"Negoziaziorik gabe TIL hilda dago"

  • Joan Huguet (Ferreries, Menorca, 1954) PPko militantea da. Diputatu izan da, Menorcako Kontseiluko presidentea, Gobernuko presidenteordea, Parlamentuko presidentea, senataria... Gaur egun, irakaslea eta abokatua da. Balear Irletako (Herrialde Katalanak) presidente José Ramón Bauzàk ezarritako TIL (hiru eleko eredua) dekretu ezagunaren kontra idatzi du hainbat iritzi artikulutan.

Joan Huguet PPko militantea Balear Uharteetan. TIL legearen sortzailea.
Joan Huguet PPko militantea Balear Uharteetan. TIL legearen sortzailea.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Gabriel Cañellasen Gobernu garaian onartu zen, 1986an, hizkuntza normalizaziorako legea. Baina PPko talde batek beti egin du adostasun horren kontra.

Bai, baina ia ikusezina izan da.

Zer gertatu zen 2007az geroztik, Carlos Delgado adar antikatalanistaren lider bihurtu eta bozken %30 lortu zuenean?

Zenbait gauza gertatu ziren. Orduko testuingurua gogoratu behar da. Kataluniako Estatutuaren erreformaren inguruan eztabaida sortu zen. Madrilen katalanaren aurkako histeria handia sortu zen; hainbat hedabidek eragindako korrontea izan zen. Etengabe aritu ziren: bateko, erkidego elebidunetan katalana gaztelaniaren aurka ari zela egiten; besteko, jendea baztertzen ari zirela gaztelaniaz hitz egiten zutelako... Giro horretan, Balearretako PPk porrot egin zuen 2007ko hauteskundeetan, Jaume Matas joan zen eta etxe barnean noraeza erabatekoa zen. Alderdiko sektore bat zeharo desengainatuta geratu zen, [ustelkeria] istiluak agertzen hasi ziren eta Carlos Delgado, egoera hartan, militante batzuentzat gauzak onera ekarriko zituen gizon bihurtu zen. Gainera, katalanismoaren aurkako programa nabarmena zeukan.

Delgadok 2008ko biltzarrean Rosa Estarásen kontra galdu zuen. 2010ean berriz aurkeztu eta Bauzàren aurka galdu zuen. Delgadok Bauzàrekin bat egin zuen eta gainera katalanaren estatusaren aurkako ideologia onartu zuen. Nola uler daiteke?

Nik uste dut Delgadoren eta Bauzàren arteko ituna 2010eko biltzarra baino lehenagokoa dela. Bauzàk Delgado bereganatu izana ondo iruditu zitzaidan, ona da irabazleak galtzailea kontuan hartzea. Alabaina, gauza bat da pertsona taldean integratzea inor ez dela baztertzen erakusteko, baina inondik ere ez da logikoa galdu duenaren diskurtso politikoa besarkatzea. Ez dauka zentzurik. Argi dago Delgadoren tesiek gehiengo zabalez galdu zutela 2008ko eta 2010eko biltzarretan, eta hala ere, Bauzàk onartu egin zituen. Militanteek erabaki zutenarekin ez dauka zerikusirik.

Beraz, Delgadok bi biltzarretan galdu zuen, baina bere mezuak irabazi zuen.

Azken biltzarreko garaile handia, nahiz eta  galdu, Carlos Delgadoren diskurtso ideologikoa izan zen. Ez da nire iritzia, egiaztapena baizik. Kontuz: ez naiz ari esaten hori ona ala txarra den, diodana da Bauzàk egiten duena, hots Delgadok eskatzen zuena, ez dela PPko militanteek biltzarrean erabaki zutena.

Presidentea ez bada ari egiten militanteek bozkatutakoa zergatik PPko inork ez du egoera horren eta Bauzàren jarreraren aurka egin?

Aldaketa hauteskundeen ondoren nabaritu delako. Ez lehenago. Egia da susmoak bazirela, halako eta bestelako iritziak... Baina inoiz ez zen argi eta garbi ezer mahai gainean jarri, alegia, Delgadok esaten zuena onartzea. Hauteskundeak gehiengo zabalarekin irabazita gero dator aldaketa. Orduan konturatu ziren denak zer ari zen gertatzen. Baina ordurako Bauzàk Buletin Ofiziala bere eskutan zeukan, eta horrek botere handia ematen du. Eta horren aurka...

Bauzàk dio hauteskunde programak jasotzen duela egiten ari dena.

Programak ez dio zehazki egiten ari dena. Egia da barne eztabaidak izan zirela katalanaren egoera legala erreformatzearen egokitasunaz, hau da, betebeharrekoa izatetik meritu izatera pasatzea administrazioko hainbat sailetan. Eta ados nago, zenbait sailetan bai, baina ez denetan. Eta egia da TIL famatuaren espiritua badagoela programan, baina ez orain ezartzen ari den moduan. Garrantzitsua dela iruditzen zaidan gauza bat gehitu nahiko nuke. Ez dakit PPk katalanarekiko halako jarrera izango zukeen baldin eta katalanistek aurreko Pacte de Progrés-en legegintzaldian egin zituzten gauza batzuk egin ez bazituzten. Zeren gogora dezagun Gobernuak [Antichenak] katalanizazio soziala inposatzen zuen dekretua onartu zuela eta Kontseiluak [Mallorcakoak] hornitzaileen kontratuak katalanez izatea ezarri zuela. Zentzugabeko gehiegikeriak ziren Balearretarako, ziurrenik beste toki batzuetakoa imitatu nahi zen. Min handia egin zuen. Ez daukat zalantzarik, jokabide hark [Pacte de Progrés] jarrerak [PP barruan] muturrera eraman zituen. Ultrakatalanistek, gutxienez, gaztelania katalanaren gainetik inposatu nahi dutenek adina min egiten diote katalanari.

Zure jarrera zein da?

Askatasuna eta oreka. Katalana denentzat inposatu nahi zuen ezkerraren dekretua astakeria zen eta orain TIL ezarri nahi den modua hanka-sartzea da. Katalana zaindu egin behar da, eta bultzatu, baina ez inposatuta. Bi hizkuntza ofizialen arteko oreka berebizikoa da. Aukeratzeko askatasun guneak egon behar dute. Adibidez, irakurtzeko eta idazteko garaian diren haurren gurasoek hizkuntza aukeratzeko askatasuna izan behar dute. Baina era berean, gainerako hezkuntza mailetan katalanak toki zabalagoa hartu behar du egunero umeek jasotzen dituzten gaztelania input-ei aurre egiteko, hala nola, telebista, prentsa, familia, lagunak, publizitatea. Horren guztiaren %80 gaztelaniaz da.

Bauzàren Gobernuan Hezkuntza kontseilari izan zen Rafael Boshen tesiekin lotzen zaituztela uste dut.

Bai, tesi zentzudunenak, neurritsuenak eta elkarrizketarako irekienak ziren.

Bauzàk apirilean Bosh kargutik kendu zuenean, itzulerarik gabeko bidea hasi al zuen presidenteak?

Hala da. Baina beste hau ere esan nahi dut: ez hezkuntzako sindikatuek ezta katalanismo moderatuak ere, ez zuten ulertu Boshek zer egin nahi zuen eta lepoa moztu nahi izan zioten. Denek lagundu zuten haren jarrera askoz gehiago ahultzen. STEIkoei [sindikatua] askotan esan nien: “nostalgia”. Bosh ondo ari zela ondorioztatzea zentzuzkoa da, kontuan hartzen badugu antikatalanistak ultrakatalanistak bezainbat zituela kontra. Erdian hezkuntza komunitatearen gehiengoa dago, haiek ez daude ez bateko ez besteko muturrekin. Boshekin ez zen gertatuko orain ikusten ari garen hau. Ziur nago askok etsipenez gogoratzen dutela, bai horixe.

Bauzàk zergatik baztertu zuen Bosh?

Boshengatik gutxiespenez esaten da denak kontsolatu nahi zituela, diskurtso desberdinak zituela, eta halako batean Bauzàk horrela ez segitzea erabaki zuen. Baina Bosh egiazki oreka oso zaila gordetzen ari zen. Ondo ari zenaren froga da joan denetik egoera ziztu bizian gogortu dela eta bost hilabetean begira non gauden.

Badirudi Bauzàk ez daukala TIL sindikatuekin eta Irakasleen Biltzarrarekin negoziatzeko intentziorik.

Bi aldeetatik akats larriak egin dira. Batekoek eta bestekoek, puntu batzuetan, gezurra esaten dute haien interesak tarteko. Baina Bauzà presidentea da eta ulertu beharko luke negoziatzen ez badu TIL hil egingo dela. Ni TILen alde nago, baina ez nago ados ezarri nahi den moduarekin. Beste era batera egin behar da, mailaka, asko inbertituta. Negoziaziorik ez badago, nahiz eta formalki inposatu, egiazki ezartzea ezinezkoa izango da irakasleek boikota egiten badute.

Zer nahi du Bauzàk?

Arerio askok oker epaitzen dute. Bauzà ez da ez inozoa, ez da bat-batean erabakiak hartzen ari eta ez da ezjakina. Oso bizkorra da, aurrez erabakitako bidai orria jarraitzen ari da hoztasun handiz eta helburuak oso garbi dauzka. Sinestuta dauka bere ustez inposizio katalanista denaren aurka borroka egin behar dela. Baina kontuz, bera ez da ari katalanaren aurka, hizkuntza bultzatzeko moduaren aurka ari da, alegia, era nazionalista eta katalanistaren kontra.
 

Inork nahi ez duen Bauzàren lege dekretua

Balear Uharteetako PPren Gobernuak lege dekretuari esker, TIL (Tratamiento Integrado de Lenguas) hizkuntza eredua ezarri nahi du irletako ikastetxeetan. Gaur arte murgiltze eredua baliatu izan dute, hau da, hezkuntza komunitateko hizkuntza ardatza katalana izan da. PPren Gobernuaren iritziz hiru eleko ereduari esker, gaztelaniaz, katalanez eta ingelesez neurri berean irakatsiko duen sistemari esker, katalanaren inposaketa bukatuko da.

CCOO eta STEI sindikatuek eta Irletako Irakasleen Biltzarrak bideratuta, hiru asteko greba egin dute ikastetxeetan Bauzà presidentearen asmoen aurka. Irailaren 29an ia ehun mila herritar bildu ziren Palman manifestazioan.

Gobernuarekin izan dituzten negoziazioetan ezer lortu ez badute ere, greba bertan behera utzi dute oraingoz. Sindikatuek adierazi dutenez edozein momentutan erabaki dezakete berriz ere greba egitea edo geldialdiak antolatzea. Ikasgeletara itzuli diren irakasleek ez dute TIL eredua jarraituko eta orain arte bezala murgiltze ereduarekin segiko dute.


Azkenak
Euskal herriarentzat nolako Estatu bat nahi dugu?

Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]


2024-07-24 | ARGIA
Udako Azoka Ekologikoak abian dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hamalau herritan

Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilutik herritarrak animatu dituzte azoketan erostera eta ekoizleak gertutik ezagutzera. Uztailaren 29an Zigoitian izango dira, eta abuztuaren 23an, Zarautzen. Urriaren 27an amaituko dute udako denboraldia, Villabonan.


Palestinako alderdi nagusiek batasun gobernurako akordioa lortu dute Txinan

Hamas, Fatah, Palestina Askatzeko Herri Frontea, Palestinako Jihad Islamikoa eta beste hamar taldek hitzarmena sinatu dute, genozidioa amaitu ostean “Palestinako lurralde guztien” gaineko agintea izateko. “Okupazioaren aurka borrokatzeko” eskubidea dutela... [+]


Jarrera baikorrak areagotzearen beharra

Euskaltzaleen Topaguneko kideek euskara sustatzeko jarreren inguruko datu kezkagarriak hauteman dituzte. Hori dela eta, Gero eta aldeko gehiago gizartean ikerketaren bidez, herritarrak euskarara hurbiltzeko estrategia berriak landu dituzte. Horretaz mintzatu dira, apirilean,... [+]


Euskal Herrian dauden poliziei eta guardia zibilei plusak ordaintzen jarraitzen du Espainiako Barne Ministerioak

1984ko urriaren 23an ETAren garaian Espainiako Barne Ministerioak onartutako aginduan, “arriskugarritasun eta nekagarritasun” kontzeptuengatik “ordainsari” bat zehaztu zuten Espainiako Polizia Nazional eta Guardia Zibilarentzat, “eremu... [+]


Gazteen artean apenas kontsumitzen dira euskarazko edukiak ETBen eta Primeran plataforman

Ikusiker Ikus-entzunezkoen Behategiak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 2.800 ikasleri egindako galdetegiaren arabera, plataforma digitaletan gazteek edukiak ez dituzte euskaraz kontsumitzen. Horrekin “arduratuta”... [+]


“Asmo politikoak ematen dio zentzua jakintza kolektibizatzeari”

Ekida Arte Ekimen Sozialistak arte eskola antolatu du Donostian, asteazkenean hasi eta larunbatera bitartean. Paraleloki, lau egunez, bi formakuntza saio egingo dira: muralismoari eta arte bisualei buruzkoa bata; eta antzerkiari eta arte eszenikoei loturikoa bestea. Sarbidea... [+]


2024-07-24 | ARGIA
Erromatar arrasto gehiago aurkitu dituzte airetik harturiko irudiekin, oraingoan Arkaian

Arkaiako erromatarren eremu termalean San Tomas ibaiari loturiko azpiegitura hidrauliko handi bat aurkitu dute, baita lur azpian 3.000 metro koadroko eraikin bat ere, garai hartako etxalde batenak izan daitezkeen arrastoekin.


2024-07-24 | ELA sindikatua
Jaurlaritzak langileen erosahalmenaren “beste galera bat” onartu duela salatu du ELAk

Lakuak bere eskumenei muzin egin die berriro langile publikoen dekretua Madrilen onartu aurretik??Hiru urtean, EAEko langile publikoek erosahalmena %6 galdu dute, sindikatuaren aburuz.


2024-07-24 | Axier Lopez
Artxibatu egin dute AraInfo-ko bi kazetariren eta Zaragozako zinegotzi baten aurkako kereila

"Kereilatuei –Chorche Tricas eta Iker González kazetariak– egotzi eta iraingarritzat jotzen zaizkien artikuluak "adierazpen- eta informazio-askatasunaren barruan daude", eta Zaragoza en Común-eko zinegotzi Suso Domínguezen kasuan... [+]


2024-07-24 | Goiener
Dimener energia komunidadeko kide izatea onartu du Dimako Udalak

Dimako Udalaren atzen osoko bilkuran, garagarrilaren 17an, Dimener Dimako Energia Barriztagarrien Komunitatearen estatutuak onartu eta Udala alkartearen kide laguntzaile izatea eztabaidatu eta onartu zen.


Polioa topatu dute Gazako uretan eta epidemia zabaltzeko arrisku handia dago

Palestinar errefuxiatuen kanpalekuen ondoko ur zikinetan Poliomielitis birusaren kontzentrazio altuak topatu dituzte. UNICEFek ohartarazi du “hondamendia” gertatzeko aukera asko daudela.


Eguneraketa berriak daude