Ezki lorea

Ezki hostotxikia, Tilia cordata.
Ezki hostotxikia, Tilia cordata.Wausberg-CC By SA

Matricaria chamomilla, larranbiloa etxeero da. Izango zen. Orain ere denetan balitz hobe bai. Noiz edo noiz urdaila baretu beharra izango da. Euskaldunon botikinean ezaguna behintzat bada, eta gure imaginariotik ez dugu erabat erauzi.

Botika kutxa horretan larranbiloak lagun ugari du: pasmo-belarra (Anagallis arvensis), berbena (Verbena officinalis), belar bedeinkatua (Valeriana officinalis)... Landarearen izen zientifikoan azaltzen den officinalis horrek adierazten du dendetan, batez ere botiketan, eskuratu daitekeela, hau da, sendabelarra dela.

Larranbiloa bezala, belar bedeinkatua ere infusioan hartzen da gehienean. Baita ezki lorea ere, Tilia sp. Bi dira, gurean, ezki ezagunenak: ezki hostozabala, Tilia platyphyllos, eta ezki hostotxikia, Tilia cordata. Bien lorea erabili izan da egoskin, baina lehenarenak jasotzen ditu lore eta ele ederrenak.

Etxe inguruetan landatzen zen, baina baita herri lurretan ere. Lore ederrenak ematen zituzten zuhaitzen adaxkak hartu eta landatzen ziren. Herri lurretan egonagatik landatzen zituenarenak ziren landareak, eta belaunez belaun igarotzen zen jabetza. Mila urtetik gora ere bizi daiteke ezkia, eta luze bizitzen dela adierazteko, Asturiesen honela diote: “La teya crece durante cien años, vive cien años y tarda cien años en morir”. (Ezkia ehun urtez hazi, ehun urtez bizi eta ehun urtez hiltzen da). Uda hasieran loratzen dira, hostozabala lehenxeago. Orain azoketan oso noizbehinka ikusten bada ere, garai batean baserritarrek kalera eramaten zuten mozkinetako bat zen.

Sasoi hartan makina bat jende ibiltzen zen ezkietara igota adarrak inausten. Gero, etxera ekarri eta egurra sutarako izaten zen, hostoa haziendaren bazkatarako eta lorea lehortzera jartzen zen airea berritzen den toki ilun batean zabal-zabal eginda. Erdipurdiko egurra du, lehen harientzat txirrikak eta jostailuak egiteko baliatzen zen, baina bere ikatzak bazuen erabilera jakin bat: ehizarako bolboratarako.
Egun hauetako bero handiekin loreak harro daude polena heda eta heda. Udako usain lodiak aire sapan. Ezkiarena limoi edo jasmin tankerakoa, gaztainondoarena (Castanea sativa) min edo garratz punttuarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ezkia
Irungo bizilagunen borrokak fruituak eman ditu: Udalak ez ditu zuhaitzak moztuko

Iazko haize bortitzen ondorioz Irungo Artia auzoan hiru zuhaitz erori zirela-eta, kale horretako beste 47 ezki moztu nahi zituen Udalak, baina bestelako alternatiben alde hilabeteak borrokan daramate bizilagunek, eta Udalak azkenean iragarri du ez dituela zuhaitzak moztuko.


Irungo Udalak ez ditzan 47 zuhaitz moztu, borrokan jarraitzen dute bizilagunek

Iazko haize bortitzen ondorioz Irungo Artia auzoan hiru zuhaitz erori zirela-eta, kale horretako beste 47 ezki moztu nahi ditu Udalak, baina erabakia “guztiz desorekatua” dela eta alternatibak badirela sinetsita daude bizilagunak. “Zuhaitz hauek sasoi onean... [+]


2018-07-19 | Jakoba Errekondo
Lasaigarri

Lehen pasean soilik ikusten genituen, baina egun bizikide gero eta ugariagoak ditugun uso-tortoilen urruka eta urruma artean ari naiz. Belarrietako jolasa ezkien (Tilia spp.) azken loreen usainak janzten du. Ekaitzean, trumoi artean. Urtea gainbehera abiatu den seinale, eguna... [+]


Eguneraketa berriak daude