Paisaien muga

  • Txileko familiaren bisita probestu eta antzinako bide bati ekin diogu. Lizarrusti Lizarra hiriarekin lotzen duena. Bidea aitzakia izan da. Zeltak, antzinaroko sinesteak, basolangileen bizimodua, elizaren pisua eta karlistadak izan ditugu hizpide sei orduko ibilbidean, berdetik horira, pagaditik olibadira eramanen gaituen ibilbidean.

Lizarrate ibarraren ikuspegia.
Lizarrate ibarraren ikuspegia.Sergio Casi Larrion

Ordu txarrean aitatu nion duela bi urte Txileko bestelehengusuari birraitatxi Leocadio Etxabarriren historia. Ekaizako lantegiaren inguruak ezagutzeko grinaz heldu da aurtengoan, eta ez dut beste erremediorik izan, Lizarren bidea egin behar dut berarekin. Egiaren aitortzeko bide erdia egiteko asmoa dugu, bide honek hasiera Lizarrustin, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan baitu, Ergoienako Lizarraga igaro eta portua pasa eta gero Lizarrateko ibarra zeharkatzen du, ibilbidearen helmuga Lizarra, karlisten hiri buruzagia. Esan bezala, bide erdia egiteko abiatu gara kotxez Leocadioren sorlekutik, Allingo Etxabarritik, osaba Jenarok NA-120 errepideko hogeigarren kilometroan utzi gaitu, bertan dira Zunbeltzeko benta izandakoaren hondarrak. Gogoan dut, Argiako Ihesi sail honetan Muskilda Tellabidek inguru hauek hartu zituela hizpide 2000an (1763. alea).

Goizeko 8:30ak dira, litro bana ur daramagu, baina bidean izanen dugu kantinplorak non bete. Goizak bero sapa iragartzen du. Osaba agurtu eta bideari ekin diogu, benta izandakoaren hondarrak igaro eta ezkerrera hartu dugu, ibilbidea aski ongi adierazia dago, txirrinduz ere egin daiteke. Dulantz dugu lehendabiziko jomuga, ia 400 metroko desnibela gainditu behar dugu, eguneko aldaparik pisuena daukagu aurrean.

Sakrifizioa, Lizarraten sartzeko ordaina

Dulantzera bidean, Lizarren bideaz dakidana berritu diot lehengusuari, antzinako ibilbidea omen da. Zenbait adituren ustez zelten bide bat izan zen, egiaren aitortzeko, Lizarrusti-Lizarraga-Lizarrate-Lizarra parajeek lerro zuzena osatzen dute, eta kondairak dioenez ibiltariek Lizarrateko ibarrean sartu aitzin sakrifizio bat egin behar zuten Lizarrara iritsi nahi bazuten.

Dulantz (1.243 m) mendi tontorrera heldu gara. Tontorra baino muino bat da, Urbasako punturik altuena. Erpin geodesiko honetatik egun garbietan oso eremu zabala ikusten da, amatxi zenak zioen gisara: “Pentsa, Gaztela ere ikus daiteke”. Hegora begira garelarik gure gibelean Beriain eta eskuinean harrizko pareta bat, Limitazioak mendia zedarritzen duena. Mendi mitikoa eta liskar ekarlea, baso-soilgune bat seinalatu diot lehengusuari: bertan zituen gure familiak txabola eta lantegia, han gazte denboran Leocadiok egunak ez, hilabeteak eman zituen bakardadean ikatza egiten. Mende bat eta erdi igaro da ordudanik.

Dulantzeko talaian erabaki bat hartu behar dugu. Bi baitira Lizarrara joateko ditugun aukerak. Eskuineko oihanbidetik Ekaitza-Kerezmendi-Larraitza-Ollarrate, ezkerretik joanez gero, Lizarrate-Irantzu-Ollarrate. Lehenbizikoa luzeagoa da, baina badu bere xarma, Ekaizako elurzuloak, Kerezmendiko harri liluragarriak, ikazkinen oroitarria, eta bisten elegantzia Etxabarriko haitzetatik. Azkenik ezkerrekoa hobetsi dugu, 9:30ak dira eta jada eguzkiak gogotik berotzen du. Ekaiza, Leocadioren sufrikarioen eremua bisitatzearena beste urte baterako utzi dugu. “Sakrifizioa egiteko prest” bota diot, txiletarrak ez dit entelegatu. Dulantzetik ezkerraldera abiatu gara, bost minutuz egindako bidea desegin dugu, Portandia dugu hurrengo helmuga, hortik aitzina beti hegorantz.

Portandia-Zanabe tumuluen eremuan gara, Lizarrate ibar txikiaren goiko aldean. Sakrifizio aldare-harria hasi gara aztertzen: harriak lau sakonune obalatu ditu, legendaren ariora sakonune horien funtzioa sakrifikatutako abereen odola biltzea zen. Mokadu bat hartu dugu, hori izan da egin dugun sakrifizio bakarra. Irantzura Lizarratetik barna daramagun oihanbidean hainbat ur putzu topatu ditugu. Horietako batean hamar minutu lehenago aurreratu gaituzten txirrindulariak bainu bat hartzen aurkitu ditugu. Euskaraz zuzendu natzaie, Urbasako Otsaportillon utzi dute autoa eta gelditu gabe aritu dira Lizarrateko putzuetara ailegatu arte. Bero sapa eguerdiaren atarian.

Irantzuko organo-jotzailea

Irantzun garagardo baten txirrinta kendu eta monasterioan sartu gara. Atarian kartel bat da, bisita antzeztuak iragartzen ditu abuztuko zenbait egunetarako. Jatorrizko tenplua erromanikoa da, Mendizabalen desamortizazioak (1835) ixtera behartu zuen, baina monjeek karlisten babespean 1839 arte bertan iraun zuten. Ehun urte geroago, 1942an, Bianako Printzea Erakundeak berreraikitze lanak hasi zituen. Egun ez dabil haizerik baina halere Iturralde y Suiten Irantzuko organista eroaren legenda berritu diot lehengusuari. Nonbait, Bergarako hitzarmenaren ondoren monjeek alde egin zuten, baina monje organo-jotzaileak ez zuen monasterioaren eskualdea abandonatu, ahal zuen guztietan Irantzura hurbiltzen zen, haizeak monasterioaren hondarrak zeharkatzean sorrarazten zituen doinuekin miserere bat konposatu zuen Irantzuko organista eroak. Iturralde y Suitek kontakizun honetan Nafarroaren dekadentzia eta liberalkeriak eragin hondamendia irudikatu zituen.

Egun legenda honen egi-antzak inguruko herrietan antzeman daitezke, monasterio zaharraren harri ez gutxi Abartzuza edota inguruko herrietako etxeak eraiki edota berreraikitzeko erabili baitziren. Harriak ez ezik bestelako objektuak eraman zituzten inguruko biztanleek, XIII. mendearen akaberarako ama birjinaren eskultura polikromatua XIX. mendeko erdialdean Etxabarriko elizan laketu baitzen.
Irantzu utzi eta berriz ere egindako bidea desegin behar izan dugu. Hiru minutuko kontua da, ezkerreko oihanbidea hartu dugu, eguneko bigarren aldapa: ez da aurrenekoa bezain pisua baina eguzkiak malkartsu bilakatzen du bidea. Gogotik eskertu dugu landatutako pinuek –astakeriak nonahi dira– eta bertako artadiak eskaini itzala. Ollarrateko lepoa da gure hurrengo xedea, Etxabarrin Bedaga toponimoa ibiltzen dugu mendi-lepo hori izendatzean. Bertan, Larraitzatik datorren bidearekin bat egin dugu, urruti geratu dira pago eta haritzak, artearen eremuan gara.
Ollarraten 1492an, Ameskoa, Etxabarri, Eraul, Irantzuko monasterioa eta Abartzuzako ordezkariak bildu ziren, eta Limitazioak mendiaren ustiatzea arautu zuten. Arauak aldaketak izan ditu mendeetan zehar, polemikoena 1903an: aski ongi bustitako afari baten ondoren adostutakoa da, baina hori beste historia bat da, hori bai, ameskoarra beti irabazle.

Karlista eta liberalen oihartzuna

Azantza haitza dugu gure eskuinean, aurrera segitu behar dugu Eraulgo herriko iturria amets. Halere ez dugu biderik zuzenena hartu, Lazkuako langara ailegatzeko Eraul eta Etxabarri herrien arteko muga-lerroa jarraitu dugu. Ibileran Atxagaren Sara izeneko gizona liburuko pasarte bat akordura ekartzea otu zait, 1834ko abuztuaren 19an Zumalakarregiren tropek Carandolet baroiaren ejertzitoa txikitu zuten gugandik aski hurbil den San Faustoko haitzetan, baina ez diot txiletarrari ezer esan nahi lehendabiziko karlistadaz.
Leocadioren sorterriari begira San Mameseko ermita seinalatu diot lehengusuari. Menturaz hor zen Leocadio 1873ko maiatzaren 5ean, aipatu dut nik, gazteegi erantzun dit txiletarrak. Bederatzi urte zituen lehengusuaren birraitatxiak Eraulgo bataila gertatu zenean. Orokietako porrotaren ondoren karlistek erdietsi zuten lehendabiziko garaipena izan zen Eraulgoa. Lokizko mendilerrotik gu garen tokira iritsi ziren Dorregarai, Valdespina, Lizarraga, Ollo, Radica eta beste, Joaquin Navarroren koronelaren giriengandik ihesean. Azkenik aurre egin zieten, non eta Etxabarriko lurretan, baina historiak Deierriko Eraul idatzi du kroniketan. Lehengusua piztu da batailaren egiazko gertalekuaren berri izatean, txiletarrak Etxabarri du abizena, guk jada bosgarrena dugu abizen hori. Etxabarrin 1864an sortutako Leocadio Etxabarrik 1894an utzi zuen Allin ibarra. Zer dela eta? Kontatu digutenez, ez zen oso ongi moldatzen bere aitarekin. Gerra ondorengo albo-kalteren bat? Eta hala balitz, nor zen liberala eta nor karlista?
Eraulen sartu gara, iturritik trago luzea hartu dugu. Iturrietako ura edan dugun guztietan, kalparraren historia berritzeko tentazioa izan dut, honetan amore eman dut, tradizioak dioenez gizonezkoen artean oso burusoil gutxi da Eraul eta Etxabarrin. Urak daraman karea ote? Lehengusuak farre egin du eta eguzkitara ateratzean dir-dir egin du bere kalpar urdinduak.

Eraulgo artea, gerraren lekuko

Abartzuzarako errepidea hartu dugu, bostehun metrora Eraulgo artea, zuhaitzaren sabel urratuari so geratu gara. Artearen gibelean Eraul eta Allin ibarra, ezkerrean Abartzuza eta Muru-Mendia. Bostehun urte omen dituen Eraulgo artea talaia ezin hobea zatekeen 1874ko uztailaren 27ko bataila ikusteko. Hartan ere gorriz tindatu ziren galsoroak, besteak beste Concha jeneral liberala hil zuten bataila hartan. Txillardegiren Putzu eleberria ekarri dut hizpidera, nik dakidala ez dute gaztelaniara bihurtu. Osaba Jenaro euskara ari da ikasten Txilen, menturaz inoiz ezer konta diezaioke semea duen nire lehengusuari. Errepublika karliberal baten aldekoa nintzela esan nuen Joseba Tapiaren Eta tira eta tunba (2010) lanaren karietara, garbi dut, lehengusuari diska oparitu behar diot.
Azken arteek bidea zedarritzen dute. Ekiloreak eta garigaiak inguruko soroetan, olibondoren bat ere ageri da Lizarrara bidean. Ez dira ikusi ditugun lehenengoak, Ollarraten eta Lazkuako langan ginela Etxabarriri begira olibadi bat ikusi dugu, zuzen harturik bi kilometroko tartea da olibadi horretatik haitzetan ikusten diren lehenbiziko pagoetaraino.
Bearingo dermioan sartu gara baina ez dugu herri kaskoa zapaldu. Lizarrako ospitalea dugu aurrez aurre, sei ordu eman ditugu oinez, eskerrak ez zaigun urik falta bidean. Osaba Jenaro Lizarrako zezen-plazaren ondoko tabernan dugu zain. Txangoa berritu diogu, gaur ez gara Karlisten hiri buruzagian sartuko, paisaien mugara nahi dugu itzuli.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroa
Iruñeko Paris 365 jantokia
Familia bat, aurrera egiten jarraitzeko

Bazterkeria egoeran dauden pertsonen elikadura beharrei erantzuteko, Paris 365 jantoki solidarioa martxan jarri zuten Iruñean, 2009an. Ordutik, euro baten truke egunero hiru otordu bero ematen dituzte. Urtarrilaren 27an iragarri zuten aurrez aurreko afariak emateari... [+]


“Benetan horrek egin nau komiko: emanaldia gaizki doanean ere gozatzen jakiteak”

Iruñea ez da oso handia, baina Beñat Iturbek elkarrizketarako lekua hautatu duen arte ez dut jakin institutu berean ikasi genuela. Madril eta Iruñea artean bizi da, han hemen baino gehiago, oraingoz. Etxera egin duen bisita bat probestu dut harekin... [+]


2025-04-15 | Bertsozale.eus
Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du 2025eko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

Irurtzunen jokatu da Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 39. edizioa. Sei bertsolari gaztek hartu dute parte txapelketan, eta horietatik, Arantzako Kattin Madariagak jantzi du txapela. Txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga izan da. Biak izanen dira Nafarroako ordezkari... [+]


Zentsura mozioa onartuta, UPNk Noain-Elortzibarreko alkatetza galdu du

AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta... [+]


‘Oztopoen gainetik askatasunera’: Ernaik manifestaziora deitu du apirilaren 17an

Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia... [+]


Maiatzaren 10ean Sorionekuak ekimenak zubi eta ate zeharkatuko ditu euskara nafar guztiona dela aldarrikatzeko

Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.


Ingeles ordu gehiagorik ez dute nahi

Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]


Ernairen ekitaldia zelatatuko du Auzitegi Nazionalak

UPNk jarritako salaketa bati erantzunez hartu du erabakia auzitegiak. Apirilaren 17an gazte topagunearen baitan Berriozarren antolatutako "Kurdistan eta Euskal Herriko preso politikoen" aldeko ekitaldia da UPNk bertan behera utzi nahi izan duena "terrorismoaren... [+]


Hasier Larretxea
“Beharrik gauzak garbi nituela, eta ttiki-ttikitatik garbi jakin nuela zer nahi nuen, zerk erakartzen ninduen”

Larretxeatarren oinordea da, aizkolari, harri-jasotzaile, txinga-eramale eta, oro har, herri-kirolari handien ondokoa. Patxi du aita; Donato, berriz, osaba. Hasier Larretxea, aldiz, da gizarte langile, da idazle, da homosexual. Harro beharko genuke denok.

 


2025-04-07 | Ahotsa.info
Hego Euskal Herriko langile eta pentsiodunak kalera atera dira bizi baldintza duinak bermatuko dituzten gutxieneko soldata eta pentsioak eskatzeko

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek babestutako manifestazioak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izan dira. Bertan, Euskadiko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete zerga eta aurrekontu... [+]


Lokizaldeako Euskararen Eguna
“Euskara gero eta gehiago entzuten da eskualdean, bereziki gazteen artean”

Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.


2025-04-04 | ARGIA
Langile bat hil da Agoitzen obra batetik jausita

Ezbeharra ostegunean gertatu da eta SOS Nafarroak 16:00 orduak jotzear zirela jaso du haren berri. Medikua, anbulantzia et Foruzaingoa bertarako dira, baina ezin izan dute gizona suspertu eta bertan hil da.


2025-04-03 | Gedar
Israel Premier Tech talde sionista Lizarrako txirrindularitza-lasterketa batetik kanporatzea lortu dute

Palestinarekin Elkartasuna plataformaren ekimenez, txirrindularitzarekin lotura duten 70 bat pertsonak eskatu dute talde sionistak ez dezala txapelketan parte hartu, eta lortu dute.


Resako aztarnategia Andosillan
Ebroko muga zaharraren lorratzetan

Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]


Eguneraketa berriak daude