Harrobiak erreferente nagusia galdu du

  • Fernando Alonso Formula1-eko pilotu espainiarrak Euskaltel-Euskadiren UCI World Tour lizentzia erosteko aurre-akordioa sinatu du. Abuztuaren 20an bere desagerpena ofizialki jakinarazi zuen taldea salbu dagoenik ezin esan daiteke, txirrindularitzari, oro har, mesede egin diezaiokeen arren.

1994. urtean sortu zen Euskadi taldea. 1998an Euskaltel-Euskadi izena hartu zuen, telekomunikazio konpainiaren babesletza medio. Euskal txirrindulari eta zaleek erreferentzia oso garrantzitsua galdu dute. Argazkian, Mikel Nieve.
1994. urtean sortu zen Euskadi taldea. 1998an Euskaltel-Euskadi izena hartu zuen, telekomunikazio konpainiaren babesletza medio. Euskal txirrindulari eta zaleek erreferentzia oso garrantzitsua galdu dute. Argazkian, Mikel Nieve.Euskadi Fundazioa

“Jarraipena, trantsizioa eta internazionalizazioa” dira proiektu berriaren ardatzak, Alonsok bere webgunean sareratutako komunikatuan dioenez: “Talde berriak errespetatu egingo ditu 2014 eta 2015erako Euskaltel-Euskadirekin akordioak loturik zeuzkaten txirrindularien kontratuak. Jarraipena ematea desio dugu, eta apurka-apurka handitzen joatea, tropeleko gizonik onenak fitxatuz, nazioarteko proiektu bateranzko trantsizio moderatua eginez. Epe ertain-luzerako helburua da mundu mailan erreferente izango den taldea osatzea”.

Alegia, 2015era arte bederen, Euskaltel-Euskadiren egiturak nolabaiteko jarraipena izango du, taldeari izen berria jarri eta egoitza nagusia Asturiasen izango duen arren. Igor Gonzalez de Galdeanok jarraituko du kirol zuzendari moduan, Samuel Sanchez izango da taldeko liderra –ezustean Alberto Contador fitxatzen ez badute, zurrumurru batzuek dioten moduan– eta aurten laranjaz jantzita ikusi ditugun beste hainbat ziklista ere Alonsok bultzatutako proiektuan izango dira, baita gainerako profesionalak ere: masajistak, mekanikariak… Epe motzera begiratuta, beraz, euskal txirrindularientzat albiste ona da, bai behintzat Euskaltelekin kontratua indarrean daukaten profesionalentzat.

Datorren urterako hamalau ziklistak daukate kontratua indarrean, Mikel Nievek, Igor Antonek, Gorka Izagirrek eta Mikel Landak tartean. Zenbaitzuk lortuak zituzten datorren denboraldirako aurre-akordioak beste ekipo batzuekin, eta ikusteke dago Fernando Alonsok babestutako proiektuan jarraituko duten ala ez. Anton baikor agertu da: “Hamalauok talde berri horretan egongo garela uste dut”.

2015etik aurrerako panorama, ordea, ilunago ageri da, “jarraipenaren” ondoren baitatoz “trantsizioa” lehenik eta “internazionalizazioa” ondoren. “Epe ertain-luzera-begira beste eredu batean oinarritutako taldea osatu nahi dute”, onartu du Gonzalez de Galdeanok berak. Ezinbestean, jada metamorfosi fasean murgilduta zegoen egitura –eta filosofia– errotik aldatzea eragingo du horrek.

Alonsoren esku-hartzeak ez du Euskaltel-Euskadiren proiektua salbatuko, ez behintzat ia gaur arte ulertu dugun moduan, nahiz eta txirrindularitzari, oho har, mesede egingo dion, Fernando Alonso “markak” merkatuan zor dezakeen interesagatik.

Filosofia baten amaiera

Bi hamarkada betetzera zioanean desagertu da Euskaltel-Euskadi. Instituzioek laguntzak kendu ostean –krisia aitzaki–, ez dute bigarren babesle pribaturik aurkitzerik izan.

Euskaltelek urtero 3,5 milioi euroko ekarpena egiten zion txirrindulari taldeari. Aurtengo denboraldian, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek laguntzak kendu ostean, telekomunikazio konpainiak 7 milioi euroko ekarpena egin behar izan du. “Proiektua ez zen bideragarria”, adierazi dute taldeko arduradunek.

Lau urterako plana sei hilabetean agortu da

“Taldearen kudeaketa ez da ona izan”, adierazi du Roberto Laisekak, 1994tik 2006ra bitartean Euskaltel-Euskadi taldean aritu zen ziklistak.

Euskaltelek txirrindulari atzerritarrak fitxatu ditu aurten, lau urterako UCI World Tour (UWT) lizentzia eskuratu ahal izateko. Laburrean azaltzeko: UWT mailan lehiatu ahal izateko, txirrindulariek lortutako emaitzen araberako gutxieneko puntu kopurua izan behar dute taldeek, eta puntu horiek atzerriko txirrindulariei esker lortu ditu Euskadik, fitxaketa berriek emaitza penagarria eman duten arren: Tarik Chaoufi marokoarrari kontratua eten diote egokitzapen faltagatik, Aleksandr Serebriakov errusiarrak positibo eman zuen EPOrekin, André Schulze alemaniarrak lasterketa bakarra amaitu du…

Aldiz, nahikoa punturik ez zuelako taldetik bota zuten Amets Txurruka oso txukun dabil Caja Rural taldean, eta horrek are lotsagarriago utzi ditu Euskaltel Euskadiko arduradunak –Ivan Velasco ere arrazoi beragatik kanporatu zuten–. Filosofia aldaketak ez dio batere mesederik egin taldeari. Han aritutako hainbat txirrindularik zuzendarien jarrera gogor kritikatu zuten, eta errepideak laranja kolorez zipriztindu dituzten zaleak geroz eta urrunago ditu. Gertatutakoaren pisu guztia egungo zuzendaritzaren bizkar gainean uztea, dena den, arinegi jokatzea litzateke agian.

Harrigarriena zera da: Taldeak lau urterako apustu sendoa egin zuela, eta proiektua sei hilabetean amaitu dela. “Taldeko arduradunek bazekiten instituzioek euren ekarpena kenduko zutela eta hala ere filosofia aldaketa eman zen”, kritikatu du Laisekak.

Biciciclismo webgunean aurkitu dugu azalpen gehiago: “2012an, guztia arrosa kolorekoa zenean, Euskaltelek taldearen kudeaketa Basque Cycling Pro Team sozietatearekin hartu –Miguel Madariaga buru duen Euskadi Fundazioaren lekuan– eta lau urterako proiektu estrategikoa aurkeztu zutenean, 36 milioi euroko aurrekontuaz hitz egin zen. Aldiz, pasa den martxorako jakina zen arrazoi ekonomikoak medio taldearen jarraipena arriskuan zegoela. Inork ez du egoera hau ulertzen, ezta Igor Gonzalez de Galdeano managerrak ere”.

Ez da zalantzarik Euskaltel-Euskadik hutsune handia lagako duela, bai tropelean, baita errepide bazterrean ere. Afizionatu mailako txirrindularitzak ez ditu garai gozoak bizi. Lasterketa ugari desagertu da eta beste zenbait arriskuan daude. Euskal Herriko ziklista gazteek aukera gutxiago izango dute orain goi mailara salto egiteko. Fernando Alonsok babestutako egitasmoaren inguruko galdera ugari daude oraindik erantzuteke. Espainiako Itzulia amaitzean ezagutuko dugu gauza gehiago.

Fernando Alonsoren esku-hartzea: Erreakzioak

Samuel Sanchez, Euskaltel-Euskadiko txirrindularia: “Fernando Alonsoren proiektuak pixkana itxura hartzea da garrantzitsuena. Positiboa da ziklismoarentzat, Euskaltelentzat bereziki. Oihartzun hain handiko pertsona bat txirrindularitzara heltzea ona da, kirol honen alde apustu egin dezaketen enpresa berriak erakarri ditzakeelako”. (El Diario Vasco, 2013-09-04)

Igor Anton, Euskaltel-Euskadiko txirrindularia: “Gu ere ezustean hartu gaitu albiste on honek; ez dakigu gauza askorik. Kontratua daukagun hamalau txirrindulariak eta beste langile batzuk talde berri horretan egongo garela uste dut. Hala espero dugu, behintzat”. (Berria, 2013-09-04)

Igor Gonzalez de Galdeano, Euskaltel-Euskadiko kirol-zuzendaria: “Argi dago guztia aldatuko dela, epe ertain-luzera beste eredu batean oinarritutako taldea osatu nahi dutelako. Eredu arrakastatsua eraiki nahi baduzu, Sky, BMC edo Astana bezala, ziklista oso onak fitxatu behar dituzu, eta azpiegitura, antolaketa eta proiektu sendoa izan”. (Biciciclismo.com, 2013-09-03)

Luis Garcia Abad, Fernando Alonsoren managerra: “Hazten lagunduko gaituen oro errespetatzen saiatuko gara. Helburu nagusia epe luzera taldearen biziraupena bermatzea da. Proiektuak errentagarria izan behar du hori lortzeko. Ez dut uste Formula1-eko babesleak txirrindularitzan sartuko direnik. Aparteko bi merkatu dira”. (Radio Euskadi, 2013-09-03)

Miguel Madariaga, Euskadi Fundazioko presidentea: “Albistea ez da ona euskal txirrindularitzarentzat, taldeko arduradun berriak komeni zaienarekin geratuko direlako apurka-apurka. Dena den, oso pozik nago hainbat ziklista eta laguntzaileren lanpostuak salbatu direlako. Talde berriak ez du orain arteko babesa jasoko Pirinioetan”. (ETB2, 2013-09-03)
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txirrindularitza
2024-10-14 | Leire Ibar
Ehunka txirrindulari mobilizatu dira harrobiko kirolarien lasterketak “normaltasunez” antolatzea eskatzeko

Araba eta Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan txirrindulari gazteen lasterketak antolatzeko “etengabeko oztopoak” jartzen dizkietela adierazi du Santi Osoro Gipuzkoako Federazioko zuzendari ohiak. Urriaren 13an Donostian egin zuten manifestazioa auziari irtenbidea ematea... [+]


Gorputz hotsak
“Lehen, itsuak etxean gorderik zituzten”

Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]


Arantxa Orbegozo 'Txitxi'
“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan... [+]


2023-10-26 | Jon Torner Zabala
Nola jan espazioa, espazioa jan duenari?

Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko... [+]


Espainiako Vueltan errepideak euskal ikurrez betetzeko deia egin dute astebururako

Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxa elkarteek ekimenak antolatu dituzte lasterketa Euskal Herritik igarotzen denerako. "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea" aldarrikatu eta "muga artifizialak" auzitan jarri nahi dituzte, besteak beste.


Bilbao ikurrinarekin zoriondu dute Tourrean: batzuk pozik, besteak hasarre

Pello Bilbao txirrindulari gernikarrak irabazi du astearteko Frantziako Tourreko lasterketa. Txapelketaren Twitter kontutik Espainiako bandera batekin zoriondu dute hasieran, baina bi minutu pasa ostean txio hori ezabatu eta ikurrina jarri diote. Pozez hartu dute batzuek, baina... [+]


Txirrindularitzarekiko zaletasuna turismoaren negozioa bultzatzeko baliatu nahi dutela salatu dute

Asteburuan Frantziako Tourraren 2023ko edizioa Bilbotik abiatuko da, eta lasterketak Euskal Herria zeharkatuko du lehenengo hiru etapetan. Ibilbidea Bilbon hasi eta, besteak beste, Gasteiz, Donostia eta Baiona hirietatik pasako da. Donostiako Bizilagunekin Plataformak Tourraren... [+]


Tourraren irabazleak eta... galtzaileak?

Frantziako Tourra hastera doan honetan, Bilbon hotelen prezioak izugarri garestitu dira eta luxuzko jatetxeetan tokirik ez dago aspaldi. Bizkitartean, ostalaritzako langileak greban dira, inflazioaren eta behin behinekotasunaren ondorioz galdutakoa berreskuratu nahian.


Frantziako Tourrean “ez garela ez frantsesak ez espainiarrak” erakustera dei egin dute EH Bilduk eta EH Baik

Lasterketaren lehen hiru etapak Euskal Herrian egingo dituztela baliatuz bi estatuetan banatutako herri bat dagoela erakutsi nahi dute alderdi politiko independentistek. Hendaian bildu dira bozeramaileak horren berri emateko.


Mila ertzain inguru manifestatu dira Gasteizen, eta esan dute ez dutela Tourra saboteatuko

Jaurlaritzaren arabera, jarrera "estu", "irrealista" eta "arduragabea" dute protestan ari diren ertzainek. Negoziazio mahaira itzultzeko eskatu zien ostiralean sailaren arduradun Josu Erkorekak, sindikatuak mahaitik altxatu eta gobernuari... [+]


2023-06-23 | Jon Torner Zabala
“Euskara ezinbestekoa Itzuli Handian”, Tourra Baionara heltzean euskarari leku egiteko hitzarmena

Bilbo, Gasteiz eta Donostia zeharkatu ostean, uztailaren 3an Baionara helduko da Frantziako Tourra. Lasterketak duen oihartzunaren jakitun, hitzarmena sinatu dute Baionako eta Tourraren antolatzaile Amaury Sport enpresako ordezkariek, "euskara balioan ezarri, hedatu eta... [+]


Frantziako Tourrean “murgiltzeko esperientzia”: tirolina erraldoia, “food-truck”-a eta herri kirolak

Ekainaren 29an egingo da Frantziako Tourreko taldeen aurkezpen ofiziala, Bilbon. "Fan Park" handia jarriko dute erakundeek.


Frantziako Tourrerako atera dituzten ikurrinek EITB, Kutxabank eta Eusko Jaurlaritzaren logoak dituzte

Ekainaren 15ean aurkeztu dute ekimena Inés Monguilot (Kutxabank) eta Luis Manuel Martínek (EITB). Guztira 60.000 ikurrin atera dituzte Frantziako Tourrean banatzeko, hiru erakundeen logoekin.


Eguneraketa berriak daude