Euskal Herrian asko eta orotarikoak izan dira herri ekimenez sortu diren hedabideak. Garai batean irrati libreen fenomenoa zabaldu zen bezala, interneten garapena akuilu izanik sareko herri-hedabideen loraldia bizi dugu urteotan. Bi adibide hartu ditugu: Nafarroa lan-esparru duen Ateak Ireki eta Donostialdeako Piztu.
Kezka beretik abiatu dira Ateak Ireki, Piztu zein beste hainbat herri-hedabide, bakoitzak bere eredua garatu duen arren. Aitortzen dutenez, ezaugarri asko partekatzen dituzte, eta anaia-arrebatzat dituzte Topatu edo desagertu berri den Branka gisako ekimenak. Ateak Irekik bi urteko ibilbidean ikasitakoa du bere alde; Piztuk, hasiberriaren freskotasuna.
Biek ala biek, lotura estua dute kolektibo eta eragile sozialekin. Piztuko kide Ander Suberbiolaren arabera, “herri-mugimenduei ahotsa ematea eta haien lana ikusaraztea” da proiektuaren helburua. Elkarlana sustatu nahi dute donostiarrek: “Herri-mugimenduentzat tresna bat izan nahi genuke, eta bertako kideek gurean parte hartzea”. Zentzu horretan, topaketak antolatzeko asmoa dute, “eragileen errealitatea ezagutu eta horretara moldatzen ahalegintzeko”.
Ateak Ireki webguneko arduraduna da Miguel Angel Llamas, ezizenez “Pitu”. Dioenez, kalean gero eta jende gehiago ari da lanean eta “horrek bere isla behar du” sarean zein hedabideetan. “Kalean egiten dena sarera eramateko plataforma da gurea, bozgorailua”. Lanerako materiala ere elkartrukatzen dute beste hainbat herri-hedabide eta mugimendurekin.
Sareko herri-hedabideen ugaritzeak lotura zuzena du interneten garapenarekin, Suberbiolak onartu duenez. Internetek komunikazioaren eremuan orain arte indarrean zegoen logika irauli duela dio: “Gure proiektuak eta antzekoek nekez egingo lukete aurrera internet gabe, pauso garrantzitsua izan da informazioaren eta komunikazioaren demokratizazioan”. Hala ere, ez du uste kalea edota paretak erabiltzeari utzi behar zaionik. “Sareak ez ditu orain arteko euskarri eta tresnak ordezkatu behar, aukera berriak gehitu baizik”.
Sareko herri-hedabideetan ohikoa da ikus-entzunezko edukien nagusitasuna. Pituren arabera, oro har, bideoak bilatzen dituzte interneteko erabiltzaileek, eta eduki mota horrek du arrakasta gehien. Alabaina, gero eta testu landuagoak eskaintzen saiatzen dira Ateak Irekin. Ikuspegi bera dute Piztuko kideek ere: “Oraingoz ikus-entzunezkoak dira abiapuntua, komunikazio kanal indartsuena dela uste baitugu, baina beste edozein aukeratarako prest gaude”.
Herri ekimeneko sareko proiektuak bidea egiten ari diren bitartean, internet eta sare sozialen mundu ezegonkorrera moldatu nahian dabiltza hedabide tradizionalak. Dena dela, Pituk eta Suberbiolak ez dute uste ohiko telebista edo egunkariei konpetentzia egiten dietenik. Ateak Irekin esaterako, edukiak elkartrukatzen dituzte beste hainbat hedabiderekin. “Elkarlana sustatzen saiatu gara, bai Nafarroa mailan eta baita Euskal Herri osoko komunikabideekin ere”. Horretarako, ezinbestekoa da zein albiste jorratu eta zein ez erabakitzea. “Iruñean edo Nafarroan zerbait gertatzen bada, lehenengoak izan behar dugu horren berri ematen, baina esaterako, ohar ofizial bat argitaratzen badute, ez da gure lana hori zabaltzea”.
Suberbiolak ere hedabideen arteko elkarlana eta osagarritasuna funtsezkoa dela deritzo, are gehiago baliabide murritzak dituzten hedabideen artean. Piztuko lantaldea arreta handiz ari da aztertzen dagokien lan esparrua zein den, ez baitute Irutxuloko Hitzak egiten duen lana errepikatu nahi. “Hutsuneak betetzea da gure eginkizuna”. Zentzu horretan, “Donostian indar asko duten zenbait hedabideren alternatiba” izan nahi lukete.
Oraindik eratze prozesuan den herri-hedabidea da Piztu. Duela urtebete sortu zen egitasmoa abiarazteko ideia, lau lagun komunikazioaren inguruan gogoetatzen ari zirela. “Komunikazio eremuan hutsune bat zegoela ikusi genuen, ez zela herritar guztien ahotsa eta iritzia hedabideetan islatzen”. Hala ere, proiektuak aurrera egin badu jende askok kezka hori bera duelako dela uste du Suberbiolak: “Gu ez bagina elkartu eta honekin hasi, beste batzuek ekingo zioten, ziur asko”. Martxoan bloga ireki zuten haien asmo eta ideiak sarean zabaltzeko xedez. Hilabete horretan bertan egin zuten lehenengo batzar irekian hamabost lagun elkartu ziren, eta geroztik, astero biltzen dira.
Hamabost horiez gain, noizbehinkako lanak egiteko prest dauden herritarren sarea ere osatu dute. “Jende asko gauza txikiak egiten, hori da gure erronka”. Erabakiak asteroko asanbladan hartzen dituzten arren, lantalde txikiagotan banatu dira, “gauza batzuk ezin baitira denon artean zehaztu”. Kideei dagokienez, gazteak dira gehienak, baina badira 40 urtetik gorakoak ere. Parte-hartzaile guztiek borondatez egiten dute lan, eta oraingoz ez dute inor soldatapean kontratatzeko asmorik.
Behin betiko webgunea garatu bitartean, blogean (itsasargia.wordpress.com) eta sare sozialetan plazaratzen dituzte sortutako edukiak. Ikus-entzunezko lanak egin dituzte nagusiki. Maiatzaren 30eko greba egunean Donostian gertatzen zenaren jarraipena egin zuen taldeak, eta “oso pozik” geratu ziren emaitzarekin. Horrez gain, Krisiaren argi-itzalak bideo-elkarrizketa sorta ari dira osatzen, non adin eta egoera anitzeko herritarrek krisi ekonomikoak haien bizitzan nola eragin duen azaltzen duten.
Urri amaierarako prest izan nahi duten webguneak ere, herritarren parte-hartzea izango du oinarri. “Sare handi bat osatu nahi dugu, herritar eta eragileekin. Iritzi atala blogen bidez osatuko da, eta nahi duenak berea sortu ahal izango du”. Haatik, ez da webgunea Piztun aurrera begira duten eginkizun edo erronka bakarra, urte bukaeran komunikazioaren inguruan gogoeta egiteko jardunaldiak antolatzeko asmoa dute.
Ateak Irekik 2011n hasi zuen bidea, baina aurretiko proiektu baten jarraipena da: Apurtu.org hedabidearena. Errepresioa mintzagai zuen albistari hau 2007an sortu zuten, eta orduan ere, ikus-entzunezko lanak zituzten oinarri. Pituren hitzetan, euskarriari dagokionez “aitzindariak izan ziren”, albistegi bat eta LiveStream bidezko telebista kanal bat jarri baitzuten martxan. Trabak ere izan zituzten ordea, eta ez nolanahikoak. 2011n webgunea itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, Askatasuna erakundearen komunikazio tresna zela argudiatuta. Lau kide atxilotu zituzten, eta epaiaren ostean, horietariko bat espetxeratu. Apurtu proiektua bertan behera geratu zen arren, kazetari eta herritar talde batek Ateak Ireki sortu zuen webgunearen itxieraren aurkako elkartasun ekimen gisa.
Pituk adierazi duenez, 2011tik hona “nahiko ezaguna bihurtu da webgunea”. Sanferminetan sortutako 12 ikus-entzunezkoek, esaterako, 400.000 ikustaldi izan zituzten guztira; Ateak Irekik argitaratu zuen, besteak beste, bizar banarekin mozorrotutako bi gaztek Iruñeko Sanferminetako txupinazoan ikurrina nola eskegi zuten erakusten duen bideoa. Norbaitek Nafarroan gertatu den zerbaiti buruz informazioa bildu nahi badu, haien webgunera jotzen duela dio Pituk. Halaber, gero eta e-mail gehiago jasotzen dituzte beste batzuek sortutako eduki eta albisteekin. “Garai batean borrokan aritzen ginen, jendeak edukiak bidal zitzan, orain ordea, gutxi batzuk baztertu ere egin behar izaten ditugu. egin behar izaten ditugu”
Lantaldeari dagokionez, bi lagun arduratzen dira webgunea egunero gaurkotzeaz, eta beste bostek bideogintza dute eginkizun. Webgunearen arduradunak dira eragileekin bilerak egin eta gainontzekoen lana koordinatzen dutenak. Hala ere, ez diote egitura erabakitzeari ordu askorik eskaintzen. “Maiz denbora gehiegi pasatzen dugu proiektu baten oinarriak finkatzen, ezer egin gabe. Gure kasuan, praktikak erakutsi digu zer garen eta gure bidea zein den”.
Ateak Ireki proiektuak bi lan eremu ditu, webgunea eta ikus-entzunezko ekoizpena. Bigarren alor horretan, hainbat talde eta mugimendurentzat ordaindutako lanak egiten dituzte. Diru horren bitartez “ozta-ozta bizirauteko adina” lortzen dute bi arduradunek, eta hala, webguneari behar duen denbora eskaintzeko aukera dute. Izan ere, egunean 10-14 orduz lanean aritu beharra dute sarri.
Bide beretik, Nork eraman ditu sosak Nafarroako ustelkeriari buruzko –CANeko ustelkeria tarteko– dokumental trilogiaren arrakastari esker, buruan dituzten ekimenak aurrera eramateko baliabideak erosi ahal izango dituztela dio Pituk. Haatik, diru-iturri finkorik ez dutenez, produkzio-etxe bat sortu eta hura egonkortzea da taldearen erronka nagusia. Aurrera begira, Nafarroa osora heltzen ahalegindu nahi dute: “Gu Iruñean bizi gara eta zailagoa da beste zonaldeetara iristea. Hori dela-eta, herritar sare zabalagoa osatu eta herri-mugimenduekin harreman estuagoa izan nahi dugu, interesgarria den informazio guztia plazaratu ahal izateko”.
"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]
Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.
EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.
Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]
Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.
Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik.
EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.
Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.
Aurtengo berritasuna da. Ahobizi eta belarriprest rolen artean aukeratzeaz gain, herritarrek Euskaraldia Hikan parte hartzeko aukera izango dute. Hitanoa erabiltzen ez den herrietan, toka eta noka, bien erabilera bultzatuko da, eta hitanoa bizirik dagoen herrietan nokaren... [+]
Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]
Behatokiak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024 txostena aurkeztu du. Herritarrek helarazitako gertakarien bilduma aztertuta, ondorioztatu dute 2024an egoerak ez duela hobera egin, eta gainera, kexak jaso dituzten hainbat entitateren eskutik urraketak iraunarazteko jarrera sumatu... [+]
Kutxa Banku Fundazioak adierazi du Kutxabankeko presidentearen adierazpenek ez dutela fundazioaren pentsamoldea islatzen, "Hizkuntza aniztasuna beti da aberastasun iturri, nekez izan daiteke oztopo", argudiatu dute.
Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]
Nafarroako biztanle gehienak (% 63) "euskara sustatzearen aldekoak edo oso aldekoak" dira, eta %17 baino ez daude aurka, Xabier Erizek eta Carlos Vilchesek Eusko Ikaskuntzaren eta Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako... [+]
Hizkuntzakeriatik edo glotofobiatik eta, zer esanik ez, euskararen aurkako gorrototik, askotan ikusi izan dugu gure euskara makila guztien zahagi bihurturik. Azkena, Anton Arriola Kutxabankeko presidentea ibili zaigu makilakari lanetan gure hizkuntzari astindu eta makilakada... [+]