Cybersyn, Allendek abiarazi nahi zuen Internet sozialista

  • 1973ko irailaren 11n Augusto Pinochet jeneralak jotako estatu kolpeak eten zuen Salvador Allende buru zuela Txileko ezkerrak abian zeraman iraultza demokratikoa.  Kolpeak hil zuen Cybersyn ere, ekonomia nazionalizatuko enpresak, langileak eta agintari politikoak informazio sarean lotzeko helburuz antolatutako sistema informatikoa.

Zgeek guneak erakusten du gure arteko informatika aditu eta zaletu burutsuek ezagutu beharreko irudia: Txileko Santiagon La Moneda jauregian Salvador Allende presidente zela Cybersyn (gaztelaniaz Synco izenez ere ezagutua) sistemaren bihotza izan behar zuen kontrol gela.

Asko galdu zuen Txilek 1973an –irailaren 11n bete dira 40 urte– AEBetako Gobernuak disimulu handirik gabe lagunduta militar faxistek kolpe batekin eten zutenean Salvador Allende buru zuen sistema sozialistarako bide demokratikoa. Dozenaka mila herritarren heriotza, beste milaka askoren atzerriratze eta miseria, libertate ororen zanpaketa basatia, ekonomia neoliberalaren ezartze gordina, kultura basamortutzea...

Augusto Pinochetek desagerrarazi zuen esperientzia berezi bat oroitarazi dute egunotan zenbait hedabidek. Britainia handiko Red Pepper aldizkari ezkertiarrean Leigh Phillipsek “Allende’s socialist internet” plazaratu du, The Guardianen Andy Beckettek “Santiago dreaming”, Madrilgo Eldiario.esen Angela Prechtek “Proyecto Cybersyn: los revolucionarios cibernéticos de Salvador Allende”. Istorioaren protagonistak dira batetik Allende buru zuten politikari eta militante txiletarrak, eta bestetik Stafford Beerren inguruan bildutako teknikari txiletar eta britainiarrak.

1970ean Santiagoko gobernuaren jabe egindakoan Txileko ekonomiarentzako hil ala bizikoak ziren hainbat enpresa nazionalizatu zuen Allendek. Meatzaritzako konpainiak AEBtako multinazionalei kendurik Txileko estatua egin zen haien jabe. Nekazaritza erreforma ere ezarri zuen legez. Laster aurkitu zen Santiagoko gobernua enpresa horiek guztiak ondo kudeatzeko arazoekin. Horiez gain, sindikatuen eta ezkerraren nolabaiteko kontrolpean zeuden beste konpainia asko, langileek okupatuak, kooperatiba bihurtutakoak eta beste.

1970ean 29 urteko Fernando Flores jarri zuen Allendek konpainia nazionalizatuen eta Estatuaren arteko koordinazioaren buru. Flores eta bere aholkulari Raul Espejok ezagutzen zituzten Stafford Beerrek enpresen gestiorako informatikan erakusten zuena eta kontratatzea proposatu zuten.

Santiagoko agintaritzatik gero eta neke handiagoz koordinatzen zen informazio eta konpainia anabasa hura antolatzeko, Beerri eskatu zioten Txilen antolatu zezala berak The Brain of the Firm (Konpainiaren burmuina) liburuan Viable System Model (VSM) bataiatutako sitema: “Sistema bideragarria da inguru aldakor batean bizirauteko beharrezko aldaketak baimentzen dituen antolamendua”.

Paul Cockshott irakasleak laburbildu duenez, Beerren Cybersynek lagundu zezakeen kapitalismo osteko planifikazio ekonomikoan, zeren “esperimentu horren abantaila handia zen diseinaturik zegoela unean bertan funtzionatzeko (real-time system) eta ez Sobiet Batasunean egiten zuten moduan erabakiak bost urtean behin hartuz”.

Urte beteren buruan, 1972an finkatuta zeukaten sistema berriaren lehen urratsa. Aurreko gobernuak erosi eta bazterrean lagatako 500 teletipo (telex) kokatu zituzten fabrika banatan, Santiagon zeukaten IBM 360 ordenagailu zentralari loturik. Esperimentua hasi zen.

Deszentralizatuta, arinago    

Cybersyn proiektuak helburutzat zeukan egunero enpresa bakoitzetik bidalitako informazioarekin epe laburreko aurreikuspenak egitea, hobekuntzak proposatzeko. Lau mailatan antolaturik (enpresak, alorrak, sailak, dendak), sareak Opsroom operazio gela nagusian bildutako arduradunei ahalbideratzen zien emaitzak eztabaidatu eta plan orokorrak egitea.

Opsroom haren argazkia da kronika honen irudikoa. Hexagono formako sala bat, paperik gabe, informazioa pantailetan azalduz, zenbakiak ez baina grafikoak erabiliz, zazpi jarleku futurista bakoitza botoi oso gutxiko tresneriaz hornitua... Gaur edozein langabetuk etxeko salan dauzkan tresnok garai hartan fikzio-zientziazkoak ziruditen. Bauhaus eta Gestalt mugimenduetan ikasia zen Gui Bonsiepe diseinatzaile italiarrak asmatuak ziren.

2013an plazaratu den “Revolucionarios cibernéticos. Tecnología y política en el Chile de Salvador Allende” liburuan Eden Medinak elkarrizketatu ditu esperientzian parte hartu zutenetako asko. Medinak kontatu duenez, Allenderen gobernuak bezala Beer ingeniariak ezarri nahi zuten sistema Kuba eta Sobiet Batasunaren inguruko herrialdeetako eredu txit zentralizatutik ihesi zihoan.

Beerren Sistema Bideragarrien Ereduan (VSM) proposatzen da gorputz batean burmuinak erabaki garrantzitsuak hartu bai baina dena kontrolatzen ez duen moduan, sistema bideragarria osatu behar dela autonomia maila handiko atalez. Txileko gizartearen nerbio sistema elektronikoa antolatzea bezala, nazio mailako komunikazio sare batean elkarri loturik egon zitezen. Honek aurrerantzean herritarren arteko berdintasuna sustatzen lagundu behar zuen, hortik Leigh Phillipsen “Allende’s socialist internet” definizioa.

Allendek berehala usaindu omen zuen projektuaren garrantzia. 2002. urtean hil aurretik Beerrek azaldu zuenez, “plan tzarra osorik Sistema Bideragarrien Eredu osoarekin batera dena batean esplikatu nion; ordura arte sekula lan egin gabea nintzen nik proposatutakoaren hitz erdia ulertzen zuen inorekin”.

Baina Allende mediku patologoa zenez, berehala harrapatu zuen Beerren ereduak sakonean bazeukala biologiaren goi arnasa. Dio Eden Medinak Cybersyn asmoa zehazten joan ahala Allende bera asko saiatu zela proiektuaren alde politikoak sendotzen, sistema izan zedin deszentralizatua, obreroen parte hartzeari irekia eta burokraziaren kontrakoa.

Cybersynen fruitu praktikoen artean beti nabarmentzen da Txileko gobernu ezkertiarrari zenbat lagundu zion eskuindarrek eta CIAk xaxaturik merkatariek eta kamioilariek 1972an bi aldiz antolatu zioten greban. Herritarren eguneroko otorduak zeudenez arriskuan, enpresetan kokatutako 500 teletipoei esker koordinatu ahal izan ziren elikagaiak zeuden biltegiak eta gobernuarekiko leial jarraitzen zuten 200 kamioilariak, krisiaren eraginak goxatuz.

Leigh Phillipsek idatzi du Cybersyn izan zela kapitalismoaren osteko gizarte baten adibidea, herritarrei agintea eskuratzeko bidea irekitzen ziena. Aldiz, gaztelaniazko Wikipedian proiektuaren sarrera idatzi duenak dio: “Bere garairako sistema aurreratuegia zen horrelako lanabesak erabiltzeko ohiturarik gabeko sistema sozial batean erabili ahal izateko”.

Protagonistetako batek, Fernando Floresek, esan omen zuen: “Zibernetikak ahalmen mugatua dauka norbait zu hil nahian dabilenean”. Cybersyn ere txirtxilatu zuten militarrek 1973ko irailaren 11n.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Salvador Allende
Kissinger eta Pinochet: dokumentuak argitara, kolpista guztien lotsarako

Augusto Pinochet diktadoreak Txilen estatu-kolpea eman zuela mende erdia bete denean, hamaika berba entzun dira herrialdeak bizi duen zatiketaz. Hamazazpi urtetako diktaduraren errepresioa ukatzea da zenbait eskuindarren egungo arma, negazionismo gisa ulertu den diskurtsoarekin... [+]


2023-08-29 | Ilargi Manzanares
AEBek Txileko estatu kolpearen inguruko dokumentuak desklasifikatu dituzte

1973ko estatu kolpea gertatu baino lehen Nixon garaiko AEBtako presidenteak jasotako dokumentuak argitaratu ditu Washingtonek ostiralean, Alexandria Ocasio-Cortez AEBtako Ordezkarien Etxeko kideak Txileri egindako bisita ondoren. Ocasio-Cortezek gardentasuna eskatu du,... [+]


2017-05-12 | Axier Lopez
“Diktaduraren aurka zerua ere margotuko dugu!”

Halaxe zioten Txileko Ramona Parra brigadako (BRP) kideek 1970eko hamarkadan. Pintura arma eta kalea mihise hartuta, muralgintzan lan eder bezain oparoa egin dute azken lau hamarkadetan, baita Pinocheten diktadura odoltsuaren garaietan ere.


Txile 1973-2014, harmailen memoria, gure memoria

Irailak hamaika izan ditu gaur, egun berezia Txilen. Gaur Pinochetek Txilen estatu kolpea eman zuenetik 41 urte   iragan dira. Salvador Allende erail zuten orduan, eta harekin batera herria eraikiz zihoan amets ugari lurperatu zituzten.


Txile 1970-1973
Allenderen 1.000 egunak

1973ko irailaren 11n, Augusto Pinochetek estatu kolpea jo zuen Txilen eta, berriki baieztatu denez, Salvador Allendek bere buruaz beste egin zuen. Horrenbestez, 16 urteko diktadura iluna hasi zen Hego Amerikako herrialdean, eta Salvador Allendek hiru urte lehenago... [+]


2013-09-10 | ARGIA
Txileko estatu kolpea gogoratuko dute Gasteizen

Augusto Pinochetek Txilen egindako estatu kolpetik 40 urte beteko dira irailaren 11n. Gasteizko gaztetxean ekitaldi desberdinak antolatu ditu Askapenak 40. urteurrenerako.


Eguneraketa berriak daude