"Tokian tokiko borroka txikiak norabide berean jartzea da benetako erronka"

  • Iruñeko Txantrean jaio zen Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak 25 urte bete ditu. Oraindik ere borrokatzeko erronka ugari dituztela eta ikasle euskaldun, ezkertiar eta feministak iraultzarako gogoz daudela argi utzi digu Ikoitz Arrese IAko kideak.

"Pertsona aske eta burujabeak hezi nahi ditugu, kritikoak, bizitzari aurre egiteko gauza. Feminismoaren bitartez baino ezin da hori lortu"Argazkia: Mikel Garcia Idiakez
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

“Ikasle euskaldun, ezkertiar eta feminista” gisa definitzen du IAk bere burua. Hori da baita ere eskatzen duzuen hezkuntza eredua? Zenbateraino gaude gertu eredu horretatik?

Oraingoz gehiago da gogoa, errealitatea baino. Azken kongresuan berretsi dugu gure proiektua, gure eskola eredua, Euskal Eskola Nazionala dela, euskalduna, ikasleak balore ezkertiarretan heziko dituena eta errotik feminista. Proiektu hori lortzeko tresna izan nahi du IAk eta beraz, honek ere izaera bera du: euskalduna, ezkertiarra eta feminista. Egungo testuinguruan ordea, ez dugu ikusten eskola eredu hori garatu daitekeenik, Euskal Herria zatituta dagoelako lurraldetasunari begira edota sistema patriarkala delako nagusi. Zazpi lurraldez osatutako Euskal Herri euskaldun, feminista eta sozialista batean irudikatzen dugu gure proiektua.

LOMCE legea dago orain pil-pilean. Instituzioei eskatu behar zaienetik harago, ikasleek zein rol dute edo izan behar dute honetan guztian?

Ikasleari zuzenean eskatzen dioguna da borrokara lotu dadila, dituen kezka eta zalantza guztiak antolakuntzaren bitartez argitu eta borrokatu ditzala, antolatzen ez den ikasleriak oso zaila duelako nahi dituen helburuak lortzea. Gure asmoetatik gertuago edo urrutiago egon, LOMCE da orain dugun erasoa eta antolatzen ez bagara, ez dugu lortuko lege hori gelditzea. Edozein esparrutan borrokatzeko deia egiten diegu ikasleei, dela ikasle batzordean, agerraldi batean parte hartuz, manifestazioetara joanez… Aktiboki joka dezatela, orain LOMCE delako, baina aurretik LOE zegoen eta gobernuz aldatzean beste bat etorriko da. Eta instituzioei eskatzen diegu ikasleriak dioena entzun dezatela eta kontuan har dezatela, LOMCEk ikaslea jartzen duelako hezkuntza erreformaren erdigunean, baina inoiz ez da ikaslea aintzat hartzen, alderdi batekoak zein bestekoak izan.

Hain juxtu, duela gutxi hezkuntza eragileak deitu zituen Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, euskal curriculuma garatzea xede duen Heziberri 2020 plana eztabaidatzeko, baina ikasle antolakunderik ez zuen gonbidatu. Ikasleen ahotsa ez dela aintzat hartzen iruditzen zaizue?

Hainbat forotan ez. Heziberrin, Jaurlaritzak ez du inongo asmorik izan ikasleek parte har dezaten, ez dute nahi. Eguneroko jardunean berdin, hezkuntza sistema guztia dagoelako ikasleontzako pentsatuta baina ikasle gabe. Mobilizatzen den hezkuntza komunitatearen gehiengoa ikasleria da, baina alor instituzionalean parte-hartze oso mugatua dugu. Hezkuntza ertaineko eskola kontseiluan adibidez, seina guraso, irakasle eta langile daude, baina bi ikasle bakarrik, eta unibertsitateko klaustro eta kontseiluetan, EHUn behintzat, %51 irakasleak dira. LOMCErekin, ikasleoi ematen zaigun erabakimena are urriagoa izango litzateke, kontsultibo bilakatzen delako. Eta datorren unibertsitatearen erreformak ere ikasleen ordezkaritza txikitzea bilatzen du. Hein handi batean, dena instituzionalizatzea da helburua, sistemaren barruan itota egotea, adibidez EHUn ikasgai bat euskaraz eskatzeko milaka marko, bozketa eta izapide pasa behar direlako. Kaleko manifestazioetan makina bat ikaslek parte hartzeak ez du legitimitaterik egungo sistemaren barruan, organoetan hartzen direlako erabakiak, eta organoak zenbat eta gorago egon, orduan eta urriagoa da ikasleon ordezkaritza. Sistemaren trikimailuak dira, ikasleen eskaera legitimoak bidean galdu daitezen.

Harremanik baduzue EHU eta NUPeko errektoreekin?

Ez, gure parte-hartzea modu instituzional batean ikusten dutelako eta badakigulako hori tranpa dela. Goi mailako organoetan %51 katedradunek osatzen dutenean, zertarako nahi dute ikasleak egotea, gure ordezkaritza %5 edo 10era mugatua baldin badago? Aurpegia zuritzeko nahi gaituzte, parte hartu dugula esateko, baina parte-hartze asistentziala litzateke, praktikan ez da erreala. Beraz, instituzioek benetan aitortzen ez gaituzten bitartean, guk ere ez ditugu legitimatuko.

Heziberri 2020 ez da euskal curriculuma osatzeko egiten den lehen saiakera. Zer ezaugarri izan beharko lituzke, ezinbestean, euskal curriculumak?

Euskal Herrian kokatutako curriculumak balio beharko luke, euskara ardatz, eduki jakin batzuk transmititzeko, baina baita balore batzuk. Hots, eztabaidaren muina ez da Espainiako historia ala Euskal Herrikoa ikasiko dugun edo euskarari eta ingelesari zenbat ordu emango dizkiogun (LOMCEk azaleko eztabaida horretara garamatzan arren), garrantzitsuena da edukien eta balioen arteko uztarketa lortzea. Duela sei-zazpi urte, hainbat eragileren parte-hartzearekin Ikastolen Elkarteak, Udalbiltzak eta Sortzen-Ikasbatuazek osatutako curriculumaren diseinuari gure ekarpenak egin genizkion ikasleok, eta curriculumaren funtsa hori izan beharko litzateke: herritik eta herriarentzat sortua, eta ez delegaritzak edo eragile zehatz batek egina, hezkuntza komunitatearekin eta herritarrekin batera sortua baizik. Heziberrirekin, batetik, formetan ez gaude konforme, ez gaituztelako ez kontuan hartu ez informatu, eta bestetik, plana guztiz anbiguoa da, ez du balio LOMCEri aurre egiteko; apurka-apurka hezkuntza sistema propioa eraikitzeko balio du?, baliteke; curriculum baten osaketan aurrerapausoak emateko?, baliteke, baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaz baino ez gara ari, ez ditu Nafarroa eta Iparraldea kontuan hartzen. Asmoa ona izan liteke, baina gabezi gehiago ditu, definitutako onurak baino. Hezkuntzan aurrerapauso handiak eman dira gurean, aniztasunean sorturiko proiektu asko daude: badugu euskal curriculum bat sortua, badugu ikasle eleanitzak lortzeko Euskararen Gizarte Kontseiluak aniztasunean egindako proposamena; zertarako Heziberri, hori guztia baldin badago? Zergatik ez ditugu hartzen dagoeneko ditugun proiektuak eta horiek garatzen?

Etsita eta geldirik ikusten dituzu ikasleak, ala gogotsu eta aktibo?


Unibertsitateko Bolonia erreformarekin, sistemaren barruan sartu gaituzte: gaur egun, badirudi ezinezkoa dela ikastorduetan antolatzea edo manifestazio batera joateko klase bat uztea, derrigorrezko klase presentzialak ditugulako edota hainbat protokolorengatik orduz aldatzea ezinezkoa delako. Baina gero eta gordinago ikusten dugu gure etorkizuna eta izugarrizko grina daukagu gauzak aldatzeko, mobilizatzeko. Egunero dago hitzaldi, mobilizazio, greba, itxialdi edo elkarretaratzeren bat hezkuntzan.

Antolatzeko eta mobilizatzeko oztopoez ari zarela, Euskal Ikasleon Eskubideen Karta du IAk. Zuen eskubideak urratu eta eraso direla sentitzen duzue?

Kartan bederatzi eskubide zerrendatzen ditugu, ez horiek baino ez direlako borrokatu behar, ikasle izate soilagatik ditugun eskubideak direlako baizik, eta egia da azkenaldian etengabe urratzen ari direla eskubideok. Boloniak bete-betean denak urratzen ditu: hizkuntza eskubideak, parte hartzekoak, antolatzekoak, greba eskubidea…

Bolonia aipatu duzu. Garai bateko polemikak polemika, martxan dago jada unibertsitate guztietan.

2006an esan genuen Boloniak unibertsitateen pribatizazioa ekarriko zuela eta ikasketetara soilik dedikatu ahal izango den ikaslearen figura bultzatuko zuela. Erotuta geundela eta aldaketa pedagogiko onuragarria izango zela erantzun ziguten. Gaur egun, zoritxarrez, iragarri genuen mamua bete da eta gero eta tasa altuagoak ditugu, batez beste %21 garestitu dira matrikulak, bekak murriztu dira, kasik behartuta gaude graduondokoak egitera eta hauen prezioak izugarri garestitu dira, eta gainera enpresa pribatuek gero eta eskumen handiagoak dituzte unibertsitateetan, baita graduondokoetan ere: El Correo Masterra kazetarientzat, Quiron Masterra medikuentzat… Kezkatzen gaitu, baita ere, ikaslea orain egun osoan dagoela unibertsitatean sartuta, eskolak, tutoretzak eta praktikak direla, kreditu sistema aldatu delako eta ikasleek sartu beharreko orduen kopurua oso handia delako; erabat presentzial bilakatu dute irakaskuntza, eta ez dago denborarik ikastordu horietatik kanpo ikaskuntza prozesua zure kabuz osatzeko. Ikasketak garestitu egin dira, baina denborarik ere ez daukagu lan egiteko, ikasketak ordaindu ahal izateko. Plataforma birtualetan, liburutegian, praktiketan… sartutako orduak ere kontrolatzen dituzte.

LOMCEz asko hitz egiten da eta gutxi dakigu unibertsitatean ezarri nahi duten erreformaz…

Oraindik ez dakigu oso ondo zer gertatuko den, baina munduko merkatal elkarteak eta Europar Batasunak adostu zuten zerbitzuen pribatizazioan hezkuntza sartzea eta horren ondotik Bolonia etorri zen. Bada, orain Bolonia II datorrela ikusten dugu, bigarren fasea, 2015-2020 epean gauzatuko den erreforma, eta gure ustez sakondu egingo du zerbitzuen pribatizazioan eta parte-hartzea gehiago mugatuko du. Errektoreak, esaterako, ez du zertan unibertsitate barruko norbait izan beharko, kanpotik datorren gestorea izan daiteke. Horrekin batera, unibertsitate erreforma guztiek adimen zientifiko-matematikoaren alde egiten dute, letra eta humanitateetako karrerak baztertuz.

Feminismoaren aldeko apustua egiten duzue. Genero berdintasuna indartzeko plana abiatu berri du Jaurlaritzak 50 ikastetxetan. Serio hartzen al da gai hau?

Jaurlaritzak plana atera du, bai, baina ez du landu mugimendu feministarekin eta hezkuntza komunitatearekin. Instituzioetako aditu batzuek egin dute plana eta hortaz, jatorrian jada gabeziak ikusten ditugu. Honetan ere, planarekin baino gehiago formekin ez gaude ados. Gaur egun mistoak dira eskolak, baina sistema patriarkala bermatzen jarraitzen dute, datuek eurek argi uzten dutenez: karrera teknikoetan, esaterako, gizonezko askoz gehiago dago emakumezkoak baino, txikitatik hala hezi gaituztelako. Hezkidetza da eskola parekide eta feministan dagoen bide bakarra, generoen roletatik at heziko gaituen eskola eredua, eta eskola feminista nahi dugula diogunean ez gara soilik esaten ari sexismoa edo jarrera homofobikoak gainditu nahi ditugula, baizik eta benetan ikasle askeak sortzeko feminismoa dela oinarria. Neskak eta mutilak modu berean hezi nahi ditugu, baina pertsonak hezi nahi ditugu, pertsona aske eta burujabeak, kritikoak izango direnak, bizitzari aurre egiteko gauza. Hori feminismoaren bitartez baino ezin da lortu eta uste dugu Jaurlaritzaren plana baliagarria izan daitekeela konkretuki sexismoari edo homofobiari aurre egiteko, baina ez du hezkidetzaren kontzeptua modu integralean lantzen. Eskola komunitatearekin eta mugimendu feministarekin batera osatu izan balu, aberasgarriagoa litzateke.

25. urteurreneko ospakizunetan murgilduta zaudete.

25. urteurrena baliatu dugu IAn egon diren ikasle ohiak aurkezteko, Marian Beitialarrangoitia politikaria edo Azaitz Garcia Euskal Herrian Euskarazeko kidea kasu. Nolabait irudikatu nahi izan dugu IAn hezi garen militanteok, hezkuntzaren eremutik Euskal Herria eraldatu nahi izan dugunok, ondoren ere borrokan jarraitu dugula bestelako Euskal Herri baten alde. Atzera begiratu nahi dugu, baina aurrera begiratzeari utzi gabe.

Nola laburbilduko zenuke IAren 25 urteotako ibilbidea, izandako lorpen eta traba nagusiak?

Trabak etengabeak izan dira gobernu eta administrazio ezberdinen aldetik, ikasle mugimendua, euskal hezkuntza eta ondorioz Euskal Herria bera ukatzeko: LOU, LOMCE, Bolonia, hiru-eleko eredua, Bake Plana, TIL, Ikasleriaren Eskubide eta Betebeharren Dekretua… Errepresioa itogarria izan da: polizia ikasle mobilizazioetan, kameraz jositako unibertsitateak, atxiloketak… Kontrara, oso positibo baloratzen dugu IAren jarduna, balio izan duelako hainbat eta hainbat belaunaldi militantzian hezteko: 15 urterekin inkonformistak gara, mundua aldatu nahi dugu eta IAk tresnak ematen dizkizu horretarako, protestarako eta aldarrikapenerako, bakoitzak bere neurrian. Umiltasunetik, uste dugu ekarpen handia egin diogula hezkuntza munduari, tartean Boloniaren kontrako edo hezkuntza euskalduntzeko borrokan. Maribi Ugarteburu parlamentaria, Julen Arzuaga Giza Eskubideen Behatokiko kidea, Ainhoa Etxaide sindikalista edota Izaskun Guarrotxena Bilgune Feministako bozeramailea, Euskal Herriaren askapen borrokan esanguratsuak diren asko eta asko, IAko kide izan ziren, lehenengo urratsak ikasle antolakunde honetan eman zituzten, eta alde horretatik harrotasun handiz definitzen dugu IA iraultzaile eskola gisa.

Zeintzuk dira etorkizuneko erronka nagusiak?

Lehena eta gordinena, LOMCEri aurre egitea, gainerako hezkuntza komunitatearekin batera. Bigarrena, egunetik egunera ikastetxe, fakultate, herri eta auzoetan egiten dena ekarpen gisa hartzea, Euskal Eskola Nazionala eratzeko bidean. Soraluzen inauterietako unitate didaktiko bat egitea, Orion herriko curriculuma osatzea edo Nafarroako Unibertsitatean eskolaldia bukatzean ikasleek euren kabuz euskara eskolak antolatzea sekulako ekarpenak dira. Borroka txiki horiek dira benetako erronka, bestela “LOMCEri ez” horretan geratzen gara, beti ez esaten, eta guk badugu baiezkoa: gure ikasle estrategia, tokian tokiko borroka horiek guztiak norabide berean jarri eta Euskal Eskola Nazionala apurka-apurka eraikitzen joatea.

Gose taldeak egin du 25. urteurreneko abestia. Heldu al da abestian aipatzen den “ikasleen matxinada”?

Gazteak gara, etorkizun oso iluna marraztu digute eta gauzak aldatu behar ditugu. Ikasleok iraultza egiteko gogoz gaude. Heldu da matxinada? Bai, baina matxinadaren hasiera baino ez da hau, LOMCE dago, baina asko dago egiteko eta etengabea izango da matxinada.

Iraultzaile

“Sistema hau errotik aldatu nahi dugulako gara iraultzaileak. Ez dugu egungo sistemara egokitu nahi, ez dugu dauden instituzio guztietan parte hartu eta emendakinen bidez legea aldatu nahi; kalean dago gure bidea, mobilizazioan, aztoratzean, inkonformista eta errebelde izatean. Gure eskubideak errespetatzen ez dituen irakasle bat baldin badago eta harekin hitz egin ostean berdin jarraitzen badu, bere amesgaiztoa izango gara eta panfletoak aurkituko ditu bulegoan, ez gara klasera joango, aulkiei buelta emango diegu… Hori da gure militantzia eredua. Werti ez dizkiogu gutunak bidaliko asko garela eta legea bertan behera uzteko eskatuz. Ikastetxeetan itxialdiak eginez, jarrera desobediente eta intsumisoak bultzatuz egingo diogu aurre”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikasle Abertzaleak
2024-10-31 | Leire Ibar
Ostegunetik igandera, Gazte Topagune Sozialista antolatu dute Altsasun

"Alternatiba sozialista indartzera bidean" GKSk eta IAk eztabaidarako, hausnarketarako eta aldarrikapenerako espazioak antolatzeko beharra azpimarratu dute, eta horren baitan antolatu dute Gazte Topagune Sozialista. Ostegunetik hasita igandera arte izango da Altsasun.


Hezkuntza sistema sozialista aldarrikatu dute ikasleek, martxoaren 20ko ikasle greban

Grebara jo dute bigarren hezkuntzako, lanbide heziketako eta unibertsitateko ikasleek. Ikastetxeen ohiko jarduna gelditu eta kaleak hartu dituzte “negozioen eta inposizioen” hezkuntzaren kontra Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Goizeko aurreneko... [+]


Hezkuntza “pribatizaziotik” ateratzeko, borroka

Ikasle Abertzaleak taldeak grebarako deia egin du martxoaren 20rako. Negozioen eta inposizioen hezkuntza borrokatu goiburuarekin manifestazioa ere eginen dute 12:00etan Iruñeko Foruen Plazatik aterata. Unibertsitatera sartu aurretik eta goi mailako ikasketak egiterako... [+]


Greba antolatu du martxoaren 13rako Ikasle Abertzaleak-ek

Eusko Legebiltzarraren aurrean elkartu dira Ikasle Abertzaleak-eko kideak martxoaren 13rako ikasle grebara deitzeko. “Azken hilabeteetan borroka prozesuak martxan jarri ditugu Euskal Herriko ikastetxe eta campusetan eta, orain, pausu bat gehiago emateko unea dela uste... [+]


2023-09-19 | Gedar
‘Leioako 5en’ askatasuna exijitu dute Altsasun

Irailaren 27an epaituko dituzte 'Leioako 5ak', 2016an Leioako campusean izan zen ikasle mobilizazio baten harira. 45.000 euroko eta 40 urteko zigorrak eskatzen dituzte haientzat. Aste honetan ere mobilizazioak egingo dituzte, auzipetutako bost lagunen eskualdeetan nahiz... [+]


2023-09-18 | Mikel Eizagirre
“Militantzia politikoaren zilegitasuna defendatu behar da, inolako baldintzarik gabe”

2016ko apirilean atxilotu zituzten Leioako 5ak, errepresioaren aurkako ikasle protesta batean. Zazpi urteren ostean izango da epaiketa, irailaren 27an, eta 39,5 urteko espetxe-zigorrak eta 45.000 euroko kalteordainak eskatuko dizkiete. Epaiketaren atarian, haietako birekin... [+]


Ostegunean hasi eta larunbatean amaituko da Eskola Ibiltaria, Ikasle Abertzaleakek antolatuta

Aurtengo edizioan Eskoriatza, Aretxabaleta eta Aramaio igaroko dituzte. Tailerrak, bertso-saioak, hitzaldiak, kontzertuak, eta abar antolatu dituzte hiru egunez. “Hausnarketarako eta formakuntza politikorako espazioa” izatea dela helburua azaldu dute.


Urriaren 11tik 15era bitarte izango da Gazte Topagune Sozialista, Iruñerrian

Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek antolatu dute topagune sozialista. "Sozialismoaren kultura politikoa jaso, sakondu eta hedatzeko alternatiba sozialista eraiki behar" dela azaldu dute.


Elkarretaratzeak egin dituzte selektibitatearen aurka Hego Euskal Herriko campusetan

Selektibitatea hezkuntzaren elitizazioan sakontzeko mekanismoa dela salatu du Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Bitarteko gutxien dituzten ikasleen heziketa prozesuan oztopo bat gehiago dela azpimarratu dute.


Hezkuntza sistema sozialista aldarrikatu dute milaka lagunek, martxoaren 30eko ikasle greban

Martxoaren 30eko greba egunean, Ikasle Abertzaleek deitutako manifestazioek kaleak hartu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, "Enpresarien hezkuntzaren aurrean, ikasle langileok borrokara" lelopean.


Grebara deitu dute ostegunean Ikasle Abertzaleek, hezkuntza enpresari handiek kontrolatzen dutela salatzeko

"Elite ekonomikoen araberako hezkuntza" dugula, eta enpresen eta hezkuntza zentroen arteko harremanak, jakintza-alor batzuetan jartzen den indarra, funtzio diziplinatzailea, kontrol sistemak… horren erakusgarri direla iritzi diote Ikasle Abertzaleek. Greba eguna... [+]


2023-03-23
Ikasle bat atxilotu dute Gasteizko EHUko campusean, eta lau identifikatu Ibaetan

Martxoaren 30eko grebako propaganda egiten ari zela eraman dute atxilo Gasteizko ikaslea, asteazkenean. Ikasle Abertzaleak-ek elkarretaratzea egin du atxiloketa salatzeko. Ostegun goizean, berriz, lau ikasle identifikatu ditu Poliziak Ibaetako campusean.


2023-02-01 | ARGIA
EHUk 34 ikasleri espedientea ireki nahi dielako, IAk manifestaziora deitu du

2021-2022 ikasturtean ikasle greba deitu zuten Ikasle Abertzaleek, martxoaren 24an. Gasteizen 34 ikasle atxilotu zituen Poliziak, eta azken hilabeteetan EHUk gutuna helarazi die, espedienteak irekiko dizkietela jakinaraziz. Unibertsitatetik kanporatzeko arriskuan leudeke, beraz... [+]


2022-12-05 | ARGIA
Poliziaren jazarpena eta kolaborazio eskariak salatu ditu Mugimendu Sozialistak

Mugimendu Sozialistako bi kidek Poliziaren partetik jazarpen jarraitua pairatu dutela salatu dute. Irekita zeuzkaten prozesu judizialek etorkizunean eragin liezazkieketen balizko kalteen aurrean laguntza eskaini diete militanteei, trukean Mugimendu Sozialistari buruzko... [+]


2022-11-02 | Gedar
Deklaratzeari ekin diote martxoaren 24ko ikasle greban Gasteizen atxilotutako gazteek

Gasteizko campusean 34 ikasle atxilotu zituzten IAk martxoaren 24rako deitutako greban, eta "desordena publikoak" eragitea leporatzen diete. Urtarrilera bitartean deklaratu beharko dute.


Eguneraketa berriak daude