"Diskoan bildutako abestien egile gehienen telonero izan naiz inoiz"

  • Hertzainak, Itoiz, Oskorri, Xabier Lete, Mikel Laboa, Koska, Errobi, Delirium Tremens, Balerdi Balerdi, Txomin Artola, Kortatu eta Etxahun Iruri. Denak disko bakarrean. Taldeon abesti bana hautatu eta azukre koxkor bilakatu ditu Ruper Ordorikak.

Ruper Ordorika:
Ruper Ordorika: "Jatorrizko taldeek garai hartan nahi zuten hori ulertzen ahalegindu naiz".Lander Arretxea

Hainbat euskal talde eta abeslariren kantuak moldatu dituzu Azukre koxkorrak diskoan biltzeko. Zer dela eta bertsioz osaturiko disko bat?

Ez naiz sekula interpretea izan, bertsio gutxi egin ditut eta are gutxiago euskal munduko abestiekin. Halare, banuen aspaldian horrelako zerbait egiteko gogoa. Jauzi bat izan da halako erabakia hartzea, baina eginkizun polita eta dibertigarria ere bai, era berean. Jatorrizko taldeek garai hartan nahi zuten hori ulertzen ahalegindu naiz. Ez dut besterik gabe abesti bat estilistikoki aldatuz bestelakotu nahi izan, baizik eta zantzu batzuk behintzat zaindu, begirunez edozein kasutan. Egia da aldaeretan hasten zarenean konparazioak sortzen direla, baina ez da hori disko honen asmoa.

Zer dute, bada, 12 abestiok Ruper Ordorikak diskoan biltzeko?

Abesti bakoitzak bere arrazoia du; ez da antologia bat. Baina, zergatik hauek eta ez beste batzuk? Ez dakit. Musikan hasi nintzeneko musikarien abestiak dira gehienbat, nire ingurukoenak. Oso harreman zuzena izan dut talde horietako batzuekin: Hertzainak, Itoiz, Mikel Laboa… Banuen, nire taldearen eta neure gaur egungo begiradatik, garai hartara urreratzeko nahia. Gogoan nituen abestiak dira, bat-batean abestu nitzakeenak.

Bestalde, ez ditut sartu oraindik batera jarraitzen duten taldeak, baina hori ere ondorio bat izan da, ez aurreikusitako zerbait. Egia esan, diskoa egin dugun bitarte honetan Balerdi, Balerdi eszenatokietara itzuli da, eta uste dut Delirium Tremensekoak ere ari direla zerbaitekin. Gainera, orduko talde berean jarraitzen ez dutenek ere musika egiten dute oraindik.

Abestiak moldatzeko, ohiko taldearen laguntza izan duzu.

Azukre koxkorrak talde lana izan da. Azken sei urteotan batera gauden laurok aritu gara horretan: Harkaitz Miner, Asier Oleaga, Lutxo Neira eta ni neu. Horrez gain, lehengo urtean Gasteizko Jazz festibalera etorri zen nire hainbat diskotan parte hartu duen Ben Morder. Aukera baliatuta, kanta batzuk egin genituen bion artean: Ama Euskadi, Txakurren partia eta Ezekielen propheziako soloa. Azkaraten grabatu dugu, Katarain estudioan, ohiko teknikariekin. Garrantzitsua izan da niretzat betiko taldearekin aritzea. Dena gustuko dudan bezala egin ahal izan dut, eta ondo balio du horrek.

Hertzainak taldearen Sigarrillos Amariyos da diskoaren lehenengo abestia. Harreman pertsonalek hautaketa baldintzatu dute?

Oso hurbileko nituen Hertzainak taldeko kideak. Josu Zabala nire lehenbiziko hiru diskoetan aritu zen, eta Txanpi herritik ezagutzen nuen; Montoia bera ere, eskolako laguna da. Gainera, maite dut kantak ñabardura handia eduki dezan, eta kanta hori garai bati buruz oso abesti gutxik egiten duten bezala mintzo da. Gasteizen bizi genuen errealitatea islatzen du. Ez nuen zalantzarik izan hautatzerakoan, nahiz eta, haiekin abestu eta ekoiztu dudanez, beste aukerarik ere bazegoen. Kantu zaila da, ez delako eredu bati jarraituz egina.

Sarri, Sarri abestiaren sormen prozesuan parte hartu ei zenuen.

Nolabait bai. Ez naiz ondo akordatzen, baina badakit Fermin etorri zitzaidala behin, artean Kortatun zela. Hark ez zuen konfiantza handirik euskararekin, ikasten ari baitzen. Aholkua eskatu zidala uste dut: letra nola ahoskatu eta nola sartu letra hori berak buruan zuen ideian. Dena den, horren gainetik, izugarrizko indarra hartu zuen kantak, eta harrigarria da nire burua Sarri, Sarri abesten ikustea, baina banuen harremana Kortatuko kideekin. Diskoko abestiak egin zituzten musikari gehienen teloneroa izan naiz inoiz.

Horietariko batzuk [Lete, Laboa…] ez daude gure artean, baina haien abestiek oihartzun handia dute oraindik.

Dudarik gabe; kantari handiak dira. Duela urte eta erdi, Galiziara gonbidatu ninduten euskal poeten antologia bat argitaratu behar zela eta, haien testuekin egindako abesti batzuk kantatzeko. Horien artean ziren Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Luigi Anselmi, baina baita Xabier Lete ere. Gogoan dut nire baitan pentsatu nuela, Letek berak kantatzea zatekeela onena.

Pasadizo horrek zerikusi zuzena du disko honekin: ekimen hartarako Izarren hautsa ontzen hasi nintzenean, taldekideei aipatu nien, eta berehala laketu ginen abestiarekin. Orduan pentsatu genuen horrelako kantuekin bilduma bat egin genezakeela.

Beraz, Ez Dok Amairu mugimenduko kantagileak eta RRV izendatutakoa bildu dituzu disko berean.

Niretzat oso gauza naturala da biak disko berean batzea. Ez nuen Ez Dok Amairu ikusterik izan, baina gero bai, banan-banan ikusi nituen kantari handi haiek. Nik egindako lehenengo lanak Ez Dok Amairurekiko haustura erradikal gisa interpretatu ziren. Ziur asko banuen asmo hori, maila musikalean batez ere, eta baita lehenengo diskoa Bernardo Atxaga baten hitzekin egindakoa zelako, artean erabat ezezaguna zen. Hala ere, beti pentsatu nahi izan dut ikasi dudala zer edo zer nire aurrekoengandik. Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi eta enparauak begien aurrean ikustea errebelazioa izan zen niretzat. Nire zaletasunak beste batzuk ziren, baina uste dut oso zorionekoak garela herri musika halako duintasunez landu duten musikariak izan ditugulako aurretik.

Aldi berean, nire lagunak Rock Erradikal gisa bataiatutako horretan ari ziren. Beren kontzertuen aurretik jotzen nuen maiz, eta babestu egiten ninduten, neuk egiten nuena euren munduan oso bazterreko gertatu arren. Ez dago soberan beste behin aipatzea: musikaria baino lehen musika zalea naiz. Gainera, kanta erabat primitiboa da eta aldatu egiten da bere itxura. Letek abesti bat egiten bazuen, Evaristok gauza bera egiten du, nahiz eta formalki eta estilistikoki ezberdina izan.

Bide beretik, bada egun Euskal Herrian mugimendu gisa aipa litekeen joera musikalik?

Oro har, gero eta zailagoa da multzoka hitz egitea. Joera anitz badela ikusten dut nik, eta ona da hori. Lehen diskoetxea, irratia eta diskoa ziren musika munduaren oinarriak, baina hemen eta nonahi desegin egin da egitura hori. Ez daude joera bakar bateko diskoetxeak, ezta joera zehatz bat babesten duen hedabiderik ere. Gero, noski, afinitateak egongo dira, lagun harremanak, baina ez dakit hori zein neurritan proiektatzen den. Kanpotik begiratuta, uste dut badaudela horretarako saiakerak, Bidehuts esaterako. Baina irizpide estilistikoei jarraituz osatutako multzoa baino gehiago, ez dakit ez ote den alternatiba baten bila ari den musikari eta lagunen batura. Lehen, agian, kritikak orain baino errazago zuen jendea sailkatzea, hemen eta han. Hori esatea ere inportantea da. Askotan gure burua egurtzen dugu Euskal Herrian, baina musikan gauza bertsua gertatzen da munduan barrena ere.

33 urte dira Hautsi da anphora kaleratu zenuela. Zer aldatu da ordutik hona?

Musikari bezala, orduan gorabehera handitan ginen, eta orain ere bai. Aretoak aldiz, aldatu egin dira nabarmen. Gune alternatiboak eraiki beharko liratekeela uste dut oraindik, hasi berrientzat baliagarri izango den zerbait behar delako. Lehen Rock Erradikala aipatu dugu; kontzertuak jotzeko egitura aldatu zen sasoi hartan. Gaztetxeak antzoki bilakatu ziren, eta sare handi bat zegoen. Hortik zuzenean herriko jaietara igarotzen zinen gero. Nire esperientzian, herriko jaiak erabat geldirik daude. Gaur egungo baldintzak ez dira duela hogei urtekoak bezain onak. Aldiz, antzoki eta aretoetan ikaragarri aurreratu da, baina egungo egitura ez da egokia talde hasiberrientzat.

Eta publikoaren jarrera?

Aldatu egin da hori ere. Gaztetxoa nintzela, Benito Lertxundi etorri zen Oñatira, gaur egun Madonna etorriko balitz bezala izan zen; herri guztiak ikusi nahi zuen Benito. Gaur egun musika oso eskuragarri bihurtu da, eta orduan baino gehiago kontsumitzen da, baina beste era batera. Askok aipatzen dute: “diskoa behera doa, baina zuzenekoak izango dira salbazioa”. Bada, oro har, ez dut uste halakorik gertatuko denik. Dena den, gero eta gehiago kostatzen zait orokorki hitz egitea. Gure egoera inoiz baino hobea dela sentitzen dugu musikari batzuek, eta beste batzuek ez dute biderik aurkitzen, baina hori beti izan da horrela, eta oso zaila da zergatiak jakitea.

Atsegin duzu beste talde batzuek zure kantuak interpretatzea?

Bai, noski. Ez dut ezagutzen musikaririk hori gustuko ez duenik. Disko hau egiteko hitz egin ahal izan dut aspaldian hitz egin gabeko jendearekin, eta denekin sentitu dut gauza bera. Horretarako balio du musikak.

Abesti guztiak bertsioak izaki, diskoak harrera ona izango duela uste duzu?

Jendeak entzuten dituenean egiten dira diskoak borobil. Ordura arte amorfoak dira, areago kasu honetan. Inoiz ez da jakiten, baina norberak ondutako kantak direnean, errazagoa da. Disko honetarako beste kanta batzuk egin nitzakeen, eta egindakoak ere beste era batera. Baina sentsazio ona dut. Zaila baina polita izan da ideia; uste ez bezala hurbildu natzaio nire barruan zegoen atal bati.

Nola egokituko duzu lan berria zuzenekoetara?

Galdera ona da hori. Oraindik ez dakit nola egin. Normalean diskoak aurkezten dituzu eta horiek jende aurrera eraman, baina orain ez da berdin. Errepertorio osoa aldatuko dugu, baina ez dakit horretan disko honek aginduko duen edo ez. Hilabete honen amaieran hasiko gara bizpahiru emanaldirekin, Iturenen eta Mirafuentesen, eta gero, aurrerago, hiriburuetan: Bilbon, Gasteizen, Donostian…


Azkenak
Euskarazko hezkuntzaren alde, ingeleseko saio gehiagorik ez

Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]


2025-04-15 | Irutxuloko Hitza
Urrian zabalduko dute Basque Culinary Centerren Donostiako GOe egoitza berria

Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikinaren lanak azken etapan sartu dira dagoeneko, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko (BCC) zuzendariak azaldu duenez, astelehenean Donostian egin duten bisita instituzionalean.


2025-04-15 | Bertsozale.eus
Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2025eko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]


Gerra piztu zenetik bi urte
Sudanen paramilitarrek 350 pertsona hil dituzte asteburuan errefuxiatuen kanpalekuetan

NBEren esanetan, gatazka hasi zenetik gutxienez 13 milioi sudandarrek euren bizilekuetatik alde egin behar izan dute, eta biztanleriaren erdiak elikagai eskasia du. RSF Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarrak asteburuan egin dio eraso Darfur eskualdeari, eta... [+]


Zentsura mozioa onartuta, UPNk Noain-Elortzibarreko alkatetza galdu du

AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta... [+]


2025-04-15 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Milioika abokaturekin edo igerilarirekin, AEBak berrindustrializatu?

Iradokitzailea delakoan edo, muga-zergen gatazkaren harira norbaitek berriro zirkulazioan jarri duen Maoren 1953ko bideoaren garai hartakoa da milioi bat igerilariren txantxa. Alegia, orain harekin bat egiten omen duen Xi Jinping jaio zen urtekoa.


Baionako Xingar Ferian salatutako bortxaketa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.


Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Hilberria
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Gernikako gaztetxe zaharra hartu dute berriro, itxi eta hamar urtera

Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]


Mario Vargas Llosa idazlea eta Literaturaren Nobel sariduna zendu da

89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


Eguneraketa berriak daude