"Inoiz baino haserreago nago"

  • Egiptoko Emakumeen Sindikatuko bilera baten ostean hartu gaitu Nawal Al Saadawi (Kafr Tahl, Egipto, 1931) psikiatra eta feminista ospetsuak. Borrokez jositako bizitzaren errepaso honetan, gizarteko kide ahulenen begietatik egin du so, beste behin, Saadawik. Haatik, errealitateak ez du itzali bere begien dirdira.

"Feminista izatea da askatasunaren alde borrokatzea".Hamada Elrasam
Emakume arabiarren askapen mugimenduen aitzindaria zara. Zure belaunaldiko emakume gehienek ez zuten sistemaren kontra egin, zergatik altxatu zinen zu?

Herrixka txiki batean jaio nintzen, familia handi batean. Bederatzi seme-alaba ginen, sei alaba eta hiru seme. Txiki-txikitatik jabetu nintzen klase banaketak, erlijioak eta sexuak eragindako zapalkuntzaz. 6 urterekin ablazioa egin zidaten eta oso ondo gogoratzen dut “Jainkoaren aginduz” gizonezkoak emakumeen gainetik zeudela esan zidaten lehen eguna. Bestalde, 10 urterekin ezkondu egin nahi izan ninduten, eta orduan finkatu zen nire kontzientzia feministaren oinarria. Une hartan konturatu nintzen nire bizitzaren jabe ez izateko arriskua nuela eta gogor egin nuen erabakiaren aurka. Ezkontza atzeratu arte jateari utziko niola esan nien gurasoei, eta ama nire alde jarri zen. Azkenean, baita aita ere. Zorte handia izan nuen gurasoekin. Garaipen txiki horrek bidea ireki zien ondoren hasitako hamaika borrokei. Nire ahizpek haien patua onartu zuten, nik aldiz ez.

Zer ekarri zuen apurketa horrek?

50eko hamarkadaren hasieran Kairora etorri nintzen ikasketak jarraitzera. Hemen medikuntza ikasi nuen, eta hein handi batean, nire egoera bertsuan zeuden emakume asko ezagutu nituen. Militantzia eta formakuntza eskutik emanda joan ziren, eta hainbat talde feministetan parte hartzen hasi nintzen. Unibertsitatea amaitu bezain laster, Egiptoko Osasun Publikoko saileko zuzendari izendatu ninduten. Klase zein genero zapalkuntzak emakumeen osasunean zuen eragina aztertzen hasi nintzen orduan.  

Eta Firdaus-ekin egin zenuen topo...

Nire bizitzan bada inflexio puntu bat, Firdaus ezagutzeak eragin zuena. 1972an, Osasun Publikoko sailetik bota ninduten, Emakumeak eta Sexua liburua idatzi ondotik. Egiptoko emakume presoek pairatzen zituzten neurosiak aztertzen hasi nintzen, eta Qanatir kartzelan zegoen Firdaus izeneko emakume batez hitz egin zidaten. Gizon bat akabatzeagatik heriotza zigorrera kondenatua zegoen, eta egoera horretara iristeko zer gertatu zen bere ahotik jakin nahi izan nuen. Firdaus berehala hil zuten, baina haren egia Woman at Point Zero liburuan islatu nuen, nire belaunaldiko emakumeen erradiografia gordina bezain egiazkoa. Askotan esan ohi dudan legez, haserre baten kronika da Women at Point Zero.

Paradoxikoki, 1981ean berriz ere itzuli nintzen kartzela hartara, baina preso bezala. Anwar el-Sadat presidentearen kontra egindako kanpainen ondorioz espetxeratu ninduten. Hiru hilabetez bakarrik izan nintzen Qanatirren, Sadat erail ostean nire aurkako karguak kendu baitzituzten.

Zure gazte garaitik gaur egun arte, handitu ala murriztu egin dira Egiptoko emakumeek lortutako eskubideak?

Emakumeen egoerak hobera egin du kasu askotan. Nire alaba, adibidez, ni baino askeagoa da. Hiru aldiz ezkondu eta banandu naiz ni; hark ez du ezkondu nahi izan. Bi seme-alaba ditu nik; hura berriz, haurrak nahi dituen ala ez erabakitzeko jabe da. Nik AEBetara alde egin behar izan nuen hogei urtez, islamistek haien zerrenda beltzean jarri nindutelako; alabak berriz, nik bezala militatzen du eta ez du hanka egiteko beharrik izan. Aske izateko prozesua oso traumatikoa izan da gure belaunaldiarentzat, odola eta malkoak isuri behar izan ditugu, eta ondorengoek etekina atera diote gure borrokari.

Nolanahi ere, ikuspuntu politiko eta ekonomikotik atzera egin dugula irizten diot. Kolonialismo ekonomikoaren eta fundamentalismo erlijiosoaren ondorioz, eredu kapitalista gogortu egin da. Egiptoren kasuan, emakumeak, umeak eta pobreak inolako babesik gabe daude. Eredu patriarkala esparru guztietan errotuta dago eta ondorio fisiko zein psikologiko tamalgarriak ditu emakumeengan.

Emakumeen ebaketa genitala, adibidez, ez da lortu ezabatzea.

Gai horretan ez dugu aurrera egin. Oraindik ere emakume egiptoarren %90ek baino gehiagok pairatzen dute. Ablazioa debekatzen duen legea onartu zen, baina ez da jaitsi praktika jasaten duten emakumeen kopurua. Arazoa da gobernuak ez duela gaia serioski hartzen. Egiptoko irudia garbitzeko estrategia baino ez zen izan legea, baina ablazioa errotuegi dago gure gizartean. Gaur egun ere zentsura pairatzen dut Egiptoko telebistetan, gaiari buruz hitz egin nahi dudanean.

Edonola ere, lortu ditugu garaipen txikiak. Orain arte amaren abizena jartzea legez kanpokoa zen Egipton, beraz, aitarik gabeko haurrak ez ziren legitimoak. Bortxaketen ondorioz jaiotako umeek edo senarrik gabeko familiek ez zuten hiritartasun ziurtagiririk. Hamarkadetako borroka luzearen ostean, legea aldatzea lortu dugu eta senarrik ez duten emakumeei aitortu zaie seme-alabei haien abizena jartzea.

Zer da zuretzat feminista izatea?

Egia esan, nik ez dut feminismo terminoa erabiltzen. Egiptoarra naiz eta nire ama hizkuntza arabiera da. Feminismoa ingelesezko erreferentea da, beraz, nahiago dut Tahrir al-Mar’a (emakumeen askapena) esan. Eta emakumeen askapena, nire ustez, ezin da banandu herrialde edo gizarte baten askapen mugimendutik. Feminista izatea da askatasunaren alde borrokatzea, emakumeak, gizonak, pobreak, etorkinak, haurrak... Denak izan gaitezen eskubideetan parekoak. Baina guztion adimena askatu ahal izateko, gure herria ere atzerriko kolonialismotik eta inbasio islamikotik libratu behar dugu.

Emakume askorentzat erreferentzia dira zure liburuak. Zalantzarik gabe, feminismo arabiarra Mendebaldeko korronteekin erkatu duzu. Zer iritzi duzu Mendebaldeko feminismoari buruz?

Niretzat ez da inoiz erreferente bat izan. Are gehiago, oso kritikoa izan naiz harekin. Nire ustez, AEBetako eta Europako feminista gehienek patriarkalismoari buruz baino ez dute hitz egiten. Ez dute kapitalismoa edo klase zapalkuntza kritikatzen. Baina zer da kapitalismoa, patriarkalismo ekonomikoa ez bada? Arazoa da feminista gehienak kapitalista hutsak direla. Hogei urtez irakaslea izan nintzen AEBetan, eta izugarrizko eztabaidak izan nituen adiskideekin. Germaine Greerek, adibidez, beloa eta ablazioa onartu zituen Egipton, emakume egiptoarren benetako nortasuna zela argudiatuz. Hori al da Mendebaldeko feminismoak guri eskaintzeko daukana?

Erlatibismo kulturalaren arriskuak, alegia...

Hala da. Askotan galdetzen didate hijab edo beloa daraman emakumea feminista izan al daitekeen. Nik zera erantzuten diet: biluzik doan emakumea feminista da ezinbestean? Nire ustez, gorputza estaltzea edo biluztea txanpon bereko bi aldeak dira. Emakume bat biluzik egoteak ez du esan nahi askea denik. Kontua da, zergatik ezkutatu edo erakutsi behar dugu gure gorputza ezer aldarrikatzeko? Bi kasuetan haragi zati hutsa balitz bezala jokatzen dugu.

Burua estaltzearen aurkakoa naiz, baina baita biluztasuna askatasunaren sinbolotzat jotzearen kontrakoa ere. Halere, emakume erlijioso bat burua estalita ikusten badut eta feminista dela esaten badit, aurka egingo diot. Izan ere, nola sinetsi daiteke jainko zapaltzaile batengan? Hamarkada luzez aztertu ditut Judaismoa, Islama eta Kristautasuna, munduko hiru erlijio monoteista nagusienak, eta zoritxarrez, emakumeak zapalduta mantentzeko interesa dute hirurek.

Hain zuzen, Antzinako Egipton jainkosek zuten garrantzia nabarmendu ohi duzu. Zibilizazio hura ez al zen patriarkala?

Nik beti defendatu dut ezetz. Antzinako Egipton Noot izeneko jainkosa geneukan, zeruko jainkosa. Bere senarra, Geep, lurreko jainkoa zen. Baina esklabotza sistemaren sorrerarekin, senarra zeruko jainko bilakatu zen eta emaztea, berriz, lurrekoa. Haragizkoa egin zuten Noot orduan. Denborarekin, bere izaera jainkotiarra galdu zuen emakumeak eta deabruaren sinbolo bilakatu zen. Matriarkalismotik patriarkalismoara emandako bira da hori. Erlijio monoteistak horren ondorio dira, eta sorreratik bekatutzat jo dute ezaguera.

Borroka feminista eta politikoa bat egin dituzu betidanik. Nola ikusten duzu Egiptoren egungo egoera?

Memoria daukadanetik borrokatu dut herrialde aske eta justu baten alde, eta nekatuta nagoela ez dut ukatuko. Baina aldi berean inoiz baino haserreago ere banago. Duela bi urte askatasunaren alde kalera atera ginen milioika egiptoar, eta zein izan zen ondorioa? Diktadura batetik Anaia Musulmanek gidatutako erregimen islamista batera pasa ginen. Orain, trantsizio demokratikoa berriz ere hasteko aukera daukagu. Inoiz baino arrazoi gehiago ditut askatasunaren eta estatu laiko baten alde borrokatzen jarraitzeko. Haatik, erradikalegia naizela entzun behar dut hedabideen partetik. Sentitzen dut, baina ez naiz kazetariez, irakasleez eta medikuez fio.

Zu psikiatra zara, ordea.

Bizitzaren kontradikzioak! Medikua naiz, baina ez dut inoiz nire profesioa gustuko izan. Medikuntzari buruz dakidana ez dit unibertsitateak eman, bizitzak berak baizik. Gaur egungo hezkuntza sistemak ezagutzaren zatiketa besterik ez du ekarri. Sormen naturala deuseztatzen du. Gizakiak eskubidez behar ditu jatekoa, sexua eta kultura askea. Egipton horietako bakoitza izateko borrokatzen dihardugu oraindik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Uma Ulazia
“Zaintzak konnotazio negatiboa izan behar du eta gatazka politikoa sortu”

“Heterosexualitatea da klase antagonikoarekin kolaborazionismoa, hau da, gizonen klasearekin”. Uma Ulaziak Euskal Herriko greba feministak, diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik (Lisipe, 2024) argitaratu berri du. Euskal Herrian egin ziren bi greba... [+]


Instagrameko ‘Denuncias Euskal Herria’ kontuak sexu erasoen ia 500 testigantza jaso ditu azarotik

Indarkeria matxistari buruzko testigantzak jasotzeko Instagram kontua 2024ko azaroan jarri zuen abian emakume talde anonimo batek. Espainiako Estatuan Cristina Fallarás kazetariak abiatutako #Cuentalo egitasmoan oinarritu dira. Emakumeek, testigantza anonimoen bidez,... [+]


2025-01-13 | ARGIA
Gernikako entrenatzaile ohiaren aurkako epaiketa asteartean hasiko da

Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Mario López saskibaloi entrenatzaile ohiarentzat. Akusazio partikularrak hemezortzi urtekoa eskatu du. Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegi aurrean. Lópezi 1998 eta 2001 artean... [+]


Kultur transmisioa feminismotik zikloa izanen dute asteburuan Beran

Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).


Eraikiz kolektiboa: “Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.

 


Lore Lujanbio
“Zaintza lanak ez dira jarduera zehatz bat; produkzio-erlazio patriarkalek ekoizten dituzte”

Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


2024-12-20 | June Fernández
Saioa Baleztena eta Nel Santacruz
“Frustrazioa eragin dezake bularra ematearen onurak azpimarratzen dituen diskurtsoak”

Askotariko edoskitze ereduak ikusarazten ditu Todas las lactancias (Txalaparta) liburuak. Erakundeek bularra ematea gomendatzen dute, baina ez dituzte nahikoa baliabide eskaintzen eskubide hori bermatzeko. Ondorioz, edoskitzea nahi dutenek zein biberoia ematea  erabakitzen... [+]


Atzerritartasun legearen erreforma, Regularización Ya taldearen borroka alboratzen duen sasi-konponbidea

Fernanda Callejasek, Tatiana Romerok, Leo Bueriberik eta Vanessa Uyiguosak parte hartu dute Pikara Magazinek antolatutako "Emakume migratuen lana eta egoera ekonomikoa" eztabaida-mahaian.


Bortxaketaren kultura epaitzeko plaza bihurtu dute Mazango auzia

Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]


Emakume zientzialariek esperientzia okerragoa dute komunikabideetan eta sare sozialetan

Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]


2024-12-11 | Julene Flamarique
Lezoko eraso matxista salatu eta ekintza zuzena aldarrikatu du mugimendu feministak

Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.


Eguneraketa berriak daude