Euskaraz egitea kirola egitea bezain osasuntsu badela pentsatuz Sopelan euskara sustatzeko kanpaina abiatu dute. Futbolean ari diren neska-mutilen entrenamenduak euskaraz izan daitezen tematu dira Aitxu! euskara elkartekoak, Udalaren laguntzaz. Kiroldegiko saioak ere euskaraz izateko konpromisoa hartu du zerbitzua kudeatzen duen enpresak.
Sopelan kirolean ere euskaraz. Lelo horrekin ekin diote Aitxu! euskara taldekoek erabilera sustatzeko kanpainari. Erabileraren inguruko neurketak dioenez, Bizkaiko herri horretan 2006tik jaitsi egin da sopeloztarren artean euskaraz jarduteko ohitura. Hala, herriko kirolzaletasunaz baliatuz, futbol taldeekin lanean hasi dira Athleticeko jokalari ohi Koikili Lertxundiren aholkularitza enpresarekin batera. Era berean, kiroldegian eskaintzen diren ikastaroak euskaraz ere izan daitezela lortu dute ikasturte honetan.
Elkarteko kideek ikusi zuten Udalak eskaintzen zituen kiroldegiko jardueretatik asko eta asko gaztelaniaz zirela, umeendako zehatz batzuk izan ezik. Bestalde, herrian era autonomoan funtzionatzen duten kirol elkarteen jarduna ere gaztelania hutsez zela ikusi zuten, euren harrobia Sopelako ikastetxeetatik datorren arren, hau da, D ereduko neskato-mutikoak dira harrobia. Egoera hortaz kezkatuta lanean hastea erabaki zuten. Mikel Begoña elkarteko kideak dioenez, neketsua izan da kanpaina guztia antolatzea, baina Udalaren babesa izan dute eta kiroldegia daraman enpresa ere buru-belarri inplikatu da. Esan nahi baita, bi lan lerro abiatu dituztela Sopelan kirolean ere euskaraz kanpainan. Kiroldegiko zerbitzua kudeatzen duen Serviocio enpresarekin hartu-emanetan jarri ziren hango kirol eskaintza euskaraz izan zedin. Aurretik ikerketa egin zen, ikusteko zein ikastaro ziren euskaraz eta zein gaztelaniaz. Erabiltzaileen aldetik ea eskaririk egongo ote zen jakin beharra zegoen eta horretarako apirilean inkesta egin zen. Erabiltzaileen %70ek ikastaroak euskaraz izatea gura zuten. Hori jakinda, kanpaina diseinatzeari ekin zioten, ikastaroetako begiraleak inplikatu beharra baitzegoen. Euskaltegiarekin harremanetan egon dira, monitoreentzako ikastaroak antolatzeko, guztiek ez daukate euskara maila bera, ezta kirol saioak euskaraz zuzentzeko ohitura ere. “Harrera oso ona izan du kanpainak erabiltzaileen artean, eta monitoreen inplikazioa erabatekoa da. Monitoreetako bat esaterako, katalana da eta eskolak euskaraz ematen ditu”, dio Begoñak.
Julen Nafarrete Sopelako udal komunikazio arduraduna da. Berak gogoratu digunez, “kiroldegiari heldu zitzaion, azken urteetan eskaintza guztia eta propaganda gaztelania hutsez zelako. Gure helburua kirol eskaintzaren %70 euskaraz izan dadila da. 0tik %70era iritsi gura izateak handinahia dirudi, baina inkestaren emaitzek horretara animatzen gaituzte”. Hala, ikasturte berrian, adin txikikoentzako saioen %100 euskaraz dira eta gainerakoan pilates, ciclo, tonifikazioa eta bodycombat saioak elebidunak izatea erabaki da.
Futbol entrenamenduak euskaraz
Sopelan kirolean ere euskaraz kanpainaren beste lan lerroa herriko kirol taldeekin da. Sopela kirol alorrean nahiko potentea da. Surfagatik ezagunagoa izan arren, igeriketa taldea, pilota elkartea, txirrindularitza, saskibaloia, tai chi eta beste hainbat kirol talde daude. Hala ere, jende gehien batzen duena futbola da. Horregatik kanpaina futbol taldeekin hastea erabaki zuten. Aholkularitza enpresa batekin harremanetan jarri ziren eta tailerrak antolatu zituzten futbol entrenatzaileekin, erabilera bultzatzeko eskolatik kanpoko jardueretan. Saio teoriko eta praktikoak aurreikusi dira Ugeraga Kirol Elkarteko zazpi taldeetako hamar entrenatzailerekin, Ander Deuna Ikastolako bi taldeetako entrenatzaile birekin eta Zipiriñe Eskolako talde bietako lau entrenatzailerekin. Orotara, hamaika taldetako hamasei entrenatzailek jasoko dute futbolean entrenatzeko euskarazko trebakuntza. Saio praktikoen ondoren, jarraipen lana egingo da eta abenduan, ondorioen arabera, laguntza saioak beharko balira, gehiago sakonduko litzateke entrenamendu saioetan.
Saio horiek Itzarri Consulting enpresak bideratzen ditu, Athletic-eko jokalari ohi Koikili Lertxundik zuzentzen duen enpresak. “Izan ere, kirol erreferenteek garrantzi berezia daukate Sopelan kirolean ere euskaraz kanpainan. Herriko kirolari ezagunak eta herrian bizi diren goi mailako kirolariak inplikatu ditugu kanpaina ezagutzera emateko”, azaldu digute Begoñak eta Nafarretek. Hala, Jose Anjel Iribar futbol atezain ohi ezaguna eta Eunate Agirre bodyboard txapelduna ikusi daitezke atera dituzten horma-irudietan. Baina ez dira bakarrak: parapentistak (Gari eta Wiso), surflariak (David Bustamante, Aritza Saratxaga, Loiola eta Leticia Canales eta Kepa Acero), igerilariak (Oreina Fernandez, Alaitz Arozeta eta Ager Axpe), txirrindulariak (Oier Egaña eta Joseba Momoitio), pilotariak (Lejonagoitia familia, Torre familia eta Patxi Ziskar), futbolariak (Maddi Torre, Galder Izaola, Jon Andoni Villamandos, Ibai Baldelona) eta eskalatzaileak (Agurtzane Romero eta Ugaitz Aguilar) prest agertu dira argazki bidezko kanpainan parte hartzeko.
Ezagutza %38,5; erabilera %9,4
“Euskararen erabilera sustatzeko filosofia integral baten barruan kokatzen da kanpaina zehatz hau. Era transbertsalean lan egin gura da euskara sustatzeko. Esaterako, kultur agendan euskaraz eskaintza zabala dago herrian, ez bakarrik umeentzat”, dio Nafarretek.
Ildo horretan, udal barruan hartu-emanak euskaraz izan daitezen eta herritarrekiko arretan ere hizkuntza sustatzeko euskara plana abiarazi berri du Sopelako Udalak. Izan ere, soziolinguistika azterketek diotenaren arabera, Sopela Uribe-Kosta eskualdeko bigarren herririk gazteena izan arren, euskararen erabilera maila kezkatzekoa da. “Emaitza negatiboak izan ziren 2006an: %13,9 eta 2011n egindako inkestak ageriagoan utzi zuen herriko egoera: %9,4ra jaitsita zegoen erabilera maila, ezagutza %38,5ekoa den arren. Gazteen artean hutsune nabarmena dago erabileran; helduak dira euskara gehien erabiltzen dutenak. Horregatik, garrantzitsua da gazteak biltzen diren guneetan eragitea eta espero dugu kanpaina honen amaieran, urtebete barru, gainerako kirol esparruetan eragiten hasteko moduan egotea”, dio Nafarretek. Begoñak badaki kanpainak ez duela egoera goitik behera aldatuko, “baina hasteko modu bat da”.
Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratzeko asmotan dabiltzala irakurri dugu azken asteetan. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Xehetasun gehiago jakin nahian Oin Arin dantza... [+]
Israelgo Estatuko saskibaloi taldeak ostiralean jokatuko du Gasteizen, eta mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak.
Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.
Auzoak behar asko dituela nabarmendu dute eta Kristobaldegik beharrei erantzun ahal diela: auzo baratzeak, biltegia, kultur etxea, zaharren egoitza, eta abar.
Zerbait egin beharra izan liteke aurtengo Argia Sarietan garaikurra jaso berri dutenen oinarria. Zapalkuntzaren, bazterkeriaren, ahanzturaren aurrean antolatzearen erabakia hartu izana. Edo ilunetik argia ateratzea, zirrikituak bilatzea eta komunitateari eskaintzea. Balio... [+]
Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.
Bidea pausoka egiten da, eta hasiak egina dirudiela ikasi nuen aspaldi xamar. Baina jendeak esaldi hori edukiz betetzen ere ikasi nahi du. Bakarrik ezer gutxi lor genezake, hasi orduko etsi, akaso. Sekulako jendetza biltzeak ere antolaketa zaildu eta ikusi beharrekoa gandutu... [+]
Ez zuen egoki jokatu, neurriak hartu behar ziren, bestela, ez dugu ikasten. Itxuraz, ez zen ohartzen egindakoaren inpaktuaz, normal jarraitzen zuen, batzuetan, ingurukoek baino itxura zoriontsuagoz. Gainera, altuegi hitz egiten du, hori ez zaio inori gustatzen. Darabiltzan... [+]
Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]
Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]
Haur Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaieraraino, ikastetxeetan mugikorra debekatzea du helburu Kataluniako Generalitateko Hezkuntza kontseilariak. 6 urtera arteko haurren ikasgeletan material teknologikorik ez egotea eta eskolen digitalizazioa aztertzea... [+]
Erretiratu berri den lankide-ohi baten omenez, Historiako irakaslea. Bejondeizula!
Hezkuntza-legeek azpimarratzen dute zein garrantzitsua den ikasleengan pentsamendu kritikoa sustatzea. Baina irakasle-klaustroak, garai batean ideien eztabaidarako eta proposamenak... [+]
Mendebaldeko herrialdeetako demokrazia liberalak demokrazia minimalista baten itxura gero eta handiagoa du. Definizioaren muina litzateke hauteskunde bidezko gobernu aldaketak errespetatzen direla. Horren aldaera autoritarioari Levitsky eta Way politologoek autoritarismo... [+]