Neska ala mutila den erabaki beharraren itolarria

  • Zer da, mutila ala neska? Bada… ez dakit, begiratuta behintzat ez zaio antzematen. Sexu garapenean desordenaren batekin jaiotzen direnei, azaleko azterketa eginda ez zaie igartzen zein sexutakoak diren. Bi sexuen arteko marra oso garbi marraztea gustuko dugun Mendebaldeko kulturetan, jaioberria mutil ala neska izendatu ezina kolpe gogorra da, batik bat gurasoentzat. Umearen hobe beharrez baino, medikuen eta gurasoen lasaitasunerako erabaki azkarrak hartu eta okerreko ebakuntzak egin dira urte luzez. Zorionez, sexu garapeneko desordenarekin jaio direnen bizi-baldintzek hobera egin dute, eta jaioberriaren eskubideak erdigunean jarri dira.

Ezkerrean Gabriel José Martín, eskuinean Patricia. Pertsona bera da. Sexu garapenaren desorden batekin jaio zenez medikuek ez zekiten neska ala mutila zen eta azkenean neska moduan heztea erabaki zuten. Martín beti sentitu da gizon.
Ezkerrean Gabriel José Martín, eskuinean Patricia. Pertsona bera da. Sexu garapenaren desorden batekin jaio zenez medikuek ez zekiten neska ala mutila zen eta azkenean neska moduan heztea erabaki zuten. Martín beti sentitu da gizon.

Gabriel José Martín San Fernandon jaio zen, Espainiako Cádiz probintzian, 1971n. Sexu garapenaren desordena (SGD) batekin jaio zen. Hamar milioi gizonetatik bati gertatzen zaiona suertatu zitzaion: kanpoko sexu organoek femeninoak ziruditen. Medikuek erabaki zuten neska izango zela. Gurasoek Patricia izena jarri zioten eta neska moduan hezi zuten. Inoiz ez zen neska sentitu, beti uste izan du mutila dela, baina orduan ez zuen ulertzen zergatik. Neska moduan hezi eta mutil jarrerak (berak hala dio) izateak arazo asko sortu zizkion.

Gorroto zituen panpinak, soinekoak eta neska-jolasak. Alferrik zen futbolean edo polizia-jolasetan ibili nahi zuela esatea, amak behin baino gehiagotan adierazi zion jendearen aurrean ez lotsarazteko. Nerabetan gizon garatu zen –“hala nintzen-eta”–; bizarra atera zitzaion, ilea gorputzean, eta zakila hazi zitzaion. Nerabezaroa latza izan zen Martínentzat, hasi 12 urterekin eta 18 urte arte behintzat. Era guztietako isekak eta bazterketak jasan zituen eskolan. Gurasoek ez zuten medikuarengana eraman 18 urte izan zituen arte –“nahiz eta begi-bistakoa izan zerbait oso-oso arraroa gertatzen ari zitzaidala”–. Gaur egun ez du inolako harremanik gurasoekin, bere ustez hain hauskorra izanda, lagundu beharrean 100.000 biztanleko hiriaren umiliazio eta erasoen jomugan utzi zuten.

Baina zortea ere izan zuen. Mediku endokrino ona ezagutu zuen, diagnostiko egokia egin zion eta hark lagundu zion erregistro zibilean sexua aldatzen. 1991n legalki onartu zitzaion jaio zenez geroztik gizona izan zela. Patricia ezabatu eta Gabriel José idatzi zuen. Bost aldiz sartu da ebakuntza gelan sexu organoak konpontzera, baina zirujauek ezin izan dute gauza handirik egin, ebakuntzak heldua dela egin baitizkiote eta SGD-dun pertsonen sexu organoetan gauza gutxi egin daiteke helduaroan.

Alemanian emakume edo gizon erregistratu beharrik ez dute izango

Sexu garapenaren desordena duen ekintzaile batek Nazio Batuen Erakundean salaketa jarri zuen, jaioberrietan sexu anbiguotasunak saihesteko ebakuntzak egiten zirelako. Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak ere hari horri tira dio eta azkenean legea aldatuko da. Azaroaren 1etik aurrera SGD-dun haurren gurasoek ez dute derrigorrez neska ala mutila den erabaki beharko. Urteak pasa ahala, ziurrenik nerabezaroan, gaztetxoak berak erabaki ahal izango du mutila ala neska izan nahi duen. Aldaketaren helburua ebakuntza desegokiak eta ondorengo nahasmen legal eta burokratikoak saihestea da. Gurasoak bat ala bestea aukeratzera behartuak sentitzen dira, eta ondorioz, batzuetan okerreko ebakuntzak egiten dira, eta beste batzuetan, beharrezko ebakuntzak egin gabe geratzen dira. Alemanian urtero sexu garapenaren desordenaren bat duten 400 haur jaiotzen dira. Estatu hori da neurri hau hartu duen Europako lehen herrialdea.

Gabriel José Martín Bartzelonan bizi da eta psikologoa da, gizon homosexualentzako terapian aditua. Homosexuala da eta hainbat elkartetan hartzen du parte. Alemaniako erabakiaz iritzia eskatuta, SGD-dun pertsonen gorabeherak eta gizartearen pertzepzioak hobeto ulertzen lagundu digu. Ez dio garrantzi berezirik eman lege aldaketari, beste bi terminotan jarri du indarra: ikusgarritasuna eta pedagogia. Alemaniako albisteak balio dezala hortarako: kazetariak galdezka hasteko, SGD zer den azaltzeko, jendartean gertaera ezagunagoa egiteko. “Umea jaiotzen denean eta esaten diotenean intersexuala dela, gurasoek esango dute ‘a, bai, badakit, egunkarian irakurri nuen hortaz’. Egoera hortara iristeko ez badu balio, ez du ezertarako balio, umea estigmatizatzen jarraitzen duzu: ‘Zu zer zara?’, ‘Zehaztugabea’, ‘Izorra hadi!’”. Lan pedagogikoa egiten ez bada, lege berriak gurasoen larritasuna arintzeko eta erabaki azkarregiak ez hartzeko baino ez duela balio uste du Martínek. Gurasoen jarrerak halakoa behar omen du izan: “Ez dut hanka sartu nahi umearenganako erabakietan” eta “nola kontatuko dut hau familian eta inguruan haurra betiko estigmatizatuta gera ez dadin?”.

Katalanaren ustez, praktikan ez du zentzurik paperean hirugarren laukitxoan gurutzea egiteko aukera emateak, eta SGD-dunak erabaki dezala nahi duenean zein sexu hobesten duen. Anne Fausto-Sterlingen ikerketa ekarri du gogora. Biologo estatubatuarrak 1950. eta 2000. urte bitartean ezagutzera eman ziren SGD kasu guztiak aztertu zituen: 83. Horien %85,54 ados zegoen jaio zirenean aukeratu zioten sexuarekin. %14,46k esan zuen hanka sartu zutela eman zitzaion sexuarekin eta aldatzea nahi zuela. Alegia, denek gizon edo emakume izatea aukeratu zuten, inor ez zen geratu erabaki gabe eta inork ez zituen bere egin bi sexuak. Bere aldarrikapena hobeto azaltzeko Martínek bigarren adibide bat jarri digu, eta transexualek esaten dutena mahai gainean jarri du: sexu nortasunak ez du zerikusirik organo sexualen itxurarekin, organo maskulinoak izan ditzaket eta emakume senti naiteke. “Beraz, zertarako balio du organo intersexualekin jaio eta sexu nortasun zehaztugabea emateak, nortasun sexuala inoiz ez bada zehaztugabea? Queer teoriak –ezer baino gehiago mugimendu ideologikoa– gizon-emakume identifikazioa deuseztatzearen alde egiten du, baina horrelako mugimenduetan oso-oso bakanak dira intersexualak”.

Aldea dago, gaur ala duela 40 urte jaio

2006an, nazioarteko SGD elkarte eta ekintzaile garrantzitsu andanak aldarrikapenak paperean jaso zituen. Martínek garrantzi berezia ematen dio 2006ko akordioari, horri esker mediku komunitateak eta gurasoek badakitelako nora jo. Lau eskaera oinarrizko ditu akordioak. Bat: Ez dadila haurra hil. Malformazioek umearen bizitza eta osasuna arriskuan jar dezakete eta umea ez hiltzea da lehenengo helburua. Bi: Umearen aparatu urogenitalak bere gaitasunak ez galtzea lortu behar da, eta era berean, plazera emateko balio izatea. Hiru: Etorkizuneko bizi kalitate egokiaren alde egin. Lau: Kosmetika kontuak helduaroan norberak egiteko utziko dira, bigarren mailakoak baitira.

Katalanaren ustez, azken urteotan aurrerapauso handiak eman dira. 2006ko akordioa dago, aldarrikapen asko lortu dira, protokolo medikoak onak dira, umeei gero eta azterketa sakonagoak egiten zaizkie. SGD dutenak gehiago dira emakume transexualak baino (%0,018 eta %0,012 hurrenez hurren), baina gaur egun lehenengoen egoerak ondo konpontzen dira familian, eremu pribatuan eta medikuntzan.“Nekez jasango du beste batek nik pairatu nuena, baina bai, pedagogia egiten jarraitu behar da”.

Zergatik jakin behar du Estatuak zer dugun hankartean?

Marina Sáenz transexual emakumea da, donostiarra. Aspaldi egin zuen alde jaioterritik, eta gaur egun Valladoliden (Espainia) bizi da. Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen alde egiten duen Triángulo Fundazioko kidea da eta transexualitate eremuko koordinatzailea. Lanbidez abokatua da. Transexualaren begietatik SGD-dunen errealitatea interpretatzen lagundu digu.

Alemaniako lege berria beharrezkoa ala adabakia den galdetu diogu donostiarrari. Haren ustez, ez da adabakia, hamarkadatan SGD-dunen kontrako krimenak egin dira, gero zein sexu nortasun garatuko duten jakin gabe, ebakuntzak egin eta bat ala bestea aukeratu delako. Sexua zehazteari uztearekin ordea, Sáenzek azpimarratu du Estatuak bi sexuak erregistratzeari ez diola uzten: “Itsututa segitzen dute bi sexuen kontuarekin, maskulinoa edo femeninoa, erregistratu eta kontrolatu. Zergatik ibili behar du estatuak zokomiran gure hankartean? Zer axola dio sexu batekoa edo bestekoa izan?”. Espainiako erregistro zibileko legea, Europako itxienetakoa dela dio Sáenzek, adibidez haurraren sexua jakiteko nahasgarria den izenik ezin da jarri. Euskaltzaindiak azken urteotan izen zerrendan egin dituen berrikuntzetan nabaria da donostiarrak gogora ekarri digun eredua. Euskararen egoera bereziari esker, izen bereko neskak eta mutilak ezagutu ditugu duela gutxi arte, baina Euskaltzaindiak egin du banaketa eta nekez aurkituko dugu Ilazki izeneko mutil jaioberria.

Izan ere, udalerri askotako erregistroetan Euskaltzaindiaren gomendioak jarraitzen dituzte.
Estatuak (Espainiakoa du buruan Sáenzek) bi sexuak polarizatzeko duen burugogorkeria ez zaio atsegin donostiarrari, baina onartzen du gizartean sexuen banaketa oso barneratuta dagoela. Maskulinoa eta femeninoa daude jendartearen buruan, nahiz eta pentsamendu arlo gisa badiren polarizazio hori ezabatzearen aldeko korronteak. “Bihartik aurrera umeak sexuaren arabera ez ditugula erregistratuko esaten badut? Ezta nortasun agirian ere? Jende asko aztoratuko litzateke”. Transexualak erronka dira jendartearentzat, ezpainak margotuta eta gona jantzita kalean doan transexual emakumea (gizon itxurakoa) eskaera bat ari zaio egiten gizarteari: tratatu nazazu emakume moduan.

Queer teoria adibidez, interesgarria iruditzen zaio Marina Sáenzi, baina praktikara eramaten zaila: “Jende mordoa dago gizon edo emakume definitzen dena eta ezin diezu esan sentitzen duten hori kulturala baino ez denik. Noski kulturak eta formazioak eragiten dutela zure maskulinitate eta feminitatearen interpretazioan, baina horrek ez du esan nahi gizon edo emakume sentitzea asmakizun kulturala denik”. Sexu polarizazioa muturrera eramatea edo ez, hori da kontua Sáenzentzat. Badira transexualak gizon eta emakume banaketa garbiaren alde egiten dutenak, baina “nire ustez badira zuri perfektuak, badira beltz perfektuak, eta beste asko ez dira ez bata ez bestea”.

SGD-dunak transexualak baino babestuago

Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko transexualitatearen gaineko legeak ondo ezagutzen ditu Marina Sáenzek, eta munduko onenetakoak direla dio. Hala ere, botere publiko eta politikoen jarrera SGD dutenenganako malguagoa da. Esate baterako, Hego Euskal Herrian ebakuntzak egin ditzakete transexualek, baina asko borrokatu ondoren lortu dute eskubide hori. SGD-dunak berriz, 1950. urteaz geroztik operatzen dituzte. Jendarteak ere askoz hobeto ulertzen du SGDdunen egoera: “Jendeari esaten diozu SGDdunek malformazio genetikoa daukatela eta ‘a, noski, gizagaixoak!’, eta guregatik berriz, ‘buruarin-marimutil hauek zertan dabiltza? Nola igartzen zaion ebakuntza! Zein gaizki geratu den!’. Sexu eta generoaren definizio perfektuaren tiraniak hor jarraitzen du”.

Zer da sexu garapenaren desordena?

Sexu garapenaren desordenaren bat duenari sarri deitu zaio hermafrodita, eta azkenaldian indar handiagoa hartu du intersexual hitzak. 2006an, Lawson Wilkins Pediatric Endocrine Society (LWPES) eta European Society for Paediatric Endocrinology (ESPE) erakundeek argitaratu zuten ikerketan, sexu garapenean gertatzen diren desordenak gaixotasuntzat ez hartzea gomendatu zuten, eta hermafrodita eta intersexual hitzak ez erabiltzea. Erakundeok Disorders of Sex Development DSD terminoa proposatu zuten, aldaerak azaltzeko egokia delakoan eta gutxiesgarria ez delakoan.

Biztanleen %0,018k du sexu garapenaren desordenaren bat. SGD daukanaren sexu kromosomatikoa (XY / XX), gonadak (barrabilak eta obulutegia) eta sexu organoak (zakila eta bagina) ez datoz bat, eta beraz, ezaugarri genetikoak eta fenotipikoak, maila desberdinetan, baina gizonarenak eta emakumearenak, biak dira.

Raquel (Lucas) Plateroren gogoeta

Raquel (Lucas) Platero psikologo madrildarra da. Besteak beste, bigarren hezkuntzako irakaslea da eta Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen (LGBT) eskubideen aldeko aktibista. Sexu garapenaren desordenaz (SGD) eta Alemanian hartutako erabakiaz (ikus erreportajean) galdetu diogu. Ondoko hausnarketa egin digu: “Batzuen ustez ezinezkoa izango da pertsona baten sexua zein den ez jakitea. Gerta liteke norbaiten itxura, izena edo mundu honetan bizitzeko modua bat ez etortzea Mendebaldeko kulturetan dauzkagun bi aukerekin, gizona edo emakumea izatearekin. Alabaina, pentsaezina iruditzen zaigun horrek, aurrean dugun pertsonarekin baino lotura gehiago du gure segurtasunarekin (segurtasun gabeziarekin) eta gure antolaketa sozial, ekonomiko eta politikoarekin.

Beraz, Alemaniako edo Australiako albisteek (generoa ez ezartzea edo intersexualak heldua denean erabakitzea zein sexu nahi duen) gure arau sozialak azpimarratu baino ez dituzte egiten.

Espainian, nortasun agiriak ez digu beti esan gizon ala emakume garen. Orain kaosa irudituko litzaiguke, baina banaketarik ez zegoenean kaosik ez zegoen.

Dena dela, sexuei buruz konplexutasun gehiagoz hitz egiteko balio badu ona da. Intersexualen eskubideez –erabakitzeko gaitasunik ez duen jaioberriari derrigorrez ebakuntza ez egitea, jakinda heldua denean nahi badu egingo duela– hausnartzeko balio badigu positiboa da.

Administrazioaren ikuspegitik zer egingo nukeen? Bada, pertsonaren sexuari buruzko oharra kendu egingo nuke, denon bizitza errazagoa litzateke. Intersexualak ditut gogoan, baina baita transexualak ere”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexualitatea
2024-12-20 | Hainbat egile*
Pornografia gaztetan

Gazteak gero eta lehenago hasten dira pornografia kontsumitzen; izan ere, bere sexu heziketa bakarra da pornoa. Nola demontre heldu gara honaino?

Gaur egun, onartu behar da Interneti esker pornografia ikustea askoz errazagoa dela. Tamalez, klik baten bidez 7-9 urte arteko... [+]


Maritxu eta Katalina: Artxiboetan galdutako sexu eta genero disidenteen istorioak Historiaren parte direlako

XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]


Hamza Abuhamdia (palestinar ekintzaile 'queer'-a)
“Gorputza da botere kolonialak okupaturiko lehen territorioa”

Larunbatean Makean izanen da Hamza Abuhamdia, Parisen bizi den palestinar queer-a, Palestinaren aldeko topaketaren kari. Israelek bideraturiko pinkwashing-ari buruzko tailerra eskainiko du –bat-bateko euskarazko itzulpenarekin– arratsaldeko 15:30ean. LGBT pertsonen... [+]


Sexu erromanikoa

Zamora, X. mendearen amaiera. Duero ibaiaren ertzean eta hiriko harresietatik kanpo Santiago de los Caballeros eliza eraiki zuten. Eliza barruko kapiteletan askotariko eszenak irudikatu zituzten, besteak beste, eduki sexualak zituztenak: orgia bat, emakume biluzi bat gizon baten... [+]


Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko sexu-transmisiozko infekzioen zentroa “gainezka” dagoela salatu dute

Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.


Nafarroan chemsex-ari erantzun koordinatu bat emateko baliabideen eta agenteen beharra mintzagai

Sare Elkarteak antolaturik chemsex fenomeno soziokulturalaren inguruan mintzatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean.


2024-09-10 | Sustatu
Kaixomaitia.eus irail amaieran itxiko da, ez badu inork erreleboa hartzen

Irail amaieran itxiko da Kaixomaitia.eus, harremanak aurkitzeko euskarazko webgunea, 17 urteko jardunaren ondoren. Hala jakinarazi du mezu batean bere sortzaileak, urteotan baliabide hau kudeatzen hainbeste lan egin duen Iñigo Arandia Galarragak. Mezuan aipatzen du... [+]


2024-08-20 | ARGIA
Osakidetzan tratamenduari ekin nahi dioten transek psikiatriatik pasa behar dutela salatu dute

Hainbat kolektibok salatu du Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean arreta jasotzen duten transei lehen harrera psikiatrikoko profesionalek egiten dietela, horrek transak patologizatzen dituela eta harrera endokrinoak egin beharko lukeela. Harrera endokrinoak... [+]


Prep, GIBaren aurkako beste hesi bat

Estrategia eta neurri ugari daude GIB birusari aurre egiteko; horien artean Prep esposizio aurreko profilaxia. Birusarekiko esposizio arrisku handia dutenek eskatu dezakete.


Munillaren adierazpen homofoboek kritika erauntsia eragin dute berriro

Jose Ignacio Munilla gotzainak enegarren aldiz erakutsi du bere homofobia, homosexualitatea “sendatzeko” terapiak defendatuz. Valentzian irakasle bat harrapatu dute ikasleekin birmoldaketa homosexualeko terapiak egiten, eta Donostiako apezpiku ohia bere alde atera... [+]


Adin txikikoak dira Osakidetzako genero identitateko unitatetik pasa diren erdiak

1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.


Gorputz hotsak
“Erotikan ere, ez dugu lortzen produkziotik ateratzea”

Desiraren, genero identitatearen eta erotikaren ikuspegia zabaltzeaz mintzatu da Igor Nabarro sexologoa. Nerabezaroan muineko lesio bat izan zuen, eta hori dela-eta zalantzan jarri zituen maskulinitatea eta sexualitatea. Salatu du istripuaren ostean ez zuela inongo heziketa... [+]


2024-07-02 | ARGIA
Lesbianismoaz eta ultraeskuinaz mintzo den ‘Lesvia’ dokumentalak irabazi du Zinegoakeko sari nagusia

Epaimahaiaren esanetan, dokumentala beharrezkoa da "bizikidetzari espazioa emateko", eta era berean, ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan. Filminen dago ikusgai.


LGTBIQ+ pertsonen harrotasun eguna agintariek beraien intereserako baliatzea salatu du Ehgamek

Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak (Ehgam) urtero bezala kalera aterako dela adierazi du, “Gure gorputz ez-bitar, trans, bollera, marika, bisexual eta disidenteez harro gaudela nahi dugu esan. Gure luma, gure bizitza-eredu ez-heterozuzenak eta gure... [+]


Queertopiak: babeslekuak, inguruan eragiteko moduak

'Queertopia' da aurtengo Zinegoak jaialdiaren izenburua. Queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak sortzea. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariarekin eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunarekin duela 21 urte Bilbon... [+]


Eguneraketa berriak daude