Ateak Ireki komunikabidea ixtea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak Herrira mugimenduaren parte dela argudiatuta. Nahiz eta epaia irmoa ez izan, hiru orriko txostena nahikoa izan du Eloy Velasco epaileak hedabide bati hitza kentzeko. Adierazpen askatasunaren aurkako eraso gisa ikusten dute. Haserrea eragin du Euskal Herriko sektore zabal batean.
Azaroaren 12an Espainiako Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki webgunea ixteko agindu du, Herrira mugimenduarekin zerikusia duelakoan. Ea hala den galdetuta, Miguel Angel Llamas “Pitu”-k ezetz dio. “Gu komunikabide bat gara, eta ez Herriraren zati. Herri mugimenduari ahotsa ematen diogu eta Herrirarekin lotura daukagu, PAHrekin dugun bezala, herri mugimendu eta eragile sozial eta politikoekin daukagun adina”.
Ateak Ireki Nafarroako herri mugimenduen sareko ahotsik indartsuenetako bat izan da azken bi urteotan. Gai anitzak jorratu dituzte: Xabier Sagardoy eta Luis Goñi babestu zituen herri harresia, etxe kaleratzeen aurkako plataformaren ekimenak, euskal presoen eskubideen aldeko ekintzak, AHTren aurkakoa, murrizketak, ustelkeria kasuak... Kazetaritza herrikoiaren adibiderik eraginkorrenetakoa Euskal Herrian, bideogintzan oinarritutako kazetaritzaren bitartez bestelako errealitate bat erakusteaz arduratu da. Zulo informatibo bat betetzetik, hainbat gai aktualitatearen erdigunera eramateko gai izan da adibidez. Ahotsa altxa ezinik zebiltzanei oinarrizko galderak egin dizkiete. Batzuek ezkutatu nahi zituzten irudiak erakutsi dituzte. Arrakasta izan dute. “Garrantzia hartzen ari zen proiektua eta ahots hau isilarazi nahi izan dute”, azaltzen du Llamasek.
Ehunka milaka aldiz ikusi diren bideoak ekoitzi dituzte bi urteko ibilbide oparoan. Adibiderik onena, San Ferminetako txupinazoan ikurrina erraldoia nola zintzilikatu zuten erakusten duen lana da.
“Bada Nafarroan eremu ofizialetik kanpo mugitzen den zerbait, badira Nafarroan baimendutako ahotsen gainetik aditzen diren bertze iritziak”. Beren aurkezpen bideotik ateratako esaldia da. Herrialdeko errealitatea ez da aldatu ordea, nahiz eta beste ahots disidente bat ixilarazi duten Madrildik, bere garaian Apurtu.org itxi zuten bezala eta Miguel Angel Llamas bera kartzelan sartu.
Epaia ez da irmoa, eta abokatuek errekurtsoa jartzeko aukerarik duten abokatuek begiratu behar dutela dio Llamasek: “Ez dugu geure burua defendatzeko aukerarik izan, Herriraren parte garela diote, eta auto horretan ez da gure aurkako akusazio zehatzik”. Egoera aztertzen ari dira.
Itxieraren ostean hainbat eragileren babesean egindako agerraldian adierazi dute “erantzun anitz eta zabalena” artikulatzen ahaleginduko direla. Datorren azaroaren 23an, larunbatean, Iruñeko udal plazan elkarretaratzea egingo dute 19:00etan hedabidearen itxiera salatzeko. Manifestu bat ere jarriko dute abian, kazetarien artean atxikimendua bilatu asmoz.
Horrez gain, ezinbesteko jo dute Nafarroako herri mugimenduak bere ahots propioa izatea Interneten. Horregatik, adierazi dutenez, komunikazio proiektu berriak jarriko dituzte abian. Dagoeneko sortu dute beste webgune bat eta bertatik ari dira informatzen: http://ateakirekiaurrera.wordpress.com. Twitterreko kontu berria ere sortu dute: @AteakAurrera.
“Eraso antidemokratiko honi aurre egiteko asmoa dugu, dugun arma bakarrarekin: Adierazpen askatasuna”, nabarmendu du Llamasek.
Nafarroako eraldaketa sozialera bidean “herriari ahotsa” emango dion tresna izan nahi du proiektu komunikatibo berri honek. Espainiako Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki webgunea itxi ondoren abiatu zuten “Ahotsa behar dugu” dinamika, eta horren ondorioz... [+]
Ahotsa.info herri komunikabide berria aurkeztuko dute bihar Iruñean. Nafarroan sortu nahi duten eraldaketa sozialera bidean “herriari ahotsa” emango dion tresna izan nahi du proiektu komunikatibo berri honek.
Ahotsa.info izanen da Nafarroako herri mugimenduei ahotsa emanen dien informazio-bozgorailu berria. Twitter kontuaren bidez eman dute ezagutzera Ateak Ireki eta Apurtu.org atarien oinordeko izanen dena.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki webgunea ixtea agindu zuenetik, Nafarroako herri mugimenduek komunikatzeko tresna propioak behar dituztela aldarrikatzen ari dira sarean ‘Ahotsa behar dugu’ dinamikaren bidez.
Nafarroan "ahotsa" behar dutela aldarrikatzen ari dira egunotan Ahotsa Behar Dugu Twitter kontutik. Ateak Irekiren itxieraren ostean, herri hedabide baten aldeko aldarrikapena da.
Ateak Ireki webgunearekin elkartasunez ostiralerako deitutako elkarretaratzea debekatu du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Delegaritzak. Hala ere, kontzentrazioa egingo dutela iragarri dute hedabideko kideek.
Hekimen Euskal Hedabideen elkarteak Ateak Ireki webgunearen itxiera salatu du prentsara igorritako ohar baten bidez. ARGIAk ere bat egiten du salaketarekin.
Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu du Ateak Ireki hedabide herrikoia eta beste hiru webgune ixteko, Herrira mugimenduarekin lotura dutelakoan: Donostiako eta Zarauzko Herriraren guneak, eta etengabe.wordpress.com. Ateak Ireki bera izan da albistearen berri eman duena, eta... [+]