Jakin-minak 1977ra eraman du Bide Ertzean taldea berriki kaleratu duten 77 diskoan. Seigarren abestiari izenburua eman dion Araneko iturrian bildu gara Imanol Ubeda abeslari eta gitarra-jotzailearekin, trantsiziorainoko bidaian hausnartutakoak ezagutzeko.
Oinarrietara itzuli zarete, bost taldekide izatetik, hasierako hirurak izatera igarota. Horrez gain, Suso Saezek eta Jordi Morak ordezkatu dute orain arte soinuaz eta ekoizpenaz arduratu den Kaki Arkarazo. Zer eragin du horrek abestietan?
Eragin handia izan du. Elementu artistiko gutxiagorekin lan duin eta zentzuzko bat egiteko gai ote garen ikusi nahi izan dugu. Disko honetan ez dute gurekin lan egin Fran Iturbe gitarra-jotzaile bikainak eta Euskal Herriko piano-jotzaile onenetarikoa den Joserra Senperenak. Elementu horiek gabe asko aldatu da emaitza. Gainera zuzenean grabatu dugu, hiru taldekideek batera joz. Diskoak beste aire bat du soinuari dagokionez, eta instrumentazio aldetik askoz ere oinarrizkoagoa da. Oinarrian utzi ditugu abestiak, eta saiatu gara elementu gutxi horiekin ahalik eta gauza txukunena egiten.
77-rekin, Non dira diskoan hartutako bideari jarraipena eman diozue.
Bai, hala da. Disko haren itxura baduela uste dut. Duela zazpi urte plazaratu genuen Non dira, eta 36ko gerrari buruzko diskoa zen. Gure etxean izan zuen eraginetik abiatuta, gerrari buruzko hausnarketak egin genituen. Disko honetan ere, berdin. Gure osabaren erailketatik abiatu gara, gertaera horrek jakin-mina piztu digu, 1977ko testuinguru historikoa ezagutzeko nahia. Garai hura askorentzat ezezaguna dela iruditzen zaigu, baina oso garrantzitsua da, era berean.
Bestetik, atzera begira jartzen garenean, idealizatzeko joera dugu maiz. Orain, zazpi urte beranduago, uste dut Non dira diskoa sortzerakoan ere hala izan zela. 1977ari begira jarri garen honetan arrisku hori bazegoen arren, ez dut uste idealizazioan erori garenik. Ez diogu garaiari nostalgiatik begiratu, jakin-minetik baizik.
Trantsizio garaiko gazte belaunaldiari eskainitako lana da. Zer du berezi belaunaldi hark?
Orain garai historiko batean gauden bezala, 1977 ere urte esanguratsua izan zen. Francoren ondorengoek monarkia parlamentarioa betikotu nahi zuten erreformaren bitartez, eta hori errotik aldatu nahi zuten gazte asko eta asko altxatu egin ziren. Mundu berri batekin egiten zuten amets, eta horren alde borrokatu zuten. Errepresio izugarria jasan arren, aurpegia eman zuten gazte haiek.
Esaterako, 70eko hamarkadan hasi ziren ikastolak sendotzen. Ibarran adibidez, Uzturpe ikastola jarri zuten martxan gure osabak, amak eta beste askok. Gaur egun, ikastola da Ibarran dagoen ikastetxe bakarra. Badirudi ikastolak bat-batean sortu zirela, baina ez zen erraza izan. Sekulako ahalegina egin behar izan zuten. Ikastolen fenomenoari esker, gainera, Tolosaldeko eskola publikoetan eta mojenetan ere euskaraz ikas daiteke gaur egun. Bestalde, garai hartako langileek lan handia egin zuten haien eskubideen alde borrokatzeko. Elkartasun giroa erabatekoa zen. Haiek lortutako guztia galtzen ari gara orain; ez dugu asmatzen horri nola aurre egin.
Orduan ere izango ziren okerrak eta kontraesanak, baina orokorrean, belaunaldi eredugarria izan zen, gaur egun kontutan hartzeko modukoa.
Zergatik ekarri duzue gogora zuen osaba Sebasen erailketa? Omentzeko? Salatzeko? Korapiloa askatzeko?
Ez dut uste omenaldia denik, gertakari ilun baten konstatazioa baizik. Badirudi inbentarioa egiteko garaia iritsi dela. Nagusiki ETAren jarduerari begiratzen diote gehienek. Jende asko hil du ETAk, hori argi dago. Baina hildako gehiago ere egon dira azken hamarkada hauetan, eta ez bakarrik GALek edota GALen parekoek eragindakoak. Segurtasun indarren eskuetan edota errepresioaren ondorioz bizia galdu zutenak ere badira. Eta horiek ez ditut zerrendatuta inon ikusi. Garai bat itxi eta berri bat irekitzeko, hildakoen arteko mailaketa saihestu beharko litzateke.
Badago besterik ere, disko hau prestatzen hasi ginenetik hona deigarri egin zaiguna. Zein babestua dagoen polizia. Edozein gehiegikeriaren denean, agerian geratzen da adierazten ari naizen hauxe. Hori ez da aldatu azken 40 urteotan. Pareta baten kontra jotzea bezala da. Administrazioaren jarrera, zentzu horretan, oso hermetikoa da.
Franko hila zen Sebas eta Zaharra erail zituztenean, eta amnistia iristear. Haatik, orduko zenbait hedabidek ezin izan zuen gertatutakoa nahi bezala kontatu.
1977ko martxoaren 8an erail zituzten Sebas eta Zaharra, Guardia Zibilaren kontrol batean. Bertsio ofizialaren arabera, ohiko kontrol batean geratu zuten haien autoa; dokumentazioa eskatu zietenean, autoaren barnetik tiroka hasi ziren eta enfrentamendu armatu horren ondorioz hil ziren biak. Baina lekukoen esanetan, kontrolak iraun zuen denbora horretan Guardia Zibilaren metralletaren soinua besterik ez zen entzun. Kontrolaren erruz sortutako auto-ilaran zeuden moja batzuek zauritutakoak lagundu nahi izan zituzten, baina ez zieten utzi. Sebas eta Zaharraren ebakuazioa ere, lekukorik gabe egin zuten. Segada izan zela zabaldu zen.
Baina garai hartan oraindik, Franko hil eta gero ere, zentsura giro izugarria zegoen. Adibidez Anaitasuna aldizkariaren orduko aleari erreparatuz gero, argi eta garbi islatzen du gertatu zena. Adierazgarria da Loiolako Herri Irratiaren pasartea ere. Ezin izan zuten lekukoen bitartez jasotako bertsioa kontatu, eta nahiago izan zuten emisioa eten, gezurretan aritu baino.
Entzun bakarrik ez, irakurri eta arretaz begiratzeko diskoa ere bada 77. Abestiek iradokitzen dutena gorpuzten dute testu eta irudiek.
Kantuak grabatu genituenean eta diskoko liburuxka osatzen hasi ginenean, konturatu ginen kantuek helduleku baten beharra zutela. 70eko garaia ezezaguna da batzuentzat, eta orduko testuinguruan kokatu behar genituen abestiak. Kazetariak gara eta kronika moduko bat egin genezakeen. Baina hori egina dago aurretik. Kantu hauekin hasi ginenean, Egarri egunak portualdean (Susa, 2011) nobela plazaratu zuen Koldo Izagirrek. Garai hartan kokatzen da nobelaren trama. Guretzat opari ederra izan zen, urte haietara garraiatzen baitzaitu nobelak. Horregatik, erabaki genuen kantuei beste oinarri batzuk eranstea. Kantu bakoitzak bere azalpena dauka diskoko liburuxkan, eta horretaz aparte Garbiñe Ubedak eta Koldo Izagirrek idatzitako narrazioak gehitu ditugu. Gainera, Koldoren kontakizunak osaba eta gu lotu gaitu, nola gainera. Zentzu osoa du, gure ahalegina hori baita azken finean: osabaren eta bere belaunaldikoen ahalegina nahiz oroimena biziaraztea.
“Atzera begira jarraitzen dut kantatzen, pasa zena pasa zen, baina sustraiak dauzkat, sustraiak zainen ordez.” Diskoa justifikatzen duen esaldia dirudi.
Gaur egungo gertakari asko uler daitezke atzera begira jarriz gero. 77ko garaia ulertzeko ere 36ko gerra ezagutu behar da. Ekidin ezina dela uste dut. Buruan banuen noizbait osaba Sebasi buruz idaztea. Baina ez nekien noiz aterako zen, edo nola. Kantu horrekin esan nahi izan dudana da, aurrera begiratu beharra dagoen arren, ezin dugula dena ahaztu. Pasa zena pasa bazen ere, kantuetan behintzat gogora ekarri nahi dugu.
Mikel Ibargurenen olerki bat ere moldatu duzue. Maiz errepikatu duzuen esaldi eta guzti: “kantu baten barruan kabitzen den aberria da gurea”.
Kantu horrek historia xelebrea du. Taldea martxan jarri genuenean, 1998an, musikatu egin genuen abesti hori, baina LP txiki hartan ez ziren 21 minutu besterik kabitzen, eta sei kantutatik bat kendu behar zen. Mikel Ibargurenen poemarekin egindakoa baztertu genuen azkenean. 77 diskoko kantuekin hasi ginenean, ez genuen oso argi disko bat aterako zen edo ez. Abesti horiek sortzean gogoratu nintzen lehenengo lanean baztertu genuen kantu harekin. Doinu berria jarri genion eta diskoan sartzea deliberatu genuen. Poemak hala dio: oroitzapenez osaturiko aberria da nirea. Esaldi horrek gure ibilbidea definitzeko balio du. Gainera, aberriaz egiten diren hausnarketa poetikoak asko gustatzen zaizkigu.
Webgunea berritu duzue, eta bertan 77 salgai dago jada. Noiz ikusiko zaituztegu taula gainean? Berezitasunik izango du zuzeneko emanaldiak?
Diskoa aurkezten iraila bukaeran hasiko gara. Lekunberrin egingo dugu lehen emanaldia, Kantinan. Musikarako beti dira garai konplikatuak, baina are gehiago gaur egun. Oraindik musika programatzeko aretoak eta kontzertuak antolatzeko prest dagoen jendea badaudela ikustea zoragarria da guretzat. Horregatik, polita izango da Kantina bezalako toki batean hastea. Horrez gain, Bilboko Kafe Antzokian, Donostiako Gazteszenan, Arrasateko Gaztetxean, Azkoitiko Matadeixen eta Barañaingo Auditorioan joko dugu.
Bestetik, diskoan bezala, zuzenekoetan ere hirukote gisa arituko gara. Zentzu horretan, Bide Ertzean izaten jarraituko badugu ere, zuzeneko emanaldiak kutsu ‘rockeroagoa’ izango duela iruditzen zait.
Musikagintza ez duzue ogibide, baina 9. diskoa da honakoa. Denbora eta inspirazioa lortzea ez da erraza izango. Bide Ertzeanek bide luzea du oraindik?
Bide luzea egin dugula esan dezakegu behintzat. Ez da erraza musika talde bat mantentzea. Azken finean pertsonak gara eta norberak bere kezka eta lehentasunak ditu. Orain arteko ibilbideari erreparatuz gero, hamabost urtean bederatzi disko plazaratu ditugu. Hasi ginenean ez nuen uste horrenbeste egingo genuenik. Ez dakit bide luzea izango ote dugun, baina gustatuko litzaidake. Guk giro onean jarraitzen dugula, publikoa badugula eta gure diskoak argitaratu nahi dituztela adieraziko luke horrek. Unean unekoa bizi dugu. Orain 77 diskoa dugu buruan; gero gerokoak.
Ba al dakizue frantses batzuk harritu egiten direla mugaren alde honetan ere euskaldunak bagaudela jakitean? Ba bai, harrigarria bada ere, behin, Donostian, frantses batzuei entzun nien sinetsi ezinik beren buruari galdetzen: “Saint-Sébastien est au Pays... [+]
22 talde gehiago iragarri dituzte Lakuntzan uztailean izanen den HatortxuRockerako: Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne,... [+]
Prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Marc Aillet Baionako apezpikuak, elizbarrutiko hezkuntza katolikoko zuzendari Vincent Destaisek eta Betharramgo biktimen entzuteko egiturako partaideetarikoa den Laurent Bacho apaizak. Hitza hartzera zihoazela, momentua moztu die... [+]
Maite Nosti diputatuak kargua utzi du alderdiarekin izandako desadostasunengatik, eta horrek kide bakar batekin utzi du alderdi faxista, talde mistoan sartzera behartuz.
Bidarteko gasnategian bahiketa burutu duen gizona, militar ohia zen. Asteazken arratseko 7.30tan Erretegia izeneko gasnategian bertako kudeatzailea bahitu eta poliziaren kontra tiro egin duen gizonak 54 urte zituen.
PPrekin eta EH Bildurekin negoziazioetan porrot egin ondoren etorri da Ahal Dugurekin adostutako akordioa. Indar politiko honek aitortu duenez, maximalismoak atzean utzi eta errealitateari heldu diote, errenta baxueneko herritarren aldeko akordioa lortuta.
“Posta publikoa eta kalitatezkoa. Eskubideen aldeko Hitzarmen eta Akordio baten alde” aldarrikapenarekin, LAB, ESK eta ELA sindikatuek lan-baldintzak eta posta-zerbitzu publikoaren kalitatea defendatzeko mobilizazioa egin zuten atzo, hilak 12, Bilboko Eliptika Plazan.
Herriko EH Bilduko zinegotzi eta legebiltzarkide den Ander Goikoetxeak egindako galdera parlamentario bati Jaurlaritzak emandako erantzunaren bidez jaso informazioa hau. Bi haize sorgailu ezartzeko asmoa dago eta Cluster Hernani izeneko proiektu zabalago baten barruan kokatzen... [+]
Hezkuntza bi arazo handik zeharkatzen dutela adierazi dute IAk: "ideia erreakzionarioen" gorakadak eta "ikasleen egoeraren okertzeak". Mobilizazioaren deialdia hedatzeko, goizean errepide mozketak egin dituzte Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Bilbon, Euskal... [+]
Atapuercako aztarnategian hominido zahar baten aurpegi-hezur zatiak aurkitu dituzte. Homo affinis erectus bezala sailkatu dute giza-espezieen artean, eta gure arbasoek Afrikatik kanpora egindako lehen migrazioei buruzko teoriak irauli ditzake, adituen arabera.
Gasteizko 1 zenbakiko Auzitegi Kontentzioso-Administratiboak emandako epaia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Lan poltsan parte hartzeko euskara maila altuenaren baliokide diren 3. eta 4. eskakizunak indargabetu zituen Gasteizko Auzitegiak.
Hainbat eragilek deituta, NATOren aurkako elkarretaratzea egin da Iruñeko Udaletxearen aurrean. Izan ere, gaur, martxoak 12, 39 urte bete dira Hego Euskal Herriak, Espainiar Estatua NATOn sartzeko erreferendumari ezezkoa eman ziola. Askapenako kide batek adierazi du, gaurko... [+]
Azkar! Azkar! Adi egon, ez daukat astirik eta! Ohartarazi behar zaitut, denborak agian ez baitit uzt… Pipipipi-pipipipi! Pipipipi-pipipipi!
Goiz jaiki, eguneratuta egoteko irratia piztu, dutxa hartu, ilea lehortu, orraztu, bizarra kendu edota makillatu, kafea egiten den... [+]
Europako Batzordeak 26.000 milioi euroren inportazioak zergapetuko ditu apirilaren 1etik aurrera, Donald Trumpek altzairuari eta aluminioari ezarritako muga-zergei erantzunez. Enbido-komertzialek jarraitzen badute, Euskal Herrian lehen sektoreak nozituko du gehien norgehiagoka... [+]