Euskaltzaindiaren jardunaldiak Araban orain bi urte. Hainbat eta hainbat parte hartzaileren artean, bi gonbidatu aski berezi. Laudioko eta Amurrioko alkateak, euskara irakasleak izanak biak. Josune Irabien dugu Amurrioko Udalaren agintari gorena.
Eta zein da euskara irakasleak alkatetzaraino egin duen bidea?
22 urte nituela hasi nintzen EAJn militatzen. Barruko lana, betiere. Lehenengo, modu pasiboan; gero, aktiboago. Hainbat etapa bete ditut alderdian bertan ere. Hasteko Uri Buru Batzarreko kide izan nintzen. 2003an hasita, Arabako Batzar Nagusietan parte hartu nuen. Euskara irakasle ari nintzen Gasteizen, euskaltegi batean, eta, aldi berean, Batzar Nagusietan. Zaila zen biak egitea, baina egin genuen. Eta Batzar Nagusiak, huraxe bai, benetako eskola! Bitartean, udal hauteskundeak egiten ziren, eta Amurrion EAko Pablo Isasi izan genuen herriko alkate hogeita lau urtean. EAJk ahaleginak eginagatik ere, ezin alkatetzaz jabetu! Halako batean, duela dozena erdi urte, bestelako profil baten bila hasi ziren, alkatetzarako aurkezteko, esan nahi dut. Niregana jo zuten eta aurkeztu nintzen. Oso-oso gertu ibili ginen, baina Isasik irabazi zuen orduan ere. Duela bi urte, berriz, eta herriko jendearekin Zabaltzen izeneko parte-hartze prozesua –oso prozesu polita, egia esatera– burutu eta gero, alkatetzan amaitu nuen. Ez betiko gelditzeko asmotan, hala ere. Ziklo bat osatzen ari naiz, ez besterik.
2011tik hona zaitugu Amurrioko alkate.
Baina ez nintzen berehala hasi lanean, haurdun bainengoen.
Lana, politika, haurgintza… Kontziliazioa…
Bati baino gehiagori gertatu zaio, nire ezagunen artean ere. Nik 1993an bukatu nituen ikasketak. Krisi garaia zen orduan ere. Hainbat lan txiki eginez ibili nintzen, benetako lan bat izan gabe. Bitartean, lan txiki haiekin batera, hainbat prestakuntza ikastaro egin nituen. Horrela joan zitzaidan denbora, haurrak izatea gerorako utzita. Zoritxarrez, emakumearen kasuan zoritxarrez, gerorako uzten ari gara amatasuna, bitartean beste lan batzuk egin behar ditugulako, eta lan haiek egiten sekula amaitzen ez dugulako. Nire kasuan, berandu arte utzi nuen haurra izatea, eta 41 urterekin izan dut umea. Oso esperientzia polita, zalantzarik gabe, gaur hain berandu arte utziko ez nukeena. Gaurko emakumeari horixe gertatzen zaiola ikusi dut: edo gazte izaten ditu umeak, edo geroko uzten du.
Gizonok horrek dakarren egoeraz konturatu gabe.
Nik ez dakit zer dabilen gizonen buru barruan, baina badakizu, gizonek garrantzi gutxiago ematen diote hainbat gauzari, kar, kar, kar. Baliteke emakumeok gauza asko, edo gehiegi, lotuta izatea haurra izan baino lehen. Auskalo! Dena dela, ikaragarri ari naiz haurra disfrutatzen. Senarra ere dakien euskara apurra erabiltzen saiatzen da, eta etxean gune euskalduna osatu dugu. Tira, egin daiteke, zalantzarik gabe. Ziur asko, kasu askotan gertatzen den bezala, dakien euskara apurra ez da hain apurra, dezente baitaki, berak uste duena baino gehiago…
Hizkuntza ikasten ari den ikaslearen uste okerra, dakiena baino gutxiago dakiela.
Uste baino gehiago daki jendeak, bai. Zenbait gizarte esparrutan ez da erraza, beharbada, baina familiak bestelako babesa ematen duela uste dut. Horrela esaten dute, ezta? Ume batekin errazagoa dela euskaraz egitea, umeak ez duelako zuzentzen. Ez du zuzenketak egiteko ohiturarik, eta horrek libre hitz egiten laguntzen du. Nik bai, zenbait zuzenketa egiten dizkiot senarrari, berak niri halaxe esanda, baina ez dut askorik zuzendu beharrik, oker gutxi egiten ditu eta. Familia giroan, akatsak egiteko lotsa eta beldurrik gabe, lasaiago hitz egiten da. Esate baterako, inkestak egiten direnean, “euskaldunak” eta “ia euskaldunak” aipatzen dituzte. Bada, “ia euskaldunen” esparru hori hain da zabala, denetarik dago hor. Arakatzen hasiko bagina, ikusiko genuke telebista ikusi eta ulertzen dutela, partidak entzuten eta esatariak esaten duena ulertzen dutela, hitz egiteko ahalmena dutela… Uste baino baliabide gehiago dutela. Ez daukat zalantzarik.
Orain bi urte Euskaltzaindiak Araban egin zituen jardunaldietan, Laudioko alkate Natxo Urkixo eta zu zeu nabarmendu zineten bertara ziren agintarien artean.
Alkate ez ezik, Amurrioko Udaleko euskara arduraduna ere banaiz. Arduradun politikoa esan nahi dut –euskara zinegotzia, nahi baduzu–, ez euskara teknikaria, hori Beñat Mendiguren baita. Behin baino gehiagotan esan didate, ea zertan ibili behar dudan nik euskararen arduradun. Nik, ordea, uste dut benetan adibide eta eredu izan behar dugula agintariok, nahitaezkoa zaigula zeharkako ikuspegia. Gazteriaren eta emakumearen gaietan bezala. Nik behatokia dut hemen: egunean udaletxean zenbat idazki sartzen den ikusten dut, zein sartzen den, edo irteten den, euskaraz… Perspektiba handia ematen dit alkatetzak, horren gaineko erabaki bat hartu ahal izateko. Jakina, euskararen mundutik nator eta barneraturik dauzkat hizkuntzaren tresnak, eta horrek erraztu egiten dit euskararen munduarekin bat egiten, normaltasunez. Aldaketak gertatzen ari dira, naturaltasun osoz, ezer behartu gabe.
Tokian tokiko agintari gorena euskaltzale izateak ez ote dio euskarari, prestigioa ez ezik, zentraltasuna ematen?
Bai, baina berez, horretan saiatzen ibili beharrik gabe. Eta, zalantzarik gabe, errazago ikusiko ditu euskararen gabeziak eta indarguneak. Agintari euskaltzalearen kasuan, garrantzizkoa izango da euskararen nortasuna azpimarratzea, modurik naturalenean, normaltasunez, baina azpimarratzea.
Zertan dira zure lan-harremanak Amurrioko udaletxean? Hizkuntzari buruz ari naiz, bistan denez. Zein leku du euskarak?
Zenbait bilera euskaraz egiten ditugula esan dezaket. Eta lankide euskaldunekin, ez dago zalantzarik, euskaraz egiten dugu. Dela idazkariarekin, langile batekin… Euskaldunekin, euskaraz. Aurreko agintaldian ezinezkoa izango zen hori. Gainerakoan, lan arloaren arabera, euskaraz edo gaztelaniaz egiten dugu. Gizarte eragileen arabera ere bai. Dena dela, bada galdera bat behin baino gehiagotan egiten duguna, lehen egiten ez zena: “Bilera hau, euskaraz ala gaztelaniaz?”. Lehenago ez zen horrelako aukerarik. Baina dena ez da polit eta eder...
Ez dago arrosarik arantzarik gabe…
Horixe. Oraindik gabezia handiak ditugu euskara idatziari dagokionean, adibidez. Elebitan egiteak bitan jardutea esan nahi du, lana zaigu, eta, beraz, hobetzeko tarte handia dugu, bai barrura eta bai kanpora begira egiten den komunikazioaren arloan.
Aurreko alkatearen aldian ez zegoen hainbat lan euskaraz egiteko aukerarik. Zure aldi honetan, bai. Eman dezagun hurrengo legealdi bat, bi urte barruko hauteskundeen ondokoa, edo sei urte barrukoa. Alkatea euskaltzalea ez bada, atzera egingo du euskarak Amurrioko Udalean?
Ez dut uste. Nire burua euskararen normalizazio prozesuaren barruan ikusten dut. Uste dut nire ondotik etorriko denak bide beretik joko duela. Ez zait buruan sartzen bestela egin dezakeenik. Atzerapauso handia izango litzateke. Amurrion, Laudion, Urduñan, Artzeniegan, Okondon… euskaldunak dira alkateak, jaunak eta andreak. Joera hori geraezina da.
“Geraezina”.
Horrela ikusten dut nik. Jakina, joera politikoari lotuta dago hori. Aiarako eskualdea abertzalea da, bai ala bai. Ez dago aukerarik. Era batera edo bestera, hemendik Bilboraino, bi aukera baino ez dituzu une honetan, EAJ edo Bildu. Eta horrelaxe iraungo du. Eta hauteskundeak datozenean, haien hautagaietan, haien zerrendetan, beti izango da euskaltzaleren bat, ziur. Alderdiek beste bideren bat hartuko balute, porrot egingo luketela iruditzen zait.
Amurrioko alkate andreak baditu euskara ez beste diren kezka, lan eta egitekoak.
Bai, badituenez. Asko dira egitekoak eta buruko minak. Larriena, krisiak ekarri duen egoera. Garai txarrean hasi genuen legealdia. Krisiak gogor jo du gizartea, hor da langabezia eta bizitza-kalitatearen aldaketa. Eta Udalak berak duela urte batzuk baino diru baliabide eskasagoak ditu. Askoz eskasagoak. Aldiz, kudeaketari dagokionez, baliabideak urritu direla ahal den gutxiena nabarmendu dadin saiatu behar dugu. 2008an 25 milioi euroko aurrekontua zuen udal honek. Orain, ez gara 14 milioi kudeatzera iristen. Bost urtean ikaragarri jaitsi dira diru baliabideak. Eta, hala ere, zerbitzuei eusten saiatu behar dugu, eta eusten ez baldin badiegu, galera ahal den gehiena txikitzen, behintzat. Jendeak badaki zein den egoera… Udal honek diru asko izan du, asko, eta garai batean zenbait azpiegitura handi egitera jo zuen Amurrioko Udalak. Alkate sartu eta hiru milioiko zorra zegoela ikusi genuen, eta hura ere ordaindu egin behar! Ordaintzen ari gara oraindik. Baina hortxe dago gakoa, diru gutxirekin zerbitzuak mantentzea.
Azpiegitura handien zama handiagoa.
Gaur egun ez gaude azpiegitura handiak egiteko garaian. Halako kalean, edo espaloian, harlauza aldatu behar dela, alda dezagun. Beharbada ez zen lehenago egin azpiegitura handietan buru-belarri lanean ari ginelako. Gaur egun, harlauza aldatzen ibiltzea dagokigu. Eta eskertzen digu jendeak! Gauza txikiak dira, baina lan txiki horietan murgildu beharra daukagu, premia handiak asetzera ez gara-eta iritsiko.
Donostian izan zinen, Bizikidetzaren Aldeko Nazioarteko Alkateen Bileran.
Bai, izan nintzen. Uste dut aurrerapausoa dela. Lokarriko koordinatzaileak, Paul Riosek esan zuenarekin gelditu naiz ni. Esaten zuen ETA amaitu dela eta ematen duela ez dugula horretaz hitz egiten jarraitzen. Berak zioen mugimendua sortu behar dela, eta hitz egin eta hitz egin, hau ez delako itxi oraindik. Irlandaren kasua aipatu zuen, hango prozesu luzea, urteak iraun zituena. Ezin garela geldirik egon, hitz egin behar dugula… Uste dut euskal gizarteak bakea nahi duela, benetan. Baina alderdi politikoek markatzen dute bide-orria, eta askotan, alderdi politiko batzuek agintzen dutena betetzen du jendeak. Beharbada, paper handiegia jokatu dute alderdi politikoek, onerako eta txarrerako, eta alderdiak fragmentatuta daudenez, euskal gizartea bera ere fragmentatu dute, nolabait esateko.
Alderdi politiko bateko kide zaitugu.
Bai, eta nire barrutik ari naiz gogoeta egiten… Fragmentazioa ez da, benetan, euskal gizartearena, alderdi politikoen artekoa baino. Donostian bildutako alkateek horixe azpimarratu zuten, besteak beste, alderdi guztiekin hitz egiteak duen garrantzia. Baina udal mailan, bozeramaileen batzordean bilduta, alderdi bateko bozeramailea jaiki eta aretotik irteten baldin bada, ez dago hitz egiteko aukerarik. Eta, hala ere, horretan saiatu behar dugu, hitz egiten, denon artean hitz egiten. Udal mailan lan handia egin litekeela uste dut.
“Egunero pertsiana irekitzea ez da erraza guretzat, baina langabezian dagoenari aukerarik ezin emanda ibiltzea oso gogorra egiten zait. Erakunderik hurbilena dela diote udala, eta ezin lagundu izatea… Madrilek ezartzen dizkigun arauak ere hor dira, jendea zuzenean ezin dugula kontratatu diote arau horiek. Beharrak ikusten dituzu, ezin haiei erantzun… Etsigarria da”.
“Gainditu gabeko ikasgaia nuen euskara. Unibertsitatera aurretik, konturatu nintzen ez nuela euskaraz ikasteko aukerarik. Unibertsitatera heldu nintzenean, bi talde ziren, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa. Batzuek aukera egiteko modua zuten. Nik ez. Ez nuen zalantzarik izan. Euskaraz ikasten hasi nintzen Bilbon bertan, Bilbo Zaharra euskaltegian, baina nire ogibidea euskara izango zela pentsatu gabe”.
“Hitz solteak esatetik esaldiak egitera jauzi egin zuenean, ‘ama, kalera goaz?’ esan zuen lehenengo. Beraren lehenengo esaldia! Korrika idatzi nuen koadernoan: ‘Lehenengo esaldia egin du gaur, eta gainera euskaraz!’. Poza, jakina”.
Josune Irabien Marigorta (Amurrio, 1970). Urtarrilaren lehenengoan jaio zen, gaueko 00:30ean, etxean, praktikanteak amari bihotz emanik. Politika Zientzia ikasketak egin zituen 1993an, Bilbon, eta orduantxe ikasi zuen euskaraz. Euskara irakasle izan zen Gasteizko Hegoalde euskaltegian zazpi urtez, eta Urduñako euskara teknikari 2004tik 2011ra, Amurrioko alkate izateko hauteskundeak irabazi zituen arte. Tartean, bestelako lan txiki mordoxka egin zuen, baita futbolean jokatu ere, oraingo Athletic taldearen aurrekoan. Arabako futbol hautatzaile ere izana da. Eudel-eko exekutibako kide da.
“Proiektu berriari ekin diote bailaran. Aiaraldean du izena, hamasei orrialdeko euskarazko hamabostekaria. Aiaraldea.com-ekin hitzarmena sinatua dugu, bailarako udal guztien inplikazioa lortu zuten iaz, eta interneten ari dira harrezkero. Baina orain paperekoa egin dute”.
Irungo Udalak barkamena eskatu eta asteazken honetarako bilerara deitu ditu hiriko elkarte euskaltzaleak, baina beste norabide bat hartu du aferak eta gaia ez du berehalakoan itxiko. Gabonetako ekitaldian euskara baztertzeagatik udala salatu duten elkarteak zeuden deituta... [+]
Irungo euskaldunen pazientziak gainezka egin du; haserre daude eta oraingoan ez dira "isilik geratuko". Gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsean egin izanak hiriko 35 elkarte eraman ditu udalaren hizkuntza politika salatzera –aurrekari gutxi izango ditu... [+]
ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Abenduaren 3an alderdi eta eragile politikoek euskararen inguruko beren irakurketa politikoak argitaratzen dituzte. EAJk ere egin du berea Euskara, Euskal Herriaren izana izenburupean. Urte askoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hizkuntza politiken ardura izan duen, eta egun ere... [+]
Gai tabu gisa marrazten da Euskal Herrian, baina munduan barna ez da horrela. Hizkuntz politikak ezin dira merkatu librearen logikan ipini, baizik eta kuotak edo kupoak ezarri behar dira. Beharrezkoak dira. Eta beharrezkoak dira daudenak betetzea, ez baititu inork betearazten.
Justizian, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan euskara bermatu dadin, zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izan daitezen, Nafarroako zonifikazioa amaitu dadin eta ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Europako Kontseiluko Adituen... [+]
Baionan egin dute agerraldia euskalgintzako 25 bat eragilek maiatzaren 15 honetan. Erakunde publikoen interpelazioaz gain, datorren urteko maiatzaren 15etik 25era iraganen den Euskaraldiaren berri emateko unea ere izan da.
2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak "atsekabez" hartu du berria, baina atzerapenaren ostean onartuko duten esperantza du. Bestalde, gaurtik aurrera hizkuntza horiek erabili ahal izango dira Espainiako Kongresuan. Kontseiluak kezkaz hartu du euskal alderdietako politikariek... [+]
Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.
Ostegunean jakin genuen: Espainiako Gobernuak eskatu du galiziera, euskara eta katalana hizkuntza ofizialak izan daitezela Europako erakundeetan. Zergatik? Kataluniako alderdi politikoek behartu dute horretara, negoziazioetan.
Atzerapausoa. Horrela baloratzen du Euskalgintzaren Kontseiluak, hizkuntza auziari eta euskararen sustapenari dagokionez, Nafarroako Gobernu berria eratuko duten alderdi politikoek sinatu duten 2023-2027 legegintzaldirako akordio programatikoa.
Hamabi irakaslek 2.040 idazlan zuzendu eta 680 ikasleren ahozko probak egingo dituzte 18 egunetan, “kontuan hartu gabe idazlan bakoitza bi irakaslek zuzentzea litzatekeela gure helburu ideala, bigarren iritzi bat izateko”. Jaume Gelabert Iruñeko Hizkuntza... [+]
EAEko Berritzeguneetan hurrengo ikasturtean lan egiteko deialdira aurkezten diren irakasleek aldaketa bat ikusiko dute beren lana ahoz defendatzeko jarraibideetan: aurreko deialdian “defentsa euskaraz egingo da” zioen lekuan, orain dio “defentsa ahal bada... [+]