nafarroa espainiarrarekin bat egiten ez duen ikuspegia ETArenarekin parekatuz, oraintsu Guardia Zibilak D ereduaren txostenarekin egin duen legez.
Hemen txostenaren laburpena ezer ez dakienarentzat. ETAk eta bere ingurukoek aspaldi erabaki zuten Nafarroaren konkistari hezkuntzatik ekingo ziotela. Orain D eredua ere baliatzen ari dira horretarako, eta “ezker abertzaleak” dagoeneko lortu du infiltratzea irakasleen %26,7. D eredua eskaintzen duten 155 zentroetatik 28 aztertu ditu Guardia Zibilak –ezker abertzaleak boto gehien eskuratzen duen eremuetakoa– eta hortik ondorioztatu du 1.652 irakasletik 441ek “ezker abertzalearekin” harreman zuzena dutela.
Ez da fikzioa, Guardia Zibilaren txostena baizik. Gehiago ere bada, El Mundo-k iragan igandean argitaratu zuenaren arabera, Iruñeko Amaiur Ikastola eta Iturramako Institutua ETAren kabi dira eta azken zentro honetako arduradunak ezker abertzaleari lotuak daude.
Eta bati irribarrea eta kezka nahasten zaizkio barrenean. Irribarrea, absurdoa delako, Espainia Nafarroan zein baldar ari den eta eskuin nabarrista etorkizunarekin eta datorren hauteskunde sasoiarekin zein kezkatua dagoen erakusten duelako. Lehen buelta 2014ko maiatzean izango da, Europako Legebiltzarreko hauteskundeekin eta bigarrena 2015eko udaberrian udal eta Nafarroako Gobernuko hauteskundeekin.
Baina kezka ere bada, ez nolanahikoa gainera, eta kezkarekin amorrua, euskal herritar askok larrutik ordaindu dituelako Guardia Zibilaren hau bezalako txosten barregarri eta absurduak. Eta ez da iragana, aste hauetako Madrilgo makroprozesuak dira adibide gordin eta bizi-biziak.
Kezka Nafarroako herritar askorentzat Guardia Zibilaren erranak egia direlako, beste askoren artean zalantza zabaltzen duelako eta beste batzuk, sinetsi ez baina albistea irakurrita “badaezpada” D eredura ez matrikulatzeko jarrera har dezaketelako, eta batzuk hartzen dutelako. Eta kezka, honek guztiak legedian aldaketak eragiteko balio dezakeelako.
KATEATUA dago dena. Barcina lehendakariak argi esan zien iragan igandean UPNren egunean bere jarraitzaileei: “UPNk ez du utziko Batasunak Nafarroa desagerraraz dezan”. Eta Carlos Salvador UPNko diputatuak Espainiako Kongresuan eskatuko du legeak alda daitezen pederastia, xenofobia eta terrorismo delituengatik zigortuak izan direnak ezin daitezen irakasleak izan. Eta eskatu du Espainiako Kongresuan Jorge Fernández Díez Barne Ministroak azaldu dezan Guardia Zibilaren txostena. Baina bitxia bada ere, UPNk ez du gauza bera eskatu Nafarroako Legebiltzarrean eta hor oposizioak eskatu du UPNren agerpena, Guardia Zibilaren txostenaz zer duen esateko ager dezan eta D ereduko irakasleei Legebiltzarraren sostengu osoa agertzeko. Eta hala egin du Legebiltzarrak, UPN eta PPren aurkako botoekin, Guardia Zibilak adoktrinamenduarekin lotzen duen euskal adar horri sostengu osoa eskaini.
TESTUINGURU honetan askoz hobeto ulertzen da zergatik Nafarroako Gobernuak ez duen ETBren seinale analogikorik nahi Nafarroan, nahiz eta Barcinaren botoemaile ugarik ere eskertuko lukeen, batez ere hainbat pilota edo futbol partidu jarraitzeko. Horregatik, duela hiru urteko itzalaldi digitala eman zenean, Nafarroako Gobernuak argudiatu zuen ez zuela txintik ere ordainduko ETB ikusteko Nafarroan –milioi bat euro ei zen–, hori Eusko Jaurlaritzari zegokiola, honek hala nahi izanez gero.
Bagenekien ez zela hori baina EAk erakutsi zuen dirua ez zela arazo, Erreniegako antenetan behar adinako ukitu teknikoak egin eta erraz lor zitekeela seinale digitala. 45.000 euroko isuna ezarri zion Espainiako Gobernuak.
Lehenago mapak ziren, geroago dirua edo Eusko Jaurlaritzaren begirune instituzional eskasa eta orain, Mariano Rajoyk Aitor Esteban jeltzaleari gogorarazi dion legez, berak ez du arazorik, baina Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren artean akordioa lortu behar dute.
Ez da broma, laster aterako da Guardia Zibilaren txostena EiTBren arriskuak aireratuz.
Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]
Memoria eta aldarrikapen eguna izan da larunbatean Amikuzeko hiriburuan. "Sekulan baino gehiago, gure izanetik aurkitu indarraz, bihar gu girena hazi", izan dira Zabalik elkarteko presidentearen hitzak, Nafarroa Bizirik eguneko ekitaldi ofizialean.
Larunbat honetan egun osoko egitaraua antolatu dute Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek, gogorarazteko 1523an Nafarroako Erresumak Donapaleun ezarri zuela hiriburua eta bere egiturak mantendu zituela.
1523ko abuztuaren 18an, Henrike II.a Nafarroako erregeak Estatu Nagusiak deitu zituen Donapaleun. Gaztelaren eraso eta konkistaren ondoren, Nafarroa Behereko lurraldera mugaturik geratu zen erresumak bere egiturak bizirik mantentzeko azken saiakera izan zen hura. 500 urte... [+]
Historian Euskal Herriaren alde bizitza eman duten pertsona guztiei omenaldia eta lore-eskaintza eskaini die Orreaga elkarteak Nafarroaren Egunean Iruñean egindako ekitaldian.
Larunbat honetan dute Antso Azkarra eta Miramamolinen esmeralda antzerkiaren azken emanaldia Hazparnen. Makear gazteek taularatzen dute Antton Luku antzerkigileak 1997an idatzitako obra. Urte horretan Donostia Hiria Literatur Saria irabazi zuen; 25 urte geroago publikoaren... [+]
Amaiurko gazteluaren erresistentziaren eta suntsiketaren 500. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia ospatu da larunbatean, Amaiurko Gaztelu Elkarteak eta Amaiurko herriak antolaturik eta hainbat instituzioen ordezkarien presentziarekin.
Zigarro mentolatuak, Dire Straits taldea eta “dabuten” esaten zuen jendea iraganeko kontuak dira. Inork aldarrikatzen ez duen iragan batekoak. Bazkari familiar batean zure osaba inoiz martxosoak ekarriko ditu gogora eta horri esker jakingo duzu existitu zirela. Are,... [+]
1522ko uztailaren 19an Amaiurko gaztelua bereganatu zuen espainiar gudarosteak, euren erreinuaren defentsan erresistitu nahi izan zuten nafar gerlariak garaituta. Ez zen izan Nafarroako konkistaren borrokaldi funtsezkoena, bai seguruenik sinbolikoena. Historiak isilarazita egon... [+]
Aise adituko diezue adin bateko espainolei, zerbaiten larritasuna gutxietsi edo apaletsi nahi dutelarik: “Kuban gehiago galdu zen”, harako 1898 hartako inperio kolonialaren hondarren galera gogoan. Hungariarrek ere, gisako esamoldea omen dute, adiera berberarekin... [+]