"Orain Senegalen aurkituko dudana gogorragoa izanen dela badakit"

  • Neska azal zuri, bihotz beltza. Halakoa da Amaia “kañajora”.

Dani Blanco

Lanbidez hezitzailea zara. Zertan aritzen zara zehazki?
Azken lau urteotan kultura eta adin arteko ekintza hezitzaileak sustatzea da nire eginbeharra. Orain bereziki sexualitate eta drogen prebentzio programetan murgilduta nabil, bai familietan baita ikastetxeetan ere. Horretaz gain Esteribarren animatzaile sozio-kultural gisa aritzen naiz eta horrek jende askorekin egoteko aukera ematen dit.

Jendearekin konektatzeko erraztasuna duzu…
Bai, hori esaten dute. Eta egia esan bailara osoak ezagutzen nau. Sanferminetan, adibidez, kalean askotan oihukatzen didate “ei, Esteribar!”. Ez dakite nire izena edo nor naizen, baina badakite han ibiltzen naizela.

Zergatik hautatu zenuen lanbide hau?
Maite dudalako. Laguntza ematea barrutik sentitzen dudan beharra da. Gaztetatik euskara zerbitzuan, ludotekan… ahal nuen toki guztietan sartzen nintzen gauzak antolatzera. Komunitarioa den guztiak erakartzen nau. Jendea gustukoa dut. Kalean barna paseoan nabilela, norbait eserita ikusi eta ez dakit zergatik, baina aldamenean jarri eta orduak egon naiteke berarekin solasean. Berdin hasten naiz hizketan kalean bizi den batekin edo adineko jendearekin. Gustatzen zait haien istorioak entzutea.

Eta Afrikarekiko maitasuna nondik datorkizu?
Txikitatik Afrikako zerbait ikusten nuenean barruan zimiko bat sentitzen nuen. Beltzak, ume txikiak… Duela zenbait urte erretzeari utzi nion eta tabakoan gastatzen ez nuen dirua aurrezten hasi nintzen bidaiak egiteko. Halako batean mutil-ohiak eta biok interneten ikusi genuen Dakarrerako hegazkin txartel merke bat eta une horretantxe bertantxe hartu genuen. Joan baino lehen harremanetan jarri ginen hango eskola batekin. Esan genien eskolarako material pixka bat eraman nahi geniela eta ea posible ote zen han lo egiteko tokitxo bat aurkitzea. Egia esan oso ongi hartu zuten proposamena eta bikain tratatu gintuzten. Hara iritsita, hegazkineko atea irekitzean hango airea arnastea ikaragarria izan zen. Barrezka ematen nuen egun osoa. Hogei bat egun izan ginen Senegalen barrena bidaiatzen.

Hegoaldean dagoen Cassamance eskualdeko amaetxe batean hiru neska euskaldun ezagutu nituen, oso jatorrak. Erizainak dira eta urtero joaten dira hiru hilabetez lan egitera. Haiekin eskualde zoragarri hau ezagutu nuen. Oso ederra eta aberatsa da, natura oso oparoa delako. Euria egiten du, arroza, baratzeak, arrainak eta animaliak badira. Oso erakargarria da, baina nik uste dut nire lana toki pobreetan dagoela, horregatik Cassamancera soilik bisitan joaten naiz noiz edo noiz.

Aurkitu zenuena uste bezalakoa izan zen?
Ez nekien zehatz-mehatz zer aurkituko nuen. Senegalek eskualde asko ditu eta batzuk oso txiroak dira, baina ez dago gerra egoera etengabea, Etiopian edo Somalian bezala. Senegal, berez, oso alaia da. Teranga herria deitzen diote, hau da, harrera edo ongi etorriaren herria. Eta egia da, harrigarria da nola hartzen zaituzten toki guztietan. Baina aldi berean, oso tristea eta gogorra da ikustea nola jokatzen duten han zuri askok. Tubap deitzen diete eta mundu guztiak zerbait eskatzen die: goxokiak, Bic… Beti eskean. Lehen bidaian gaizki pasatu nuen. Boligrafo batzuk eraman genituen jendeari emateko eta egun batez atera genituen haur batzuei eskaintzeko. Bizpahiru haur zeuden soilik, baina boligrafoak atera eta segundo batzuetara ehunka umez inguraturik geunden, eskuetatik dena kendu nahian. Min fisikoa eta batez ere mina bihotzean sentitu nuen. Hori da mende luzeetan horrela jokatzearen ondorioz lortu duguna. Eta tamalez askotan ikusten da, adibidez, turista taldeek gozokiak atera eta lurrera botatzen dituzte haurrek harrapa ditzaten. Batzuetan iskanbilak izaten ditut zuriekin. Horrela min handia egiten diozu herri bati, eskale bihurtzen duzulako. Baina zuri askori botere sentsazio hori gustatzen zaie. Sexuarekin berdin. Emakume heldu asko ikusten da gaztetxoekin, pederastia oso zabaldua dago, putetxe pila… 12 urteko neskato batek perfume poto txiki baten truke nahi duzuna egiten du.

Nik beste modu batez jokatzen ikasi dut. Ez dut ezer eramaten aldean. Ezta dirurik ere. Eman beharreko laguntza ematen diot eman behar diodanari, hau da, eskolako zuzendariari edo toki bateko arduradunari, behar den moduan eta berme guztiekin. Gainerakoan ni han oin beltz bat besterik ez naiz. Ikusten naute haiekin lapikotik jaten, lurrean eserita, ilar pote batekin dutxatzen, putzutik ura ateratzen… Orduan zer eskatuko didate? Beraiei nire presentzia gustatzen zaie eta esaten didate: “Amaia, zu ez zara tubap”. Hori esaten didatenean oso harro sentitzen naiz. Hunkigarria da.

Zer da Europa haientzat?
Altxor kutxa bat. Senegaldar pila bat dago hemen eta diru asko bidali izan dute, orain arte bederen. Familia batean kide bat Europan izatea gerta dakiekeen gauzarik onena da, bai ekonomikoki baita prestigioaren aldetik ere. Baina hona etorrita izugarri aldatzen dira. Gure sistema honetan murgildu eta kontsumitzaile huts bihurtzen dira. Askotan hangoei esaten diete hemen oso ongi bizi direla, Messiren edo Ronaldinhoren lagunak direla… Handinahikeriatan aritzen dira maiz. Nik maite ditut senegaldarrak Senegalen.

Zer galtzen dute hona etortzean?
Alaitasuna, klima, janaria, familia, erlijioa, kultura… Bat-batean dena galtzen dute. Aldaketa ikaragarria da. Badira ere hemengo kulturarekiko eta euskararekiko interes handia dutenak. Sakanan badira batzuk euskaraz hitz egiten dutenak, eta ni maiteminduta gelditzen naiz haiekin. Beren helburu nagusia, oro har, lan egitea eta dirua irabaztea da.

Hemengo senegaldarrekin harremanik baduzu?
Bai, asko. Wolof ikasten ari naiz haiekin. Hurbildu eta galdetzen diet nola esaten diren gauzak.

Ez zaizu zaila egiten haien ohitura zenbait ulertzea, poligamia esate baterako?
Bai. Han familiekin bizi naiz, haien etxeetan, eta denbora gehiena gizonaren bi edo hiru emazteekin eta haien haur guztiekin egoten naiz. Asko hitz egiten dut emakumeekin gai hauetaz. Galdetzen diet ea zer sentitzen duten egoera horretan eta esaten didate hobe dela horrela, modu honetara laguntza dutelako. Emakumeek ikaragarrizko lana dute etxean: jatekoa prestatu, haurrak zaindu, garbiketa, ura ekarri, erosketak egin, animaliak zaindu eta abar, eta gainera etxea beti jendez beteta egoten da, ilobak, lehengusuak… etortzen direlako. Emakumeak beti daude “fatigué, fatigué”. Gizona beste emakume batekin ezkontzen bada, beste emakume bat egonen da etxeko lan guztia aurrera ateratzeko. Batzuetan beraien artean tentsioa egon daiteke, baina, oro har, sistema praktikoa da lana banatzeko eta baita gizonaren sexu beharrak asetzeko ere.

Eta gizonek zer egiten dute?
Arrantzaleak badira itsasora ateratzen dira, bestela, gainerakoan, oso lan gutxi dago. Galdetuz gero denek esaten dizute saltzaileak direla. Edozein gauza saltzen dute merkatuetan: arropa, fruta, ordezko hortzak, kableak…Den-dena jartzen dute lurrean eta horrela ematen dute eguna. Hemen mundu guztia da saltzaile, baina nire galdera da: nork erosten du? Ez da inor ikusten erosten.

Familia plangintzaz hitz egiten diezu?
Amaetxean prebentzio tailerrak eta familia plangintzaz hitz egiten diet. Emakumeek sei, zazpi edo haur gehiago izaten dituzte batez beste. Kasu askotan ez dakite zenbat urte duten ezta zein egunetan bizi diren ere. Ez dute egutegirik. Asko analfabetoak dira. Kondoiak erosteko dirurik ez dute eta gainera gizonei ez zaie gustatzen, horregatik oso gutxi erabiltzen dira. Batzuek pilulak hartzen dituzte baina gordeka, gizonek jakin gabe. Emakume gazte batzuek ikusten dute zerbait egiteko beharra dagoela kontu horretan, baina beste askok ez.

Ablazioaz zer pentsatzen dute?
Ez da horretaz hitz egiten eta zuk galdetzen badiezu mesfidati agertzen dira. Nik uste dut barne-barnean badakitela hori gaizki dagoela. Ikusten dute nola neskak infekzioz beteak gelditzen diren, zeinen atrofia ikaragarriak sortarazten dituen, nola batzuk hiltzen diren, erditzean zenbat arazo izaten dituzten… Oso gogorra da. 4, 5 edo 6 urteko neskatilei egiten diete xafla ziztrin batekin. Toki batzuetan mozketa egin eta haurra zuhaitz baten azpian uzten dute zauria itxi arte. Gero eta gehiago emakumeak indartzen ari dira eta Senegalen, hirietan bereziki, ama berrien artean gauzak zertxobait aldatzen ari dira. Nik uste dut gure zeregina dela azaltzea zer den hori eta zer ondorio ekartzen dituen. Hori dena haiei jakinaraztea. Horretan oso baliagarria da niretzat argazkiak erabiltzea. Emakumeentzat oso zaila da familia eta herriaren aurka jartzea. Presioa itzela da. Oso emakume indartsua eta autoestimu handikoa izan behar duzu horri buelta emateko. Oso-oso zaila da.

Zer gehiago lantzen duzue?
Prebentzio alorrean hazteria eta larru azalaren gaixotasunak ditugu jopuntuan. Hazteria oso zabalduta dago zikinkeria ikaragarria delako. Gorputz osoan izaten dute, baita jaioberriek ere. Zikinkeriaz inguraturik bizi dira, ez dute arropa oso maiz garbitzen eta dena jaten dute eskuz. Koilararen erabilera zabaldu nahi dugu, aurrerapauso garrantzitsua litzateke.

Talibés Fundazioaren Euskal Herriko koordinatzailea zara orain. Nortzuk dira haur horiek?
Senegaleko hirietako toki txiroenetan bizi diren haur eskaleak dira. Familia pobreek jatekorik ez dutenean haurrak koran eskola batera eramaten dituzte eta han gelditzen dira ,arabou edo irakasle baten agindupean. 4 urtetik gorako haurtxo eta gaztetxoak dira. Marabouek haurrak bidaltzen dituzte arroza, azukrea eta dirua eskatzera kaleetara. Han izaten dira egunean hamabi orduz eta eskolara itzultzean diru edo arroz gutxi eramanez gero izugarrizko jipoi eta tratu txarrak jasotzen dituzte. Gainera haur hauek mota guztietako lan eta gehiegikerietarako alokatzen dituzte. Ume esklaboak dira. Senegal talibez beteta dago. 50.000 baino gehiago omen dira, gero eta gehiago, orain Malitik asko iristen ari direlako ihesean. Egoera gero eta latzagoa da. Hemen krisia dagoenez han izugarri sentitu dute hori. Eguna haiekin ematen dut eta ahal badut haien eskoletara sartzen naiz, haien marabouekin hitz egitera. Haiei eta agintariei esaten diegu haurrak tratatzeko modu hori ez dela egokia. Ikusarazten diegu errealitate hori aldatu behar dutela eta horrenbeste miresten dituzten zuriek ez dutela halako jokamolderik onartzen. Baina hori da haiek betidanik ezagutu duten bizimodua. Nik badut lagun min bat, hemen Burlatan ezagutua, talibea izan dena. Aitak esaten zion talibe bidaltzen zuela bizitzaren gogortasuna ezagutu zezan. Gainera haur hauek helduaroan marabou egiten dira, gurpil-zoro hori betikotuz.

Kanpaina berri bat egiten ari zarete eta abenduan abiatuko zara berriro. Zer helburu dituzu oraingo honetan?
Hiru proiektu ditugu oraingo bidaia honetan: herri txiki batean amaetxe berri bat eraiki dugu eta orain materialak eta botikak eramanen ditugu hornitzeko. Horretaz gain Erronkariko eskolako familiek 1.000 euro eman dizkigute herri txiki bateko eskolako teilatua konpontzeko. Eta hirugarren helburua talibe haurrei arropa, eskola materiala eta haien bizitokietarako gauza batzuk eramatea da. Dirua behar dugu, edukiontzi bakoitza hara eramate hutsak 3.000 euro balio du-eta. Oso pozik nago orain nirekin Ilurdotz eta Zubiriko 78 urteko bi emakume etorriko direlako. Udaberrian beste bidaia bat egin nahi dut, gauza gehiago eramateko, eta horretarako bi gazte nirekin etortzera animatu dira jada.

Zer ekarriko zenuke Senegaldik hona?
Jendearenganako gertutasuna. Hemen mikaztuta, ozpinduta bizi gara. Han dena da “ze pa gra” (ez da deus gertatzen, dena konpon daiteke). Elkartasun hori ez dago hemen. Hemen bakarrik bizi naiz eta giltzez ixten dut atea. Han ez dituzte etxeak ixten. Etxe ezezagun batera sartu eta egun osoa eman dezakezu han, komuna erabili, ohe batean etzan, tea hartu beraiekin… Eta irribarrea, alaitasuna, noski. Beste gauza bat asko gustatzen zaidana da ez direla besteengatik gaizki esaka aritzen inoiz. Oso gaizki ikusia dago hori. Nik, egia esan, asko ikasten dut beraiengandik eta askotan hemen pertsona arraroa, bitxia sentitzen naiz. Beti zoriontsu egon nahi izatea leporatzen didate, zerbait txarra balitz bezala. Arraroa naiz eta harro nago.

Nortasun agiria

Amaia Alonso Sánchez (Burlata, 1978ko ekainak 8). Ofizioz gizarte hezitzailea. Uharte eta Esteribarko Gizarte Zerbitzu Mankomunitatean ari da lanean. Duela sei urte Senegal ezagutu eta liluratuta eta hunkituta gelditu zen. Geroztik hanka bat hemen eta bestea han dituela bizi da. Hango zenbait amaetxe eta eskolatan ibiltzen da lanean, baina bereziki Talibés kaleko haur eskaleekin. Gaur egun Talibés Fundazioko koordinatzailea da Euskal Herrian.

Azken hitza
Gero eta okerrago

“Gezurra badirudi ere, Senegalen dagoen janari guztia kanpotik ekarria da. Senegalek mangoak besterik ez ditu. Hemengo krisia dela-eta dena okerrera doa: hemengo senegaldarrek orain ez dute lehen bezainbeste dirurik bidaltzeko eta, honetaz gain, garapenerako laguntzak murrizten ari dira. Proiektu asko bertan behera gelditu dira. GKE asko eta fundazio asko joaten ari dira Senegaletik eta Afrika osotik. Orain Senegalen aurkituko dudana gogorragoa izanen dela badakit”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gobernuz Kanpoko Erakundeak
Aita Mari ontziak 34 pertsona salbatu ditu Mediterraneoan

Igandean egin du erreskatea  Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]


Isa Egiguren, kazetaria: “Egoera zaila da eta erreskateak konplikatuak izan daitezke, horregatik psikologikoki ondo prestatuta joan behar gara”

Aita Mari ontzian salvamento marítimo humanitario izeneko gobernuz kanpoko erakundearekin lanean ari da Isa Egiguren kazetaria.


Deskolonizazioa eta Gobernuz Kanpoko Erakundeak

II. Mundu Gerra amaitu ostean, Afrika eta Asia aldeko herrialdeen deskolonizazio prozesua abiatu zen. Izan ere, herrialde horietako soldaduek parte hartu zuten Alemania eta beronen aliatu faxistak garaitzen eta “esker on gisa”, menpeko herrialde horiei... [+]


2023-06-26 | Ilargi Manzanares
Aita Mari ontzia “itsasoko segurtasunaren araudia ez betetzeagatik” salatu du Italiak

172 migratzaileak Salernon utzi ondoren egindako azterketen ostean salatu dute Aita Mari itsasontzia Italiako agintariek. "Mediterraneoan ematen duen laguntza humanitarioa kriminalizatzeko saiakera" salatu dute Aita Mariren arduradunek.


Emakumeen mutilazio genitala prebenitzeko konpromisoa berretsi du Foru Legebiltzarrak

Ablazioa errotik kentzeko nazioarteko egunaren harira, praktika ilegal hau egiten den herrialdeetatik etorritako 4.000 emakume nafar daudela ohartarazi du Munduko Medikuak erakundeak. Talde parlamentari guztiek GKE horren komunitate-lana eta Nafarroako Gobernuko erreferentziazko... [+]


“Arropa dohaintzan ematea ez da zaborra ateratzea”

Udazkenerako arropa armairuratzen ari zarela eta beharra duen jendearentzat jantziak dohaintzan emateko aprobetxatu nahi duzula? Edozerk ez du balio, jantzietan ere duintasuna merezi dugu denok. Hala mintzatu da errefuxiatuentzako jantziak biltzen aritu den langileak.


Kooperazioak esanahi berria du
Garapenerako gobernuz Kanpoko Erakundeen indarra handia da munduan. Nazioartean garapenerako lankidetzara bideratzen den diru guztiaren %10 maneiatzen dute eta Europan bakarrik mota horretako 4.000 erakunde inguru daude. Neoliberalismoaren eta askatasun ekonomikoaren garaian,... [+]

Pandemiaren arrasto beltza herrialde txiroetan

Txertoen banaketa bidegabeak, milaka umeren hezkuntza eskubidea mugatzeak, prekarietatearen areagotzeak edota pandemiaren aitzakian egiten diren giza eskubideen urraketak herrialde zaurgarrietan ondorio larriak uzten ari direla gogoratu dute EAEko Gobernuz Kanpoko Erakundeek.


Lesbosko haurrei oparitzeko jostailuak bilduko dituzte Donostian

2021ean ere, milaka errefuxiatuk harrapatuta eta pilatuta jarraitzen dute Greziako Lesbos irlan, Europako kanpalekurik handienean. Bertako haurrei jostailuak oparitu asmoz, Zaporeak elkarteak eta Donostiako Morlans auzoko bizilagunek ekimena jarri dute martxan: auzo elkarteko... [+]


2020-09-30 | Axier Lopez
Kongoko 51 emakumek OME, Unicef eta zenbait GKEtako langileen sexu-abusuak salatu dituzte

Ikerketa batek agerian utzi duenez, munduko erakunde humanitario nagusietako boluntario batzuek Kongon zenbait emakumeren aurkako sexu-abusuak egin dituzte. 2018 eta 2020 bitartean izan zen. Ebolaren pandemia gogoorrari aurre egiten laguntzera bidalitako GKEtako gizonezko... [+]


2020-08-31 | Mikel Eizagirre
Beste arrantzontzi bat etorkinez beteta iritsi da Italiako kostaldera, eta protesta xenofoboak piztu ditu

Ehunka migratzaile zeramatzan itsasontzia igande goizaldean erreskatatu zuten. Haize bortitzaren eraginez hondoratzeko arriskuan zegoen. Italiako Lampedusa uhartera eraman zuten. 450 pertsona inguru zihoazen bertan, lehen kalkuluen arabera.


2019-12-16 | Ttipi Ttapa
Ekonomia arazoengatik, Paris 365 jantoki solidarioa ixteko arriskuan dago

Urtarrila baino lehen 100.000 euro lortzen ez badituzte, otsailetik aurrera jantokia ixteko arriskuan legoke. Jendarteari eta Nafarroako erakundeei laguntza eskatuz, SOS Paris 365 kanpaina abiatu dute

 


Aita Mari itsasontziak salatu du Espainiako Gobernuaren erruz blokeatuta jarraitzen duela Pasaian

Mediterraneoan laguntza humanitarioa eskaintzeko helburua duen itsasontzia da Aita Mari, garai batean atunetarako ontzia zena erreskate barku bihurtuta. Hain juxtu laguntza hori galarazteko asmoz, aitzakia burokratikoak erabiliz Espainiako Gobernuak Pasaian blokeatuta dituela... [+]


Eguneraketa berriak daude