"Interneten gure motorra erredakzioa da, ez zuzendaritza"

  • Irailetik aurrera Argiako zuzendari izango da Estitxu Eizagirre Kerejeta (Hernani, 1979). 20 urterekin lotu zitzaion hedabide honi eta bertan hezi izan da kazetari gisa. Azken urteetan astekariko erredakzio-buru lanetan aritu da. Talde lana, kazetaritza independentea, eta Internetek dakartzan erronkei aurre egiteko konfiantza ditu aipagai.

"Gure egituran kazetariak dira Internet bultzatzen ari direnak. Gure ilusioa eta helburua da euskarazko kazetaritza puntakoak diren molde berri horietan jartzea".Dani Blanco

Xabier Letonari hartuko diozu lekukoa. Nola baloratzen duzu berak egindako lana?

Bere "Tira millas” esaldia filosofia bihurtu da gurean. Beti zuzendu izan du konfiantza tarte horrekin. Bere oharrak jasoko dituzu, “hemen kontuz edo hartu beste hau kontuan”, baina konfiantza hori ematen dizu gauzak zure modura egiteko.
Nik uste entrenatzaile bat izan dela, gaurko taldea osatu duena. Erredakzioan jende batek lana utzi zuen eta beste batzuk lotu behar izan zituen, funtzioak definitu, Internet ere hazten joan da... Lan antolaketa hori guztia berak egin du.

Perspektiba ere landu izan du, zer datorren, zein diren joerak, zer leku bete dezakegun euskal prentsan. Horren ondorioz, atal batzuk berak jarri zituen martxan, “Deabruaren Abokatua” esaterako. Edo bidaiei lotutako proiektuak, Karlos Zurutuzarenak, Amets Arzallusek eta Txomin Txuekak Evo Morales elkarrizketatu zutenekoa, edo Lander Arbelaitz Hegoafrikara joan zenekoa. Interneteko bideogintza bultzatzea ere tokatu zaio. Ikusi orain dela 12 urte zer zen Argia eta gaur egun zer den, bada hor entrenadore bat egon da.
Hekimenen eraketan ere oso parte hartze aktiboa izan du, berak bideratu du Argia barruan gaia, ikuspegia eta diskurtsoa, eta gainerako hedabideekin harremanak landu ditu.

Urte asko daramatzazu Argian, nola gogoratzen duzu bertan lanean hasi zinen garaia?

Kazetaritza fakultatean geundenean hitzaldi bat eman zuten euskarazko prentsari buruz Martxelo Otamendik, Pello Zubiriak, Iñaki Irazabalbeitia... Joan ginen entzutera eta Pellok esan zidan, “Zu hernaniarra zara ezta? Zer ari zera hemen denbora galtzen?” Hau ikasten ari naiz... “Etorri Argiara eta hitz egingo dugu”. Horrelaxe lur hartu nuen Argian.

Ixiar ahizpa eta biok hasi berriak ginela apustua egin zuen Pellok, gaur egun oraindik mantentzen den “Pertsonaia” abiaraziz. Pellok gu trebatzen lan handia egin zuen, elkarrizketak prestatzen laguntzen zigun, idatzitakoa zuzendu... haren lezioak ez zaizkit ahaztuko. Horrekin irabazi genuen Rikardo Arregi saria 2003an.

Ibilbide horretan ikasitakotik zer nabarmenduko zenuke?

Enpresa honetatik nabarmenduko nuke pertsonengan oinarritutako proiektua dela, zentzu osoenean, eta norberak bere proiektuak lantzeko aukera ematen duela. Adibidez bertsolaritzari buruzko bloga ireki nuen (Gari Alea) 2003an, eta hasieratik eman zitzaion oniritzia. Edo gero Hitzetik Hultzera programa egin genuen 2009ko Txapelketarako. Norberak proiektu propio bat badu, gai batean zerbait egiteko interesa eta nahia, hemen aukera ematen zaio, errekurtsoak jartzen dira eta apustu egiten da. Hori bizi izan dut Argian.

Eta horri lotuta, askatasuna handia dagoela norberak bere lana antolatzeko eta erabakitzeko. Lantzen ditugun gai ia denak guk hautatutakoak dira, gure jakin-minetik abiatuta. Halabeharrez egin beharrekoak bakanak izaten dira eta banatu egiten dira. Prozesu osoan norberak erabakimen handia du: gaia nola landuko duen, maketazioa, Interneten nola jarraitu... hein handi batean norberaren esku dago.

Zuzendari karguan aritzeko ikuskera ezberdinak izan ohi dira, zein izango da zure lan moldea?

Taldean egiten dugu lan, gai denak taldean hitz egiten dira eta erabakiak hartu ere bai. Asmatu denok asmatzen dugu eta hanka sartu denok sartzen dugu, gero niri tokatuko zait aurpegia ematea eta horretarako prest nago. Talde lana, hori da gure indar gunea.
Ni oso babestuta sentitzen naiz. Gainera balio handia da erreleboa eman izan dutenek taldean jarraitzea, izan ere zuzendari izandako hiru kide ditugu: irailetik aurrera Xabier Letona bera, Pello Zubiria eta Garbine Ubeda.

Berriz ere emakume bat Argiako zuzendari.

Argian emakume zuzendariak ez dira nobedade. Argiako lehen zuzendaria Miren Jone Azurza izan zen. Euskaldunon Egunkariaren sorrerarekin Argiaren lekua birdefinitu behar izan zenean Garbine Ubeda izan zen zuzendari, eta zuzendari izenik erabiltzen ez zen beste garai batzuetan ere emakumeek pisu handia eraman zuten erredakzioan. Xabier Letonak erabaki zuenean erreleboa ematea, positibo baloratu zen emakumea izango zela hurrengo zuzendaria. Horrek erakusten du badagoela sentsibilitate edo nahi bat, gizartean berdintasun errealean aurrera egiteko. Dena den emakume bat zuzendari izatea ez da berez garantia. Aukera bat da, erabiltzen asmatu behar dugu denon artean.

Genero ikuspegia nola lantzen da Argiako edukietan?

Lantaldean badago nahia parekidetasuna lantzen joateko, bai gizon eta bai emakumeen aldetik, eta horretan ari gara. Gaiak aukeratzerakoan kontutan hartzen dugun faktorea da generoa. Oraindik emaitzak ez dira orekatuak eta horretan oso kritiko gara gure buruarekin. Astekarian argitaratzen duguna kontabilizatzen dugu, bai lurraldetasun irizpideen arabera eta genero irizpidearen arabera. Gure burua ispiluaren aurrean jartzen hasi gara.

Gure egitura juridikoak abantaila hori badu, langileok garenez jabeak, antolamenduan ere gai hauek landu ditzakegula. Ederra da pertsona bezala ditugun balioak –kasu honetan parekidetasuna– enpresan egunerokoan praktikan jartzen saiatzea.

Internet etorkizunean nola garatuko den inork ez daki, eta hala ere Argiak webgunean indar handia jarri du hasieratik. Zertan oinarritu halako apustu bat egiteko?

Denok gabiltza itsaso berean arraunean, Internetek kazetaritza egiteko aukera berriak ireki ditu, oraingoz ez digu eusteko adina dirurik ematen eta hala ere hor nabigatu behar dugu. Zehatz nora goazen inork ez daki, dena aldatzen ari da eta gure negozio eredua horren baitan dago. Horrela esanda bertigoa ematen du, ezta? Baina horren aurrean zer daukazu? Zure buruarengan konfiantza, ahalegin denak egingo dituzula igeri iritsi behar duzun tokira iristeko, eta lanak bere fruituak emango dituela. Ilusioa, lana eta konfiantza, ez duzu besterik.

Interneten gure motorra erredakzioa da –gure zaldiak kazetariak dira–, ez zuzendaritza. Gaur egun kazetari guztiok ari gara nola papererako, hala Interneterako. Gure egituran kazetariak dira Interneteko molde berriak bultzatzen ari direnak –grebak, Zinemaldia edo herri harresiak jarraitzeko modua, blog espezializatuak eta abar–. Erredakzio taldearen barruan, bada jende bat egunero saiakera horretan ari dena, Interneten puntakotzat dituzten erreferentziak aztertu eta ahal den neurrian gurera egokitu nahian; gure ilusioa eta helburua da euskarazko kazetaritza puntakoak diren molde berri horietan jartzea. Gure helduleku bakarra konfiantza da, aldaketen aurrean erne gaudela, kriterioz hautatzen ditugula bideak eta ez garela lanean alferrik ari.

Askok ez du ulertu Beranduegi saioa momenturik “gozoenean” uzteko erabakia.

Gu oso enpresa txikia gara eta telebista programa batek eskatzen dituen baliabideak, denbora eta ahalegin aldetik oso handiak dira. Kontxo, halako lantalde txiki batek 100 programa egin izana da harrigarria! Eta guretzat pozik handiena da ikusi dugula baietz, gai garela telebista programa bat egiteko astean. Esan dugu norberaren proiektuak aurrera ateratzeko aukera dagoela Argian, eta Beranduegiren aita Gorka Bereziartua izan zen hasieran –Axier Lopezen laguntza teknikoaz–, ondoren Unai Brea gehitu zitzaion guraso lanetan eta atzetik aktore eta gidoilari taldetxo bat. Aho zapore ona utzi du, eta bat egin duenak, aurrerago beste bat egiteko arriskua du.

Kazetariak Interneterako eta papererako aritzen dira orain, nola aldatu da erredakzioaren lan antolaketa?

Argia astekari bat zen sorreran, Interneteko webgunea zuen ondoren, eta bien arteko sinergiak lantzea zen etengabeko gaia. Bateratzean aurrera pausoak ematen joan gara, esan bezala, kazetariok baterako zein besterako sortzen dugu, eta ekainean erredakzio bilera bakarrarekin hasi ginen: bertan biltzen gara lehenago “paperekoak” eta “Internetekoak” bereizten genituen kazetariak eta mugak ere lausotu egin dira: gaiei egin beharreko jarraipenaz hitz egiten dugu, eskura ditugun baliabide guztien jakitun izanik (astekaria, Larrun, Internet, bideoak...). Hurrengo pausoa fisikoki ere kazetari denok batzea izango da –egun batzuk beheko solairuan eta besteak goikoan baikaude–.

Garai gatazkatsuan egokitu zaizu Argiaren gidaritza hartzea. Zure ustez zein toki izan behar luke kazetaritzak momentu honetan?

Krisi garai hau oso interesantea da kazetari izateko, gauza garrantzitsuak ari direlako gertatzen eta sistemaren zimenduak mugitzen ari direlako. Eta horren berri ematea oso kitzikagarria da. Bestetik, kazetariak betetzen duen funtzio soziala, bere lanaren garrantzia eta beharra momentu hauetan agerian geratzen da. Behar besteko informazioa duen herritarrak soilik erabaki dezake benetan, aldiz, informazio nahikorik ez duen herritarrak zeren gainean hartzen ditu bere erabakiak?
Horregatik, Lander Arbelaitz Argiako kazetariak Eusko Legebiltzarrean primeran esan zuen bezala, kazetaritza da ezkutuan dagoena azaleratzea, areago boterea tartean dagoenean, eta areago giza eskubideak tartean daudenean. Guk gure lanarekiko konpromiso hori badaukagu.

Gizarte baten zimenduak zalantzan daudenean, jende asko sufritzen ari denean eta ongizate estatua desegiten ari denean, komunikabide bakoitzak erabakitzen du zeren gaineko informazioa ematen duen. Guk boterean diren erakundeen lanari eta ikuspegiari buruzko informazioa ematen dugu, baina baita egungo sistemaren kontraesanak agertzen dituztenen inguruko informazioa ere. Eta gure irizpide bat bada kritika hutsetik harago, adibide positiboen eta beste emaitza batzuk lortzen dituzten alternatiben berri ematea.
Informazio aniztasunaren bidez irakurleek beren iritzia eta erabakimena indartzen duten heinean, komunikabideak eraldaketarako tresna ere bagara –edo gauzek bere horretan jarraitzeko tresna–, eta kazetaritza konprometitua egiten dugu, Argiaren balioekin bat egiten duten ekimenen berri zabaltzen duena (independentzia, lurraldetasuna, euskara, jasangarritasuna, justizia soziala, parekidetasuna...).

Kazetaritza konprometitu hori babestu eta diruz laguntzen dutenak ere asko dira.

Euskal kazetaritza beti egon da krisian, baina beti egon da jendea ekonomikoki euskal kazetaritzaren alde egin duena, eta euskara aurrera ateratzen bada norbanakoen ahalegin horri esker ere bada. Horren zordun gara eta asko estimatzen dugu. Krisi garaian gehiago, jende asko delako gastuak beste toki batzuetatik murriztu eta Argia laguntzeari eusten diona. Asko eskertzen dugu. Euskara garatzen laguntzen duen proiektu bat mantentzen ari dira eta baita kazetaritza independentea eta iritzi eta informazio aniztasuna ere.
Argiari eusten diotenak dira harpidedunak, Interneteko gunea diruz laguntzen dutenak, publizitatea jartzen dutenak, eta baita erakundeak ere: hauek ere krisi garaian ahalegin bat egin baitute dirua beste partida batzuetatik kendu eta euskal komunikabideentzako laguntzak mantentzeko. Guk hori erabateko esker onez aitortzen dugu. Ea elkarlanean jarraitzen dugun, Argia proiektua gustura diruz laguntzeko motiboak emanez.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA
2024-12-02 | ARGIA
ARGIA Durangoko Azokan: zer, noiz eta non?

Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]


Nikolai Txernyxevski
‘Zer egin?’: galdera handiak eta ametsak

Literaturako klasikoei buruz pentsatzeak ezinbestean gaur egundik pentsatzea esan nahi du. Hain justu, klasiko izendapenak horixe du baldintza: gaurdaino iritsi diren obrak dira eta, beraz, haiei buruz pentsatzea obra horiek guganaino nola eta zergatik iritsi diren pentsatzea... [+]


2024-11-18 | Garazi Zabaleta
Bizi Baratzea
Durangoko Azoka, bagoaz

Euskal literaturaren eta kulturaren topaleku garrantzitsuenetakoa da abenduaren 5etik 8ra egingo den Durangoko Azoka, eta 59. edizio honetan ere, Bizi Baratzeak bere postua izanen du, ARGIAkoaren ondoan.


Erraldoiek lagunduta eta haurrez inguratuta aurkeztu dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua

Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Eguneraketa berriak daude