Kukubiltxo eta Galtzagorriren aitari merezitako saria

  • Euskal Herriko animazioan aitzindari dugu Juanba Berasategi (Pasai Donibane, 1951). Donostiako Zinemaldiko Zinemira Saria emango diotela baliatuz, errepasoa egin diogu marrazkigile eta zuzendariaren ibilbide oparoari.

Berasategiren argazkiaren alboan, zuzendu dituen hainbat lanen fotogramak: ezker-eskuin eta goitik behera, Kalabaza tripontzia, Lazkao Txiki, Txirrita eta Ahmed, Alhambrako printzea.
Berasategiren argazkiaren alboan, zuzendu dituen hainbat lanen fotogramak: ezker-eskuin eta goitik behera, Kalabaza tripontzia, Lazkao Txiki, Txirrita eta Ahmed, Alhambrako printzea. "Euskal Herrian aurrekontu txikiarekin eta ahalegin handiarekin produktu duinak egiten ditugu. Eta duintasun hori lortzen du pertsonez osatutako taldeak, gogoak, ilusioak".

“Artista zen eta artista nahi zuen izan eta artista orok egin beharrekoa egin zuen: Parisen eman zuen denboraldi bat, Beaux Arts-eko eskola nagusian modelo biluziak aspertzeraino marrazten eta Vincennes-ko jangela unibertsitarioetan iraultza egiten. Frantsesera txar baten jabe eta Vasarely-ren teorien morroi etorri zitzaigun. Txatarra puskak ebasten hasi ginen Pasaiako moilean, eskulturak moldatzeko. Zinema, orduan, abangoardia egiteko baino ez zitzaigun interesatzen. Super-8 bat zeukan, eta zeluloidea zuzenean maltratatuta zer lor zitekeen erakutsia zigun Sistiagak baino askoz lehenago. Esperimentaziotik marrazki txekiarretara pasa zen, eta egun batean bolantez eta erregela milimetratuz beteriko zurezko mahai bat aurkeztu zigun. Abian zen marrazki bizien gure lehen atelierra”. Koldo Izagirre idazleak hala deskribatu zituen (Argian, 1999an) Berasategiren hastapenak.

Atelier hartako lanetik jaio zen animazioan euskaraz egin den lehen film laburra, Berasategi zuzendari: Ekialdeko Izarra (1977). Garai hartan ez zen eskolarik, baina “liburuak irakurriz eta pelikulak ikusiz” ikasi zuen pasaitarrak, “bertako proiektore eta paperean kalkatzeko, mugimendu bakoitzak zein soluzio behar zuen aztertzeko”. Marrazki bizidunetako euskarazko lehen film luzearen egilea ere bada Berasategi: Kalabaza tripontzia (1985). “Hemen, Euskal Herrian, hori ez da posible, nola egingo duzu? Hori Frantzian, Amerikan… Baina hemen?!” esan zioten erakundeetatik, baina bost urtetako lan itzelaren ostean, autobus txartelaren gastua eta eguneroko bokadiloa beste soldatarik ez zuten 30 lagun ingururen laguntzari esker, kondairetako lami eta sorginak, Xaxpiki, Patxi errementaria edota Kukubiltxo biltzen zituen pelikula estreinatu zen, Donostiako Zinemaldian. Ohorezko aipamena jaso zuen jaialdian eta Espainiako Kultura Ministerioak kalitate berezikoa izendatu zuen. Zuzendariaren hitzetan, bi helburu garbi zituen filmak eta biak bete zituzten: Euskal Herriko gaien inguruan egitea eta euskaraz. “Nik ez ditut inoiz garunak urtu pelikulak euskaraz egin behar ote nituen erabakitzeko. Hala sentitu dut, besterik gabe. Filma irudia eta soinua da, eta euskararekin transmititzen dut erosoen”. Gidoi lanetan Koldo Izagirreren eskua ere nabari da emaitzan.

“Sasi guztien azpitik, hodei guztien gainetik”, Akelarretik bueltan esamoldea nahasi zuenetik Kalabazaren satelite izatera kondenatua dagoen gizagaixoak ematen dio hasiera belaunaldi ugariren gozagarri izan den filmari. Nola gogoratzen duen galdetu nion Berasategiri, Zeluloidezko begiradak liburuan: “Orain ikusten dudanean iruditzen zait pelikula zaharra, mugatua, txikia, kristoren ahalegina behar izan zuena. Tresnak oso kaskarrak ziren garai hartan eta mugimendu traketsak dituzte pertsonaia batzuek. Iluna geratu dela iruditzen zait, maiztua bezala, baina aldi berean garai hartarako ezinezkoak diruditen elementuak ikusten dizkiot, multiplanoak-eta. Pentsa, gaur egun ez dira egiten, tramankulu harekin fotogramaz fotograma horrelako hondoak lortzea travelling-a egiteko… Oraintxe ez nintzateke kapaz izango plano horiek gauzatzeko. Astebetez errodatzen aritu beharreko fotogramak daude, eta imajinatu nahastu zarela 3.521. fotograman… Hasi berriro! Gainera ordu eta erdiko pelikula behar zuen izan, besteen berdina, besteen mailakoa. Gaur egun pelikula askok 70 minutu inguru dituzte, haurrek ez dutelako jasaten, baina guk amerikarrek bezala egin behar genuela… Lan titanikoa izan zen, bizitzan berriz  errepikatuko ez dena. Estetika aldetik ere badaude gauza politak: Tartalo, Galtzagorri… Badauka zer edo zer. Sasoi hartan, Galtzagorri Eibarren jartzea ez zen edonolako kontua, Bilborekin batera Euskal Herriko hondamendi urbanistikorik handiena zen Eibar, trena kale erdi-erditik igarotzen zen! Eta hantxe paratu genuen Galtzagorri, fabrika artean. Pelikula ikusten dudanean esaten dut, Kalabaza tripontzia 2 egin beharra daukat egunen batean, zahar itxura hori kendu eta egungo teknikekin hobetuta, baina bestelako aldaketa handiegirik gabe, pertsonaiak mantenduz, gaur egungo egoerara mitologia ekarriz, katxondeo gehixeagorekin, konplexuak alboratuta”.

Andaluziarekin elkarlanean, hamarkada bat geroago egin zuen Berasategik Ahmed, Alhambrako printzea (1997). Washington Irving idazlearen Alhambrako ipuinetan oinarritua, gehien komertzializatu den pasaitarraren lana da eta izan zuen harrera ona ikusita, bigarren zatia etorri zen ondoren: Alhambrako giltza (2003).

Futbola baino arrakastatsuago

“Ta haundiago bilakatuko zara etorkizunean, zure txikitasunean”. Horrela hasten zen zuzendariak gidaturiko 52 ataleko telesail arrakastatsua, futbolak baino ikus-entzule gehiago biltzera iritsi zena: Lazkao Txiki (1998-1999). Irudi xumeak izanagatik, edukiek erakarri zuten jendea: bertsolariaren pasadizoen bidez, euskal usadio eta baserri giro bete-betean, errealitate historiko, sozial eta politikoaren isla da Lazkao Txiki. 13 ataleko Fernando Amezketarra ekoitzitakoa zen aitzina (1994-1995) eta beste bertsolari baten bizitza zuzentzeari ekin zion aurrerago: 52 ataleko Txirrita (1999-2000). Anekdotaz betetako bizizale baten biografia, umore zorrotzez kontatua.

Helduei zuzendutako fikzioren batean eta hainbat dokumentaletan parte hartu du Juanba Berasategik, eta egoerak behartuta, zinemagintzan enpresari izatea ere egokitu zaio. Baina batik bat animazioari lotuta ageri zaigu bere izena, marrazkigile, zuzendari. Aizkorriko ikazgileetan girotutako Barriola, San Adriango azeria (2008) du azken lana zineman. Telebistan berriz, Tormesko itsu-mutila du estreinatzeke. Ondo bidean, Gabonen aurretik emango dute, ETB1en. “Zinema-aretoetan gero eta handiagoa da lehia eta bertigoa ematen du halako proiektuetan sartzeak, diru asko da. Arriskatzekotan, istorio ederragoak kontatuz egin behar duzu”. Istorio ederrak izango ditu kontatzeko, dagoeneko zinemarako hiruzpalau egitasmo baititu buruan.

Bere estiloari muzin egin gabe jarraituko du lanean, egungo animazioa hasi zeneko garaiekin alderatuta asko aldatu dela jakitun: “Esaten dizute ume batek hiru segundo baino gehiago irauten dituen plano bat ez duela jasaten gaur egun, eta gezurra dela uste duzu, baina gero konturatzen zara haurrek publizitate asko kontsumitzen dutela, erritmo biziko iragarkiak, argi eta plano aldaketa pila bat dituztenak, eta gazteak ere biolentzia eta azkartasuna nahasten dituzten planoetara daudela ohituta. Ez ditut egungo inperatiboak atsegin, telebistaren eta publizitatearen ohiturak direlako horiek, baina azkenean jendeak erritmo hori ‘ikasten’ du, istorioak kontsumitzeko era hori barneratzen du eta gai da telebista-kateak aldatuz hiru pelikula batera jarraitzeko! Kultura hori daukagu”.

Hiru dimentsioen eta anime eta mangaren aroan, teknologiak ez du itsutzen. “Jende asko liluratzen du ordenagailuaren gaitasunak, baina gakoa ez da konputagailuak zer egiten dakien, zuk zer egiten dakizun baino. Makina erabiltzen dakien asko dago, eta teknikari gutxi. Teknologikoki pertsonaia osatu eta mugiarazten dute eta kito; eta ez, pantailan duzuna aktore bat da, modu jakin batean mugitu, begiratu behar du, izaera, keinu eta hitz egiteko manera propioekin. Pelikulan hori guztia nabaritzen da gero, ea halakoak zaindu dituzten. Pertsonaien gakoak idatzi egiten ditugu oraindik, eta gero hori dena ordenagailu bidez lortzen saiatzen gara. Lehenengo hartu behar da papera eta marraztu, eta marraztu, eta marraztu… ikasteko, eta gero erabiliko duzu ordenagailua”.

Sari gazi-gozoa

Kalabaza tripontzia aurkeztu eta 28 urte geroago, Donostiako Zinemaldian saria jasoko du Juanba Berasategik. “Ez naiz sari-zalea –aitortu digu–, lotsa ematen dit, baina lagunengandik dator eta pozgarria da sektoreko jendea nitaz gogoratzea eta nire ibilbidea aitortzea. Aldi berean, unerik latzenean dator saria, krisi ekonomikoa gogor astintzen ari baita eta arriskua dago urteekin pilatzen joan garen esperientzia kreatiboa eta teknikoa galtzeko. Bultzada ekonomikorik gabe ez dago ekoizpenik eta bertako profesionalak kanpora joaten badira, hori galduko dugu, nire kezka da Kalabaza tripontziaren garaietara atzera egitea”.

Itxaropen ukituarekin amaitu nahi dugu erreportajea ordea, marrazkigilearen hitzok nabarmenduz: “Euskal Herrian aurrekontu txikiarekin eta ahalegin handiarekin produktu duinak egiten ditugu. Eta duintasun hori lortzen du pertsonez osatutako taldeak, gogoak, ilusioak; hori balore bat da Euskal Herrian, bokazio handiko lana delako hau”. Urte askotako jardunak hala frogatu du, Juanba Berasategiren kasuan. Bejondeiola.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2013
Juan José Campanella
"Ez zaizkit interesatzen tentaziorik ez duten heroiak"

El hijo de la novia arrakastatsua eta El secreto de sus ojos Oscar baten garailea zuzendu ditu Campanellak, besteak beste. Buenos Airesen jaioa, Argentinako Arte eta Zientzia Zinematografikoen presidentea da eta bere azken pelikulak zabalduko du Donostiako Zinemaldia:... [+]


Kopiatu madarikatuok! (eta irabazi Zinemaldiko kartel lehiaketa)

Donostiako Zinemaldiko kartel lehiaketa abian da gaurtik. Aukera paregabea iazko Sail Ofizialeko kartelaren plagioa gogora ekartzeko.


[Sail Ofizialaren balantzea] Ama-seme latinoak atzealde grisarekin

Nahiko itxurosoa zirudien palmaresa Club Sándwichek eta Pelo malok irabazi dituzten bi sari handienekin hondatu dute.


Kritika eta publikoa bat etortzen direnean [Zabaltegiren balantzea]

Kritika eta publikoa bat etortzen direnean, pelikula batek ikusleen txaloak eta kritikarien laudorioak jasotzen dituenean, aintzat hartu beharreko obraren aurrean gauden seinale. Horren adibide dugu Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarraren Soshite chichi ni naru/Like father,... [+]


2013-09-28 | ARGIA
Urrezko Maskorra Venezuelara

Banatu dira 61. Donostiako Zinemaldiko sariak. Pelo malo film venezuelarrak irabazi du film onenaren Urrezko Maskorra.


Magikoa, sinesgaitzegia agian [The young and prodigious T.S. Spivet]

Jean-Pierre Jeunetek Amelieren ildotik doan beste film bat egin du, pertsonaia miragarri eta sinesgaitz samarra protagonista duena.


Turista Bosniako gerran [For those who can tell no tales]

Bosniako gerraren arrastoek turista australiar batengan duten eragina erakusten du Jasmina Zbanicen For those who can tell no tales filmak.


Zuk non duzu zauria? [La herida]

Pertsonaia-ikerketa da Fernando Francoren La herida filma. Faktura aseptikodun lana, Marian Alvarezen interpretazio sendoan oinarritzen da.


Koktel indartsua [Prisoners]

Generoak nahastea ez da erraza eta beti ez da ongi ateratzen, baina filma gai denean thriller trebe bat drama garratz batekin naturaltasunez uztartzeko, gai denean koktelera berean eskaintzeko suspentsea, tentsioa eta korapilatzen den trama batetik, sufrimendua, giza... [+]


Probokazio gazte eder sotila [Jeune et jolie]

Gaztea eta ederra da Jeune et jolie filmeko protagonista. Ez du premia ekonomikorik, ez familia arazorik, ez txikitako traumarik. Orduan, zergatik? Zergatik erabaki du 17 urterekin prostituitzea? Beharbada horrexegatik, bizimodu burgesak sortzen dion asperduragatik,... [+]


Idatzi ezazu berriz, Egoyan [Devil’s knot]

Ia genero bihurtzeraino hedatu den epaiketa-film (trial film edo courtroom drama ingelesez) horietako bat da Atom Egoyanek Sail Ofizialean aurkeztu duen Devil’s Knot.


Gaindituta [Amaren eskuak]

Burua galtzen hasi dela-eta ama ospitalera eraman dutenean desegin da Nereak daraman bizimoduaren oreka hauskorra: bikote harremana, alaba, lana eta orain ama zaindu beharra gehiegi da pertsona bakarrarentzat. Hala abiatzen da Amaren eskuak filma. Beteta zegoen edalontziak... [+]


Pilotu automatikoarekin gidatutako trena [The Railway Man]

Pilotu automatikoarekin zuzendutako film horietako bat da The railway man, gerrak eta torturak eragindako traumak ardatz dituena, baita horiengatik mendekua hartzeko gogoa ere.


Nola moztu zilbor hestea minimalismoz [Club Sándwich]

Ama-semeen arteko zilbor-hestea apurtzea da Club Sándwich filmeko gaia eta estilo minimalistan kontatua dago.


Biolentzia, biolentzia, biolentzia [Tian zhu ding / A touch of sin]

Eta biolentzia gehiago. Biolentziak inguratzen gaitu, biolentoak gara. Hala berresten dute albistegiek, eguneroko gertakariek. Zinemak, baita aurtengo Zinemaldiak ere, zeharka edo zuzenean pelikula ugaritan jorratu du gaia. Dagoeneko saturatuta gaude, anestesiatuta,... [+]


Eguneraketa berriak daude