2012ko irailaren 11ko manifestazio arrakastatsuaren ondoren, aurten Via Catalanak herrialdea aldenik alde gurutzatuko du; 400 kilometroko giza kate erraldoia izango da. Zenbait sektoretatik leloa malgutzeko eskatu diote Kataluniako Biltzar Nazionalari; honek adierazi du mobilizazioa anitza dela, baina bertan parte hartzen duen oro “independentistatzat zenbatua” izango dela. 2014ko data hurreratu ahala, anbiguotasunerako gero eta tarte gutxiago ari zaie geratzen alderdi politikoei.
Diadaren egunerako ekitaldi ikusgarria antolatu dute Kataluniako Biltzar Nazionalak (ANC) eta Òmniun Cultural elkarteak. Ebrotik Pirinioetara luzatuko den giza kate handia egingo dute milaka lagunek, Kataluniako Principat-eko 86 herri eta hiri lotuz. Jadanik 350.000 lagun daude inskribatuta bertan parte hartzeko eta katearen zati ia guztiak beteta daude. “Bide Katalana” deiturikoak 1989an Letonian, Estonian eta Lituanian egindako “Bide Baltikoa” du inspirazio iturri. Orduko hartan ia bi milioi lagunen artean hiru herrialdeak lotu zituzten SESBtik banantzea eskatzeko; hortik gutxira erori zen Berlingo harresia.
ANCk Kataluniaren independentzia lortzea du helburu 2011n sortu zenetik, eta giza katea egiteko leloak bat egiten du helburu horrekin: Via catalana cap a la independència (bide katalana independentziarantz). Aitzitik, leloa dela-eta eztabaida piztu da, PSC eta Unió alderdietako hainbat politikarik nahiago bailukete autodeterminazio eskubideari erreferentzia egingo liokeen lelo lausoago bat.
Carmen Forcadell ANCko lehendakariaren esanetan gaindituta dagoen eztabaida antzua da hori. Iazko Diadan erakunde horrek 1,5 milioi lagun bildu zituen martxa erraldoia antolatu zuen Bartzelonako kaleetan; Europan izan den manifestazio handienetako bat izan zen eta berezko estatu bat izateko katalanen eskaera mundu osora zabaldu zen. Manifestazio hark lortu zuen subiranotasunaren gaia alderdi politikoen agendara ekartzea. Artur Mas presidenteak hauteskundeak aurreratu zituen eta erabakitzeko eskubidearen aldekoek erraz irabazi zuten. CIU eta ERCk autodeterminazio erreferenduma 2014an egitea adostu zuten.
Aurtengo ekitaldiarekin, antolatzaileek harago joan nahi dute, erreferenduma itzulezina izatea nahi dute, independentzia lortzeko azken pauso moduan. ANCk bere azken biltzar nagusian deliberatu zuen erreferendumak 2014ko maiatzaren 31rako egina egon behar duela, eta zentzu horretan, Forcadellek Masi eskatu dio Diadaren biharamunean kontsultarako data eta galdera finkatu ditzala.
Denborak aurrera egin ahala anbiguotasunerako tartea estutuz doa, eta giza katearen leloak sortutako ika-mikak zenbaiten urduritasuna agerian utzi baino ez du egin. Ikusi beharko da Unióko politikari kontserbadoreenek bat egiten ote duten –Duran i Lleida azken unean azaldu zen iazko manifestaziora– eta PSCko katalanistek nola erantzuten duten. Sozialisten zuzendaritzaren jarrera giza katearen kontrakoa da, baina azken hilabeteetan ehunka militantek alderdia utzi dute ildo ofizialarekin kritiko direlako.
Bestalde, independentzia ezbairik gabe defendatzen duen CUP erakunde politikoan iritzi ugari daude, lurraldetasunaren aferak –ANCk Principateko lau lurraldeen independentzia du helburu, gainerako herrialde katalanak aparte utzirik– eta borroka soziala alboratuta geratzeko arriskuak sorturikoak. Testuinguru horretan, CUPek Bide Katalanean parte hartzeko deia egin duen arren, ezkerreko mugimenduek deituriko giza kate paraleloetan ere ezkertiar independentistak izango dira; besteak beste La Caixako eraikina eta Gironako Josep Trueta ospitalea inguratuko dituzte.
Katalanek murrizketa gogorrak jasan dituzte azken urteetan, bai osasungintzan eta baita zerbitzu sozialetan ere; berriki plazaratu den ikerketa baten arabera Katalunian 50.000 haurrek ez dute behar adina jaten. Bestalde, CIUren Gobernuak aurrekontuak luzatuko ditu ERCren laguntzarekin, Espainiako Gobernuak ezarritako defizit muga (%1,58) baxuegia delako; ondorioz, Generalitatak 2.500 milioi euroko murrizketak egingo ditu aurten. Iazko hauteskundeen ondoren ERCk hautatu behar izan zuen: CIUren murrizketak babestu ala independentziarako bide-orria arriskuan jarri. Lehenengoaren alde egin zuen, olatu independentista ez galtzeko, eta badirudi ez zaiola apustua gaizki aterako, hainbat inkesten arabera eserlekuak bikoiztu eta lehenengo indar bilakatuko litzateke Legebiltzarrean.
Artur Masen alderdia, Convergència Democràtica de Catalunya, bete betean ari da ekitaldiaren beroketa lanetan, baina presidenteak ez du giza katean parte hartuko. Dena den, ANCren ordezkaritza bati harrera egingo dio eta Generalitateko Batzorde Betearazleak kontseilari eta karguei baimena eman die pertsonalki giza katean parte hartzeko, “positiboki” baloratu baitu ekimena. Badirudi, iazko manifestazioa eta gero, politikariak ohartu direla Katalunian barne motor bat martxan jarri dela, gizarte zibilak osatzen duela makineria, eta alferrik saiatuko direla GPSko koordenadak aldatzen edo abiadura moteltzen. Generalitateko azken barometroak dio kataluniarren %55ak independentziaren alde bozkatuko lukeela balizko erreferendum batean, bi urtean 15 puntu igo da portzentaje hori.
ANCk 30.000 bazkide inguru ditu, Kataluniako gizarteko eragile eta jendartearentzat erreferentzia diren pertsona ugarik eman diote babesa. Erakundeak eskualdeka eta sektoreka du antolatuta bere egitura eta herriz herri lan itzela egiten du kanpaina bakoitzean. ANCko kide ugari CDCko eta ERCko koadroak dira, baina eremu politikotik haragoko jende asko ere biltzen du eta hori da bere indargune nagusia.
Bide Katalana jendez oso-osorik betetzeko, giza katea zatika banatu dute antolatzaileek. Eskualdeko eta herri bakoitzeko taldeak dira euren zatia dinamizatzeaz arduratzen direnak. Giza katearen %80 baino gehiago jadanik osatua dago, Ebro inguruko eta La Jonquerako lur basak dira oraindik guztiz ziur ez daudenak. ANCk herritarrei dei egin die zati horietan ere izena emateko.
Irailaren 11 gero eta hurbilago den neurrian, mobilizaziora deitzeko ekitaldiak ugaritzen ari dira. Giza kateak egin dituzte munduko hainbat txokotan: Tokion, Edimburgon, Sao Paulon, Los Angelesen… Guztira 90 hiritan antolatu dituzte halakoak. Euskal Herrian, Independentistak sareak ere giza kateak antolatu ditu hiriburuetan, hilaren 7an, eta Bilbon irailaren 11ko arratsean bertoko komunitate katalana beste giza kate bat egitekoa da, sare sozialetan zabaldu dutenez. Twitterren #viacatalana eta #femvia (egin dezagun bidea) hashtag-en bidez erabiltzaileak etengabe ari dira informazioa eskaintzen eta iritzia ematen. Bestalde, irailaren 8an Kataluniako 400 mendi gailurretan estelada jasotzeko ekimena ere abiarazi dute.
Inork ez du zalantzan jartzen Bide Katalanak arrakasta izango duela eta iazko Diadako manifestazioarekin gertatu moduan, Kataluniako independentismoaren indar erakustaldi paregabea izango dela. Mundu osotik joandako komunikabideek jasoko dituzte giza katearen irudiak eta berriak; antolatzaileek 20 abioneta alokatu dituzte mobilizazioa osotasunean grabatzeko.
Artur Masek ekitaldia aprobetxatuko du orain arteko bideari segi eta Katalunia nazio bat dela aldarrikatzeko. Baina hortik harago zer? 2013ko urtarrilean Kataluniako Parlamentuak subiranotasun adierazpena onartu zuen, Espainiako auzitegiek gerarazia. Bestalde, Generalitata neurri ugari hartzen ari da herrialdea “estatu egiturez hornitzeko”. Hala, ogasun katalana sortu du, ordezkaritza ugari ireki ditu nazioartean, Gabonetako loteria martxan jarri du, eta autodeterminazio erreferendumaren ostean sortuko liratekeen eszenatoki ezberdinak aztertzeko batzordea ere eratu du.
Uztailean Masek gutuna bidali zion Mariano Rajoy Espainiako presidenteari, 2014ko kontsulta adosteko eskatuz; uda amaieran erantzungo ziola adierazi zion Rajoyk telefonoz. Kataluniako Gobernua zain dago, beraz, ea Espainiaren erantzuna zein izango den, eta horren arabera emango ditu hurrengo pausoak.
Erreferendumaren aurrean Espainiak zer egingo ote duen hipotesi ugari zabaldu da: autogobernua bertan behera uztea da aukeretako bat, muturreko unionista eta militar zenbaitek armen bidezko esku hartzea iradoki dute, eta bada egoera Balkanekin parekatu duenik. Héctor Lopez Bofill idazle eta irakasleak Pensar el pitjor (okerrena pentsatu) artikulua idatzi du El Punt Avui-n, eta bere esanetan Aznarrek 2005ean “Espainiaren balkaniazioa” iragarri zuenean, ez zituen hitz hutsalak esan: “Herritarren borondatearen eta erregimen inposatzailearen arteko kontraesanak, indarkeria erabiltzera eramango du Espainia, historian hainbatetan gertatu diren hilketak errepikatzeko arriskuak Kataluniako erdi-mailako klaseak kikilduko dituelakoan”.
1989ko abuztuaren 23an, ehunka mila lagun Letonia, Lituania eta Estoniako errepide eta kaleetara irten ziren aldarrikapen sendo batekin: elkartasunean estatu independenteak izatea. Egun horretan 50 urte bete ziren sobietarrek naziekin akordioa sinatu zutela elkarren kontra ez egiteko; ondorioz SESBek Baltikoko hiru herrialdeak anexionatzeko ateak irekita geratu ziren, hortik urtebetera gertatu zen hori, 1940an, Bigarren Mundu Gerra hasi eta berehala.
50 urte geroago egoera oso bestelakoa zen. Perestroikaren ostean, Sobietar Batasuna desegiten ari zen zantzu garbiak zeuden eta herritarren protestak gero eta agerikoagoak ziren. Testuinguru horretan, Baltikoko herrialdeetako jendeek urteurren hura baliatu zuten ekimen ikusgarri bat burutzeko: errepublika horietako hiru hiriburuak (Tallin, Riga eta Vilnius) lotuko zituen giza kate erraldoia antolatu zuten, 600 kilometro baino gehiagokoa.
2013an katalanek egin moduan, Bide Baltikoan hutsunerik ez egoteko, katea zati ugaritan banatu zuten, autobusak antolatu zituzten leku urrunenetara, irratiz ere koordinatu zuten ekimena… Arratsaldeko 16:00etan elkarri eskuak eman eta inoiz egin den giza kate handiena osatu zuten 15 minutuz. Zenbait kalkuluren arabera 1,5 eta 2 milioi lagun artean bildu ziren giza katean. Hilabete batzuk geroago Berlingo harresia erori zen eta hortik gutxira Baltikoko errepublikek euren independentzia aldarrikatu zuten.
Egun, Lituanian, Estonian eta Letonian harrotasun osoz gogoratzen dute 1989ko ekimen hura, hainbat oroitarri jaso dituzte horretarako eta gertaera mugarritzat hartu izan da euren historian.
Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]
Zortzi hilabeteko erbestealdiaren ondoren, etxera eta Directa-ko erredakziora itzuli da Rodríguez (Gramanet del Besós, Bartzelona, 1974). Inork ezer espero gabe, uztailaren 8an, arratsalde bakarrean, erabat irauli zen bere eta beste hamaika inputaturen aurkako... [+]
Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik... [+]
Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]
Espainiako Gobernuak onartu berri duen Amnistia Legeak ez ditu zigortutako katalan guztiak bakean utziko. Batzuek erbestean segitzen dute, eta segituko dute, ea noiz arte. Baina beste batzuk berriki joan dira, ustez “gatazka” amaitzear zegoenean, alderdiak Amnistia... [+]
Espainiako Diputatuen Kongresuak esperotako Amnistia Legea onartu baino egun gutxi lehenago, Amnistia Legearen aplikaziotik kanpo geratuko diren Tsunami Democratic auziko bi inputatu elkarrizketatu ditu ARGIAk Suitzan, Genevan, erbestean baitaude.
Aurrerapena da ondorengo... [+]
Ezusterik gabe eta gehiengo osoz onartu dute Espainiako Kongresuan Amnistiaren Legea, txalo artean. Eztabaida laburra izan da, baina tirabiratsua, eta irainak ere entzun dira. 177 aldeko boto jaso ditu legeak eta 172 kontra.
Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.
La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]
Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]
Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.
Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]
Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.