XVII. mendetik hona dago Trebiñu Burgosen menpe. Urteak dira trebiñutarrek beren gogoa adierazi dutela, Araban bizi dira, Arabako lurretan dira, Arabako izan nahi dute administrazio zereginetarako ere. Orain, Lege Organikoaren proposamena egin dute Gasteizko Legebiltzarrean, auzia Madrilgo Kongresuraino hel dadin, probintziaren mugak alda ditzaten. Trebiñuko alkate Ignazio Portilla eta zinegotzi Eugenia Galarreta mintzatu zaizkigu.
Zer dugu beti? Aldiro-aldiro, Trebiñuk hedabideetara egiten du jauzi…
Ez da gezurra. Diozunez, aldiro-aldiro, Trebiñuren hotsa aditzen da. Hala ere, horrek ez du esan nahi Trebiñu hedabideetan azaltzen ez denean gu geldirik gaudenik, ez garela ezertan ari. Ez. Beti ari gara arazo hau konpontzeko lanean. Batzuetan intentsitate handiagoa jarrita, besteetan txikiagoa, baina beti hor, lanean. Hortxe dago problema, arazoa, eta hedabideetan azaldu, ez azaldu, hor dago beti.
Problema da, beraz.
Eta ikaragarria, gainera. Trebiñurentzat, eta Trebiñukoak garenontzat. Administrazio marko honek zailtasun eta egoera gaitzak eragiten dizkigu, era guztietakoak. Dela osasun arloan, hezkuntzan eta, oro har, zerbitzuak emateari dagokionean. Gauden moduan gaude, prekarietaterik gorrienean. Gaztela-Leonek ez digu behar dugun zerbitzurik ematen eta, nahitaez, Arabara eta Euskal Herrira jo behar dugu, laguntza eske, gure beharrak asetzeko. Gaztela-Leonen mende egoteak zer dakarren ulertzeko baliagarri da irakaskuntzan gertatzen ari zaiguna ikustea. Trebiñuko konderrian ikasteko adinean dauden ikasleen %65 Gasteizera joan beharrean daude –hiru urte dituztenetik!–, euskaraz ikasi nahi baldin badute. Hemengo ikastetxeetan ez da euskara eskaintzarik batere egiten, eta, aldiz, Trebiñu euskarari lotuta dago, Araba osoa bezala. Hortaz, hemen ikasten geratzen badira, ez dute bertako hizkuntz errealitatearekin bat egiten. Arazoa bihurritu egiten da, urteak aurrera, hamasei-hemezortzi urte betetzen dituztenean, gazte horiek Gasteizen egiten baitute bizimodua.
Ikasleak ikastera kanpora joateak ez al du geroan exodoa areagotuko?
Arriskua benetakoa da: hemengo eskola publikoa desagertzeko arriskua dago. Trebiñuko jendearen eskaera euskarazko ereduan dago, Araban nagusi den ereduan, alegia. Horrelakorik eskaintzen ez bada, gero eta ume gutxiago geratzen dira bertako eskolan, eta modu artifizialean eusten diote eskolari, ez baitago nahiko ikasle eskola publikoari behar bezala eusteko. Eskaria bat delarik, eta eskaintza beste bat, gazteak badoaz. Eta adibide bat baino ez da hezkuntza.
Lege Organikoaren proposamena landu duzue, eta ezustekorik ezean onartuko du Eusko Legebiltzarrak. Zergatik?
Alternatiba bat izan da. Probintziaren mugak arautzea EAEko eta Gaztela-Leongo erkidegoen estatutuetan dago jasota. Hain zuzen, bi erkidego horien kasuan baino ez dago mugak arautzea bataren eta bestearen estatutuetan jasota. Beraz, estatutuaren bidea jo genuen begiz, eta hortik abiatu gara. Guk zirrikitu bat ireki nahi izan dugun guztietan, Gaztela-Leonek blokeoa ezarri du. Guk txostena landu dugun aldiro, haiek “Ezezko txostena” esan eta kito, besterik ez dute erantzun. Horregatik jo dugu mugak aldatzera, hori egitea Estatuko erakundeei dagokielako, Lege Organiko bidez. Eta horrela abiatu gara.
Eusko Legebiltzarraren bidez egin duzue…
Bai, udalek ez dutelako Espainiako Kongresura jotzeko ahalmenik. Horregatik jo dugu Arabako eta Euskal Herriko alderdi politikoetara, gure asmoari bidea egin ziezaioten Eusko Legebiltzarrean. Ekimena legala eta legitimoa da, eta hortik jo dugu. Testua ere idatzi dugu, alderdien esku utzi dugu, eta Madrilen bidera diezaguten eskatu diegu, egoera behin betiko konpontzeko. Eta horrelaxe egin dute, eta onartzeko bidean da.
Gaztela-Leongo erakundeek ez dute esatekorik?
Madrilek du hitza, hango diputatuen kongresuak. Gaztela-Leonek gure eskariari baietz erantzun izan balio ere, hala ere, Madrilen onespena beharko zukeen, hau da, Madrilgo kongresuak tramitatu beharko zukeen, hark du-eta azken hitza. Hura gabe ez dago ezer. Txostena Trebiñun sortu da, bertan landu dugu gai honetan aditua den abokatu talde baten laguntzaz. Udal garen aldetik guk ez daukagunez Lege proposamena Madrilen tramitatzeko ahalmenik, Eusko Legebiltzarrak egingo digu zubi-lana. Azken finean, Madrilek erabakiko du, bi erkidegoetako estatutuek esaten dutena gorabehera, Madrilek badu-eta probintzien mugak aldatzeko ahala.
Hemen onartuagatik ere, Alderdi Popularrak erabateko gehiengoa duelarik Madrilen, uste duzue Espainian ere onartuko dutela zuen proposamena?
Jakina, hor dago estatuko PP. Baina hemen ere ezezkoan zeuden hasieran, eta gero zalantzak izan dituzte. Guk aho batez onartzea nahiko genuke, esan beharrik ez dago hori… Burgosen ere, lehen gure tesiaren kontra zeuden beti, denak, eta orain bestelako ahotsak ere entzuten hasi dira. Beraz, hor ere bada zirrikiturik… Badakigu, proposamena Gasteizen onartuagatik ere, Gaztela-Leongo PPk eragiteko indarra duela… Guztiarekin ere, erraldoiaren urratsa da Trebiñu Espainiako kongresura heltzea, erantzuna aldekoa nahiz kontrakoa izan, tramitazioa zeinahi dela ere. Izan ere, Gaztela-Leonek, Burgosek, ez du batere argudiorik aurkeztu oraingo egoera iraunarazteko –legeak babesten dituela, besterik ez dute esaten–, eta Espainiako Kongresuan ere ez dute argudiorik izango Trebiñuren egoera iraunarazteko. Beraz, guri baietz esan, edo ezetz, irabazi handia dugu.
Argudiorik ez dutela diozue…
Ez. Esango didazu, nola justifikatu behar duten anakronismo hau. Hainbeste diru alferrik xahutzen ari dira, eta, bestalde, “administrazioen arrazionaltasuna” ari dira aldarrikatzen. Kontraesana, begibistakoa. Polita izango da ikustea nola lotzen dituzten biak!... Gu, hain zuzen, gaia arrazionalizatzeko ahaleginak egiten ari gara, kontua ez baita Trebiñuko konderria, bakarrik. Trebiñu inguruko herriak ere nozitzen ari dira egoera. Trebiñuren egoerak Gasteizera begira bizitzera behartzen ditu herri horiek ere, Trebiñun bertan ezer harmonizatzeko aukerarik izateke. Zenbait zerbitzu erabili nahi izanez gero, Gasteizera joan behar du Trebiñuko jendeak, eta inguruko herrietakoak. Askotan, hantxe erroldatu behar du… PPk ere azaldu beharko du zer den “arrazionalizatzea”. Nahi dutena besterik ez ote duten arrazionalizatuko, alegia.
Zergatik oraindik horrela?
Hemen ez dago petroliorik, ez dago diamante meategirik… Zein da, beraz, interesa? Gaztela-Leondik esaten digute bataz beste hango erkidegoan gastatzen dutena baino gehiago gastatzen dutela Trebiñun. Eta baliteke, egia izango da, baina eskola publikoa %25ean eustea garesti zaie, diru asko da. Zergatik eusten diote egoera honi? Jabego auzia balitz bezala jokatzen dute, tirria dute, autonomi erkidegoen arteko borroka edo halako zalapartaren bat, Trebiñuk eskatzen eta behar dituen zerbitzuei erantzun beharrean.
Uste duzue, oro har, Trebiñuk nahiko babes jaso ohi duela Euskal Herriko erakunde eta gizarte eragileen aldetik?
Bai eta ez. Trebiñuk egin duen proposamena zenbait alderdik bere egin dute. Alegia, tramitatu ez ezik, bere egin dute. Beste batzuek, legezko eta legitimotzat hartu digute, lege ahalmenik ez dugula ikusi eta tramiterako onartu digute… Oro har, Euskal Herriko erakunde eta eragileek ez dute beti Trebiñuren arazoa bere egin. Beti ez. Eta horretan ez dugu alderdi politikorik ez erakunderik bereiziko. “Gizajook! Lagundu beharra dugu!”. Eta auzia ez da hori. Nahi beste argudio dituzte Trebiñuren auzia bere egiteko. Trebiñuk eragin eta distortsio ikaragarria du, baina ez bakarrik Trebiñurentzat, inguru osoarentzat baizik: direla azpiegiturak, direla garapen plan estrategikoak… argudioak nahi beste dira, hau adabaki bat da, erdi-erdian jarritako txaplata, plan osoak ganoraz burutzea galarazten duena… Beretzat hartzeko nahiko arrazoi badituzte erakundeek eta eragileek, baina, orain arte, “Trebiñu Araba da!”, “Zuekin gaude!”, eta askoz gehiago ez dute egin.
“Trebiñu Araba da!”…
Oso slogan polita da, erakargarria ere bai, nahi baduzu, baina hori gauzatzeko garaian ez da behar bezala lan egin. Bestela, hainbeste urte problematika hau mahai gainean dugula eta konponduko zuketen, ezta? Auzi politikoa da, Gaztela-Leonek “Trebiñu gurea da, gurea!” dio. Aspaldi konpondu behar zen, baina ez da izan lana gogoz egiteko konpromisorik. Ea oraingoan aurrera egiten dugun. Guretzat garrantzi handikoa da Eusko Legebiltzarrera iristea, eta hortik Madrilgo Kongresura.
Trebiñuko herritarrek bizi duten egoera "anakronikoa" salatu zuten igandean.
Trebiñu Araba Da plataformak arbuiatu du epaitegien aginduz Trebiñun euskara planak baliogabetu behar izana eta hezkuntza publikoan euskaraz ikasteko eskubidea ukatzea. Trebiñu Araban integratzea eskatu dute, "inposizioaren" gainetik.
Gaztela Leongo hauteskundeen biharamunean, Xabi Iturriza trebiñarra izan dute Hizpidea saioan. Trebiñu Araba izateko arrazoien inguruan mintzatu dira berarekin. Otsailaren 26an aurkeztuko da Trebiñu Araba da! taldea.
PSOEk lortu du bozka gehien bai Trebiñun bai Argantzonen, Gaztela eta Leongo Juntarako bozetan. 1.506 pertsona zeuden bozkatzera deituak Trebiñuko barrendegian, eta horietatik 558k bozkatu dute, %37ak.
650 metroko garaieran, izotza sarri, Araba erdian baina Burgosen, “lurralde ahaztua”. Trebiñuren bereizgarriek derrigor markatzen dute hango laborantza, sagarrarena tartean, 1998an Askartzan ireki zuten sagardotegiaren ibilbideak erakusten duenez.
Argantzungo eta Trebiñuko udaletako osoko bilkurek gehiengo osoz erabaki dute lan-mahai bat sortzea, egun Burgoseko probintziaren administraziopean dagoen barrundia ofizialki Arabako parte izatea lortzeko.
Trebiñuko bi udalek euskara sustatzeko lau urterako plan estrategikoa onartu zuten 2020ko amaieran. Orain, Trebiñu administrazioarekiko auzien auzitegira eraman du Gaztela eta Leongo Juntak, eta Argantzon horrekin mehatxatu du.
Espainiako Kongresuak alarma egoera berriro luzatzea onartuko du gaur, Gobernuak EAJrekin lortutako akordioari esker; ondorioz, Trebiñuk Arabako gainontzeko eskualdeen baldintza berdinetan egingo du deseskalatzea.
Azaroaren 10eko hauteskunde orokorren atarian, Trebiñuko herritar talde batek paratxutistak eskegi ditu herriko faroletan Trebiñu Araba dela aldarrikatzeko.
Probintziaren Egunean gutuna eman diote Argantzungo eta Trebiñuko alkateek Cesar Rico Burgosko Diputazioaren presidenteari.
Markinez-Amozarrain sendikoak euskaraz aritzen dira etxean eta lantokian. Euskaldun asko hartzen dute haien ogibide den sagardotegian. Trebiñun daude, eta izen bereko sagardotegian euskara lehen lerroan izan dadin saiatzen dira. Lazarraga Saria ere irabazi dute, eta... [+]
Trebiñuko eta Argantzungo alkateek Espainiako Senatuan aurkeztu dituzte Araba ofizialaren parte ez izateak dakarzkien arazoak; gaia jorratzeko lantalde bat eskatu dute. PP eta PSOE kontra azaldu dira.
EAJk eskatuta, Trebiñuko Konderriko eta Argantzungo alkateek Espainiako Senatuan agerraldia egingo dute gaur, 11:30ean.
Ekainaren 17an izango da “Irrikitan” izenburupean Araba Euskaraz Trebiñu barrendegian. Hirugarren aldiz antolatuko du Argantzon Ikastolak Araba Euskaraz. Adabakia deitzen diote trebiñuar askok beren konderriari, administratiboki Burgos baita, eta... [+]