Pare bat hilabete izango da, sukaldari landarezale batek galdetu zidan: “Huitlacoche mexikarra hemen ekoitzi al genezake?”. Izen hori aztekek erabiltzen dute beren nahuatl hizkuntzan, artaburua erasotzen duen Ustilago maydis onddoari esateko. Mexikon arto sailetan hazten den gutizia gastronomikoa. Mundu guztiko jatetxeetan gero eta gehiago erabiltzen dute. Eta nire erantzuna: “Ez, ez, kanpoko gaitz kutsatzaile bat ekarri eta betirako hedatuko genuke”. Handik astebetera lagun batek hor jartzen du Facebooken bere sailean artaburu baten argazkia, “zer da hau?” galdezka: Huitlacoche-a Nafarroan! Buru hori jasotzeko eta neuk hartu nahi nuela esan nion. “Gaitza hemen dugu”, idatzi nion sukaldariari.
Horrek barrenak mugiarazi zizkidan. Batera eta bestera. Onddo horren atzetik egin dudan prozesioaren ibilbideko kantoi guztien maparekin ez zaitut aspertuko. Bi hilabete horiek nire kolkorako. Kolkorako, etxean amaitu baitut. Kaiku ederra ni. Artaputza izena du onddoak. Artaleari erasotzen dionean endurtu eta tumore amorfo baten antzera sortzen du, grisa, gerora beltza. Aspaldikoa da artaputza, mendeak izango dira artoarekin Ameriketatik etorri zela. Espainian 2002an ospitale bateko giroa ebaluatzeko egindako ikerketa batean, bertan topatutako espora alergenoen artean, artaputzaren generokoa zen bigarrena.
Onddo uzta zabala da udazkenean. Bakoitzak berea. Zale batzuek bi, hiru, lau perretxiko bildu eta besteak hor uzten dituzte. Beste batzuk ziento erdi bat mota bereizi, bildu eta jateko gai dira. Okerrenak, hala ere, ezagutzen ez dituztenak “txartzat” hartu eta ostikoka edo makilakadaka jotzen dituzten kaikuak dira. Perretxikoetako hau, non ez da gertatzen? Izan ere, kaiku eta kirten...
Lehengo batean beste kaikukeria bat... Duela ez asko munduko chef onena aukeratu zuten euskal herritarra, Donostian ospatzen den gastronomia feria handian. Artaputza aipatu zuen. Mexikon baino hazten ez dela esan zuen. Geurean, hego haizea baino zaharragoko izena du: artaputza. Bere inguruko soroetan ez da asko ibiltzen munduko chef onena. Ahoa neurri hitz egiten dute, gero, bertako produktuez, harro. Mozkinetatik urrun. Harroputz.
Artaputza astaputza eta gastronomia astonomia. Batzuetan...