Nazioarteko 6. Biltzar Nagusiarekin Indonesiako Jakarta hiriburuan ospatu ditu bere 20 urteak Via Campesinak. Bi hamarkadako lanez lortu du baserritar txikien eskakizunak agintarien agendetan azaltzea, multinazionalen planen aurrean. Nork ez du aipatzen gaur elikadura burujabetza? Krisi garaiotan erreferentzia bihurtu da.
Lau egunez ekainaren 9tik 13ra bitartean burutu du nazioarteko bere 6. Biltzar Nagusia Via Campesinak Indonesiako Jakartan. Ausarta izan beharko zen pentsatzeko 1993an Belgikako Mons herrian bildutako laborari multzo haren lanak ekarriko zuela Nazio Batuen Erakundeak 2014. urtea izendatzea “Familiako etxaldeen urtea”. Ez da lortu duen emaitza bakarra, ez garrantzitsuena.
Ekaineko egun horietan Britainia Handiko The Guardian egunkariak Bi kronika eskaini dizkio Indonesiako hiriburutik bidaliak: Claire Provostek erakundearen bi hamarkadotako lana laburbildu du eta John Vidalek Via Campesinako koordinatzaile nagusia den Henry Saragih indonesiarrarekin hitz egindakoak.
1993ko maiatzean Europako Coordination Paysanne Européenne elkarteak deitu zuen Belgikako Mons herrian nazioarteko bilkura, Via Campesinaren sorrera ekarriko zuena, 1992an Amerika guztitik joanda Nikaraguako Managuan bildu ziren nekazariekin elkarlanean.
Bigarren biltzarra 1996an Mexikoko Tlaxcalan egin zuten, 2000koa Indiako Bengaloren, 2004koa Brasilgo Sao Paulon eta bosgarrena, 2008koa, Mozambikeko Maputon. Urte horietan guztietan Via Campesinako kideak ikusi dira Cancun, Seattle edo Quebec bezalako hirietan, Munduko Merkataritza Erakundeak, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak biltzar nagusiak egiten zituzten aldi orotan. Globalizazioa edo mundializazioa deitu den horren kontrako mugimendu anitzaren barruan Via Campesinako baserritarrek indar handia eduki baitute.
Urteotan sortu eta zabaldu dituzten ideietan nagusia izan daiteke elikadura burujabetzarena. Hedabideek gaur korriente aipatzen dituzte soberanía alimentaria, food sovereignty... munduko hizkuntza guztietan. Nahiz eta sortzaileek ondo nabarmendu nahi duten ideiaren benetako esanahia, Nazio Batuen Erakundeak munduko jende ororen eskubidetzat aipatu ohi duen elikadura segurtasunetik haratago doana.
2007an Maliko Selinguen egindako batzarrean aldarrikatu zen elikadura burujabetza dela “herriek daukaten eskubidea eskuratzeko elikagai osasuntsu eta kulturalki egokiak, metodo ekologiko eta iraunkorrez ekoitziak, eta baita herriek beren elikadura eta nekazaritza erabakitzeko daukaten eskubidea ere. Honek elikadura sistemaren eta politiken muinean kokatzen ditu jakiak ekoiztu, banatu eta kontsumitzen dituztenak, ez korporazioen eta merkatuen eskakizunak. (...) Elikadura burujabetzak dakartza harreman sozial berriak, gizonen eta emakumeen, gizarteen, talde arrazialen, klase sozialen eta belaunaldien arteko zanpaketarik eta bereizketarik gabekoak”.
Europako estatu bakar batek ere ez du kontzeptua bere gain hartu, baina 2008an Ekuadorrek txertatu zuen bere konstituzioan, eta Venezuela, Mali, Bolivia, Nepal eta Senegalek ere nazioen lehentasunetan sartu dituzte. Herrialde horiek eta beste batzuek emandako babesari esker ideiak zabaltzeaz gain lobby lana ere egiten dute Via Campesinako buruek.
Annette Aurelie Desmarais Kanadako Saskatchewaneko baserritarrak idatzi omen zuen, Via Campesinaren 10. urteurrenerako liburuan, erakundeak irautea bera zuela meritu nagusia, nekazariek duten bezala. Izan ere, urte luzez ezkerreko bezala eskuineko teorikoek nekazariak desagertzera kondenatuta zeuzkaten beren analisietan.
Aldiz, munduko laborari militanteok gidaritza daramate labore transgenikoen edo lur lapurretaren kontrako borroketan. Eta munduko 90 estatutan 200 milioi lugin mobilizatzen dituzte, ia bi ziento erakundetan antolaturik.
Idazkari nagusi daukate Henry Saragih (1964) indonesiarra. Bederatzi seme-alaba hazteko gurasoek oliotarako palmondo sailetan egiten zuten lan. Henry gazteak lortu zuen unibertsitatera joan eta zientzia politikoak ikastea. Suharto diktadorea zegoela agintean, ikasle musulmanen mugimenduan hasi zuen militante lana. “Han jabetu nintzen aberatsen eta txiroen arteko leizeaz”, esan dio John Vidali.
Oso gaztetatik ezagutu ditu Saragihk multinazionalek geroztik mundu osora hedatu duten sistema: lurren lapurreta, lekuko tribuen eta baserritarren kanporatzea, kutsadura, basoen suntsitzea, monolaboreen nagusitzea... Indonesiako Laborarien Sindikatuen Federazioa (FSPI, indonesierazko sigletan) gatazka horietan hazi eta hezi zen, gaur dauzkan 700.000 kide edukitzeraino.
Henry Saragihek berarekin batera heldutasunean sartzen ikusi duen Via Campesinak zein erronka dauzka gaur egun? GRAIN erakundean ari den Carlos A. Vicentek “Aportes a la reflexion por los 20 años de La Via Campesina” artikuluan zerrendatu ditu 14 galdera bere ustez nagusiak. Horietan nabarmenenak laburbilduko ditugu.
Hasteko, nola egin aurre korporazioei (multinazionalei), horiek daukatelarik mundu mailako aginte politikoa? Zeren “guk gobernu ‘adiskideekin’ eraikitzen ditugun elkarlanetatik haratago korporazioak baitira azken hitza daukatenak”.
Gero dator nola desegin korporazioek kontrolatzen dituzten hedabide handiek eraikitako hesia. Vicentek dioenez, “hedabide nagusiek errealitatea korporazioek agindutakoaren kapritxora ‘eraikitzen’ dute, eta gaur gizartearen parte handi bat diskurtso horiek hipnotizaturik bizi da, paradigmatzat ezarri duten kontsumitzeko ‘libertate’ horrekin, indibidualismoarekin, konkurrentziarekin eta bortizkeriarekin”.
Galdera gehiago. Nola artikulatu lana gobernu ‘adiskide’ eta aurrerazaleekin aldi berean Via Campesinaren ikur eta helburuak makurtu gabe? Nola artikulatu nekazarien lana hirietako mugimenduekin, hauek elikadura burujabetza berena egin dezaten? Nola egin aurre bizi ditugun krisiei eta aldi berean eraiki gizarte eredu berri bat? Nola eraiki gizarte bat lidergo kolektiboz gidaturik eta ez lider indibidualez?
Carlos A. Vicenteren hiru galdera, bukatzeko. Nola gelditu baserrietatik hiri handietarako ihesa, ekiteko alderantzizko bideari? Nola erantzun sistemak darabilen bortizkeriari bere tranpan erori gabe, errepresioa erabili dezan aitzakiarik eman barik?
Eta nola jokatu nazioarteko eszenatokietan aldi berean erori gabe sistemak bere baitan parte hartzera sartzeko egiten duen konbitearen tranpan? Erresistentziaren eta aurrerabideetan parte hartzearen arteko betiko dialektika, alegia.
Via Campesinaren Japoniako taldearen webgunetik hartutako irudian Henry Saragih indonesiarra biltzar publiko batean hizketan. “Behetik –dio Saragihk– ezagutu ditugu, ez teoriatik, jendearen eguneroko arazoak. Ikasi dugu lurra dela munduko gatazketan gakoa, sistema aberatsen mesedetan dagoela antolatuta, eta Indonesian gertatzen dena mundu mailako arazo estrukturalaren parte dela”. Saragihren analisian “bistakoa da Munduko Bankua eta Nazioarteko Diru Funtsa direla pribatizazioen eragile. Beren bi tresna nagusiak dira ura eta baliabideak. Iparraldearen politika da lurrak garesti eta eskuraezin atxikitzea, jendea urrutiko jakien mende edukitzeko. Horra multinazionalen kolonialismoa. Lehen lurretik bizi zen jendea orain behartuta dago atzerrira joatera. (...) Hirietako jendea erakarri nahi dugu, etxe bakoak, lanik gabeak. Borroka bera da nekazariena eta hiriko jende askorena”.
Gaur egun, Gazan su-etena dago, eta ez dakigu noiz arte iraungo duen; bitartean, sarraskiak, anexioek, kolonizazioak eta era guztietako giza eskubideen urraketek bere horretan diraute gainerako lurralde okupatuetan. Jarraian irakurriko dituzunak ez dira kasu isolatuak,... [+]
Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.
Euskal Herriko Laborantza Ganbera elkartearen hogei urteak ospatu zituzten asteburuan Ainhize-Monjolosen. 2005eko urtarrilaren 15 hartan sortu zuten Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako laborantzaren garapena –hori bai, iraunkorra eta herrikoia izan nahi duena–... [+]
Contigo-Zurekinek proposatutako idatzian azaltzen da Europako eta Hego Amerikako merkatari erakunde nagusien arteko hitzarmen berriak muga-zergen deuseztatzea ekarriko lukeela, bertako ekoizleak, txikiak bereziki, kaltetuz. UPNk, EH Bilduk, PPk eta Voxek mozioaren alde bozkatu... [+]
Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.
Itsason (Gipuzkoa) elkarren ondoan dauden bi baserri dira Urteaga eta Urkulegi, duela zenbait urte elkartu eta proiektu bateratua martxan jarri zutenak. “Bi baserriak elkartu eta ekoizpen proiektua abiatu genuen, eta 2011tik dedikazio osoarekin ari naiz honetan”,... [+]
18 urterako plan estrategikoa garatzeko Europako diru-laguntzak jaso ditu Euskal Sagardoaren Jatorri Deiturako proiektuak. Iparraldea batu da jada, eta Nafarroa zein Trebiñu sartzeko urratsak ematen hasiak dira.
Berriz hasi dira laborarien manifestaldiak frantses estatu guzian. Sindikatu desberdinek aldarrikapenak hedatzen badituzte ere, entzun den lehena eta komunikabide nagusietan gomit izan dena, FNSEA "nagusia" izan da. Zer du saltzeko? Gezur andana bat ahal bezainbat boz... [+]
Urteak daramatza martxan Ipar Euskal Herrian Trebatu elkarteak, laborantzan proiektua abiatu nahi duten pertsonek aurrez trebatzeko aukera izan dezaten. Ipar Euskal Herriko proiektua eredutzat hartuta eta ideia berari tiraka, Gipuzkoan ere izen bereko elkartea sortu dute aurten... [+]
Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu... [+]
Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak erronka ezarria dio bere buruari: Euskal Herri osoko sagar eta sagardogileak biltzea. “Sagardoaren kultura lurralde osoan dago, eta lurralde osoan mantendu dira sagardotarako sagarrak”, esan digu Unai Agirrek, sor-markaren... [+]
“Aterako dut sagar zuku bat?”. Galdera horrekin hasi da Barrundiako Ekonomatoko kide Koldo Lopez Borobia, Susana Lopez de Ullibarri eta Santi Txintxurretarekin izandako elkarrizketa. Sagar zukuaren bueltan eta sagarrondoz inguratutako lorategian elkartu gara. Hau ez... [+]
ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]