Urtetako kutsadura askatuko den beldurrez

  • Bilboko Portuak hazi egin nahi du, eta horretarako behar duen materialaren zati bat itsas hondotik ateratzeko asmoa dauka. Bere xedea betetzeko, Portu Agintaritzak proiektu paralelo bi dauzka martxan: portua handitzeko bata, itsaspeko harea eskuratzeko bestea. Bigarrenaren aurka agertu dira zenbait talde, baita udalen bat ere. Haien iritziz, proiektuak ingurumen arazo larriak eragingo ditu. 

Abran egin nahi dituzten dragatze lanen aurkako protesta baten irudiak.
Abran egin nahi dituzten dragatze lanen aurkako protesta baten irudiak.
Joan den udaberrian Espainiako Ingurumen Ministerioak ontzat eman zituen Bilboko Portuko  Agintaritzaren proiektu biren Ingurumen-Inpaktuaren Azterketak. Biak ere, elkarri estu lotutakoak. Bata, Erdiko Kai Muturra deritzona eraikitzeko egitasmoa, portuaren zabalkundeari dagokio. Hiru kai egin nahi dituzte, guztira 600.000 metro koadro beteko dituztenak. Bigarren proiektuaren helburua, berriz, itsas hondotik hondarra ateratzea da, Erdiko Kai Muturra zein bestelako eraikuntza batzuen betelana egiteko behar den materiala eskuratzearren, hain zuzen. 
 
Portu Agintaritzak emandako datuen arabera, 49 milioi metro kubo harea erauzi nahi dituzte orotara, 33 eta 63 metro bitarteko sakonera duen itsas hondoaren eremu batetik. Punta Luzero muinoaren aurrean dagoen zortzi kilometro koadroko hondarpe bat aukeratu dute horretarako, Abraren kanpoko aldean. Erauzitako materialetatik, hogei milioi Erdiko Kai Muturrerako erabiliko dira, eta kopuru txikiagoak bideratuko dituzte beste lan batzuetara. 49 milioi metro kubo horietatik, Portuak zehazteke utzi du 22.500.000ren erabilera zein izango den, eta baliteke ez erauztea ere. Besterik gabe, ateratzeko baimena ziurtatu nahi dute, etorkizunean suerta litezkeen beharrak asetzeko. Izan ere, materialak ez dira aldi bakarrean erauziko, hainbat fasetan baizik. 
 
Bide batez argitu dezagun Ingurumen Ministerioaren onespenak ez dakarrela berez lanak hasteko baimena, ezinbesteko baldintza bada ere. Baimen hori Sustapen Ministerioak eman behar du, eta ezerk ez du aditzera ematen ukatu egingo duenik. Gogoan izan behar da ministerio horren menpekoak direla Espainiako Estatuko portu agintaritza guztiak. Hitz lauz esanda, Sustapenak bere buruari eman behar dio lanak hasteko baimena.
 
Hutsuneak lehen Ingurumen Inpaktuko Azterketan
Portu Agintaritzaren egitasmoa ez da oraintsukoa, ezta haren aurkako borroka ere. Hondar erauzketak ingurumenarentzat izan ditzakeen ondorioez kezkatuta, hainbat auzotar elkartek eta talde ekologistak ezbaian jarri dute proiektua azken urteotan. Udal batzuk gehitu zaizkie. Hain justu, 2011n AZTI-Tecnaliak egindako proiektuaren Ingurumen Inpaktu Azterketa ezagutzera eman zenean, Muskizko Udalak Alejandro Cearreta EHUko geologoa kontratatu zuen, bere jakintza arloaren ikuspegitik AZTIren azterketa balora zezan. 
 
Honela azaldu dizkigu Cearretak bere azterketaren gakoak: “Ondorio nagusia zen dragatu beharreko materialak ez zeudela behar bezala karakterizatuta; bidenabar, ni ez naiz ideia hori zabaldu duen lehena, aurretik gauza bera esan baitzuten Ingurumen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak”. Funtsean, honetan datza EHUko irakasleak aipatutako gabezia: Portu Agintaritzak gainazal handia dragatu nahi du, batez beste bost metroko sakoneraino, baina azaleko sedimentuen karakterizazioa baino ez zuten egin, eta gainera eremu txiki batetik hartutako materialena. “Logikoena material guztia karakterizatzea da –dio Cearretak–, aleek betelanerako tamaina egokia duten jakiteko, ingurua birkolonizatzeko arazoak izango diren kalkulatu ahal izateko, ingurumen aldetik sedimentuok kalterik egingo duten aztertzeko... Ingurumen Inpaktu Azterketa hark balio eskasa zuen”.
 
Dena ez da hondarra
Alejandro Cearretak azaldu digunez, AZTI-Tecnaliak 121 lagin hartu zituen, denak azal-azalekoak. Lagin guztien granulometria aztertu zuten, alegia, Portuak egin nahi dituen lanetarako neurri egokiko materialak diren ala ez, baina ingurumen aldetiko kalitatea hogei laginetan baino ez zuten neurtu. Zenbaitzuetan, metal astunen kopuru ertainak aurkitu zituzten, eta bakar batean merkurio kopurua altua zen. Kutsatzaile organikoei dagokienez, PCB kontzentrazioa altua izan daiteke hamaika laginetan, nahiz eta ezin daitekeen segurtasun osoz esan, erabilitako neurketa metodoak direla eta.
 
“AZTIren txostenak dio –gaineratu du Cearretak– material guztia ez dela harea, buztin eta lokatza ere badagoela, alegia, material finak deritzenak. Hori garrantzitsua da, material horiek gaitasun handiagoa daukatelako substantzia kutsatzaileak atxikitzeko”. Geologoaren esanetan, erauzketa, garbiketa eta garraio prozesuetan gerta liteke kutsatzaile horiek itsasora isurtzea. Ikusiko dugunez, Portuko asmoen aurka daudenen argudioen muin-muinean daude material finak.
 
Zer gertatuko da hondartzekin?
Azkenik, dragatze lanek inguruko hondartzetan edukiko luketen eraginaz mintzatu zaigu Cearreta. “Abraren barruan dauden hondartzetan olatuen energia %15 eta 20 bitartean gutxituko dela aipatzen du AZTIren txostenak, baina ez du esaten zer ondorio izango duen horrek. Izan ere, aitortu egiten dute oso zaila dela ondorioak aurreikustea, horretarako hondartzen morfodinamikaren hiru dimentsioko karakterizazio ona behar delako. Baina karakterizazio hori egin gabe dago, eta AZTIk ez dio Portuari eskatu egin dezan”.  Cearretak dioenez, hondartzak etengabe ari dira aldi berean harea galtzen eta berreskuratzen. Berreskurapen hori ematen ez bada, alegia, harea gehiago galtzen bada irabazten dena baino, hondartza desagertuz doa, hain zuzen Abra barruko beste hondartza bati –Areetakoa, gaur hutsaren hurrengoa– gertatu zitzaion bezala barne portua eraiki zutenean.
 
AZTIren bigarren txostena eta ministerioaren argi berdea
Muskizko Udalak Cearretaren azterketan oinarritu zituen Portuaren egitasmoari egindako alegazioak. Honezkero aipatu denez, ez ziren alegazio bakarrak izan. Azkenik, Madrilgo Kalitate eta Ingurumen Ebaluazio Zuzendaritzak informazio gehigarria eskatu zuen, eta hala, iazko urrian Portu Agintaritzak beste txosten bat egiteko eskatu zion AZTIri. Bai hark egin ere. Bi txostenak aztertu eta gero, eta arestian esan dugunez, bere aldeko Ingurumen Inpaktu Adierazpena jaso du Portu Agintaritzak. 
 
Ekainetik ari dira proiektuaren aurka daudenak AZTIren bigarren txosten hori eskatzen, baina ez dute oraintsu arte beren helburua lortu. Alta, Portu Agintaritzak Argiari helarazi dion idatzian txosten horri buruzko aipamenak aurkitu daitezke: “Ondorioak erabatekoak dira: agente kutsatzaileen kopurua zeharo murrizten da 25 zentimetrotik beheragoko sakoneran. Horrek agerian uzten du azaleko geruzetako leku oso zehatzetan baino ez dagoela kontuan hartzeko moduko kutsadura”. Bigarren txostena osorik aztertzeko betarik ez du izan Alejandro Cearretak, baina bere iritzia eman digu Portuak emandako erantzunaz. Hain segur, aipatu berri dugun esaldia da, EHUko irakaslearen ustez, lehenbiziko txostenarekiko berritasun esanguratsu bakarra. “Dena den, kutsatzaileak 25 zentimetrorik behera gutxitzen direla esatea ez da nahikoa, informazio orokorregia da”.
 
“Zazpi milioi tona material kutsatu barreiatuko dituzte”  
Euskal itsasertzak inoiz jasan duen erasorik handiena, hala definitzen du Abra Bizirik plataformak dragatze proiektua. Auzokide ekologistak, auzokide elkarteak, herritar soilak... bildu dira Abra Biziriken, euren ustez ingurumenari kalte handia egingo dion egitasmoa salatzeko. 
 
“AZTIren bigarren txostenak lehendik geneukan kezka areagotu baino ez du egin”, diosku Kike Prada plataformako kide getxoztarrak. Txostena arretaz irakurri du Pradak, eta ondorio larrietara iritsi da: “Eurek emandako datuetan oinarrituta –eta errealitatea bestelakoa izatekotan, okerrera baizik ezin dezake egin– , esan daiteke zazpi milioi tona material fin [lokatz eta buztin] barreiatuko dituztela itsasoan, eta ondorioz elikadura-katean. Material horiexetan pilatzen da-eta kutsadura”. 
 
AZTIk egin zuen lehen txostenean irakur daitekeenez, 2008an material finen portzentajea %2 eta %5 artekoa zen dragatzea egin nahi duten eremuan. Aldiz, bigarren txostenaren arabera ehuneko horiek dezente handiagoak ziren lau urte geroago: %9 eta %20 artean. Igoera hori oso kezkagarria da Pradaren ustez. Gogoratu, lehen esan dugunez, material horietan dagoela aukera gehien substantzia kutsagarriak pilatzeko.
 
“Beraiek esana da materialaren %8-10 inguru dagoela kutsatuta, eta hori gutxi dela. Baina 49 milioi metro kuboren %8 lau milioi inguru dira, eta tonetan, zazpi inguru”, dio Pradak. Bestalde, AZTIk berak egindako simulazioen arabera, baldintza txarrenetan material horiek 90 kilometro koadrotan sakabanatu daitezke. “Uste dugu arrazoi nahikoak direla proiektua bertan behera uzteko”. 
 
Mozioak udaletan
Eskualdeko udaletara ere jo dute, Bilduren bitartez Portu Agintaritzaren asmoak gelditzeko eskatzen duten mozioak aurkeztuz. Momentuz, Uribe Kostako udal bitan, Sopelan eta Plentzian, onartu dute mozioa. Bigarrenean, askoren harridura eragin duen EAJren aldeko boto eta guzti –orobat Portu Agintaritzaren antzeko diskurtsoa erabili dute, eztabaida honetan, jeltzaleek–.
 
Protestak protesta, legearen ikuspuntutik oso zaila izango da proiektua geldiaraztea, izena ezkutuan gorde nahi duen militante ekologista batek esan digunez. Are gehiago Estatuko Abokatuak aferan esku hartu zuenetik. Hasieran, zalantza zegoen dragatzea Kosta Legearen aurkakoa ote zitekeen –artikulu batek dio hondar erauzte lanik ezin dela egin hondartzak berreskuratzeko ez bada–. Abokatuak bide hori itxi zuen, auziak Kosta Legearekin zerikusirik ez zuela esanez, eta orain, epaitegietako bidea erabili nahi duenak itxaron beharko du, lan-baimenak eman arte ezin izango baita helegiterik aurkeztu. Susmoa dugu horiek ere tiradera baten hondora joango direla.

ASTEKARIA
2013ko urriaren 27a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpiegitura handiak
Itsasadarreko tunelaren obretarako leherketak legeztatzearen aurka mobilizatuko da ostiral honetan ‘Subflubiala Ez!’

Giza-katea antolatu du Subflubiala ez! plataformak eta hitzordua Artaza-Romo Institutuan jarri du gaurko 18:00etan. Bizkaiko Foru Aldundiak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) aldatzea du helburu eta horrelakorik ez du onartzen plataformak.


Badago lotura Euskal Yaren eta AHTren artean Nafarroan

Ez dezazuela lotura hau Ezkiotik bilatu, ez eta Altsasutik ere, are gutxiago Ebro ibaia Castejonetik zeharkatuz. Euskal Yaren eta Nafarroako AHTaren arteko lotura, edo hobeto esanda, loturak, dagoeneko errealitate bat dira. Pluralean dauden lotura horiexek dira kezkatu beharko... [+]


2025-03-28 | Irutxuloko Hitza
Metroaren lanetako gainkostua 33,3 milioi eurokoa dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

EH Bilduk galdera sorta bat erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean Donostiako Metroaren igarobideko lanen gainkostua argitzeko. Informazio hori atzo jakinarazi zuen Susana Garcia Chueca Mugikortasun sailburu sozialistak.


Atzera bota dute Zaragoza eta Araba arteko goi tentsioko linearen proiektua

Martxoaren 19an amaitu zen proiektua aurkezteko epea, baina Errioxako PSOEk adierazi du Forestalia enpresak "interesa baztertu" duela. Enpresak bi parke eoliko eraiki nahi zituen Aragoiko lurretan, baina oraindik ez ditu lortu baimenak eta hori dute egitasmoa... [+]


AHTren atzerapena gaitzesteko gutuna bidali diote Europako Batzordeko Garraio Komisarioari Pradalesek eta Roussetek

EAE, Akitania Berria eta Nafarroak osatutako euroeskualdearen batzarra egin dute Iruñean martxoaren 25ean. AHT izan dute topaketaren ondoko agerraldiko aipagai nagusien artean eta Akitania Berriko ardatza Hego Euskal Herriko trenbidearekin lotzeko konpromiso politikoa... [+]


Ekologismoaren kontrako oldarraldia AEBetan: Greenpeace 660 milioi euro ordaintzera zigortua

Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.


2025-03-20 | ARGIA
Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko zinegotziek dimititu egin dute, Solariaren proiektuarekin “eskuak lotuta” dituztelako

Koalizio abertzaleko hiru ordezkariek ohar baten bidez euren "frustrazioa" adierazi dute proiektu fotovoltaikoa ezin gelditzeagatik: "Egoera horren aurrean, ez gara legegintzaldia amaitzeko indarrez sentitzen". Proiektu honi ez! plataformak salatu du EH Bilduren... [+]


AHTaren zundaketen aurkako ia bi urteko borrokaren balantzea

Datorren udaberrian, Stop AHT Zundaketak ekimenak bi urte beteko ditu. 2023ko maiatzean, ADIFek Itza, Sakana eta Goierriko udalei jakinarazi zien zundaketa geoteknikoak eta beste jarduketa batzuk egingo zituela AHTaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko alternatibak... [+]


Espainiako Sustapen Ministerioa: “Ez dakigu Ezkioko lotunea oso bideragarria den”

Josu Estarrona EH Bilduko Arabako senatariak egindako galderari erantzun dio Espainiako Sustapen Ministerioak, eta hor berretsi du Ezkioko aukera zailtasunez beteta dagoela.


2025-03-04 | Irutxuloko Hitza
Donostiako metroaren lanetako gainkostua argitzeko eskatuko du EH Bilduk

Satorralaia plataformak Donostiako Metroaren Mirakontxa-Easo zatiko lanek “%164ko gainkostua” izan dutela salatu zuen joan den astean, eta, horren harira, EH Bilduk gainkostu hori argitzeko eskatu du, Eusko Legebiltzarrean erregistratutako galdera sorta baten bidez.


Pagolarren gainean eolikoak jartzearen aurkako aldarria, plazara

Elkarretaratzea egin zuen Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak atzo Laudioko Lamuza plazan, Mugagabe Trail Lasterketaren testuinguruan. 


Donostiako metroko Mirakontxa-Easo zatiaren lanek %164ko gainkostua dutela salatu dute

Satorralaia plataformak eman du gainkostuaren berri, informazioa Jaurlaritzari eskatutako txosten batetik aterata. Donostiako metroaren Mirakontxa-Easo zatiaren lanak 53 milioi eurotan esleitu ziren, eta egungo aurrekontua 139,4 milioi eurokoa da. Donostiako metro-pasantearen... [+]


PSNk AHTaren Gasteizko lotunearen alde egin du, Ezkiokoa ez dela “bideragarria” argudiatuta

"Gasteiztik egin ezean, ez da egingo", adierazi du PSNren bozeramaile Ramón Alzorrizek. Kontra azaldu dira Geroa Bai, UPN eta PP.


Eguneraketa berriak daude