Egin dezagun otoitz Fukushiman piszina husten asma dezaten

  • Azaroan ekin behar diote TEPCOren langileek Fukushima Daiichiko 4. erreaktorearen erregai biltegia husteari.  Lurrikarak birrindutako eraikinean bi urte eta erdiz goiti egoera tamalgarrian edukitako erregaiok leku seguruago batera eramateko lanak oso izango dira konplexu eta arrisku handikoak. Mundu osoak egon behar luke haiei so.

Fukuleaksetik eskuratutako argazkiak erakusten du Fukushima-Daiichiko zentralaren laugarren erreaktorea. Goiko parte kolore argikoa eta eskuineko egitura grisa, horixe da erregai erabilia lekualdatzeko hilabeteotan eraikitakoa. Garabi erraldoiaren paretik
Fukuleaksetik eskuratutako argazkiak erakusten du Fukushima-Daiichiko zentralaren laugarren erreaktorea. Goiko parte kolore argikoa eta eskuineko egitura grisa, horixe da erregai erabilia lekualdatzeko hilabeteotan eraikitakoa. Garabi erraldoiaren paretik ezkerrera doana da eraikin birrindua; barruan dauzka erredaktore erreaktoraren galdara, istripuaren egunean hutsik zegoena, eta justu garabiaren parean dago ditxosozko biltegi edo piszina, galdaratik ateratako 400.000 kilo erregai erabili (uranio, plutonio eta beste gai oso erradiaktiboz osatuak) beste norabait eramateko zain zeuzkatenak. Lurrikarak erortzeko zorian utzi zuen laugarren solairuan dagoen putzu hori, ura galduz, hotzik atxikitzeko arazo handiekin. Lurraren astinduekin, gainera eroritako zakarrekin eta urmaelak behin baino gehiagotan irakin duelako, erregaia osatzen duten hagak oso egoera txarrean daude, lekualdatzea zailduz.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Katastrofismoan erortzea da Fukushimakoen berri ematen ahalegintzen den kazetariaren arrisku bat. Bestea, eta okerragoa, TEPCO korporazioaren desinformazio operazioei alferkeriagatik oihartzun eginez jardutea. Asmo ona ez da aski lan txukuna lortzeko.

Urriaren 26-27ko astebururako zikloi bi iragarri ziren Japonia inguruetan aldi berean, Francisco eta Likema. Inork gutxik egin zien jaramonik Europatik. Esajeratu egin zuten alerta piztu zutenek? Kontsolamendu tristea, justu egun beretan 7,6 graduko lurrikara gertatzea bertan. Apenas aipatu ere egin duten hemengo hedabide nagusiek, tartean gureek.

Zer izango zen Euskal Herrian 7,6ko terremoto bat jazo balitz? Azken urteotako famatuena, 1967an Zuberoako Basaburua eta Biarnoko Baretose hondatu zituena, 5,5ekoa izan omen zen Richter eskalan. Lehendik aurrietan dagoen Fukushima Daiichiko zentralean ez ote du eraginik izan 7,6ko batek?

Hamar egun lehenago, urriaren 15ean, Wipha tifoiak astindu zituen Japoniako bazter asko, Izu Oshima uhartean eginez kalte handienak. Haren berri aurretiaz eman duten kazetariek ez dute katastrofismorik egin. Fukushima ez du haizeak gehiago birrindu, baina beranduago, asteak pasa ahala, hedabide nagusiek letra xeheagoetan azaldu dute euriteek eragin dutela kutsadura gehiago itsasoratzea, tankeek gainez eginda. Hamabost egunen buruan, soilik istripu nuklearraren jarraipen zehatza egiten saiatzen direnek jakin dute luiziak ere gertatu zirela zentralean.

Egunokaz, azaroan, Fukushimako zentral nuklearra sartzen da aro bereziki arriskutsuan. Rebelión gune ezkertiarrean arrisku atomikoen jarraipena egiten duen Salvador Lopez Arnalek titulatu du berea:  “Japón-Fukushima. Ubicados en el borde de un abismo apocalíptico”. Alerta jaurti ote genezake paper-saskira katastrofista dela esate erosoarekin?

Asko daude oso kezkatuta azarotik aurrera gutxienez urte betez Fukushiman burutuko den operazioarekin. Ez soilik nuklearrak kezkatzen dituen militanteak, atomoarekin lan egin duten adituak ere bai.

Fukushima Daiichik zeuzkan lau erreaktoreetatik hiruk eztanda egin zutenean –oraindik ez dakigu beren barne-muinak nola dauden, sabelean zeukaten uranioa osorik edo hein batean urtu ondoren non dagoen, ez nola, ez zerekin nahastuta–, laugarrenak aurreko urteetan erabilitako erregaia biltegi batean geratu zen babesik gabe. Paradoxikoki, geldirik zegoen erreaktore bakarrak utzi digu txarren artean oparirik gaiztoena.

Orain ordua heldu da hilabeteotan airean kasik zintzilik egon den  biltegi edo piszina suntsitu horretako erregaia atera eta gordeleku hobera lekualdatzeko. 400 tona erregai usatu oso erradioaktiboak, banan bana eta tentu handiz mugitu behar diren 1.300 barratan banatuta, Common Dreamsen idatzi duen Andrea Germanosen kalkuluetan Hiroshimakoa bezalako 14.000 bonbak leramaketen erradiazioa daukatenak.

Fida gintezke TEPCOz?

Bi urte eta erdiotan, Japoniako eta munduko mobilizazioek zirikatuta, TEPCOk antolatu du eraikin berria 2011ko martxoaren 11an suntsitutakoaren aldamenean. Egunotan hasten duen operazioa honela laburbildu du Japan Times egunkariak: erregai erabilia daukaten barrak ateratzeko TEPCOk eraiki du 284 tonako garabi mugikorra, aldameneko sala batetik gidatuko dena. Dauden lekutik banan banan aterata, altzairuzko ontzi handi zamatsu urez betean laga behar ditu, lurreraino jaitsirik beste biltegi batera eraman ditzaten.

Ez da kontu erraza izanen. Fairewinds gunean Fukushimakoaren jarraipena egiten duen Arnie Gundersen ingeniari beteranoak, hainbat zentral atomikoren kudeaketan arituak, abisatu du zailtasunak aurkituko dituztela barrak ateratzeko, laster hasiko garela entzuten barra bat bat hautsi dela, gero beste bat, gas erradioaktiboa isuri dela, eraikinetik alde egin behar izan dutela langileek...

Inork ez baitaki zein egoeratan dauden barra horiek. Eraikina birrindu zenean, egonkortzeko obrekin uretara zakarrak eroriko ziren beldurrez estalki batez ezkutatu ziren, geroztik inork ez ditu bere begiz ikusi. Istripuagatik urik gabe geratuta piszina irakitera iritsi zenean, barrak deformatu egin ziren, beroarekin eraldatu, haiek lotzeko edo sartzeko bezala ateratzeko tresneriak urtu eta okertu zitzaizkien.

Erregai-barrak hotzik atxiki behar dira eten gabe, agerian geratuz gero, zirkoniozko azala kiskaltzen hasten zaie, barrek su hartzen dute eta erradioaktibitate kopuru itzelak isurtzen. Elkar ukitzen badute, edo altuera batetik erortzen, lehertu daitezke. Kasurik txarrenean jarrita, piszina amilduko balitz 400 tona horiek agerian utzi eta pilan erori araziz, 2011ko martxoaren 11koa baino leherketa handiagoa eragingo lukete.

Horregatik esan du Harvey Wasserman AEBetako antinuklear ezagunak operazio hau guztia ez zaiola utzi behar TEPCOri burutzen, ezta Japoniako Gobernuari berari ere bere kasa. “Lan honi ezin zaio aurre egin ez bada munduko zientzialari eta ingeniari onenekin, haien eskura jarririk behar dituzten diru guztiak”.

Fukuleaks izenpean Fukushimakoaren jarraipena elkarlanean egiten dutenek azpimarratu dituzte bertan ari diren langileek berek sortuko dituzten arriskuak. TEPCOk lanok kontratei utziak dauzka aspaldi, horietan ari direnek ordutegi oso luzeak dauzkate eta formazio tekniko mugatua. Hasieran aritutako teknikari berezienak ezin dira zentralera hurbildu, gehieneko erradiazio dosi onargarria aspaldi gainditurik. Meteorologia aldetik ere, baldintza gogorretan jardun beharko dute.

Ororen buru, mundua ondoko hilabeteetan begira egongo zaio inoiz planetak ezagutu duen operaziorik konplexuenetako bati, zeina burutuko baitu koste ekonomikoak murrizteko logikan errukirik gabe dirauen konpainia pribatu batek, zentral atomiko bat Japonian ohikoak diren lurrikarei eta tarteka jazotzen diren tsunamiei aurre egiteko babesik gabe eraiki zuen konpainiari berari.

Japoniako Gobernuak men egiten dio TEPCOri. Urriaren 27an Asahi Shimbun egunkarian Shinichi Sekinek eta Toshio Tadak plazaratu dute joan den otsaileko agiri batean Tokyoko gobernuak TEPCOri onartu diola Fukushima eskualdeko garbiketa lanak ez ordaintzea, deskontaminazio gastuak herritarrei kobratu zergen bizkar utziz: “Konpainiak uste du oso zaila zaiola pagatzea”. Nuklearren kontabilitate bitxia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Fukushimako ur erradioaktiboa itsasora jaurtitzen hasiko da Japonia, arrantzaleen eta ekologisten protesta artean

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txosten batek oniritzia eman dio Japoniari, 2011ko hondamenditik Fukushimako zentral nuklearra hozteko erabilitako ur kutsatua itsasoan zabal dezan. Duela bi urte iragarri zuen 1,25 milioi tona ur baino gehiago itsasora botatzeko plana... [+]


2021-04-13 | ARGIA
Fukushimako ur kutsatua itsasora botatzea onartu du Japoniako Gobernuak

Apirilaren 13an Japoniako Gobernuak erabaki du Itsaso Barera isuriko duela 2011n Fukushiman istripua izan zuen zentral nuklearrean pilatutako ur erradiaktiboa. Bi urte iraungo du operazio honek. Egun kutsatuak diren eta itsasora isuriko diren 1,25 milioi tona ur hauek... [+]


“Erradionegazionismoa” ala erresilientzia: Fukushima bizigarri bihurtzeko taktikak

Duela hamar urte gertatu zen ezbeharra, Japoniako Fukushimako Daiichi zentral nuklearrean istripua, 2011ko martxoaren 11ko tsunamiak eragindakoa. 1986ko Txernobylgo istripua eta gero, larritasun hein berekoa errepikatu zen 25 urte berantago. Hamarkada pasa da, eta dirudienez... [+]


2021-03-11 | ARGIA
Fukushima 2011-2021: Japoniako herri mugimenduek zabaldu nahi dituzten 10 ikasgai nagusiak

Martxoaren 11 honetan betetzen dira 10 urte justu Fukushimako Daiichi zentral atomikoaren lau erreaktoreak matxuratu zirenetik, lehenik lurrikarak eta ondoren maremotoak astinduta. Istripu hartatik eta geroztik –eta urte luzeetarako– laga dituen ondorioetatik... [+]


2020-10-16 | Axier Lopez
Fukushiman kutsatutako milioi bat tona ur itsasora botako du Japoniako Gobernuak

Japoniako Gobernuak Fukushima Daiichi zentral nuklearretik milioi bat tona ur kutsatu askatzea erabaki duela jakitera eman dute. 2011n istripua gertatu zenetik kutsatutako ura biltegietan jasotzen aritu dira eta arazo larri bilakatu da.


Fukushimako ur kutsatua Ozeano Barean isuri nahi du Japoniako Gobernuak 2022tik aurrera

Ura metatzen ari da erreaktoreetan 2011ko hondamendiaz geroztik, eta lekurik gabe geratzen ari direla esan du Japoniako Ingurumen ministroak.


Fukushimako haurrek ere badute ‘Ingurumen Gunea’, kutsadura zein polita den ikasteko

Ingurumenaren Sormen Gunea deitzen da eta bertan Fukushima probintziako haurrek ikasten dute nola bizi den gizakia irradiazioen artean betidanik. Antzeko erakusketa gehiago badira, eskualdeko bezala Japoniako gobernuek antolatuak. Diote agintariek fukushimatarrek desdramatizatu... [+]


2019-03-11 | ARGIA
Fukushimako hondamendiaren 8. urteurrena: TEPCOk erreaktoreen irudi berriak erakutsi ditu (bideoak)

Martxoaren 11n betetzen dira zortzi urte Japoniako Fukushiman gertatu zenetik historiako istripu nuklearrik larrienetakoa. Iaz, 2018an, eskaini bazituen lau erreaktoreetatik matxuratuena omen dagoen bigarrenaren lehen irudiak, aurten robota bertan sartzea lortuta berriak eskaini... [+]


Eguneraketa berriak daude